Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

25

 

Hogei kilometro baziren Lubarritik Anzibarrera, bihurguneak bihurgunetegi, bide zati zut-zutak, holtz gorakoiak eta angelu bitxiko zubiak. Hirugarren dimentsioko herrialdea zeharkatzen genuela zirudigun. Mutu geunden. Beldurra bezalako zerbaitek kilikatzen zizkigun erraiak. Arrain begiekiko bizidunak aski genituen gurutzatzea eta gureak auteferafutro zegikeen. Bitxia zen. Scully zaunka ments zegoen. Hodeiek noiztenka agertzera uzten zuten ilargiaren distirak bihikatzen zuen lantxurda ari zen, eta arbolen abarrek balizko mehatxuak iragartzen zizkiguten ilunean. Udaberria zen baina oraindik sahatsak baizik ez ziren lili.

        Etxeparek seinalatu xendratik iritsi ginen Urkia izeneko Santxo Etxeberriren baserrira. Euria salbu, bazterrak lasaitasunaren itxura eskaintzen zuen. Molde zaharreko egoitza zen Urkia, mende erdia zuela arraberritua. Saihetsean hangarra eta urdandegiak hedatzen ziren, gibelean selaurura pasatzeko zurubia eta ezkerraldean oilategiak. Hautinaren kantoian erle kofoinak zehazten genituen. Naharrez setiatua zetzan etxea, mihimenez, asunez eta edozein laborari modernok roundupa zitalarekin kalituko zituen belar tusta salbaiez.

        Goizeko laurak ziren. Ez zen jende plazenten esnatzeko tenorea. Kamionetan lotan zeudenak bultzatuz, Nolwen eta biok halaber, pausa sakratuaren eratorrian urtu ginen.

        Oilar zoharraren kukurrukuak ametsetarik idoki ninduen. Desertuaren erdian nenbilen, gose eta egarri, Jana non zegoen eskatzen. Karabanak lerratzen ziren, bihotzean neraman arranguraren soleitzeko betarik gabe. Antsiak kiribilkatzen ninduen. Janaren gorputza bilatzen nuen tematsuki, errabiaz, hezur parea edo den mendreneko hatz ñimiñoa. Askorik ez. Hilkutxan aurkitu poltsatik gatibatu nortasun agiriko Janaren argazkia erakusten nien urrats nagian hondarrak, dunak eta oasiak zeharkatzen zituzten gameluekiko ibiltariei. Gatz puskak oparitzen zizkidaten, oihuz iraun nezan basamortuan, iraun nezan ezinezko amodioak iruten, iraun nezan Janaren atzetik. Uste dut Ilseren ahotsarekin batera oilarraz ohartu nintzela.

        — Amaia, zer duzu? Oizu ur ttilika bat... Ez da ezer. Lasai.

        — Non nago?

        Prezios, Zoko, Deborah eta Nolwen arnas hautsien erresumatik jauki ziren. Scullyren punpa arinek alegeratzen gintuzten. Intzeskatu ginen, besoak tiratu ziren, aharrausiak borobildu eta Zokok bezperako kafe termoa ireki zuen, kikarak arrada bete eta erronda unatu baina zoratuari gogotik eskaini. Jario beltzaren usainak inarrosi gintuela ezin uka. Egun berri bati ekiteko prest ginen alajainkoa!

        Baratzegintzako tresna lohituetan jarririk lerrokatu genituen bezperako gertakariak. Garrantzitsuena hilkutxa hutsa zela errepikatzen genuen.

        — Parioak hartzen ditut —buhatu zuen Deborah-k—: Jana bizirik. Jana hilik.

        — Debbi, otoi... —Zokok artetik—. Ez da horrelakorik egiten desagertu baten bizkar.

        — Jostatzeko da. Animatzeko. Bestela Janaren ingumak gu ere irentsiko gaitu. Beharbada erakundeak, elkarte entzutetsuek eta elestatu ditugun arduradun handiek hori dute lehia, hiritar kalakari arruntok, hipotesia zurrunbiloak, gorputz eta arima, eraman gaitzan, trenpu txar eta burtzoro, ekin molde entropikoa hobetsiz. Ez da lehen aldia zuzendaritza bati, zuzendaritzara hain zuzen bultzatu duen herria jasan ezin zaiola.

        — Zein kementsua zaren, Deborah!

        Kalipua behar zen, alabaina, eguna ez zelarik oraino Deborah-k harilkatuaren antzeko pentsuaren txirikordatzeko. Eta neuronak orekan! Ilsek miresmen burlaria erakutsi zion Jana bizirik erantsiz. Jokoa abiatua zen. Bakoitzak berearen alde aurtikitzen zituen bost euro, Zokoren maneran jadanik, Debbi deitzen genuenaren zetazko kapelura. Irabazi zuelakoaz harro, Leonard Cohenen Old ideas KDa bulkatu zuen, eta negro espiritual baten moduan bastatu Going home ukigarriaren poderioz samurragoa bihurtu zen kamionetako tepua.

        Bat batean Urkiako argizaiolak piztu ziren. Seiak eta erdiak pasatuxean. Gizon bat azaldu zen atarian makilarekin. Alderik alde beha zegoen norbait igurikatzen bailuen edo pixa kanpoan egitear. Etxepare apezak salatu bide zion telefonoz edo e-mail goiztiarrez, emazte pinpirin saldoa Jana zenaren gibeletik zebilela. Dena zen posible, komunikazio erregearen garaietan. Deborah-k lobiroko kirillara hurbildu zuen sasiaren itzalean zegoen Transporterra. Gizona doi-doia higitu zen. Ez zuen keinu berezirik bostekoa tinkatu nionean:

        — Banekien noizbait norbait etorriko zela.

        — Santxo Etxeberri jauna?

        — Bai, hura eta bera. Etxeparek deitu dit. Beldurra hezurren muinetaraino sartu diozu. Pistolarekin zabiltza ala?

        — Batzuetan derrigorrezkoa da. Kargatua ez den arren. Futxo bala bat gelditzen zitzaion eta Zernaitzeko kalostrapeko Monument aux morts delakoaren marmolak pairatu zuen barda.

        — Aitzina, andereak!

        Ezkaratz hezea trabeskatu genuen. Upelak, ardo barrikak, golde nabarrak, sardeak, timoiak, atelak, zareak, saskiak eta euritako jantziak nolanahika metatuak ziren. Pentsatu nuen: etxe honetan ez dago emakumerik... eta ziztuan damutu ere bai, epaiaren matxismo kargaz jabeturik. Bazitekeen Santxok ordre letala baino desordrea maiteago izatea.

        — Barkatuko didazue, ez dut garbiketaren egiteko astirik ukan. Ahal dudana dagit Maiana zenduz geroztik.

        — Maiana?

        — Nire emaztea. Kafea berotuko dizuet. Akituak zarete. Ez da erraza hiritarrentzat gaua lur lanetan higatzea! Babak dituzue ahurretan, ezta? Ezerezen kausitzeko gehiago dena...

        — Etxepare apeza zizpildua zen —Santxoren trufairea ebaki nuen—. Uste zuen hilkutxaren sabelean Janaren hilikiaren atzematea.

        — Istorio luzea da. Eta tristea.

        Bulta honetan mutxitzen utziak zitezkeen bizkotxoak jalgi zituen armairutik eta kafea zerbitzatu zuen. Uraren beltzatzeko suteko ikatza baliatzen zuen Maripetipierra izeba itsuarenaren pareko edaria zen. Botatzeko gutizia zapaldu nuen eta irri zoriontsuz eskertu nuen Santxoren onezia. Faltsua izaten banekien nik ere, ez hain aspaldi ikasia. Mahai buruan plantatu zen sorbaldak lehertuak.

        — Istorio luzea da; eta tristea, erran dizudan bezala. Tristea ezen hogeita bost urteko epea garatu baita norbait Janaren bila abiatu artean. Tristea berdinki, isilik eta mutu egon garelako. Nitarik haste.

        — Bizitzak ziren jokoan.

        — Bai, Janarena bereziki. Kixu mihi gaiztoaren ustezko segipenen ondorioz heriora kondenatu zuten, Polizia Sekretuaren informatzailea omen zelako. Zuzendaritza Batzordea Iratiko oihanean juntatu zenean, Kixuk, lekuko gisa, saltsa guztietako gizkeia zen Frantxis Murdutegi aurkeztu zuen. Biak bara-bara mintzatu ziren Janaren kontra: dirua ebatsi zuela, ez zela fidagarria, hedexuri batekin solasean kukuxkatu zutela Lubarriko herriko bestetan... Zerrenda begi gosea bezain aseezina zuten.

        — Eta zuk zenuen Jana exekutatu.

        Bizkarrean behera ikara hotza tantakatu zitzaion. Hitzak herbaltzear zeuzkan. Oldartu zitzaigun:

        — Nik hil dudala Jana? Nondik duzue hori?

        — Hala azaldu digu Etxeparek.

        — Apeza izanagatik deus ez daki gizon horrek. Nik hil dudala Jana? Bazauzue! Norbaitek zerbait obratu baldin bazuen emakume gaixo haren alde... nik neuk egin nuen ez beste nehork! Txatxok erabaki zuenean aho-zabalak oro ttattit gelditu ziren, fitsik ez zuten erran; ni-ni-bai-bai nazkagarrien moduan kopetak apaltzen dakuskit oraino, nagusi handiak hilketa obratuko zuen besoa hautatu bitartean.

        — Zergatik zu?

        — Erraza da ulertzeko. Otsalar komandoaren sostengu-taldeko kidea nintzen, baina ez nuen ekintzetan kuraia erraldoia frogatzen zuenaren osperik. Melenga nintzen haientzat. Gainera, Etxepareren trakako teorizatzaileek ziotenez, norberaren balioa biderkatua zen lagunik hurbilenaren kalitzeko kapable zinela agertzen baldin bazenuen. Anaiak anaia erailtzen zuen. Ahizpak ahizpa. Senarrak emaztea. Adiskideak adiskide mina...

        — Eta onartu egin zenuen?

        Hatsa hartu eta begitartea torratu zuen. Behin. Bitan. Kafea calva ttilika batez aberastu zukeen.

        — Isildu dut istorio hau... Eroak ziren. Eroak ginen guztiz gehienak. Eta dagoeneko erakundeak bake iraunkorra iragarri duenean, batzuk ari dira herriak berak hazi zituen piztia paranoiko eta psikopata horien izaerak, jokaerak edo ibilerak justifikatzen. Bukatu da kagularen eta kalaxnikofaren aroa. Mintza gaitezen argiki. Juja dezagun jujatzekoa duguna, ez beti auzoaren itzala. Bilkuretan dakuskit Marti Izozta, Daniel Elgebeltz edo Etxepare. Hiruren arteko sarea Janaren desagertzeak iruten du. Etxeparek badaki Danielek aspaldian xerkatzen duen arreba lurpean dagoela. Hargatik ez daki Lubarriko milurteko haritzaren maldan mirakulu bat gertatu zela...

        Irri ederrak airostu zuen Santxo Etxeberriren kasko alde zimurtua. Zazpiak jo zituen sukaldeko ordulariak. Argia karmin-gorri nabari zen leihotik. Ausartuko zena laino grisen erditik Pazkoko ekia? Nire bakarrizketa abandonatu nuen Santxok zerraikalako:

        — Erakundearen zuzendaritzak Jana soto batean preso atxiki zuen exekuzioaren unera arte. Beti oroituko naiz: «Egizak egitekoa duana» mailukatzen zidan Kixuk, Murdutegik pistola kargatua hatzetan pausatzen zidala. Ez nuen sekula tirorik bota. Horregatik neukan lotsor fama. Frantxisek ere ez, baina are urrunago akuilatzen ninduen: «Ez diagu deus jakin nahi, ez nola eta ez non, egizak eta kito».

        — Egin zenuen, bai edo ez?

        Segundoak agudo zihoazkigun. Gutariko zenbait eguerditan gonbidatuak ziren axurikia milikatzera. Zokok eta Deborah-k zinemarako xedea zuten. Ilse geratuko zen, ez baitzuen ezer berezirik apailatu; eta hiltzaile batekin parez pare suertatzea interesgarria zitzaion, izugarri.

        — Egin nuenetz? Ba, goraipatzen duten kuraia ukan baldin banu, egingo nuen...

        — Ez zenuen egin orduan?

        — Jahvek Abrahamen besoaren oldea geldiarazi zuen.

        — Zer derasazu?

        — Badakit zehatz Santxo zertaz ari den —murmuraz Ilsek—, eta nik bederen istorio luze bezain tristearen bukaera asma dezaket.

        Semerik maiteena sakrifikatu ziezaion galdegin zion Jainkoak Abrahami. Mendira joan eta erretzen zegoen sasi gotorraren aldameneko harrizko aldarean etzan zuen semea. Labanaz hornituriko ukaraia altxatu zuen haurraren bihotza urratzeko. Jahvek orduan Abrahamen keinua hormatu zuen, ez zuelako haraindiarekiko fideltasunaren izenean muturreko jaidurarik eskatzen. Aski zitzaion sakrifizioaren posibilitatea bera.