Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

1

 

Huitzilin Hoteletik Reformara jalgi zen, goizean goizik. Bezperan Mexiko DFn lurreratu eta behialako mezu sibilinoaz Lamdak azpatu eran, Benito Juarez aireportuan taxia hel egin zuen:

        — Hotel Huitzilin por favor. Calle Río Lerma.

        — En Cuauhtemoc?

        — Ya.

        Mercedes zuri-horailaren gibeleko kofrean ezarri zion bizkar-zakua gidariak, karkaraz. Gogoaren goibela astinduz Mexikoko egonaldia ongi hasten zitzaiola pentsatu zukeen Sigmak. Irrati komertzialaren soinua emendatuz, abiadura beldurgarrian gidatzen zuen txoferrak. Ehun kilometro orduan zebilen, bidaiariaren baitan beldurra haziz, bereziki mugikorra belarriratzean. Funtsean taxiak noranahi eroan zezakeen; berdin zitzaion, muga bat gehiago pasatzea erdietsi baitzuen, Posa Ngaka eta Fahirren antzera.

        Zirkulazio hantua zen Mexikoko gauetako abenida argiztatuetan. Munduko hiririk ukaezinenean zegoen, jendetsuenean, mugimendutsuenean, lanjerosenean ere bai, Baionako Elkar megadendan hostokaturiko gida-liburuan irakurriaren arabera. Europarrek ez omen zuten sekula bakarrik ibili behar. Ez ote zen gauza bera erraten megapoli guztientzat?

        Taxilariak Huitzilingo harreraraino lauhazkatu zuen. Benito Juarezko aduanako bisa kontrol-gunean, bi hilabetez geratzeko baimena bermatu ziotenetik beste askok bezala México lindo y querido xuxurla zezakeen, deusez axolatu gabe. Londreserako menturaldiak, migrante moduan ibiltzeak, dougouma sira deituriko lurreko xendretan eskuak hutsik zebiltzanen lekukotasunak jasotzeak barnez itxuraldatu zutela aitortzekoa zukeen. Gainera Lamda berriz aurkituko zuen. Aupa Kalifornia Behereko eta Yucatango lehorretako baleak, banator zuengana, Durangoko erleak, Chihuahuako txintxilak, banatorkizue...

        «Astiro arizan behar da ziminoa kaiolaratzeko, amodioa iruteko bezain». Bamakoko Toure-ren ahotik entzun zuhurritza errepikatzen zuen, pazientzia eta iraupena otoiztuz. Sigmak alabaina inozentzia eta zoramen soberaz brodatzen zituen bere globoarekiko harremanak.

        Huitzilingo andere beltzaran panpoxa elemen zeukan.

        — Erreserbatua dut.

        — Perik lagunduko zaitu maleta gelaratzen.

        — Bizkar-zaku arina baizik ez daukat.

        — Hau utzi digute zuretzat. Igogailua har dezakezu, nahi baldin baduzu. Bigarren estaian da 201. ganbara.

        Lamdaren idazkera bihurriaz jabetu zen paketea ahurreratzean. Behatzez uki eta puska franko bazeramala konturatu zen. Lodia baitzen. Eskaileretan gora, Sigmak galdeak zeuzkan kaskoan kolpeka: Zergatik ez zen Lamda bere bila etorri aireportura? Non zebilen? Norekin marmaratu eta giltza sarrailan sakatzean, Neanderthal aroko bihotzaren harpean etorkizunarekiko izuaren ziztako garratza errotu zitzaion. Ez zen baitezpada fidela, Londresen Lamdaren izatea ahantzi baitzuen arraiki Fahirren besoetan, baina maite zuen Lamda fideletan fidelena zela imajinatzea.

        Ohe kantoian zaintsuki ireki gutun-azalean dirua bazen, hamar mila peso, aireportuan jada eraiki zituen bost mila haiei gehitzekoa, eta eskuko urrutizkin bat, afera osoa esplikatzen zion paperean troxatua. Lamdaren gomendioak segituz halaz Sigmak aski zuen biharamunean egingo zioten deia igurikatzea: azkorrian hitzartuko ziren, anartean Coatlirekin Churrubuscoko natura laborategian zegoelako. Tristatu zen baina zer beste egin zezakeen jagoitik kuttun zitzaion hiri arrotzean, hamalau oren luzeko hegaldiaren ondoko ordu aldaketaz arras unatua zelarik.

        Reformako eguzkiak indartsu jotzen zuen, bulego-etxe gorakoien hegietako berina beltzak distiraraziz eta arteketan ortzira tirriatzen zuten jakaranda arbolen lilien ubeltasuna ukigarriki azpimarratuz. Bi aldeetako espaloietan jendeak bazebiltzan, ataxekeizak eskuan, egunkariak besapean, presatuak, Parisen, Tokion edo New Yorken bezala. Aferagileok doi-doia gelditzen ziren, zapatak nistatzen zizkieten oaxacarren edo atole haguntsua plastikozko basoetan saltzen zuten chiapastarren txiringitoetan.

        Amerikar enbaxadaren azpian zaindari armatu ugari zegoela ohartu zen Sigma eta burdinazko barrakiaren maldan, zutik, bi urteko alabarekin amultsuki bildua, azteka ondoa zitekeen ama etsitua begimendu zuen. Eskaleak ziren. Indigenaren madona dolentearen itzalak gatibatzen zuela, berekiko zerrasan:

        — Herrestak alfertzat hartzen dira, bankuek eta IMFk bortizki daramaten egiturei egokitze egitasmo desjabetzaileen biktima lehenak direlarik. Frantziako lehendakariak Dakarreko Unibertsitateko mintzaldi laidotsuan Afrika historiatik kanpo zetzala deklaratu zuen; gauza bera erran zezakeen Asiaz eta Hego Amerikaz, ultraliberalen mundu mailako merkatuaren legeari ez zirelako moldatzen, pandemia eta nehoiz ordainduko ez zituzten herri zorrengatik.

        Tua irentsi zuen, mikatz.

        Mexikar argi-zirrintaren bozkarioaz erotu zen Sigma. Nehoiz ez zitekeen horrela iratzartu. Hoteleko patiotik txori arraro eta berezien txioak jazartzen ziren, iturriaren hots zurrustatsuarekin batera. Sinfonia polifoniko osasuntsua eskaintzen zioten suharturiko eki durduzatiari. Ohean etzanik, soinuak seneratzen saiatu zen Sigma, hegaztiak bata besteari mintzo zirela, elkar akuilatuz, lelotzeraino. Une hartan hegazti bizitore haien izenak, latinezkoak barne, ezagutu nahiko zituen. Magikoa zitzaion. Bizkitartean polizia autoak, sirenak ozen, kotxe trastuak, autobusak, peseroak, taxiak, kamioiak, motozikletak gosaioki bazebiltzan. Zarata mekanikoa lainotzen zuen hotelaren pareko dorre modernoan iraizten zuen argiak lehenik, eguzkiak gero. Haize buhakoek eukaliptus zardaien hostoak zilar eta auhen zetxizkaten.

        Egunaren altxatzea bizitza bizigarriaren zartaketa zen Mexikon.

        Amerindiar anitz gurutzatzen zituen. Txosna batean atole godaleta manatu zuen. Txokolatearen gustua, esnearen eta arto irinarenarekin oparoki ezkontzen zen. Cihuacoatlen oparia zela zioela, Insurgentes Reformara isurtzen zen lekuan, berunki iluna zekusan. Indio lerdena zegoen gainean, punalean gezia jaurtikitzeko prest eta luma-koroa buruan. Karrika zeharkatu zuen: Cuauhtemoc zen, arranoez eta lehoiez inguratua.

        Tenochtitlan defendatu zuen errege azteka zela irakurri zuen tailuaren oinetan mocozticaehuayotlaquen noichcaxochiuh, huhquin quetzalli pepetzca idazkia berretsiz. Cuauhtemoc-ek, oldartze galduaren arrasto keztatuak eta Chapultepec aldetik metropoliaren ortzimuga tapatzen zuen hedoi kutsatuaren presentzia deitoratzen zituen. Aztekaren aztaletara ekaitzak ekarri jakarandaren bihotz erako lili zehargi bi sakatu zituen moltsan, Lamda, Posa eta Fahirren argazkiekin kokatzeko.

        Zelularrak jo zion.

        Eskukoaren ordez, zelularra hitza murdukatzea gustatzen zitzaion Sigmari, gaztaroan itsuki irensten zuen Mulder eta Scullyrekiko X Files telesaila gogora zekarkiolako. Cuauhtemocen harrotasun bizihaztuari beha zegokion, Lamdaren telefono deia onartzeko botoiari sakatu aurretik.

        — Non zaude?

        — Cauahtemoc daukat begimen.

        — Hitzordua dugu Zocalo kantoiko Majestic Hotelaren zazpigarren estaian. Etorriko zara?

        — Taxia hartuko dut.

        — Hobe duzu Benito Juarez kaletik oinez joatea, Bellas Artes eta Dorre Latinoamerikarraren artetik. Ez zara hain urrun. Hogei minutu, gehienez.

        — Laster arte... maitea.

        Lamdaren boza linboetan galdu zen, samurtasunik gabe. Isiltasunak Sigma zinez kezkatu zuen: zer gertatzen zitzaien? Intuizio lakarrak irauli zion kolkoa. Erantsi zuen, monologoan:

        — Lamda urtzintz eta ni sukarrez...

        Horrelakorik ez.

        Auto mentsek zekarten herioa desafiatuz trabeskatu zuen Reforma. Etxebizitza alimaleen atariko egunkari, gozoki eta postal saltegian hara-hona zihoan andereari zuzen zebilenez eskatu zion, irriak elkarrizketa ederresten ziotela:

        — Bai. Galda ezazu urrutiago. Mexikon hiru aldiz bederen galdatu behar duzu, nahi duzun lekura heltzeko.

        Kazeta txiringitoan, La Reforma izparringiaren metaren aldamenean dilindaz zeuden kagula beltzez mozorrotu Marcos subkomandantearen potretek adimena ebatsi zioten. Bat erosiko zuen alabaina, nola ez, herrian abandonatu kolegak gutiziaz gurintzeko adina: ez zuten sinetsiko!

        Ideiak ideia ezabatzen zuen Mexikon, ezen jadanik haia-haia baitzihoan, haur, emazte, gizon, eskale lerroak urratuz: zaldiekiko polizia sonbreirudun bik Benito Juarezen mausoleoa zaintzen zuten, Ludwig van Beethovenen oroitarria loreztatua zen beti, Agustin Iturbide enperadorearen sorretxea plaka batek ohoratzen zuen, Madero kaleko faienza urdinezko fatxadak ustekabekoak ziren, Gandhi liburu-denda eta Mixup musika saltegiak zabalik zeuden, Borda izeneko bitxi-denda halaber. Korrika arinaz, zocalo karratura punpatu eta inguruetara so zirimolatsuz biribilkatu zen Sigma.

        Itsasoaren heinetik bi mila metrotan izateak idortu zintzurra hezetu zuen ur botila bat hustuz. Goratasun horietan agudo akitzen zen, Lamdak bidali mezuak zioenez, muinetako minaren kentzeko erremedio bakarra tekila basokada zelarik. Garaiz zebilenez, plazaren itzuliaren egitea erabaki zuen: espainiar urrezko mende eta virreinatoko arkitektura astuneko bastimenduz setiatua zen, axis mundi gisa, kristorena baino handiagoa zen bandera mexikarra zeramala erdian. Haga luzearen peko juntan gazte indiar bat zetzan, burua akordeoiaren gainean pausaturik, lo. Gaua menturaz mariachiekin jostatzen higatua zuen, Huitzilin Hoteleko publizitate orrialdean goraipaturiko Roma auzuneko covadonga kantinaren antzeko ostatu batean demagun.

        Madero kalearen puntan Majestic ospetsuaren sarrera susmatu zuen. Bazterrak arraposki miazkatu zituen: barra neurrigabea, zeta gorriz estali jargiak... Atenporala. Jack Kerouacen Mexico City Blues-en denborakoa. Kontuarraren bestaldeko langile unatuari amoinatu eta aszensorea hortxetan zeukala entzun zuen. Egoitza hanpuruseko apainduraz beztitu indigenak ireki zion igogailua. Gailurrean bezala zegoen, ziztuan, kafetegiko leihoetarik begira: turistak, poliziak, MP soldaduak, nagiak, eskaleak xinaurritzen zihoazen beherean. Karrika lau eskas, Cortez odoltsuak azteka buruzagiak masakratu zituen templo mayor elizaren hondamendia zekusan. Zerbitzariak kafea zekarkionean, oihuak, garrasiak, populu menderatuaren negarrak hautematen zituen.

        Mamasayk Londresen kontatutakoaz oroitu zen Sigma: Lampedusa edo Kanarietako biztanleek hilotzak hondartzetan hedailotzean ez zuten gehiago kasurik egiten, lehen aldietan barnez irabiatzen ziren arren, baina zegoeneko Portopalon adibidez, arrantzaleek noiztenka sarera eta berehala aurtikitzen zituzten: isiltzen ziren urak lau urtez lehorreratu ustelki hatuak begimentzean.

        Malkorik ez zen gehiago.

        Ukaraia zimikatu zuen.

        Bat-batean algarak.

        Coatli eta Lamda zitezkeen, zuri-beltzez jantzi mutilen eta bisitari uholdearen goizeko argiaz bustirik. Alfajarinetik Sohorainoko eratorria ardatz, Kabuldik Sydneyrakoa eta Iquitostik San Franciscorakoa amesgaizto bipil gisa izpirituan garatzeko askatasuna Sigmari zilegitzen zion bakartasun zantzua zirriborratu zuen. Mahaitik altxatu zen haiengana.

        — Aspaldikoa.

        — Bidaia ona egin duzu?

        — Airekoaren pantailatxoan Savannah River, Athens, Troy, Alabama, Mississippi, Florida, Texas harilkatu ditut, eta zoragarria zitzaidan Mexikora iristea, lurreratzean oren batez hiriaren gainetik hegaldatzea.

        — Pozten naiz...

        Lamdaren hoztasuna senti zezakeen, Sigma bigarren aldiz amerikar kontinentean izatearen atseginaz ari zela barra-barra. Egunerokotasunean urtuak zituen parekoak, garbiki; baina bost axola. Soa zocalora ezkeldu zuen, jakaranda lili ubelak barreiatzen zituen haize buhakoetan mexikar bandera kulunkari segitzeko. Zerua urdina zen, ekialdea laino gris mehatxagarriz mukuru azalduagatik.

        Coatlik hormaroa gezatu zuen:

        — Zutaz asko hitz egin dit Lamdak. Plazer dut zure ezagutzea. Mexikoko taxien dasta ukan duzu beraz barda?

        — Bai eta nola!

        — Chichen Itzak-etik nentorren batez Jesus Guzman Gutierrez deitzen zela zioenarekin egin nuen aireportutik etxerako kurtsa. Indigena zen eta Tenochtitlan aurrehispaniarra aipatzen zidan, urmael gorakoi hartan bizi bailitzan oraindik. Ciudad azteca aldean kanal paseagarri zenbait geratzen dira dagoeneko. Xochimilcora noiznahi eroango ninduela segurtatzen zidanean bukatu zen gure hizketa aberatsa.

        — Gidari isila neukan nik. Ez nuen mintzatzeko trenpurik. Espero nuen zuetarik bat Benito Juarezen izatea, baina manuak ezberdinak ziren.

        — Badakizu —zerrasan Lamdak—, bart arratsean laborategian geunden gulf stream korrontearekiko otserbaketaren uztak analizatzen. Datorren astean kongresua dugu Berkeleyko unibertsitatean.

        — Badakit.

        Majestic Hotelaren kafetegitik zocalora estiratu zituen hondo hezeekiko ninikak. Sigma egiaz amodiotan malerusa zen, edo ez zituen sentimenduak egokiro maneiatzen; bekatu gabea ere ez zen, Lamdak gaitzetsiriko abentura lanjerosaren karietara Posa Ngakarekin Londresera abiatu eta, han, Fahir afganistandarrekin altermaitasunezko ozeanoetan itotzear ausartu zelako.

        Hargatik, hori nahi zion Lamdari salatu, Compton Streeteko NDH tabernetan ikasi zuen dolorearekin, makurrarekin, minarekin ipularra salbatzekoa zela Butlerrek teorizatu bizitza bizigarriaren mihisea derrigorrez harilkatzekotan. Haustura minerala zuen gogoko, ukitzen eta uhertzen zion papo aldea, deustasuna, deuskeria halaber zergatik ez, big-bang eta dun-dun, astia adina hats hartu eta marmaraz zebilela:

        This is my livable life.

        Kikera zurbila ezpainetaratzean Coatli ohartu zen zerbait oker zihoala Sigma eta Lamdarengan. Permiaroko masa suntsiketaren mendekua ustiatuz aurkeztu zen:

        — New Yorken sortu naiz. Ama mexikarra dut eta aita Guatemalakoa. Gloria Anzaldua bere liburuetan ari den maneran mintzo naiz, spanglish batuaz hots. Edo Suzie Bermudez pertsonaia izugarriaren moduan, ingelesa eta gaztelera tartekatuz. Hainbat jende horrela zinpurtzen da munduan zehar ezta?... Lamdak agertu didanez, euskaldunek berdin, frantsesezko zein espainolezko aditzak perpausetan errauskatzen dituzue mila arrazoirengatik, presa, alferkeria ala batzuetan urguilua. Planeta bluiaren azalean gabiltzanok hizkuntzalari prestuei higuingarri zaizkien pidginak dauzkagu sabaietan.

        — Mugarik ez baitugu.

        — Eiki, ez dugu eredurik, ez dugu generorik, ez dugu aberririk, aberastasun finko eta gerorik ez dugu, ez gara unibertsalak, aniztasuna dabil unibertsaltasunaren haritik, ez bakunkeria, are gutxiago europar ideologoek zehazturiko gizon zuriaren superioritate boteretsu iraingarria.

        — Konponduko gara.

        Sigma baikor zen.

        Lamdak eta Coatlik jada osatzen zuten bikotea ezereztatzeko ez zen borrokatuko. Zer zuen bada Lamdak mutur? Malenkoniaz zurgatzen ari zena? Zer pasatzen zitzaien? Zergatik ez ziren elkar maite zuten jendeak gutxienez itxuraz zoriontsu? Gurutze Gorriko artatzaileak nehoiz iristen ez ziren guduka zelai lubakitsua ote zen gorputza, arima, oina, urratsa, betekizuna? Zer zen ondikotz barneraturik generaman maitasunaren ideia burges lotsati hori? Lana eta jabetasuna bezala, bikotea abolitzekoa zela ebatzi zuen Sigmak, Amerikak jadanik gogoeta-pentze-berri antzera irudikatzen zituela.

        Destinoa garraiatzen aski lan zeukan eta ardura disko gogorrean grabatu zati mardulak galtzea agitzen zitzaion. Makinaren ahaztura ondorioz, liburuko kapituluak berridazteko eta aske jarduteko aitzakia zela uste zuen. Langabeziak aurreiritziak eta ohiko pentsa-ereduak astintzeko beta zemaion, langabeziak, kontinente eta zerupez aldatzeak, ohaidez kanbiatzeak bezainbat.

        — Zein da gure egitaraua?

        — Bazkaltzera joango gara —hasi zen zaintsu Lamda— Zona Rosako Fonda El Refugio jatetxera. Eta gero Chalcon dugu hitzordua Coatliren kusiarekin. Gero gerokoak...

        — Nola gerotik gerora ibiltzean irabazten dugun... Axularren erranaren nahaspilatzeak bozkariatzen nau Majestic Hotel honen zazpigarren estaian.

        — Utz ezazu Axular bere zorriekin bakean.

        — Errazu hitz bat eta...

        Maderora jaitsi ondoan, mutu alaina, Coatlik taxi zuri bat geldiarazi zuen besainkaz. Emazte bat zen gidari. VW hertsiaren gibeleko ttottogian tinkatu ziren. Atzikusgailutik dilindaz zebilen Guadalupeko ama beltzaren girgila eta autoko giduina artile sintetikoz hornitua zen:

        — Liverpool kalera?

        — Bai.

        — Norabide bakarrekoa da Liverpool. Biarritzetik hurbilduko zaituztet... Ipsilo naiz. Mexikoko berrehun mila txofer autorizados-etan kontatzen diren ehun eta berrogeita hamar emakumeetarik bat. Jakizue ez dela erraza guretzat... Senarrak utzi ninduen, bi haurrekin. Frantsesa irakasten nuen, baina irabazi urriegia nuenez, taxilaritzari lotu nintzaion.

        — Gustatzen zaizu?

        — Gehienetan hiria ukigarria zait. Reformatik Zocalorainoko zirkulazioa blokatzen zuten Obregonen aurkako manifestaldien garaian, aldiz, desastrea zen. Hiru hilabete iraun zuen protestak. Normalean egunero hamabost bat kurtsa egiten ditut eta orduan hiruzpalau baino ez... Jorgerekin bizi naiz orain. Hura da, lanean naizenean, semeaz axolatzen. Badakizue, ez naiz gaizki usatua: Nezahualcoyotlen hazi ninduten, hamaika haur ginen eta ahizpa bi dauzkat Chicagon de mojadas.

        — Estatu Batuetan?

        — Denen ametsa da. Gauetik gauera loditzen doan hiri pulpo honetan jardutea ez da baitezpada gozoa. Teotihuacan bisitatzera eramango zaituztedanean Ecatepec erakutsiko dizuet, bostehun pesorentzat. Dei iezadazue. Hara nire kartatxoa.

        Sigmak Ipsiloren zenbakia zekarren papera plegatu zuen.

        Teotihuacan hitzaren musikalitateaz gozatzen zihoan unean 2005eko Ceuta eta Melillako gertakarietan tirokatua izan zen Fily Dembele hogeita bost urteko maliarraren izena zirristatu zitzaion kasko zokoko meandroen tepotik: ez al diguzue ezer barkatuko, hustukatzen zion gaztearen espektroak, oraino ere tuz, laidoz eta lardaskatzen gaituzten alanbreez eskertu behar zaituztegu ala?

        Betazalak astun zitzaizkion.

        Sigmak ez zekien zer agitzen zitzaion eta, baketzeko mantra zaharra bailitzan, Teotihuacan-Teotihuacan-Teotihuacan zerrasan.

        Lanzinanteki.