Zeruetako erresuma
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
azala: Marcelo Díaz
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
aurkibidea
 

 

8

 

Eliza mukuru beteko bitrak astintzen zituen euriak, jaitsi ahala. Jendeak barnean elkarren kontra zeuden, idor eta berotasun bila, trinko. Lehen lerroan familia kide apurrak eta atzeragoko jargietan herritarrak biltzen ziren. Apeza hits zegoen egun hartan: euriaren ala adinaren erruz, nehork ez zekien. Zena zela, alimaleko muturra luzatzen zuen. Gizonaren trenpu txarraz ohartu ziren, kutxaren gibeletik Jainkoaren Egoitzan sartu zenerako.

        Pena zuen: alabaina Seinan bat ere potretik gabe hil zen, tipus-tapasean, aste bat zuela. Faturrak zuen omen haren gorputza kausitu sukaldearen erdian etzana, zerga-gutuna banatzera joan zitzaionean. Zakurra zaunkaz ari zen loiroan, behiak marrakaz eta oiloak kuru-kuru gosetiz. Bazen jada zazpi egun azken hatsa jabeari itzuli ziola. Usteltzen hasia zen. Murtutseneko inguruetan gaitzeko urrin tzarra zegoen eta pietunak sudurra tapatu zuen mokanesarekin, hilotzaren ondoraino heltzeko, kanpoko freskotasunagatik ulu beltz ziztakorrak haizatzen zituela.

        — Ez dira sekula akitzen ala?

        Nardatua zen. Mugikorretik Arbideko su-hiltzaileak deitu zituen.

        Eliza txikiegi suertatzen zen Seinan maitatu zuten lagun ororen kabitzeko. Senide parrasta bat etorri zen bakartasun handian hil zen gizonari hondar agurraren eskaintzera. Pierra, Graxi eta alargundu berria zen aita lehen herrokan zeuden. Maiana Artoiz, emaztez apaindu bere semearekin. Jakes eta Marseillatik trenez jin Antonetta iloba zuzenak. Beinat eta Edmea. Ondoko uztailean ezkonduko zen Jessica, Maddi gaixoa gerizatzen zuela. Ttotte txepela, zilarrezko gurutze miresgarria papoan zeramala, neuroleptikoz hantu ama zut-zuta saihetsean. Andde, Mikel eta Panpili. Sebas langabetua Martinarekin. Kastela zahar zorrizua Thierry eskalearekin, Baionatik autobusez hurbildua. Kartzelatik atera eta Otsabiden ostaler plantatu zen Xarles elizetako ebasle ohia. Gibeleko jargietan Josy, Martin eta Jean Marie sindikalista ageri ziren. Eta pixka bat urrunago, Xarlesekin Parisen egon Gaxton eta Jeanne. Eta Yvonne, Edmearen adiskidea. Elisa, aldiz, aspaldi joana zen antzara zelestiarren ferratzera. Egia erran Otsabideko etxe bakoitzetik bizpahiru kide azaldu ziren Seinanen ehortzetara, kabala zein baserriko lanak berehala utzi eta kuriositatez beterik.

        Peter aberats okitua ere hor zegoen, kutxaren ezker aldean. Airekoa Los Angelesen hartu zuen anaiaren hil-berria jakin orduko. Miarritzen lurreratu eta har zezakeen Mercedesik erraldoiena alokatu zuen, espantero errea baitzen. Auzoek kontatzen zutenez, Euskal Herriko bide zeharretan barna Murtutsenera iristeko nekezia larriak ukan zituen: erregebide hegietako nahar, ote eta belar zorrotzek larrantzi zioten auto-azala eta kexu zen:

        — Fuckin' country.

        — Hago isilik Pierra, hila badiaguk hemen.

        Beinatek amerikanoa jendetasunera gonbidatu zuen. Baina ni Peter nauk eta ez Pierra bortizki azpimarratzen zuena ez zen isiltzen, dena laido eta irain, bideak hemen izpirituak bezain hertsiak zirela oihuka. Karkara gordina askatzen zuen noiztenka, etxekoei maleta hanpatu batetik ilkitzen zituen opariak banatzen zituela: Maianari ile-lehortzeko makina, Sebasi palm agenda elektronikoa, Kastelari usain on karioa, Xarlesi Tarantinoren Pulp Fiction-en DVDa, Jessicari Britney Spearsen MTVko unplugged ekitaldiaren bideoa, Graxiri New Yorken enkantean erositako Sam Sheparden Moon Light Chronicles antzerki famatuaren eskuizkribua, Beinat eta Edmeari pantaila lauarekiko telebista, eta zoritxarrean ihalozka zebilen Ttotteri James Ellroyren nobela berria, ingelesez. Irakur ere ez zezakeen liburu horrek ez zukeen Ttotteren osasun mentala sendatze-ildoan jarriko, baina zer egin, oparia onartu behar zen! Peter, ahurrak huts geratu zenean, hilkutxan zetzanaren nortasunaz ohartu zen errealki. Negarrez hipaka lehertu zen, amerikanoz zekizkien bi hitz bakarrak malko artean auhenkatzen zituela:

        — Fuckin' the fuck...

        Murtutseneko ezkaratza ur lehiakorrez latsatu zuten auzoko emazteek, Mariaren zuzendaritzapean. Ezkaratzean sartzen zirenen sudur mazelak javel mikatzaren urrinak erasotzen zituen. Alabaina, azken egunetako hilotz usain tepoa ezabatzekoa zen. Seinan zazpi egunez lurrean hedailo geratu zen, ustelduraren abiadura, larru-zulo bederatik jario horail eta bitxiak zerizkiola. Seinan ubeldua ikusi zuen Peterrek. Begitartea beltz zeukan. Matelaren zimur baten arroilatik har zuri malatsak begimendu zituenean, orroaz jauki zen:

        — Seinan ene anaia! Thou brother of mine... Haugi musu bat...

        Hobiaren bazterretan bermatu zen. Gizon gogortuaren soina bi beso indartsuz altxatu zuen eta ezpainetan zizare melengak kilikari nabaritzen zituela pott mardula pausatu zion kopetan. Hilkia tanpez erortzera utzi zuen eta, gorpuak kutxaren zola jo zuenean, izugarriko azantza hauteman zen bildutasunak kateztatzen zuen gelan. Seinanen hezurrak entzun ziren haltsarretan txertatzen, geldotasunaren oreka inarrosiz, jasanezinezko hats hiroa etxe barnean berriz barreiatzen zela. Ganbararen bakean otoitzean zeudenak tarrapataka jalgi ziren birikak kanpoko aire sanoz betetzearren. Peter aldiz anaiaren ondoan egon zen, zur eta lur, dolorez hautsia.

        Elizan bertute gehiagoren jabe azaldu zen Peter. Lehen lerroan zutik zegoen, eskuan stetson txapela zeukala, zurgin atorra karratua zerratzen zion turkes harrizko lepokoa zeraman eta gerrian behi-larruan ebaki zintura gotorra, aitzinean zeukan zilarrezko juntagailu distiratsuarekin. Jendeak igandez apainduak ziren eta bere atorra koleretsuaz zein markako jeans pareaz Peterrek ez zuela egoeraren larritasuna errespetatzen eman zezakeen. Baina ez zen hala: Ameriketako ohituren arabera hurbildu zen Otsabidera eta jendeak erranen zuenaren axola mikorik ez zeukan. Horrela bizi zen, lasai, harro eta bere burua nehoiz gorde gabe.

        Halaz, Edmeak Sebas eta aitari luzatu zien soako iroitsuaz axolarik ez bailuan, gainerakoak baino asko gorago zerraikan kantan, askoz gorago eta, itsusiago zena, okerrago. Irudi zuen, hainbeste urte herritik at iraganik, mezako abestien erritmo txukunaz ahaztua zela. Belarriak zauritzen eta neuronak txirikordatzen zizkien horrelako marraka marrantak entzutean, neurria zetxikaten Jainkoaren Bildotsak arranguratzen hasi ziren. Justu gibelean zeukan emazte klasiko eta ponpox beztitua zen Frantxuak bizkar gainean zimikoa egin zion:

        — Arren osaba, ari zaitez apalago.

        — Zer apalago? Ni apalago? Fuck ya son of bitch.

        Zintzurra are indartsuago karrakatuz, country ahaire baten lauhazka-joaldien men segitzen zuen:

        — Zerua, zerua, zerua saritzat...

        Bat-batean ardi trapatu zahar ahots berria erantsi zitzaion Peterrenari. Ordura arte Jessicak, zail suertatu arren, ahoa tapatzen zion Maddik bere barneko melodia zangopilatua ozenarazi zuen. Ur-benedikatu harriaren ondoko zutoinaren kantoian zegoenak kantatzeari ekin zionean, aditu zen galerietan gizonen gorputzen aurreratzearen balantza bakunaren herotsa eta behereko emazteen bizkar-junten klaska. Maddiren iloba gazteena zen Seinan. Ohoratu nahi zuen baiki eta eiki. Jessicaren amatxirenganako larderiazko hitzak hegaldatu ziren, halaber jendearen murmurioen artetik, zainen eta giroarengatik eskapatu irri karkaila zenbait.

        — Bakea dela zuekin...

        Apezak jokoa jabaldu nahi zuen. Isiltasuna hedatu zen eliza txikiegiaren aixolbean. Bereterrak are biziago inarrosi zuen urrezko intsentsu ontzia. Idatzi sainduak irakurri behar zituen Josefina, hinki-tinki igo zen aldarera. Liburua zabaldu zuen, jendetzaren begi orokorrean landatzen zituela bereak.

        — Jondoni Paulok korintiarrei...

        Hatsa hartu zuen:

        — Hara hemen nagoela anaiok Jerusamelen zuei izkiriatzen eta erregutzen ez dezazuen gehiago bekaturik egin; ezen zeruetako erresumarako xendak ez baitira denei irekitzen, baizik eta bihotza garbi eta gogoa argi datxikatenei. Anaia Agapeon, zin egidazu Jerusamele duzula lehia lohi lizunean ihalozka diharzun hiri zakar horretarik ere...

        Hori zen hoberena: Josefinak ez zezakeen Hitz eman Lurraldeko hiri nagusiaren izena zuzen ahozka! Karkaila xeheak jazartzen ziren elizaren sakonetik Jerusamele trabukatzen zuen oroz. Apezari behako antsiatsua igorri eta bigarren irakurgaiari lotu zitzaion. Horretan berdinki Melkisedesen ordez Melzikedes marmaratu zuen, baina fededunek ez zuten burlatzeko astirik ukan, herriko xantreak bere tenor boz sakonaz ttattit eta mutu utzi zituelako: alleluia! alleluia! alleluia!... Dantza kuia! errepikatu zuen Graxik, haur-denboran ele sakratutik landa mihi-puntara jazartzen zitzaion zirto bakarraz gogoratuz, soa elizaren erdian zegoen hil- kutxaren eremuan iltzatzen zuela.

        Gerla ezberdinetako banderak airean zeuden, lore-sorta handiak kutxaren maldan, lau ezkargi bazterretan, kofoin gorri batean txilintx bi medaila eder eta herritarrek azken hamarkada hauetan etxe batetik bestera garraiatzen zuten zilarrezko gurutze pisua. Epistolen eta ebanjelioaren arteko tartea Gilen xantreak bete zuen elgarren ogi zu zaitugu zu kantua aterpe bustiaren izkina orotara helarazten zuela dugun bihotzez bat egin... Entzun bai jauna gure baitan sar neurkatu zuen eztiki Graxik ezpainak doi-doia higituz, jendetza beha zegoela ohartzeke. Airea burrustan eskapatu zitzaion biriketarik.

        Egiaz neskak ez zuen ulertzen zergatik euskarazko ehortz-elizkizunetan, tristezia larriaren aztaparretan behera amiltzeko ordez, abesteko gutizia oldartzen zen herritarren bihotzetan.

        — Beti pentsatu izan dut kantatzeak herioa bera hil zezakeela gure lurretan!

        Bere buruarekin ari zen, hiriko jakintsuren bat zinominokatuz, nahiz eta aipatutako unibertsitariak, heriotza-erritualen berezilaria bidenabar, ez zukeen esplikatzen ahalko nolaz kantua oldartzen zen malkoen artetik alegrantziako ezpata gisa, aita edo ama galdu berri zuten seme-alaben arimetarik.

        Ez zuen atertzen. Herritar zenbait, gazte buru-beroak egia erran, ari ziren Murtutseneko hobiaren zulatzen. Aitzur ukaldika harrotzen zuten lurra eta lohi puloak bazterrean metatzen. Irriz lehertzen ziren. Gogoa non zeukaten horrelako zoriontasunean lan egiteko? Ez zen lana funtsean: zerbait gehiago zen. Ezin azalduzko ekintza premiatsua. Hargatik, bizkarra gogortzen nabaritzen zutenean, lanabesen giderretan bermatuz, kopetan itsatsiriko ileak ozkan jartzen zituztela, elizako kalostrapean geratutakoak kitzikatzen zituzten:

        — Horiek ere hobe lukete sartzea.

        — Baina fedegabeak dira, ez dira sartuko.

        Hitzezko erakusketa zorrotzari plegatu ziren.

        — Badira orain gero eta jende gehiago, euskaldunen artean partikulazki, ideia politiko zein erlijiosoengatik elizaratzen ez direnak. Ez dute sinesten eta uste dute lekuaren geriza debekatua zaiela. Beren buruak dituzte horrela mugatzen. Badakitea zer den fedea, abertzaleen fedeaz aparte?

        — Ez dituk araiz abertzaleak kritikatuko ez direlako mezara agertzen? Euskalduntasunaren gurutzea ekartzearekin aski lan baditek bai!

        — Arrazoia duk, aurpegi xifrituak, kezkatuak eskaintzen zizkigutek beti: ez dituk mintzatzen ahal gauza triste eta hits bat aipatu gabe. Hire irri egiteko tirria zozoa hausten ditek halabiz batean. Beraien ilundurak ingurua setiatzen dik, bazekitek euskararen hiltzea, ohituren desagertzea, lurraren desjabetza eta horrelako mila gai...

        — Ez duk erraza ez, hiltzera doan hizkuntza batean baikorra izatea!

        — Fede dorpea ditek.

        Hobi-zulatzaile taldekideak aitzurrari gaitzeko oldea eman zion.

        Batera.

        Elizaren barnetik kanta suharren oiharra zetorkien belarrien kilikatzera. Uharra ez zen gelditzen. Ortzantz karraska bat aditu zen. Langileetarik batek ardoa ezpainetara ekarri eta zurruta luzeaz botila erditara hustu ondoan, zazpi arte kontatu zuen, ihortziriaren urruntasuna haztatzeko. Bostetan izugarriko danbakoak inarrosi zituen zeruak eta lurrak. Gizonak haritz geratu ziren.

        — Hurbiltzen ari duk...

        —... Dudarik gabe jujamendu jenerala! Ontsa pentsatzen jarriz gero, Seinan Murtutsen ehortzetako ez zian beste eguraldirik egiten ahal! Pataskan iragan dik bizia gaizagaixoak: gerlari ohia, presuner Bavierako baserri hartan eta Amikuzeko oihanean iheslari. Norbait zuan segurki baina izpiritua beti alha zerabilkion, ez zian sekula bakerik dastatzen, ez eta bozkariorik: oroitzen hiza ezezagun batzuk loaldian zegoela pegartegian zetxikan sosa nola ebatsi zioten? Arratsalde betean, bazauka!

        — Bai ohoinak ez dituk gure etxera etorri...

        Jukutria zimizta batek irribarrea urratu zion langileari. Erantsi zuen:

        — Pasa iezaguk ardoa...

        Esku gibelaz begitartea idortu zuen. Oinak lohian iltzatuak zeuzkaten. Eskuak buztinez emokatuak. Ahurrak lerratzen zitzaizkien aitzur eta pala arinen giderretan. Aha-ka ari ziren, indar-herotsak elizatik jalgitzen ziren kanten oihar eta kalostrapean Euskadiren Geroko Geroaz eztabaidan zebiltzanen harramantzarekin nahasten zirela.

        Frantxua miretsi zuten elizatik jalgitzen: hauxe gizon-eme ikaragarria xuxurlatu zuten, buruak apalduz eta tresnen besoak are trinkoago tinkatuz. Funtsean, ez zekiten Frantxuari nola so egin: gizona zen, baina emaztez bezti. Maiana Artoizen semea zuloaren hegira hurbildu zen, aztal zorrotzekiko oskiak hilerriko garrailetan kraskaraziz eta ipurdia ederki balantzatuz.

        — Aro txarra dugula! —aharrausikatu zuen lanean zinpurtzen ziren kideen gaizkizana susmatu ez bailuan.

        Inork ez zion ezer ihardetsi. Bazterretara barranda gelditu zen, nonbait haur denborako herriko plazaz gogoratzen zuela: Otsabideko liburutegi bakarra zeukan apezetxea huts, nesken eta mutikoen eskolak biak hertsiak, entseinak herdoiltzen zihoakien lau ostatuak, baina baziren oraino bi zabalik, eta plazan bizi ziren handikien egoitzak salgai. Frantxuaren iledia malgutzen eta desegiten zuen euriak. Langile batek erran zion:

        — Hobe zenuke aterperatzea, mezetara ez baldin baduzu nahi, kalostrapera bederen. Han lagunak bazinuzke.

        — Haiek lagunak?

        — Hustuka agurtu naute.

        — Alta abertzaleak izpiritu irekiak dira!

        Ironia eroa erabili zuen batek, behatzen artekatik lohia kenduz.

        — Pentsa! Beraien penaz baino haratago joateko ez dira kapable: gudarien kalbarioa, nortasun ezaugarrien galtzea eta hein batean, hein batean diot ezen gehienetan bost axola baitzaie, euskararen hiltzea deitoratzen baizik ez dakite.

        — Hor gizon, gogorregia zara. Ni ere abertzalea naiz eta ez naiz bat ere horrelakoa.

        — Ba hik hamalau xorta edan ondoan ahanzten baituk abertzale haizela!

        Azkenik hitz egin zuenaren kidea Frantxuari zuzendu zitzaion:

        — Mozkortzen ari da, eguna alta ez delarik horretarako egokia!

        Frantxuak barre egin zuen. Hortzak erakutsi zituen, zuri-zuriak. Urrezko hagina zimiztaren itzal ubelarekin distiratu zen. Langileetarik batek begiak zerratu zituen, uste izan baitzuen, argiaren urrakoa lehian, ihortziria bertan eta berehala eroriko zitzaiela. Ninikak askatu zituenean, ohartu zen ez zela deus ere agitu; sosegatu zen. Frantxua gizemea desagertu zen. Berriz elizaratu zitekeen. Ala Jainkoaren egoitzaren barnean, jendeen hats tepoa, perfume eta salboin merkeen usain gohaingarria, besapeetarik jauki kabala izerdi nazkagarria, intsentsuaren baporeak eta ezko-argien urtzearen urrinak biltzen zirela, beroa garratzegi zegoelako, herriko plazaren itzuliaren egitera atrebitu bide zen Frantxua, aspaldiko partez? Langileari ez zitzaion inporta, emaztez apaindu gizona, gizatasunaren ikur ahalkegarria, deabruetan hara joan zitekeen, lana bururatuko zuen arraiki. Indarrak biderkatu zituen, zizare gorri malats bat erdizkatu eta aitzur kolpeaz behereko zureko kutxaren tapakia hautsi zuen. Itsuki ari zen, ortzantzaren burrunbaren oihartzunak, besainka zainarta neurkatzen ziola. Lohi artean hezur zurbaila jo zuen.

        Lagunak oihuka ari zitzaizkion geldi hadi mutikoa baina geldi hadi arren! Mensten ari zen hondarra. Zuloaren barnera ponpatu eta buztin astuna arakatuz kaskezur bat ilki zuen. Eskuetan zetxikan. Bitxiki so egin zion. Salbaiki. Harritua zen. Ez zuen sekula jende kaskezurrik begimendu: haragiz biluzi begi, sudur, aho zuloei begira zegoen fazinaturik. Irri zozoak kokotxa desartikulatu zion. Zizare gotorra zapatetan bihurdikatzen zitzaion, laster beste bizpahiruk segitzen ziotela. Kaskezurra besoen helmugan zetxikan, bere destinua bailitzan. Garrasitu zuen:

        — Nor zen hau?

        — Murtutseneko etxekandere zaharra, dudarik gabe.

        Ahotsean erotasunaren zizta nabaritzen zitzaion.

        — Beronika? Seinanen amatxi moxkote hura?

        — Baiki...

        Bat-batean izen-emaileak kaskezurra bere eskuetara heltzen jarraitu zuen. Aitzurra erortzera utzi eta ahurrak ireki zituen azken unean, denen erraietan orain izua hazten zuen gauzaren errezibitzeko. Lepoko juntaren gunean zintzilikatzen zitzaion haragi usteldua ikus zezakeen. Gerlarik gerla beste aldetik, munduan zehar hainbat zoritxarren lekuko izan zena goiti egitear zegoen. Sabela setiatu aurretik, kaskezurra, ondoan zeukan kideari aurtiki zion eta saihetsekoak parekoari, parekoak ezkerrekoari, ezkerrekoak aitzinekoari, behatz sokiletarik lerratu zen arte. Kaskezurra mila puskatan hautsi zen lurrean, azantz xehe eta bustia entzungai.

        Elizako dorreak hil-zeinuen danbakoak oiharrarazi zituenean, zulogileak irudiz, errealitatera itzuli ziren. Aztalkada xumeaz langile batek purruskak lohiarekin nahastekatu zituen; handik laster hobiaren sakona baizik ez zen ageri. Eta langileak, burumakur, jasaniko ero-bulta izugarriaz hormatuak bailiran. Hil-zeinuak bihotzen taupadak jabaltzen zituen, alabaina. Kaskezurrarekin errugbian jostatu berri zirenak ez ziren kalostrapearen maldan zeuden pagano erreak, hortzak horztegi, so zeuzkatela ohartu ere. Haietariko bat hurbildu zitzaien, oihuka:

        — Baina zer ari zinezten? Kaskezurrarekin arrailerian? Baduzue bai burutik horrelako haurkerietan aritzeko!

        — Haugi hi, moko-fin, hobiaren zulatzera! —deitu zion langileak:

        — Errazago duk federik ez eduki eta elizako atarian geratzea eta gero zer egin behar ez dugun erratera etortzea, ezpainak txukun eta eskuak beti garbi!

        — Ez da hori arazoa; bakoitzak bere zeregina. Printzipioa da: ez da hilotzekin, are gutxiago hiltzearekin jostatzen!

        Herioak berdintzen handi-txikiak...

        Besteak, klasikoak ezagun zituen. Umiltasunez eta mendeku-lehiaz erditzear zen:

        — Zer du honek gure aferetan sartzeko?

        Isildu ziren denak.

        Orduan, elizaren ate nagusitik apeza lehiatu zen, bereterrak euritakoa gora atxikitzen ziola, herriko mutilak intsentsu-ontzia lanjeroski balantzatzen zuen bitartean. Axuantak altxatzen zuen gerlari ohien hiru koloretako bandera, amerikanoak presuner eta iheslari medailez emokatu putzukano gorria, Frantxua gizon-emazteak lore-buket erraldoi bat, hurrengo uztailean ezkonduko zen Jessica xarmantak alzheimerrak jo Maddi arraposki gidatzen zuen kutxa lurperatuko zen guneraino, izai egur merkeenean zizelkatu hilkutxaren ildoan Graxi eta Pierra ageri ziren bilduak, Beinat eta Edmea bata bestearen eskutik aldi honetan, Seinanek Martxelarekin hazi eta garrazki hezi DASSko haur aspaldi tarrotuak, hil-zeinuen erritmoan jaso zituzten azote eta kolpe bakoitzaz oroitzen ziren hauek, plegaturik zebilen Ttotteri utzi zioten zilarrezko gurutze pisuaren garraiatzeko betekizuna, eta ondotik herioaren aurrean mutu eta konkor zebilen jendetza zetorren, beltzean beltz. Kusiak izan arren, politikoki etsai zebiltzan Mikel eta Panpili han ziren, adiskide. Arbideko kantonamenduko UMPko arduradun bi eta UDFko kontseilari orokor bat, ez baitzuen honek jende-bainu ongi sentitu baten aukera izpirik galtzen, ehortzeta amaitzeko kolazionearen karietara partikulazki.

        Aitzurraz eta palaz ihalozkatu lur gain lohitsuan pausatu zen kutxa. Apezak ur sainduz zuloa benedikatu zuenean, buztin malguan barreiatu kaskezurraren hondakinen presentzia egiaztatu zuen. Begiak zerura bermatu eta hedoi kargatuek zartagailuen pare, joaldi hotzikaratuz, libraturiko ttantta lodiak baino ez zitzaizkion aurpegiratu. Gaizki-izate latzari ihes, ahuntz ahots dardarkariz, egoerari egokitzen zitzaion abestiari ekin zion:

        Betiereko zoriona hil honi eman otoi Jauna...

        Betiko zeru zabalean zure argiak argi dezan...

        Jessicak kontrola ez zezakeen Maddi adindua hauteman zen. Zintzurra karrakatuz ari zen. Eskuak ortzira zuzenduz, otoizlari eta eske, besoak gibelekoz aitzin kulunkatuz, nahikoa alegeratsu zen ahairea New Yorkeko elizetako beltzek airoski hegaldaraziriko gospel moldean harilkatzen lagunduko bailuan jendeak. Graxik segida asmatzen zuen, euriak astintzen zuen hilerriaren pobrezia kontenplatuz:

        — Betiko... Betiko-betiko-betiko... Zeru zabalean... Zerua-Zerua-Zeru zabalean... Hil honi eman... Bai eman-eman-eman-ba- eman... Otoi Jauna... O-o-o-o-toi Jauna-na-na-na... Betiereko Zoriona... O Jesus come back betiereko Zoriona...

        — Isilaraz ezazu atso hori! —bortiztu zen apeza—. Eta erran dezagun Gure Aita bat kartsuki.

        Bezpera-gauean Murtutseneko ganbaran beila kudeatu zuen Leoniek. Gure Aitaren erranarazteko ardura zeraman. Alabaina, bitxi zen bizkitartean Euskal Herria bezain fededun fama zeukan herri batentzat, ez zen apezik kausitzen etxeetako ezkaratzetan, behi eta ardi marraken artetik otoitzen marmarikatzeko. Gehiago zena, apezak herrietarik kanpo bizi ziren eta, norbait hiltzen zenean, familiakoek gizon sainduaren mugikorreko mezugailuan SMS moldeko abisua uzteaz beste erremediorik ez zuten. Egiaz zioten trufari ez baitziren berak hilminean, apezak baserrietara hurbiltzeko astia franko bazuen, ez baitzen hila berpiztuko eta hala gertatzen baldin bazen zinezko mirakulua baitzatekeen.

        Kargu sakraturako ikasia izan zen Leonie, Arbideko beneditanoen komentuan egin zuen erretreta oroigarri batean. Hiru egun pasatu zituen. Haurtzaroko kredoak berritu eta bere baitaratu zituen. Ebanjelioko hitzak esplikatu zizkioten, Jerusamele non eta Melzikedesek nor zen. Halaz Otsabiden edonor beste mundura eskapatzen zenean, fede trahola guztien aitzina eramateko prest zegoen, arima bekatorosak zerura hupa zitezen bidean sobera denborarik galdu gabe alainan.

        Herritar zenduen ohorezko bi otoitzaldi kudeatu zituen jadanik: bata Ttoteren adiskidea zen ilobak, hasieran ustez zingar-azpian dilindan zela gero selauruan urkatua harrapatu zen Manexena eta bestea nehork ere bizirik zegoela ez zekien Bordarenbordako Xaxi zoritxartsuarena. Baziren horrela arras ahanzten ziren jendeak. Ez zen segurki eta hala ere Seinan Murtutsen kasua. Hilerrian, Leoniek zaintsuki eraso zuen Gure Aitaren lehen erranaldia eta marmara iluna hedatzen zela, hatsa hartzen zeneko murmurioa ozenagoa bilakatzen zen: ... ZERUetan zirena SAINdu izan bedi ZUre izena EMAguzu gaur gure OGIa...

        Apezak eri-kuxkur keinu batez kutxaren lurperatzea manatu zuen. Ahaide eta ezagunek zuloari begiratu zioten, izuaz harriturik: Hori zen beraz bizitza oso baten azken destinua? Hori baizik ez zena? Galdeek bazterrak larrutzen zituzten, eta sokaz lagundua, langileek ireki lokatzaren sabeleko holtzartean behera jaitsi zen izeizko kaxa. Lau salmo oraino eta apezak boz melengaz zerua zerua saritzat abestiaren lehen notak hegaldarazi zituen, baina euripean zeuden gehienek nahiagoko zuketen menturaz lohia lohia saritzat orroatu, laino artetik ez baitzen ortzi muga idor izpirik ageri.

        Peter bildutasun uneaz baliatu zen, erosi berria zuen plastikozko arrosa gorri baten botatzeko urak eta buztinak jagoitik zikinduriko kutxaren gainera; hala egiten omen zen Los Angelesen, geroago kontatuko zuenaren arabera. Bat-batean alzheimerrak jo Maddi zuloaren ezpondara hurbildu eta negarrez hipaka lehertu zen:

        — Hara, Seinan, habil hoa eta erradak sakrifikatua eta gure baratzeko pikotzearen maldan ehortzia izan zen Eugenia gurutzatzen dukanez zeru goren horietan?

        — Amatxi, zatoz —Jessicak andere zaharkitua besotik tiratu zuen—. Hemen ez da pikotzerik, ez eta Eugeniarik.

        — Gaixo gu orduan...

        Maddi lasterka ihes joan zen hilerritik. Lurrez emokaturiko eskuak amerikarraren alimaleko mercedesaren azalean torratu zituen, arraiki, plazer ikaragarriaz gozatuz. Peter ondotik joan zitzaion, soa beltz eta haserrea gorri.

        — Fuckin' woman... Not on my car!

        Jendaldea banatu zen. Zenbait suharki geratu ziren Murtutseneko hobiaren aldamenean. Gainerakoak aldiz, Peter eta Maddiren bereiztera lehiatu ziren, nehor ez baldin bazen mugitu, elkar hilko baitzuten: herio batekin aski zen, bistan dena. Bazterrak lasaitu ziren, eta apezak Leonieren sustenguarekin agur maria eresiari ekin zion. Karkazail baten arana hegaldatu zen. Thierryk Kastelari kontatzen zion Maria-Sainduarekin mintzatu zela Orbe karrikan eske zebilela. Alabaina urdin argiz apaindu eta ile kuiskulak ikatz zeuzkan emazte hanpurusak, botila tutunetik husten ari zela, erregutu zion:

        — Munduan agitzen denarekin Biblia baten izkiriatzekoa baliteke gizon, behar zenuke Lourdesera joan, ardo likits hortaz baino ur benedikatuz horditzera, aurpegia eta bihotzaren garbitzera, hobe zinateke han, etorri nerekin...

        — Bakea emadazu.

        Herrestaren ustegabeko azalpenak burla-gogoa hazi zion, fedeak tanpez aingerututako Kastelari.

        — Nork ez du ama birjina elerran hondar mende hauetan? Uste duk bakarra haizela?

        Ukabilka bat eman zion sorbaldan.

        — Arren, amets gaiztotik iratzar hadi gizona!

        Jendetza barreiatu zen. Aitzur eta pala ukaldien harramantzak aditzen ziren berriz. Euriak berean zerraikan eta itxuraz ihortziria urrundua zen. Kaskezurrarekin jostatu zenak ez zuen lur mokor bat ere zuloaren barrura aurtiki: oroituko bide zen Murtuts zenaren ehortzetan mutur egon zela, batez ere bigarren zatian. Apezak zeremoniarako erabili tramankulu sainduak bildu zituen, begi batez herritarrak ostatura lerroan nola presatzen ziren aztertzen zuela:

        — Ez dute denborarik galtzen putxas! Ez dakit Jainkoak zer egin dezakeen horrelako hamaikagarren orduko fidelekin.

        Sakristiaratu zen, Leonie segika zeukala:

        — Kolazionea bada Papunen ostatuan. Jinen zara araiz?

        — Bai, emaztekia!

        Jainkoaren zerbitzaria nardatua zen. Elizaren azpiko gelako leihotik langileak hobiaren gainean, jauzi alegeraka, salbu arras beraztua zirudien haietarik gazteena, buztin malgua tapalakatzen begimendu zituen. Beraien baitako gerla-kanta baten izariak markatuz ari zirela ematen zuen. Murtutseneko hobia seinalatzen zuen lur freskoko borobilaren eremuan jendakiek ekarri lore sortak landatu zituzten, marmolezko piezak à notre cher compagnon d'évasion gure auzoari à notre père zurekin betiko à notre oncle adoré urak dakarrena urak daroa. Hori zen bai, egun bederen urak zekarrena lokatzak zeroala pentsatu eta puska sakratuak plegatu orduko Papunera jo zuen apezak.

        Eguraldi bustiaren eta tabako merkearen urrinak nahasten ziren Papuneko taberna zokoan. Lauretan hogei kiderentzako arratsaldeko askaria manatua zuten Murtutsen azkaziek, elkarren artean ordaintzea hitzartuz, txokolatesnea edo kafea aukeran eta bizkotxa xerra idor bana ez baitzizkien ostalerak nehondik ere oparitzen: hiltzea kario suertatzen zen, segurantzarekin hiltze-konbenio zehatzik ez zutenen familientzat behintzat. Murtutseneko ahaideak bi mila eurorekin buxetaren betetzera iritsi ziren eta ez zen kolazionearekin diru-kopurua pasatzea komeni!

        Bazterrak berotzen ari zirela ohartu zen azkenetarik heldu apeza. Hau eta hura agurtu zituen, Peter amerikanoarekin Los Angelesko bekatu-zorroaz solasean egon zen come to see fuckin'me, Beinati Ikeren berriak eskatu zizkion bakea dela zuekin, Frantxuaren soa bezainbat Kastela eta Thierry eskaleen usain lakarra ekiditen saiatu zen, Maiana Artoiz arras hiritartua kausitu zuen, Edmea Yvonneren konpainian zegoen kafea hurrupatzen, Graxi, Pierra eta Jessica zeuden mahaira bideratu zen.

        — Erraxu, Jessica, xure ezteiak apailatu behar txiu orai. Aski'uxu gizungeiaikin pasatzia igande hoita'ik batez.

        — Bai jauna, pasatuko niz.

        — Eta ez bezperan. Telefona zataxu edo ezemeza portablian utz.

        — Bai jauna!

        — Erran bezala orduan.

        Jessicaren ardurapetik oihuka jazarririko Maddi apezaren lepotik dilindatu zen, ments-erdi:

        — Beleak bele, zuri nahi eta beti beltz.

        — Zer derasazu anderea? Ez dut deus ere konprenitzen.

        — Ene hitzak alta latina baino argiagoak dira. Ez al dakizu hilketa latza obratu zela Harrondon? Kontatuko dizut...

        — Emazte buru nahasia zara Maddi. Arta zaitez...

        Itxindia garretan garatzen zebilen kantoitik eskapatu zen apeza: ez zuen eskandalarik nahi alaina. Zuri nahi eta beti beltz nehoiz bildu ez zen zuhurritzaren oihartzunak ostatuko murruetan punpaka zerraikan, pilota sabel hiroduna zartatzear bailitzan.

        Apeza lekutu zen. Atertu zuen. Eta iparreko zerua urratu zen urdin. Karrikan zihoala, belarrietan zeukan oraindik barne tepo hartako murmurio gris hantuaren oihartzuna. Palto barruko sakela ferekatu zuen: sosa ederki eskuratu zuen Seinan Murtutsen hiltzearen karietara. Barrez zimurtu zitzaizkion matela malguak. Inguratu zenean ordea, bi mutiko borrokan ikusi zituen Papun aitzinean.

        — Mikel, deabru zikina, Murtutseneko lurrak enetako dituk!

        Panpili zen, Mikelen tripa ukabilkatzen zuela, geldirik gabe. Kolpez kolpe ihardesten zion:

        — Ustela, ustela haiz! Hila ketan eta hire lur gosea agerian! Funts horiek enetako zirela erran ziadakan Seinanek.

        — Jan ezak...

        Mikeli sudurretik zerion odol xirripaz axolarik ez bailuan Panpili joka ari zitzaion. Orduan, sorginaren gisa piztua ostatutik lehiatu zen Leonie, Maddi orroaz ondotik zetorkiola eta gero herroka trankalari, arrunt berotua, ehortzetan parte hartu zuen jendaldea.

        — Arren, mutikoak!

        — Habil hoa astaina handia...

        Bi kusiak banba eta binbika zinpurtzen ziren, hegietan metatuek puntuak zenbatzen zituztela.

        — Hauts zarete eta hauts bilakatuko zarete: zergatik lur gehiagoren behar hori? —Leonieren ahots kakoila sumatu zen.

        — Isilduko hiza buztanik gabeko pika-bele?

        — Beleak bele, zuri nahi eta beti beltz...

        Maddiren heiagora trenkatuz, Jessicak barnera bulkatu zuen jada bururik ez zeukan anderea. Leoniek ez zekien zer egin. Jagoitik, auzo bat edo beste borrokan sartua zen. Ortziari deika belaunikatu zen. Bistakoa zenez, Jainkoa mutu, gor eta itsu zegoen: harekin ere, apezarekin nola, hitzordua hartzekoa zen mezua mugikorrean utzirik. Eskuak dolorez juntatu zituen eta, pataska hantzen ari zela, mihia ezpainetan eme eta lizunki pasatuz, jendeen arteko batasun zalantzakorra hormarik horma orekatuko zukeen akuilua altxatu zuen:

        Gure Aita bat hilen den gutarik lehenarentzat.