Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

 

        David Darrah, corresponsal de prensa en el lado franquista, visitó las ruinas acompañado de un oficial fascista. Aunque comprendía el español, simuló que lo ignoraba y habló en francés. Se dirigieron a un anciano que removía los escombros. "¿Cómo sucedió esto?", preguntó el corresponsal. El oficial fascista tradujo la pregunta al español. El anciano respondió que los aviones llegaron en gran cantidad y no dejaron de bombardear hasta que todo estuvo en ruinas. El oficial tradujo al francés: "Dice que antes de que el ejército de liberación entrase en la ciudad, los anarquistas pegaron fuego a todo". Darrah dio las gracias en francés al funcionario.

Claude Gernade Bowers,

AEBetako enbaxadorea

Espainian 1933-1939

 

 

Ontzi motordun txikietan bandera gorriek harro egiten zuten izokin urbanoen bidaia arratsaldeko lehen orduetan. Bakoitzak bere lengoaia erakusten zuen, Londresen nork bere lengoaia erabiltzen baitu. Bere bandera gorria. Alboetatik arraunlariek aurreratu egiten zituzten, zorabiaturik gasolioaren usain sarkorraren eraginez. Zenbaitzuek destainaz begiratzen zieten. Ahateek, lerro bakarrean jarrita ur-bazterra hasten zen tokian, larririk gabe zeroaten itxarotea.

        Zubi ondoko baranda batean bermaturik zegoen Emma. Ez zirudien espantatuegia. Garagardo botila batetik edaten zuen astiro, ilunabar hotzaren kolore aldaketari adi. Ez zen ohikoa kalean edatea, baina hura toki berezia zen. Taberna eta arraunketa taldeak nahasten ziren ibai ondoko ibiltokian barrena. Ezker-eskuin mugitu zuen burua, sinesgaitz.

        — Nondik atera duk Fernando kazetaria zela?

        — Beste batean kontatuko dinat.

        Emmak ezadostasunezko imintzio adierazgarria egin zuen. Caponek ere ezezko seinalea egin zion Gernikako alkateari, gazteleraz ederki aski molda baitzitekeen edonorekin.

        — Zortzi edo bederatzi mila ginan herrian atzo. Ganera, egin kontu pelota txapelketea egoala —penetan mintzo zitzaion Jose Labauria Porturas Gernikako alkatea. Ubilla I.ak eta Ubilla III.ak Arrien eta Kortabitarteren aurka jokatu behar zuten.

        — Non zeunden?

        — Udaleko gordelekuan.

        Aita Arronategik ahoa ireki gabe baieztatzen zuen herririk gabeko alkateak narratzen zuen guztia. Gernikako apaizen kopuru handiak harritzen zuen Capon gehien.

        — Heinkel 111 asko ikusi genduzan antiaereotik. Eta Junker 52, tranbiak.

        Labauriak ez zekien garrantzitsua ote zen kazetari ingeles batekin hitz egitea.

        — Zenbat hil dira?

        — Oraindino ez dakigu. Etxe gehienetako suak amatau ziranean ekin geuntsan gorpuak jasoteari. Tren geltokiaren ondoan ikusi genduzan sei, ehiza-hegazkinek metrailatuta. Zaharren etxean bonba batek hogeita bost andra hil ebazan...

        Ez zebilen gezurretan. Berriemaileak berak ikusi zuen asiloko sarraskia.

        — Hiri-erditik urrin, hiru kuartel eta arma lantegi bi egozan. Unceta y Cía eta Talleres de Guernicari ez eutsien erasorik egin.

        Kalean hotz izugarria egiten zuen eta tabernetan bero itogarria. Galderren belarriek ozta-ozta jasaten zituzten londrestar ile-laburren arrantzak. Barruan oro zen azentu ulergaitza excuse me excuse me ez dut aditzen. Kaleak gabe zeuden arren, tabernetan ez zen zirrikiturik beste berba etsai batentzat. Nondik ote dator jendea? Neska-mutil gehienen aurpegi kalpar jantzietan nabariak ziren ispilu aurrean izandako borrokak. Barruan ere oro zen borroka.

        — Entzuidan, Emma. Heuk erakutsitako argazkiak Fernandoren iraganera eraman nain —traizioak eragindako desasoseguak ebaki txikiak egin zituen Galderren hitzetan—. Fernandok egunkari frankista baterako idatzi zinan. Badu, bai, nahikoa arrazoi horretaz ez mintzatzeko.

        Joserekin gogoratu zen. Hark ere bazuen nahikoa arrazoi zenbait kontu sarri ez zabaltzeko. Erandioztarrak argi zuen Larrinagako kartzela eta Cabo Quilates presondegi-itsasontziko triskantza famatuen erantzuleak, hurrenez hurren, UGTkoak eta Cartagenako miliziarrak izan zirela.

        — Ez nebazan begiko, herria saldu izana leporatzen euskuen. Halandabe, ez genduan Cabañas faxistak sozialista eta anarkisteakako ika-miken barririk eukitea gura. Isilpean gordeten genduan.

        Emma isilik zegoen. Gernika ere isilik zegoen. Haize pozoituak Fernando eta kazetari italiarren arnasaldiak estutzen zituen zaharren egoitzan. Aguilera kapitainak hondakinak erakutsi zizkien.

        — Hemen ere argi eta garbi ikus daiteke leherketa behetik gora eta barrutik kanpora sortutakoa dela. Zuloak etxeetako oinarrien perimetroan daude, eta honek esan nahi du lehergailuak barruan ipini direla... Begiratu hormak! Bertan ke beltzak eragindako kedar lodia ageri da, eta hori gasolinak ekarritakoa bakarrik daiteke... Eta kaleak, zer? Guernicako kaleak suzko hondakinez beteak daude, baina ez daude deuseztaturik... Sutea herriko hegoaldean sortu zuten eta, haizearen eraginez, iparralderantz zabaldu zen ziztu bizian... Bistan dago maisu-lan deabruzko baten aurrean gaudela. Eta nor izan daitezke hain ongi gauzatutako triskantzaren egileak errefuxiatu ibili diren asturiar meatzariak baino?

        Fernandok ez zuen suzko orratz arranodunik ikusi, bonba mina SC-250 eta BIE su-emaileak. Dar-dar egin zuen, gorputz meharra astindu egin zen.

        — Ondo hago, Aranguren? —Aguilerak trufa egin zuen.

        — Bai, ez da ezer.

        — Putakume horiek ez ditek inor barkatzen.

        Kapitainaren ustez, gerra ez zen harentzat. Eta agian arrazoia zeukan. Botalarria eragiten zion Gernikan nagusi zen ke usainak. Noizean behin zapi busti bat eramaten zuen aho-sudurrera. Han ez zegoen gorpurik.

        Biharamunean, dutxan zutunik, Galderrek nekez ikusi zituen bere oinak behatzak atzazalak. Garagardoak bazekien bere lana ongi betetzen. Ispilu borobilak betzuloak erakutsi zizkion. Ez zekien Fernando berriro ikusi nahi zuen. Behin besterik ez zuen ikusi eta iruditzen zitzaion betidanik ezagutzen zuela. Ase eta bete zegoen. Gezur egin zuen Gernikako bonbardaketaz, Petainen altzora aldendu zen Espainiatik eta gero Londresen aurkitu zuen aterpe. Londresen oro baita aterpe gordeleku ongi etorri welcome. Irudien artean ehortzita bizi zen azken kukuaren doinuak noiz entzungo. Alegiazko toki mekanografiatu batean. Baina beharbada Emma zuzen zebilen. Ez zuen eskubiderik horrela berba egiteko. Eta ez zuen eskubiderik ezer leporatzeko. Ba omen zagok arrazoi bat gauza bat egiteko eta beste bat gauza bera ez egiteko.

        Arratsaldean, aurreko egunean ezer gertatu ez balitz bezala mintzatu zitzaion Emma. Irribarreak hori erakutsi gura zuen behinik behin.

        — Nork bere Gernika omen dik..., nork bere Blitz-a...

        — Nork bere Dresde...

        Emma Dresde baino urrutiago zihoan. Eskuak praketako poltsikoetan herabeki ezkutatu eta ibiltzeari ekin zion. Galder ohartu zen hark, ezagutu zuenetik lehenengoz, kontatu gura zuela. Kontatu zer. Galdetu egin zion. Caponek Madnerri eta Terenceri itaundu zien Areatzako Boulevarden.

        — Gernikara noak berriro. Nork etorri nahi du nirekin?

        Besteek brastakoan jaso zituzten begiak kikara zurietatik. Ez zegoen azalpenik zertan eskatu.

        — Erabakita zagok. Joan egingo nauk.

        Caponek bidaide bat topatu zuen arratsean. Georges Berniard La Petite Gironde-ko kazetariak Euzkadiko Jaurlaritzako oniritzia lortu zuen hara hurbiltzeko hogeita bederatzian. Euzkadiko Gudarosteko komandante batek lagundu zien. Gizon puska ausarta eta olerkari ezin hobea, esan zuen Emakume Batzako kide batek. Autoaren aurrealdean gidaria eta kazetari frantsesa zihoazen. Berniardek Urkiaga esaten zion euskaldunari.

        — Tomas Urkiaga ezagutu neban nik morroilope sartu barritan. Esan euskun Gregorio Balparda Bilboko alkate liberal ohia garbitu ebala Cabo Quilatesen. Eta Larrinagan faxista bat baino gehiago txikitu ei eban. Baina ez dot uste olerkirik eskribitzen ebanik.

        Caponen ustea zen bera zela hiruretan lasaien zebilena, bai baitzekien bere egunkaria faxisten gustukoa zela. Gainera, Marriot ez zen urrun ibiliko. Gernika inguruko muino batera iritsita, Errigoitiko errepidearen ondoan, Mauser batzuek egin zieten harrera. Frantsesak bere paperak astindu zituen ikara batean.

        — Erreportariak gara! Gure herriak Esku Hartzearen Aurkako Batzordeko kideak dira!

        Capon ohartu zen oker zebilela. Urkiaga lasai mintzatu zitzaien Berniard zurbilaren lepo ondoan. Gerora ikasiko zuen, frantsesa eremu faxistan ibilia zela lehenago berriemaile.

        Soldaduek eskuak altxatzeko agindu zieten. Ofizial bat hurreratu zen. Modu zakarrik gabe, jarraitzeko eskatu eta zutik zirauen Juntetxera sarrarazi zituen. Aguilera zegoen han.

        — Ez al dakizue badagoela dekretu bat heriotzara zigortzen dituena eremu nazionaletik gorrira joandako kazetariak?

        Galderrek ezin zuen harridura ezkutatu. Lehendik ere entzuna zuen Capon Gernikara bueltatu zela, baina lehen aldia zen aditzen zuena Berniard eta Urkiagarekin atxilotu zutela. Hala ere, gehien harritzen zuena Emma bera zen. Astiro egiten zuen berba zigarro bati zupadatxoak emanez. Atxiloketaren ofiziala ere, Amor lotinanta, bare mintzo zen. Tabakoa eskaini zien. Berniard eta Capon horma baten kontra eserita zeuden, eskuak lotu barik. Ez zituzten giltzapetu, ez zuten beharrik ikusi. Amor lotinanta zen gelako erretzaile bakarra.

        — Ze giro dago Bilbon?

        Frantsesak ez zekien deus, egun bi lehenago iritsi baitzen Miarritzetik. Aguilerarekin berriro berba egin nahi zuela errepikatu zion lotinantari, Bolini berari deitzeko. Une horretan, Ben Caponek Fernando Arangurenen begitartea ezagutu zuen jende-pilaren artean. Oihu egin zuen. Sartu-irten zebilen jendeari begiratu zion Georges Berniardek.

        — Ezagutzen al duzu Aranguren jauna? —jakin nahi izan zuen Amorrek.

        Hark emango zion Marrioten berri. Ez zuen akordu txarrik Arangurenekin Marriotekin Ezkurrarekin Gorritirekin Pamplonan emandako egunez, txapelgorridunen larderia demasekoa gorroto bazuen ere. Heldu aurretik, Marriotek azaldu zion uztailaren hemeretzian Castillo plaza eta Sarasate ibilbidea hartu zituztela bost mila txapelgorrik odolik isuri gabe. Nonahi entzun zitekeen Oriamendi. Tira ba, Lozano delako bat garbitu omen zuen baten batek. Madrilera deitu zuen Iruñeko Guardia Zibileko buruak, Rodriguez Medelek. Guardia zibilak Tafallara eraman zitzala agindu zioten. ¡Viva la República!, adoretu zituen bere gizonak. ¡Viva España!, oldartu zitzaion bat edo beste. Eta tiroa eman zioten lepondoan. Galderri gomutatu zitzaion Josek antzeko istorio bat aipatu ziola inoiz.

        — Santoñan egunero gartsu agurtu behar genduan irabazleen banderea. Goraka eta caraelsolaka agurtu be. Behin, barriz, Trintxerpeko galego batek ¡Viva la República! ¡Viva la Libertad! oihukatu eban. Bertan akabau eben.

        Galder eta Emmak erdialdera jo zuten aspaldiko partez. Ingeles gutxi zebilen turisten lurretan barrena. Piccadilly Circus eta Leicester Squaren oro zen kolonialismo. Oro Underground. Lehorte luze baten osteko euri-zaparrada bortitzak estoldetan sorturiko buxadura topatu zuten metroko ahoan. Telefono kabinetako hitz gorriak, kabina gorriak. Marx eta Rimbauden auzunean zeuden. Aita Villasanteren herrian.

        — Amor lotinanta, gizon hau Ben Capon da, gerra-berriemaile ingelesa.

        Lotinantak lurrera botatako zigarrokina zapaldu zuen.

        — Ongi asko dakit nor den gizon hau. Armada nazionalaren etsai eta presoa da.

        Capon eta Berniard aske geratu ziren biharamunean. Ordurako Marriot ere haiekin zegoen, Fernandok ohartarazita.

        — Zure egunkari ingelesak kazetari bakarra behar du —desafiatu zuen Aguilerak—. Libre zaude, Capon.

        Ezagutarazi zioten Marriot Fernandori esker zebilela Gernikan, nazionalek ez baitzuten ingeles askorik gura lehen egun haietan.

        — Non dago Estepan Urkiaga, gure gidaria? —jakin nahi izan zuen Caponek alde egin aurretik.

        Amor lotinanta beste zigarro bat erretzen ari zen.

        — Gaur goizean eraman dute fusilatzera.

        Emmaren kontaketa taberna bateko berbaroarekin nahaspilatu zen. Gazte ingelesek, mozkor eginda, tabernari espainiarrak iraintzen zituzten. Tabernari euskaldunak iraintzen zituzten espainiarrak italiarrak portugaldarrak zirelakoan. Oro zen laidoa trufa fuck you. Galder txundituegi zegoen ganorazko galderarik egiteko. Bazekien gidari euskalduna ez zutela goiz hartan fusilatzera eraman.