% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Gauzen funtsari adi egon zaitez: Bidearekin bat
eginen duzu, herstura eta doloreetarik askatuz.
Pentsuak gatibu dauzkagunean Egiari
bizkarrez gagozkio: antsian behera goaz.

 

Negu hartan, sukarren neurtzeko termometroak arras gora zeuden arren, axuriaren prezioak laborarientzat alderantziz biziki apal suertatzen ziren, bi egoeren arteko ageriko loturarik ez zela bistan dena. Urte txarraren iragarpena alabaina, haragi mota sukratu eta gurintsua ekoizten zutenentzat. Irrati, telebista eta egunkarietan, egunetik egunera, leitmotiv krudelen antzera, axuriki egileen negar zotinak mikro eta hostoetan behera lerratzen ziren.

        —Larrazken hondarrean, axuria saldu da hamazazpi-hemeretzi liberatan, Eguberri aldera, hamahirura jaisteko.

        —Eta zergatik apaltze hori? —eskatzen zuten kazetariek, hitz egokiak hautatuz, minaren ez karrakatzeko.

        —Ba, beti bezala, espainolen errua da. Orain arte axurikia hara saltzen genuen trumilka, kamioiak beteka, baina mutur zuritu dira irudiz eta berek hazi bildotsen zitzi arinagoa nahiago dute. Ondorioz, Europako eskaintza merketik brauki hartzen dute, guretik baino.

        —Eta bada esperantzarik?

        —Ageriko Bazko inguruan...

        Bazko: izan abertzale, izan laborari, anitzetan biak histeria berdinean biltzen zirela, itxaropen nahasi guztien helmuga mitikoa! Ondotik Salbatore, baina jadanik, bost axola! Eperik eperako epeak halakoak ziren axuri merkatuetan maiz denbora galtzen zutela uste zutenentzat. Zigarro meharrak biribilkatzen zituzten, tratulantak, martxandizari ohartu bitartean, zaintsuki eta frankotan erabat nazkaturik. Une horretan, taularen ahal bezain txukunki moldatzeko erants genezake Europako Laborantza Politika Komuna madarikatzen zutela. Jendearen gustuak aldatzen zihoazen: axurikia jatekotan, amodioa haina light eskatzen genuen. Neguan elurrak balakatu eskualdeotako bazkak nasaiegiak ziren, gero ensilage edo belar idor bihurtzerakoan. Egiaz, beti zerbait bazen joaten ez zena, lana ahalik hobekien eramanagatik. Etsitzekoa bazen azkenean!

        Mikroan mintzo zen laborantzako teknikariak, prezioen haustea ele zuhur eta apurrez aipatzen zuen, bidenabar ekonomia kolonial kurtsoa behatzaile goiztiarrei oparituz. Eguberri hurbiltzean, prezioak lehertzen ziren, mozkinak ugaritzen zirelako. Aldi berean, kantitatea segurtatzen zuten herrialde zenbaitek, merkatu zoladura-prezioa baino are apalago saltzen zuten axurikia, dumping eginez eta laborari parrasta bat azienden etxean atxikitzera bortxatuak ziren. Prefosta, axuria arditegian ez zen baraurik egoten, jaten zuen egunean hiruretan bederen, ematen zuena baino anitzez gehiago. Hemendik aitzina axuri haragi zurpailaren produzitzen hastea gomendatzen zien gizonak artzainei, merkatuaren eskaerara makurtzea, bospasei asteren buruan kabala marrakarien saltzea, hots.

        King efektuen harat-honatak baztertzen zituen mintzalariak, etxalde bakoitzari laborantza ekoitz-moldeen taylorizazioa lehenik eta toyotizazioa ondotik, aholkatzeko. Argi zirrintako emanaldi hartan, inflazioaren aipamena baizik ez zen eskas. Inflazio-tasa tinkatzearen xenda doloretsua aztertzean, gure teknikariak aurki merkatuaren itxuraldaketaren zein hertsatzearen fenomenoaren zergatiari erantzuna kausituko zion. Eurolandean derrigorrez sartzeko, jendeen erosi ahalak hormatu zituzten gobernariek, eta azkenean, Altzürüküko ogia salbu, nehor ez zen deus ezen ordaintzeko gai. Auzo estatuan adibidez, sei milioi izaki hilabetean hiru mila liberarekin bizi zen, beste hainbeste oraino gutxiagorekin, eta gehiengoa SMICaren lerroan, Jakintza puntu honek ez zuen nehola ere merkatuen garapenik segurtatzen. Iltzez hornitu larruzko gerrikoa, azalari gero eta hurbilago zegoen. Lehen ministroa halaber, gantza galtzeko bidean jarri zitzaien eta prentsan hedatu zen berriak, ez zuen ezer onik iragartzen.

        Laborantzako teknikari eleant hark Ricardoren legea ager zezakeen berdinki, Zuberoako Botzako seiak eta erditako berri sailean: hilabete sariak den mendrena goititzean, ez zen usu gertatzen ordea, familien jateko erosketak beti maila berean geratzen ziren, etxeko apaingarri eta tresnetan baliatzen zela diru gehigarria. Hortaz aparte, nork zuen erremedio debekatuz hazi haragia irentsiz kutsatua izateko gutizia? Nehork. Laster batean, gainera, lipido, protido eta gluzido sintetikoz osatu janariak, egunean premiazkoa genuen kaloria kopurua sabeleratuko genuen ahamen bakarraz eta merkatuak emeki-emeki desagertuko ziren. Laborariak ondorioz, besoak mukuru mozkin gera zitezkeen Donapauleko edo Mauleko azoka estalien hegietarik isurtzen zitzaizkien koteren pean.

        Teknikariak arras pragmatikoa zirudien, bazekien zer obratu behar zen, buruaz beste egin gabe, merkatuari egokitzeko. Ahots finko eta leunez ari zen, hitzak lañoki herrokan pausatuz, teknikari baten maneran funtsean. Elkarrizketa mamitsua behatzen nengoen artean, gaztetan anitzetan entzunaz oroitzen nintzen.

        —Laborantzatik bizitzekotan, bilaka zaitez teknikari! Eta gaurko egoeran hobe zen hala izatea, axuri ekoizle baino. Garai batean, artzain bakarti bihurtzeko gogoa neukan, baina nekazaritzako ametsak zangopilatu nituen aski laster, aitzurraren giderrak ahurrak odoletan babatzen zizkidalako: auherra nintzen. Teknikari edo kontularirako bokaziorik ez eta erabat abandonatu nuen sektore primarioan kokatzeko ene xede leiala. Hitzaren belardiak alhatzen ditut hargatik. Destera zahar burbuilatsuetan mihiak eta mintzoak zorrozten saiatzen naiz goldeak beti nabar atxikiz.

        Baina hau beste Historia bat da.