
Landare bizitza
Arauak argi daude. Orri bat sinarazi dizuete. Sinatu egin duzu. Hilabeteko garbialdi bat. Behar zenuen. Meditatu, egon, iraun. Landareen bizimodu hori: zainekin lurrari heldu, gorantz adina hazi barrurantz, haizearekin mugitu.
Banaka hartu zaituztete arduradunek, basoan. Arbolape batean zaude, harriz egindako borobil batean. Cromlech inprobisatu bat; hurrengo egunetan elkargune izango dena, pentsatu duzu. Motxila begiratu dizute. Koaderno txikia eta boligrafoa kendu dizkizu tunika moduko bat jantzita daraman gizonezkoak. Zeure buruarekin bat egitea da helburua, esan dizu irribarre samurrez, eta eskuin eskua hartu dizu bere esku epelen artean. Finegiak iruditu zaizkizu.
Zalantzarik ba ote duzun galdetu dizu ondokoak, tonu metodikoago batean. Irribarre egin diozu, eta ezetz, buruarekin.
Aterako zaizu ahotsa aurrerago.
Udaleku sentsazioa duzu; lehen eguneko gogo eta beldur nahasketa. Gogoari heldu diozu.
Iluntzero elkartuko zarete harrespilean, suaren bueltan. Jatekoa izango duzue, elkarri entzuteko eta kontatzeko aukera, meditazio gidatua, azaldu dizu tunikadunak, Beleak. Zu Satitsua zara. Izena ez da izana; bata galtzeak lagunduko dizu bestea aurkitzen, esan dizu metodikoak. Hontza da. Berak lagundu dizu zure tipira joaten.
Aldaparen goialdean zaude, gustatu zaizu, ez zenuke nahi erreka-zokoan. Erreka-zokoa entzun izan duzu etxean, ez erreka-bazterra, erreka-zintzurra; ezustean handitzen da erreka euri asko egiten duenean; zauritutako abereak hiltzen dira mendian behera erori eta errekan itota.
Haritzak ikusi dituzu inguruan, gaztainondoak; asko gosetuz gero ezkurrak eta gaztainak jan ahal izango dituzula pentsatu duzu. Hozkia sentitu duzu.
Ez dakizu zer den gosea, zer den nazka.
Seinaleren bat eginez gero elkar ikusteko moduan banatu zaituztete. Konbentzituta zatoz. Baina. Atzera-bueltarik ez duen momentu hori. Beharrezkoa al zen? Izango duzu pentsatzeko eta erantzuteko denbora. Damutzekoa. Berriz konbentzitzekoa.
Goseak amorratuta iritsi zara harrespilera lehen egunean. Jan ondoren begiratu duzu ingurura: hamabi lagun zarete. Begiradak bilatu dituzu, konplizitatea. Parean topatu duzu: zu baino zaharragoa den emakumezko bat.
Iluntze batean negarrez hasiko da, antsika; negargura emango dizu zuri ere, baina hustuta zaude ordurako. Besarkada bat ematera altxatu zara; besoetan bildu duzu fuerte. Indarrez banandu zaitu Hontzak, bultzaka, utziozu bere baitara sartzen, esan dizu. Lurrera erorita, belauna eta ukalondoa urratu dituzu; ahul zaude. Betertzetik begiratu dizu emakumeak, Oreinak, esker onez. Tristuraz harago, indarra ikusi diozu begiradan, eta zeu ere kabitzeko moduko magal bat.
Gau horretan zure tipian agertuko da Oreina. Beldurtu egingo zara: Hontzak dena ikusten du, atezuan pasatzen du gaua, hurrengo iluntzean aterarazten ditu bekatuak eta damuak, seinalatzen du zikindua, jartzen dio lepoan larruzko zintzilikarioa. Ezer esan gabe etzango da Oreina zure ondoan, emango dizu iluntzean etendako besarkada. Bularra bizkarraren kontra, orein-beso finek inguratuta hartuko zaitu loak.
Esnatu zarenerako joana da. Hori izan da lehen aldia.
Arnasa da harrespila lehen egunetan. Poliki edaten duzu salda, arroz pixka bat gero; zeure burua entrenatu behar duzu gutxirekin iraun dezazun. Poema bat irakurtzen dizue gauero Beleak. Lasai zaude, une batez ez duzulako uste / ezinezkoa denik zeru-lurrek eta garenaren / formaren batek betiko irautea. Irautea, / izartegiko lautadaren batean, argiak eta / itzalak ere betiko iraungo duten bezalaxe. / Berdatu da zelaia, eta arratsaldeko argitan / are ederragoa da. Esan: Dena dago ondo. / Esan: Eskerrik asko. Hauxe da momentua.
Lehen egunetan ez zara entzuteko gai; ondorengoetan, gogotsu itxoiten duzu hitz segida hori: barrua arintzen dizu. Ez dakizu kea den, Belearen ahotsa, salda hori; halako euforia batek mozkortzen zaitu.
Gogorra da gosea. Gogorragoa da ezer egin gabe egotea, geldirik, begira. Lo egiten duzu ahal duzun gehienetan, yoga, baina momenturen batean azkura sentitzen duzu, sua, zeure gorputzetik salto egiteko gogoa. Zaila da norbere buruarekin bakarrik egotea. Zalantza duzu hori ote den bidea, ez ote litzatekeen kontrakoa hobe: ihes egitea. Dagoeneko ongi dakizu, ordea, ihesa laburra dela beti, behin-behinekoa. Horregatik zaude hemen, zeure buruarengana lotzen ikasteko, behingoz.
Esaten dizuete burua husteko, izate soilera iritsi behar duzuela, basoarekin bat egitera. Nahi duzu eta ez duzu nahi. Indar batek egiten dizu tira; erresistentzia, esaten dio Hontzak; zuk ere bai, beste zentzu batean. Hustu nahi duzu, baina ez erabat; garbitu egin nahi duzu; desagertu, ez.
Agindutakoaren kontra, oroitzapenen kate bati heltzen diozu. Arrosario baten moduan kontatzen dizkiozu zeure buruari; disimuluz hasieran, erritual bihurtuta azkenerako. Hartxintxarrak dituzu pilatuta tipiaren txoko batean, puntadunak, leunagoak, bizipen bakoitzeko bat; leuntasunaren arabera gogoratzen dituzu lagundu dizutenak eta min eman dizutenak, denak. Mingarriak ere ez dituzu ahaztu nahi; neurria bilatu behar diezu; ez dezatela asko okupatu.
Ahaztea zeure buruari uko egitea litzateke. Bizitzari baietz esatera etorri zara zu.
Basoa ez da itzaltzen inoiz. Zaratarik gabe baina etengabe dabiltza hara-hona zozoak, txantxangorriak, mugimenduan dabil lurrazpia, hazten ari dira haritzak eta gaztainondoak. Erreka sumatzen da behean; hostoak eta adarrak astintzen haizea; orkatzen bat ikusten duzu tarteka, behiren bat edo beste.
Ahuldadea baino handiagoa duzu gosea. Tripako min handia eman izan dizute gaztainek. Harri batekin lurra harrotzen hasi zara ohartzerako, atzaparrekin jarraitu duzu, dozena bat zizare jan dituzu harrapazka. Garrasi egin duzu ahora sartu duzun bakoitzeko, nazkaz. Goitika hasi zarenean utzi diozu jateari.
Hontza etorri zaizu handik gutxira. Zer pasatu den galdetu dizu, errukior. Ez zara begietara begiratzera ausartu. Bi eskuak hartu dizkizu; gorde egin nahi izan dituzu lurrez betetako azkazalak. Lasai, Satitsua, esan dizu. Oso ongi ari zara, normala da lurpera jotzea, ari zara zure izatearekin bat egiten. Esan dizu.
Begiratu diozu azkenerako: burlaizez ari zaizu. Ura eskaini dizu, baina ez diozu hartu. Amorruz etzan zara tipian, eta lo egin duzu.
Ez duzu ezer esan iluntzean.
Gauak beldurtzen zaitu hasieran, piztiek; leku arrotza da basoa zuretzat. Zeure buruak beldurtzen zaitu gero, ez dakizulako iraungo duzun, ez dakizulako zorroztuta duzun harria ez ote duzun zeure buruaren kontra erabiliko. Antzinako ehiztariak imajinatu izan dituzu, harrika hiltzen basurde bat, orkatz bat, katagorri bat. Ez zara gauza hil hurren dagoen sagu bati tripa lehertzeko ere, ordea. Debekua duzu, beldurra, ezina.
Zigortu dute Oreina katagorri bat jateagatik; Bareak salatu zuen iluntze bateko su-bueltan. Zintzilikarioa jarri zion Hontzak, bigarrenez. Zure tipitik bueltan harrapatu zuelako izan zen lehenengoa. Irrist egin, eta mendian behera erori zen. Ez zen erreka-zokoan ito. Orkatila bihurritu zuen eta erdi arrastaka saiatu zen bere tipira iristen. Laguntza eskatu behar izan zuen, ordea. Iluntze hartan aitorrarazi zion Hontzak gertatutakoa. Ehizean zebilela esan zuen. Ez zintuen aipatu. Ukendu batekin sendatu zion zauria Beleak.
Sendagarria zaizu iluntzea. Egunaren gogorrak are ederrago egiten du momentua. Jatea, elkartzea, kontatzea. Laguntzen dizu meditazio gidatuak, zeure burutik kanpoko ahots bat entzuteak, pixka bat aldentzeak. Talde baten parte sentitzeak salbatzen zaitu. Beleak poema irakurtzen du eta kideek hartzen duzue ondoren hitza. Ez dago egin beharrik baina komeni da, esaten dizue, Hitza da / gauero bere burua / josi behar duen / animalia mantso bat.
Trikuak beti hitz egiten du, lehenago edo geroago. Katagorriak ere bai, beti bigarren. Elegantea da, goxoa. Kontu gehien Erbinudeak izaten ditu esateko; ez du beti hitz egiten, baina egiten duenean hitz askorekin egiten du. Ematen du esaldiak biltzen pasatzen duela eguna eta goitika egiten duela, hor, denen bistan. Ez dago kaka-pila hori entzuterik. Zuk bukaera aldera hitz egiten duzu, ez beti. “Edo” esaten duzu askotan, “igual”; hori azpimarratzen dizu Beleak. Oreinak grazia du, barre eginarazten dizu.
Euria erruz egin duen gau baten ondoren, birigarroen kantuak esnatu zaitu. Heze zaude. Tipitik atera zara hego haizeak lehortu zaitzan. Argitzen ari du, epel dator eguna. Laino mehe bat du itsatsita mendiak. Gora begira jarri zara. Hostoen artetik ikusi dituzu zeru puskak, gorri. Irribarre egin duzu. Txikia iruditu zaizu mundua.
Horrelaxe geratu nahi zenukeela pentsatu duzu, haizetan lehortzen, zeru horren pean.
Iluntze batean, biharamunean opari bat ekartzeko eskatu dizuete. Adi entzun dituzu egitekoaren xehetasunak, urduritasuna sumatu duzu tripan. Basoan topatutakoa izan behar du, soila, landu gabea. Ausaz banatuko dizuete papertxo bana, oparia nori egin behar diozuen idatzita, eta zergatia azaldu beharko duzue objektua ematearekin batera. Zuk Oreina tokatzea nahi duzu; erreka-harri leun bat oparitu diezaiokezu, lore bat, gaztaina handi bat. Ez zenuke nahi Erbinudea edo Hontza tokatzea. Urduri ireki duzu papertxoa: Katagorria. Zirrara sentitu duzu.
Hurrengo egunean diferente begiratu diozu inguruari. Ongi aukeratu nahi duzu oparia. Haserretu egin zara hasieran, ez zaizulako iruditzen Katagorriari emateko moduko ezer topatuko duzunik. Badakizu basoaren alde berean bizi zaretela; harrespiletik bueltan, norabide berean abiatzen zarete. Beherantz segitzen du gero berak; gora egiten duzu zuk. Oreinak jakingo du igual non duen Katagorriak tipia; gauza asko dakizki; esango zenuke ez duela lehenengo aldia leku honetan. Pentsatu duzu opariaren aitzakian pixka bat mugitzeko libertatea izango duzuela igual. Ikusi nahi zenuke zertan ematen duen denbora Katagorriak; gehiago ezagutu gabe zaila da opari bat egitea. Ezetz esan diozu zeure buruari azkenean, ez duela merezi arriskatzea: ez duzu zintzilikarioa jartzea nahi. Gero eta gutxiago zarete behin ere eraman ez duzuenak; ohore kontua ere bada honezkero.
Izan liteke makila bat, beharbada, hitz polit batzuk aukeratzea litzateke kontua. Hitzak ere soila beharko du akaso? Lausoa, beharbada. Gaztainondo baten azal puska bat, erabaki duzu azkenean; hauskorra eta indartsua aldi berean: enborrari eusten dio lehertu ez dadin; barrura sartzen uzten du. Beste puska bat hartu duzu zuretzat.
Ohi baino luzeagoa egin zaizu eguna; bestetan baino gogo handiagoa duzu iluntzea iristeko, suaren argitan ikusteko lagunen keinuak, jakiteko nori tokatu zaion zure izena, zer eramango duen Oreinak, zer esango duen Katagorriak.
Beti bezala, Hontzak gidatu du meditazioa, Beleak irakurri du poema: Irten lurreko lorategira. / Ez duzu agian lokatza besterik / behar. Eta adarrak biluzik, / eta ipar-haizea aurpegian hozka, / eta urki zuriak hildakoak gogoratuz. / Ez duzu pikondoan lorerik nahi, / poz isilagoa baizik: fruituaren / esnea zaurian. Atsedena. / Landare-bizitza garaiezina eta / goizeko izarra bere leku zehatzean.
Trikua hasi da. Handia da isiltasuna. Erbinudeari eman dio gaztaina morkots handi bat, hutsik: babesleku seguru bat. Erbinudeak harri zapal-zapal bat Azkonarrari, isiltasuna bezain leuna, esan dio. Hontzak eman dizu zuri, luma eder bat, hegan egin dezazun. Ez dakizu desioa zintzoa den, edo zapelatz baten atzaparretan imajinatu zaituen. Zure txanda. Nahi zenuke Katagorriari zure oparia gustatzea, eta urduri zaude. Berezia da zuretzat. Eskuetan jarri diozu gaztainondo-azala; erdi hunkituta eman diozu azalpena. Hunkitu egin da bera ere, hitzengatik igual, azalagatik, begiradagatik. Irribarre egin diozue elkarri.
Katagorriak Orkatzari eman dio, hark Bareari. Oreinak itxi du zirkulua. Hontzari makila handi bat eman dio, mendian behera ez erortzeko, esan dio serio. Disimuluz egin duzu barre.
Berotuta duzu barrua, inarrosita. Altxatu zaretenean, Katagorriarengana gerturatu eta gerritik heldu diozu. Musu eman dizu kopetan. Begira duzue Belea. Ez dizue ezer esan.
Gau batean, zerbait sumatu duzu zure tipi inguruan. Pausoak iruditu zaizkizu. Adi zaude. Behi bat da, beharbada; mantsoa du pausajea, pisua. Oreina izatea nahi zenuke; beste arintasun bat du, ordea, berak; ezagutzen duzu honezkero. Beste norbait da. Tipian sartu zaizu. Izutu egin zara. Usainagatik igarri diozu: Belea da. Lasai, esan dizu, isilik; Oreinari uzten diozu. Esan dizu. Ondoan etzan zaizu. Harrizkoa duzu gorputza, kristalezkoa, lehertu egingo zaizula pentsatu duzu. Esku fin batzuk sumatu dituzu bularretan, bizkarrean, arropak erantzi dizkizu, mihi heze bat belarrian, lepoan, begiak itxi dituzu fuerte, gorputz osoa fuerte, barrurantz ari zara indarrez, kristal gogorragoa nahi zenuke, baina sumatu duzu puskatzen, zartatu zaitu, ebaki dizu haragia, pitzadura bat zara. Lurraren kontra kraskatu zaitu. Barrurantz egin duzu garrasi.
Ez duzu negar egiteko indarrik.
Egun-argiz da, baina bazoaz. Oreina bere tipian egotea espero duzu; ez dakizu zer pentsatu ja; zu zara arauak betetzen ari den inutil bakarra. Itsu-itsuan egin duzu aurrera; ez dakizu seguru non duen tipia, baina topatuko duzu, topatu beharra duzu.
Izutu egin da ikusi zaituenean. Zuk ez duzu beldurrik. Etzan, eta negarrez hasi zara. Goxo heldu zaitu berak, kontuz. Tarte luze batean egon zarete horrela. Gero, kristal puska txikiak kendu dizkizu, bere arropak erantzi eta goxo tapatu zaitu. Loak hartu zaitu. Esnatu zarenean ondoan duzu, elkarri begira egon zarete pixka batean. Ze izen duzu?, galdetu diozu.
Iluntzean ez zara joan harrespilera.
Basoaren luzapen bat zara. Ondoko haritzaren hostoak erortzen zaizkizu gainera, euri tanta lodiak. Zuhaizpeak balio du aterpe modura zirimiria ari duenean, baina zaparrada handiagoa hasten duenean tanta lodika erortzen da euria, hostoak ere sarriago, pisuago. Oraingoan ez zara, ordea, tipian babestu. Nahi duzu euriak busti zaitzan, sar dakizula zainetaraino, garbitu zaitzala erabat. Ahoa zabaldu duzu.
Txantxangorri bat gerturatu da, ohi baino gehiago. Esku gainean pausatu zaizu. Arintasun bat sumatu duzu azal bustiaren gainean. Hunkitu egin zara.
Ez dakizu zenbat denbora eman duzun erdi lo erdi esna, zenbat iluntze pasatu diren. Sutan sentitu duzu kopeta; hotzikarak.
Egunsenti batean, orkazkume bat etorri zaizu tipiaren parera, aurrean geratu zaizu. Burua jiratu du gero, zerbait esan diozu. Tarte batean elkarri begira egon zarete. Saltoka, basoan gora joan da.
Biharamunekoa azkena izango dela esan dizuete iluntze batean, bukatu dela garbialdia. Harridura soinu batzuk entzun dira, hasperen bat edo beste, beldurtutakoren bat.
Motxilan bildu dituzu traste apurrak. Hartxintxarrak ere sartu dituzu, leunak, puntadunak. Pisu zoaz harrespilera. Sua handiagoa da gaur, edo ilargi beteagatik da agian; argiago dago dena. Oreinaren eta Katagorriaren artean eseri zara. Gustura hartu dituzue salda eta arroza. Urduri zaude, indartsu eta hauskor aldi berean. Bukatu da: beste zerbait hasiko da gaurtik aurrera.
Hizketan ari da Belea, baina zuk ez diozu entzuten. Zure aldera begira sumatu duzu halako batean, ondora. Oreina, esan du, eta isiltasun lodi bat egin da. Izu aurpegiak eta hasperen itoak, Oreinari begira denak. Zu ere bai. Lurrera begira dago bera, mutu. Zintzilikarioa ikusi diozu, dilindan. Dardara egin diote hanka finek. Belea gerturatu zaio, botilatxo batekin. Burua jiratu du fuerte Oreinak, ezpainak estutu. Lepotik heldu dio Beleak, indarrez ireki dio ahoa, botilakoa edanarazi.
Bazenekiten, bazenekien. Baina. Atzera-bueltarik ez duen momentu hori.
Konbultsio batzuk egin dizkio gorputz txikiak, lepoa okertu zaio; begiek beste zerbait ikusten dute ezer ikusten badute. Hontzaren eta Belearen artean hartuta, aulki batean eserarazi dute, sokaz lotu: badaramate. Iruditu zaizu azken momentuan begiratu egin dizula; sugarren distiragatik, beharbada.
Orro egin duzu, altxatzeko keinua. Katagorriak heldu dizu besotik, lurrera itzularazi. Indarrez estutu dizu eskua.
Negarrez ari dira batzuk. Suari begira-begira zaude zu. Hizketan ari zara.
Orkazkumeaz gogoratu zara, basoan gora saltoka urruntzen.
Poemak: Ane Zubeldia Magriñáren Kontra
eta Jon Gerediagaren Zeru-lurren liburua.