
Haragi gisatua
Baratxuria, tipula, azenarioa eta piper berdea. Barazkiak egin behar dira lehenbizi. Txiki-txiki. Inportantea da labana zorrotz izatea, ia gurina balitz bezala ebakitzea tipula. Hor hasten da sukaldearen magia. Erdibitu, ebaki batzuk egin luzean, tipula jiratu, eta zabalean egin hurrena, estu-estu, hiru bat milimetroko tartean, erritmo konstantean. Bi ebakitan lauki perfektuak. Eguna ordenatzen dizu horrek. Bizkarra tente, begirada zuzen, eta musika: labanak tipula zeharkatzean egiten duena; egurrezko taulari kolpea, eta hurrengo ebakia.
Barazkiak olio berotan erregosi; hori inportantea da, olioa ongi berotuta egotea. Arriskuaren ertzetan egoten da perfekzioa. Deskuidu txiki bat, eta muga pasatzen duzu.
Hala egin nuen nik umetan. Aitari arrautza frijitzen ari nintzaiola eskugainera erori zitzaidan olioa. Sutara ongi iristeko bankutxo batera igota nengoelako, irrist txiki bat egin nuelako, eskuarekin zartaginaren kiderrari jo niolako. Puntillarik gabe geratu zitzaidan arrautza. Egun hartan galdu nuen perfekzioa.
Ordukoa dut orban hau. Ikusten? Betiko markatu ninduen deskuidu hark. Aitak egindako mespretxuak batez ere. Arrautza frijitzen ere ez dakin, nora joan behar dun horrela, Axun. Txerri-janetara bota zuen arrautza. Isilik geratu nintzen ni. Nola esango nion eskua erre nuela?
Inori esan nahi izan ez niolako gaiztotu zitzaidan zauria.
Inori erakutsi nahi izan ez niolako daukat harrezkero orban itsusi hau denen bistan.
Gaztetan tapatu egiten nuen. Nork begiratu behar zidan niri, eskuan arrasto hau edukita? Zer gizonek eskatu behar zidan esku txar hau? Konturatuta nengoen: besteen begietan orbanak ordezkatzen ninduen. Berdin zion jatorra, umoretsua, ile ederra, irribarrea. Orbanduna nintzen.
Bitxia da: gauza asko ikasi ditut orbanari esker. Orain, zer esango dizut ba, orain eskertuta nago. Ederrago egin nau. Begiak irekiarazi dizkit.
Aterako dizut jatekoren bat, edateko zerbait? Luzatu egingo gara igual.
Berehala ikasi nuen zerbait ezberdina izateak markatu egiten zaituela: herrena izango zara, begiokerra, maingua, marimutila. Markadunok esfortzu handiagoa egin behar izaten dugu besteen onespena izateko. Igogailuaren minus zenbakietatik hasten gara gu: minus bi, minus lau, hor ere graduak daude.
Ea, baina gisatuarekin ari nintzen.
Haragia prestatu behar da hurrena. Zankarra. Gizenak eta giak kontu handiz kendu, laukitan moztu, eltzea su bizian jarri, eta han erregosi. Bizi-bizi, hori inportantea da.
Tira. Ba, haragia, zankarra, laukitan moztu eta eltzean jarri, su bizian. Aurretik erregositako barazkiak gehitu gero. Buelta batzuk eman gustuak nahastu daitezen; gehiegi ere ez, janaririk ez da lardaskatu behar; gatza bota, eta ura, haragia tapatu arte.
Gaztetan tapatu egiten nuen marka. Uste dut esan dizudala. Zapiak jartzen nituen, eder-ederrak. Ahizpak laguntzen zidan aukeratzen. Gustu handia du. Beti izan du. Berak lagundu zidan ezkontzarako soinekoa aukeratzen ere. Eder-eder nengoen. Begira, hor dago koadroa, sofaren ondoan, ikusten? Soinekoa zoragarria zen, eta, begiratu, begiratu eskularruei. Dotoreenak aukeratu genituen. Puntilladunak. Gordeta ditut oraindik. Zoriontsu izan nintzen.
Orain baditut beste orban batzuk ere. Aurpegian, eskuetan. Baina ez naiz hain orbanduna. Zaharren eskuak ditut orain, alde-alde.
Zaharrak ere minus zenbakietan ibiltzen gara. Berdin dio ikasketaduna zaren, bidaiatu zalea, kirolaria, rockeroa. Zaharrak horixe gara: zaharrak. Eta zaharren eskuak ditugu. Ematen du gure gorputzak garrantzia galtzen duela. Galdu eta hartu, aldi berean. Ez da hitz egiten zaharren gorputzez, ez dira ukitzen. Beste inorenak baino presenteago daude, ordea. Zahartutako gorputza gara, inoiz baino gorputzago.
Ukatzen diguten horixe gara.
Borrokak ez ditugu guk aukeratzen; borrokek aukeratzen gaituzte gu: gure hutsuneek eta ezinek. Minusekoa izateak eraman nau ni minusekoen alde egotera.
Hau da hau erretolika. Hobe haragi honekin baino haragi gisatuarekin jarraitzea, ez? Damutu behar zaizu galderak egiten hasi izana. Senarrari galdetuko bazenio, hark kontatuko lizkizuke hango eta hemengo kontuak; fundizioan lanean aritua da hura, grebak-eta egiten zituzten han, piketeak… Horko trofeo horiek ere, ikusten?, korrika ibiltzen zen, afizionatuetan.
Hau ez grabatu, e?
Asko pozten nau zuek horrela ikusteak. Kamera eta traste horiekin.
Urte asko egin ditut nik etxean. Etxea ezberdina da etxekoandrearentzat, edo, besterik gabe, bertan bizi denarentzat. Ahitu egiten du etxeak, txikitu, ito. Hautsa kendu, porru-patatak prestatu, haurrak hazi. Minuseko lanak dira horiek, lurpekoak, ikusezinak. Ikusezin egiten zaitu zu ere. Haurren neurrira ekartzen dituzu helburuak, otorduak bihurtzen zaizkizu egunaren mugarri: bazkaria ordu bata eta erdietan, afaria zortzi eta erdietan. Pixkanaka, hautsak hartuta geratzen zaizkizu anbizioak eta ametsak.
Horko gardenia hori, begira. 70 urte egin nituenean oparitu zidaten seme-alabek. Ura falta zaio; erdi ximelduta dago. Halatsu nago ni ere.
Ez naiz oso lorezalea izan inoiz, baina beti izan dut loreren bat edo beste inguruan. Etxekoandreek loreak izaten dituzte, ez? Etxea, familia, loreak. Laster txakurra oparituko didate, ikusiko duzu. Konpleto.
Orain barre egiten dut, baina urte askoan ernegatuta egon izan naiz. Ustez motiborik gabe, erretxinduta. Egongo ez nintzen, ba. Gerora ulertu dut. Zer ilusio sortzen du goizero sesioan aritzeak alabarekin, gosaltzeko, eta semearekin, janzteko, janzteko behingoz Jon, Jon bagoaz, arreba zain duzu.
Eskerrak tipulari.
Orain yoga egiten du jendeak. Antzekoa da efektua: arnasa hartzeko tarte bat. Hankak lurrean jartzekoa. Arnasaldi sakon batek eguneko arnasestua ordezkatzerik ez duen arren. Eta, arnasa emanda ere, zertan aberasten zaitu albondiga goxo-goxoak prestatzeak? Norantz hazten zaitu eltzekada babarrun egiteak?
Eta horrek denak atera egin behar du handik edo hemendik. Baditut astero medikuarenera joaten diren lagunak, ondoeza non duten asmatu ezinik, aldiro beste min bat asmatzen dutenak, aldiro beste pastilla baten egarriz. Baditut lurpetik lurpera bizi diren lagunak, sator bihurtuak, igogailua lurperago jaisteko baino hartzen ez dutenak. Lurra jo behar genukeela esaten diet nik, lurrazala zulatu, lurpeko pasabide eta mundu guztiak agerian utzi. Normala dela esaten diet, igogailuekin eta tankerako tramankuluekin ez asmatzea satorrek, beherago jaisteko botoiari ematea beti. Sator-zuloen iraultza, esaten diet, lurrazala desegin. Ez didate ulertzen. Pastillak eskatzen dizkiote medikuari, eta lurpera sartzen dira atzera, manta hartuta lo-kuluxka bat egitera.
Hori ere orbanari esker dakit. Orbanak erakutsi dizkit pixkanaka lurpeko mundu horiek denak.
Laster igogailua jarriko digute etxean. Bosgarrenekoak tematu ziren. Guri nagia ematen digu obrekin hasteak, baina seme-alabek esaten digute inportantea dela, oraindik ez dugula behar baina edozein momentutan geratuko garela eskailerak igo ezinda. Bizilagunak ere ados daude. Inbertsioa dela, gainera, etxearentzat: saldu nahi izatera hobeto salduko luketela, hartara. Niri beldurra ematen dit, zer esango dizut ba. Beldurra ematen dit botoiekin nahasteak eta beherago jaisteko baino balio ez izateak.
Joan egin zait berriz.
Patatak azkena.
Patatena inportantea da: klask egin behar du puska kentzean, ez da ebaki behar. Labanarekin lagundu, eta klask-klask, puskak kendu. Nik prest izaten ditut aurretik, uretan sartuta, ilundu ez daitezen. Eltzea irakiten hastean, orduan bota behar zaizkio, ez lehenago; hori da sekretua patata deseginda bezala geratzeko. Eta irakin dezala denak, bor-bor, gozo-gozo.
A, ia ahaztu egin zait: bost minutu falta zaizkionean ilar txikiak gehitzen dizkiot. Hala ikasi nuen, eta hala egiten dut.
Eltzeari patatak botatzen dizkiodanean gure amaz gogoratzen naiz, sukaldean patata zuritzen. Asko ginen. Erdi marmar erdi errezo batean gogoratzen dut. Esaten zidan bere buruarekin hizketan aritzen zela. Nik uste dut patatei hitz egiten ziela. Ez al da logikoena lurpeko kontuak lurpekoei kontatzea? Satorrak patatei. Ze kontuok norbere buruari kontatzea norbere buruari harrika aritzea litzateke, pisu gehiago jartzea. Hobe beste norbaiti esatea. Pixka bat hustea. Horregatik jango genuen hainbeste patata.