
Itzultzea
Zerrenda batean idatzi genituen bataren eta bestearen alde onak: prezioa, metro karratuak, balkoia, komunak, argitasuna, garajea, lorategia.
Banekien Andonik lorategia nahi zuela berez, lorategi txiki bat, ezagutzen nuen hainbeste. Beti nahi izan zuen sagarrondo koxkor bat eta hortentsiaren bat landatzeko lursaila. Baina garajea behar zuela esaten tematu zen. Bizikletak gorde behar zituela, gimnasioa jarriko zuela, arrabola. Ez dakit zer sartu zitzaion buruan, nor sartu zitzaion mingainean; iruditzen zitzaidan haren kuadrillakoen elkarrizketak ari nintzela entzuten. Bera ez zen inoiz hain kirolzalea izan; kirolak ez zituen haren bizitzan 20.000 € balio izan sekula. Loreekin disfrutatzen zuen berak, egongelako leihoaren parean genituen bonsaiekin. Ziur nengoen lorategi txiki bat oso gustura hartuko lukeela, arnasa emango ziola.
Bazen, ordea, hitzetan jartzen ez genuen beste zerbait.
Niri berdintsu zitzaidan berez lorategia edo garajea, nik etxe argitsuago bat nahi nuen, txikixeagoa, lanerako leku goxo bat, bista politak. Garajedunak lanerako leku egokia zuen, lorategidunak baino ilunxeagoa, hotzagoa, baina zabala. Banekien ongi moldatuko nintzela; bista polita zuen, gainera. Lorategiaren alde egin nuen, ordea; ez lorategiagatik beragatik, argitsuagoa zelako baizik, beirate zabal bat zuelako egongelan eta beste bat, txikixeagoa, lanerako erabil nezakeen gelan.
Lorategia-ala-garajea horretara mugatu ginen, baina dikotomiak mugatuegiak izan ohi dira; bidegurutze bakarrean itsutzen gara, eta gainerako bidezidor guztiak tapatzen ditugu. Beharbada, aukeren artean mantendu behar genuen gure etxean bizitzen jarraitzea. Ez dakit. Aspalditik genuen aldatzeko gogoa. Adostuta genuen: seme-alabak haztean beste etxe batera aldatuko ginen. Bi logelarekin aski genuen, bata lotarako eta bestea lanerako. Neurri txikiagoan hobeto kabituko ginen.
Amore eman nuen. Garajeduna hartu genuen.
Ez dakit zer izan zen: etxe berriari helburu ezberdinak genizkion jarriak, edo etxe-aldaketari bestelako aldaketa batzuk eskatzen genizkion, edo etxetik etxerako traste, altzari eta kaxa mugimenduan zerbait galdu zitzaigun, edo lerro artean beste desio batzuk esan genituen. Garajedun etxera joan ginenez geroztik leku diferenteetan bizi ginen.
Andoni bigarren nerabezaro batean sartu zen. Arrabolean ibiltzen hasi zen astean behin, asteburuetan bizikletan ibiltzera joaten zen kuadrillako bi lagunekin, kiloak apuntatzen zituen sukaldeko egutegian, astez aste. Bonsaiak ihartu egin ziren. Garai txarrean aldatu genituela esaten zuen, argia ere ezberdina zutela orain, aldaketa gehiegi beharbada. Nik uste dut ez ziela behar beste kasu egiten; ez lehen adina, behintzat. Bere tripotxari eta hanketako azal beltzarana omen zenari begiratzen hasi zen. “Begira, begira zer diferentzia”, esaten zidan harro, kulotak izter meharretan egina zion marra lausoa seinalatuz. Niri marra finek baino atentzio handiagoa ematen zidaten izter depilatuek, ileen faltan sekula baino eskasago.
Hasieran pentsatu nuen “ikusten, arrazoi nuen” esateko modu bat zela arrabolarena. Aukera egokia egin genuela adierazteko modu bat. Oker nengoen. Hilabeteak joan hilabeteak etorri, gero eta denbora gehiago pasatzen zuen garajean. Arrabolean aritzen zela esaten zidan, asteburuan kuadrillakoei jarraitzeko entrenatu beharra zuela, baina izerdi gutxixko iruditzen zitzaidan ordubetean pedalei ematen aritua izateko.
Zerbaiten bila joan nintzen batean ikusi nuen, aurreko etxetik ekarritako kaxak garajean zabalduta, traste artean. Bizikletarentzako pieza baten bila ari zela-edo esan zidan. Ez nion kasu handirik egin. Falta zuena aurkitu ote zuen galdetu nion afalorduan, eta urduritu egin zela nabaritu nion begietan. Ezetz esan zidan.
Etxea aldatzeak lana aldatzea esan nahi zuen niretzat, neurri batean. Itzultzaile ariko nintzen erabat, nire kasa. Horregatik behar nuen lanerako leku egokia. Pozik nengoen, egia esan, jarri genuen bulegoarekin. Gustu handia du Andonik. Besaulkia eta lanpara polit parea jarri genituen, koadro batzuk paretan. Idazmahaiaren alde batean nuen leihoa; bista ederra zuen.
Hasieran hotz sentsazioa emana zidan gelak, huts-hutsik ikusita, baina goxoa zen. Gustura nengoen lanleku berrian. Ezinean nenbilen, ordea, itzulpenarekin, Samanta Schweblinen Siete casas vacías ipuin-liburuarekin, tonua ezin hartuta.
Ohituta nengoen. Hala ibiltzen nintzen literatura-lanei heltzen nien aldiro. Oraingoa, ordea, ezberdina zen. Literatura-itzultzaile izateko helburua nion jarria neure buruari; merezi nuen hainbeste. 55 urte egin nituenean erabaki nuen: seme-alabak hazita, beti nahi izan nuen horri helduko nion. Kapritxo bat zen kasik. Opari bat. Nik aukeratutako lanak, nik aukeratutako bulegotik.
Eta halaxe nengoen garai hartan, ametsa lokatz-putzu bihurtuta. Testuan bizi nintzen munduan baino gehiago. Aditzak eta komak nituen buruan; esaldiak ordena batean lehenengo, eta kontrakoan gero. Baso bat ur edatera jaikitzen nintzen adjektibo egokia ezin topatuta ari nintzenean. Bazkalorduan batera ibiltzen nituen ahoan, ezin murtxikatuta, xerra zatia eta esaldi bateko hitzen ordena.
Egia da, lanlekuaz gain, terrazako egunsentiak eta ilunabarrak imajinatzen nizkiola etxe berriari; horregatik ere izan nuela nahiago lorategiduna; mahai bat imajinatu nuela han kanpoan, kafesnea eta tostadak gosaltzeko, hara-hona zebiltzan enarei begira afaltzeko ilunbistan, ardoren bat hartzeko tarteka kopa finetan.
Balkoi koxkor bat bagenuen: jarri nituen mahai txiki bat eta aulki parea, Andonik lore ederrak buelta guztian; polita geratu zitzaigun. Baina loreekin eta mahaiarekin apenas geratzen zen lekurik atzera-aurrera lasai ibiltzeko; txorien kantua baino gehiago entzuten zen beheko errepidea.
Ordura arte bezala sukaldean afaltzen jarraitu genuen. Andonik inoiz baino gehiago begiratzen zion janari, eta ez zuen alkoholik edaten egun bereziren bat ez bazen. Nekatuta iristen zen lanetik, edo ahituta uzten zuen bizikleta saioak, eta sofan etzateko gogoa izaten zuen.
Uztaileko arratsalde batean, emakume baten deia jaso nuen. Nirekin geratu nahi zuela. Ez nuen ezagutzen, eta lan-kontuak izango zirela imajinatu nuen. Presa zuen. Hurrengo eguneko arratsalderako jarri genuen hitzordua.
Bero handia zegoen, hezetasun handia, euliak nazkagarri zebiltzan, hozka hasten diren une gogaikarri horretan. Euliak gogoratzen ditut, eta deseroso egon nintzela, elkar agurtu eta etxera iritsi nintzenean ere ez nuelako lortu zer nahi zuen ulertzea; euliak bezala nerabiltzalako buruan bueltaka Anak nahasian esandakoak: gurea izandako etxean bizi ziren orain bera eta senarra, herrira etorri berriak ziren, ezagutu egin nahi ninduen.
Andoniri kontatu nion afaritan. Kontatzen hasi orduko etorri zitzaidan gogora garajean kaxak zabalduta topatu nuenekoa, orduko keinu bera egin zuelako. Urduritasun bera antzeman nion. Zer zuen galdetuta, “Ezer ez” esan zidan, zerbait duenak esaten duen eran. Ez nion berriz galdetu. Ez nion garrantzi handirik eman nahi izan.
Hurrengo astean berriz deitu zidan Anak. Taberna berean elkartu ginen. Oraingoan argiagoa izan zen. Barkamena eskatu zidan aurrekoan hain zehaztugabe aritzeagatik. Urduri zegoela esan zidan, ez zekiela nola esan. Aurrekoan baino harrituago nengoen ni. Euliak sumatu nituen faltan, deserosotasunari beste gorputz bat emateko.
Andoni zer moduz zegoen galdetu zidan, gauza arraro batzuk sumatu zizkiola. Ez nuen espero senarraz hizketan hastea. Ezberdin samar nik sumatzen nuen bizikletaren eta janaren kontu haiekin, baina berak? Aurpegiko larritasuna-edo ikusiko zidan; lasai egoteko esan zidan, ez zeudela haserre, ez zigutela salaketarik jarriko. Laguntzeko asmoz elkartu zela nirekin.
Kosta egin zitzaidan barneratzea hizkuntza berean ari ginela, pertsona berari buruz.
Etxera joaten zitzaien Andoni, galdezka, eskean. Tarteka izan zen hasieran, baina gero eta maizago azkenaldian, egunero kasik. Bizikletaren piezak izan ziren lehenengo, denetarik gero. Onartzen zuen akatsa: konfiantza eman zien lehen aldian, garrantzitsua ematen zuen berarentzat, nola ez zioten ba berarena izandako trastelekuan begiratzen utziko? Koldo ere, Anaren senarra, txirrindularia zen; hitz egin zuten lehenengo momentuan egin ziren lagun. Horren beharrean zegoen; herrira iritsi berriak ziren, ez zuten inor ezagutzen; izugarri poztu zen Andonik bizikletan ibiltzera elkarrekin joateko proposamena egin zionean. Azkeneko hilabetean asteburuero ziren joanak.
Uztaila zen, baina hotza sentitu nuen. Eta bero kolpea berriz, eta hotza; noiz zer ezin bereizita azkenean.
Anak espero zuena baino larriagoa zen kontua. Aurreko astean ikusi zuen ez nuela beren berririk, Andonik ez zidala ezer esana beren etxera egindako bisitez, Koldorekin egindako bizikleta-bueltez. Horregatik geratu zen zer esan ez zekiela. Koldok eskatu zion berriz hitz egiteko nirekin; bide hobea iruditzen zitzaiela hori, haiek ez zirela salaketa eta epaiketa zaleak-eta.
Ez zekiten kontua nola moztu, baina ezin zuten gehiago. Aurreko astean etxean sartu zitzaien, dena hankaz gora topatu zuten beren trastelekuan, esne-kaxak, garbigailurako xaboia, senarraren bizikleta eta erremintak, oraindik etxean jartzeko zituzten trasteak. Giltzaz sartu zen. Giltza zuen.
Oso momentu txarrean etorri zitzaidan Andoniren kontu hori. Itzulpena ezin bukatuta nenbilen. Neure buruari jartzen ari nintzen presioa-edo, ez dakit, bazen argitasuna kentzen zidan zerbait. Lanlekuan gotortu nintzen Anarekin bigarren aldiz egon ondoren, zer nola egin pentsatu beharra nuelako, entrega-dataz galdezka nuelako editorea.
Badut lan honetan eskarmentua, ezagutzen ditut nekeak eta ezinak, badakit jatorrizko testutik itzulitakora beti galtzen dela zerbait, edalontzi batetik bestera pasatzean ur tantaren bat galtzen den bezala. Tonuari eutsi beharra nion, ordea.
Andoniri ezer ez esatea erabaki nuen. Beharbada batera etorriko zitzaizkidan argitasun guztiak: itzulpena eta Andonirena ebazteko behar nituenak.
Handik bi egunera-edo, goiza ipuin batekin atzera-aurrera ibili ondoren, bazkalondoan bi testuak irakurtzen jarri nintzen beste behin, jatorrizkotik nik itzulitakora zer alde zegoen ikusi nahian. Ezin nuen.
Garajera joan nintzen. Garajera eraman ninduen gorputzak. Gehiago izan zen inpultso bat, erabakitako zerbait baino.
Hantxe zegoen Andoni, etxez aldatu ginenez geroztik pixkanaka bere mundu bihurtu zuen zulo hartan. Han-hemen zabalduta zituen kaxak, trasteak lurrean barrena, eskuetan argazki bat, aurreko etxeko egongelan telebistaren aldamenean edukitzen genuena: Aitor, Leire, Andoni eta laurok Urbian izan ginen batekoa. Aitorrek zortzi bat urte izango zituen; Leirek, bost. Ez genuen jarri etxe berrian; bagenituen beste argazki batzuk, politagoak.
— Zertara joaten zara Anaren eta Koldoren etxera? —galdera baino gehiago izan zen epai bat.
Isilik geratu zen tarte batean, urduri.
— Behin eta berriz begiratu dut kaxa hauetan, eta falta da.
— Falta da, zer?
— Argazki honen ondoan edukitzen genuen mendizalearen figuratxoa.
— Ze mendizale, ze? —ez nekien zeri buruz ari zen, eta berdin zitzaidan—. Bota egingo genuen.
— Ez, ez genuen bota —Andonik galduta zituen urduritasun zantzuak. Serio ari zen. Oso serio—. Nola botako genuen, ba.
Orain ni ari nintzen urduri jartzen. Ez nuen gogoratzen mendizalearen figuratxorik, baina bistakoa zen oso inportantea zela. Pena eman zidan.
— Begiratuko dugu berriz kaxetan, lagunduko dizut —harrituta geratu zen Andoni; ni ere bai: ez nuen halakorik esatea espero.
Arratsalde hartan bertan hasi, eta asteburuan ere goiz eta arratsalde aritu ginen. Ahaztuta nuen gordeta zer genuen ere. Argazki bat azaltzen zitzaigun halako batean, eta egun hari buruz hizketan hasten ginen; sukaldeko mahai-zapi bat agertzen zen hurrena, arrunt itsusia, eta gogoratzen genuen Andoniren gurasoek oparitu zigutela eta huraxe erabiltzen genuela lehenengo urteetan, Aitorrek mamuarena egiten zuela burutik behera hartuta. Barre egin genuen.
Elkarrekin aritu ginen aspaldiko partez. Elkarrekin gogoratu genituen haurrak txikiak zireneko kontuak, oporraldiak, han eta hemen pasatutakoak.
Etxea husterakoan presaka ibili ginen, hau bai, hori ez, hau hona, hori hara. Oraingoan lasai hartu genuen. Batean eta bestean ari ginen miatzen. Gustura ari ginen. Mendizalearen figuratxorik ez zen ageri, ordea.
— Esan nizun. Ez dago hemen —eta arrabolaren ondoan zuen koadernoan apuntatu zuen, zerrenda batean.
Garajeko iluntasunak itzulpenari falta zitzaiona ikusteko argia eman zidan. Astelehenean lanera bueltatu nintzen. Erritmoa moldatu behar nuen pasarte batzuetan, esaldi batzuk moztu, hitzak kendu. Jatorrizkotik itzulitakora galera ahalik eta txikiena izateko, hain justu, elipsi batzuk egin beharra nuen.
Astebetean jo eta ke aritu nintzen testua orrazten, goizez. Arratsaldez, Andonirekin joaten nintzen garajera. Kutxetan begiratzen genuen, gogoratzen ginen sukaldean izaten genuen gatzontziaz edo San Joan bezpera batez bizilagunekin egin genuen festaz, eta elkarrekin osatzen genuen falta genituen gauzen zerrenda.