Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
2026, narrazioa
108 orrialde
978-84-19570-61-1
Azala: Nagore Legarreta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
2026, narrazioa
108 orrialde
978-84-19570-61-1
aurkibidea
 

 

Hau dugu etxean

 

 

Iruņeko tren geltokia pasatzerako sumatu genien lehen liskarra. Azkar eten genien: Beņat Liberekin jarri zen; ni, Aiurrekin. Negarrez hasi zen Aiur. Kasketa izango zuela pentsatu nuen, baina ez zen lasaitzen. Libe errietaka zuen: komuneko txorrota irekita utzi zuela eta bere kulpagatik urez beteko zitzaigula etxea, dena hondatuko zela. Lasai egoteko esan nion, aita atera zela azkena etxetik, eta, hala balitz, konturatuko zela, itxiko zuela. Musu eman nion buruan, malkoak lehortu nizkion.

      Semea lasaitu orduko kezkatu nintzen ni, ordea. Komuneko txorrota irekita imajinatu nuen, hodia buxatuta, eta ura etxe osora zabaltzen. Beņati galdetu nion begiratu ote zituen leiho eta txorrota guztiak, itxita ote zeuden, komunekoa ere bai. Baietz esan zidan, baiezko orokor bat, dena itxita egongo zela baina komuneko txorrota justu ba ez zekiela. Beti berdin, pentsatu nuen, orokortasun lauso hori, ez al duzu esan zuk begiratuko zenuela dena. Ura beheko pisura pasatzen imajinatu nuen; baziren bi ordu etxetik atera ginenetik. Ni larrituta ikusita, Libe berriz hasi zitzaion Aiurri errietaka, bere kulpagatik etxea hondatuko zitzaigulaka. Eta Aiur negar batean. Isiltzeko esan genion Liberi, nahikoa zuela.

      Urduri, ahizpari deitu nion, joan ote zitekeen begiratzera, kezkatuta geundela.

      Handik pixka batera bidali zidan mezua, lasai egoteko, dena ongi zegoela. “Noiztik duzue katua? Kriston sustoa eman dit”, jarri zidan. “Ez dugu katurik” idaztera nindoan, normal, baina Beņati kontatu nion aurrena. “Ze izango zen katu bat!”, erantzun zidan, nazka aurpegiz kasik; jertseren bat ikusiko zuela, peluxeren bat. Libe eta Aiur harro-harro builaka hasi ziren, “Aupa! Katu bat!”, “Katu bat dugu etxean!”, “Izena jarri behar diogu! Pox!”, “Txuri! Txuria da, ama?”, “Katu!”, “Sophie!”, “Mattin!”, “Chase!”, “Hori txakur izena da, Aiur!”. “Bidali argazki bat”, idatzi nion azkenean.

      Lanera bidean zihoan; gauera arte ezin izango zuen berriro joan.

      Libe eta Aiur aztoratuta zebiltzan katuarekin jolastu nahi zutela eta. Nik pixaz zikinduta imajinatu nituen sofa, alfonbra, kuxinak; harramazkaz, paretak eta ateak.

      Katakume goxo baten irudia etorri zitzaidan, ordea, handik pixka batera: eskura gerturatu zitzaidan laztan eske; nire oinetan etzanda ikusi nuen, lo, tripa txikia puzten eta husten, amultsu. Haurrak treneko pasilloan hara-hona zebiltzan batean, galdetu egin nion Beņati, igual izango zela katakume txiki bat, eduki genezakeela beharbada maskotatxo bat, Liberi eta Aiurri ilusio handia egingo ziela. Harrituta begiratu zidan: ez zara serio ari, ez dugu hartuko animaliarik etxean, eta, batez ere, ez dago katurik etxean. Hala zen: nik ere ez nuen inoiz nahi izan maskotarik; ezinezkoa zen etxera katurik sartu izana.

      Iritsi ginen halako batean Bartzelonako tren geltokira. Gracian genuen lotarako lekua: logela bat eta komun txiki bat laurontzat; sukalde handi bat eta hainbat egongela gainerako bidaiariekin partekatzeko. Libe eta Aiur harrotuta zebiltzan, ze polita eta ze handia, korrika alde batetik bestera, egiten zuten aurkikuntza bakoitzaren berri builaka ematen. Gu ere pozik geunden. Dekorazio polita zuen lekuak. Egongela bateko koadroei begira ari zen Beņat, lanparak gustatu zitzaizkidan niri. Besarkada eman genion elkarri.

      Libe saltoka etorri zen lagun bat egin zuela eta. June zen, bere adintsukoa. Hirugarren esaldirako poz-pozik kontatu zion katua genuela etxean. Beņatek zorrotz moztu zion, ezetz, ez genuela katurik.

      Ondoko egongelatik begira sumatu genituen Juneren gurasoak. Agurtu egin gintuzten. Iruņekoak ziren, iritsi berriak haiek ere. Pozik ikusi zuten alaba lagunak egiten. Ongi etorri zitzaigun guri ere Libe eta Aiur Junerekin jolasean hastea: lasaitasun momentu bat, puskak logelan uzteko. Ohean eseri nintzen, gelari begira. “Ikusi al duzu?”, esan nion Beņati, barrez, armairu gaineko katu doratu txinatarra seinalatuz. Besoa gora eta behera, agur egiten ari zitzaigun. Ez zion graziarik egin. Nik berriz irudikatu nuen katakumea haurrekin jolasten.

      “Ze esango diogu ahizpari?”.

      Beņatek hasperen egin zuen. “Disekatzeko. Aber, Garazi”.

      “Egiatan katu bat baldin badugu, zerbait pentsatu behar dugu”.

      Berriak izanagatik, fosildutako eztabaidak izaten dira batzuk. Katuarena, inondik ere, haietako bat zen. Ez zegoen elkarrizketa posiblerik.

      June eta gurasoak agurtu, eta kanpora atera ginen; haize pixka bat behar genuen.

      Ahizpari beste mezu bat bidali nion. Joateko berriz mesedez ahal zuenean, jartzeko esne pixka bat eta ogi puskaren bat-edo.

      Auzoan paseatu, eta goiz afaldu genuen. Nekatuta geunden.

      Ahizpak ez zidan erantzuten. Ostatura bueltatzen ari ginela bidali zidan mezua azkenean, argazki eta guzti. Katu gris bat. Irudian ez zitzaion ongi antzematen, baina ez zuen kumea ematen. Zalantza egin nuen Beņati erakutsi ala ez. Biharamunean igual.

 

 

Hurrengo eguna hara eta hona eman genuen, eta leher eginda iritsi ginen Graciako pisura. Afaria prestatu, eta mahaian jarri ginen. Ondokoan bikote bat ari zen afaltzen; sukaldean ari ziren pare bat bidaiari.

      Gaia saihestu nahi izan nuen egunean zehar, baina argitu beharra genuen kontua. Lehenago bueltatzea ere pentsatzen aritua nintzen; ez aukera erreal moduan, egia esan.

      Guk afaltzen bukatzerako iritsi zen June, eta korrika altxatu ziren haurrak. Ahizpak bezperan bidalitako argazkia erakutsi nion orduan Beņati.

      “Hau dugu etxean”, esan nion arazo-bat-dugu ahotsez.

      “Ba ez badu lehenago alde egiten, bidaliko dugu iristen garenean”. Haserre puntu bat sumatu nion.

      “Ze nahi duzu nik egitea?”.

      “Esan zeniezaiokeen ahizpari kanpoan uzteko”.

      “Ez da ahizparen kontua”.

      “Ezta gurea ere”.

      “Guri sartu zaigu”.

      Ez dakit zein momentutan jarri nintzen katuaren alde, ala Beņatek jarri ninduen katuaren aldean, baina gutartzat nuen jada. Egongelan irudikatu nion txoko goxo bat, balkoian jar geniezaiokeen hondarrezko komun horietako bat, Libek eta Aiurrek gustura zainduko zuten.

      Haiek ere etxekotzat zuten, nonbait, dagoeneko. Jolasean ari ziren: Libe katua zen, eta Aiur eta June zaintzaileak; gero, txandaka; azkenerako, hirurak ziren katu, eta gure inguruan bueltaka genituen isatsarekin belauna laztanduz.

      Egongelan zeuden Juneren gurasoak. Korapiloa handitzen ari zitzaigun, eta haiengana gerturatu ginen. Zubia aprobetxatuta, asteburu-pasa etorriak ziren haiek ere. Ni erraz sartu nintzen Larraitzekin eta Oihanarekin elkarrizketan; Beņat traketsago zebilen. Ezezagunen bat agertu orduko, hurbiltzeko gogoa sartzen zitzaidan niri; Beņati, urruntzekoa. Normalean saiatzen nintzen Beņati giroan sartzeko bidea errazten, baina oraingoan ez nuen gogorik; joan zedila lotara nahi bazuen.

      Oso atseginak ziren, egia esan. Oihanak hasieratik eman zidan ingurua goxatzeko gaitasuna zuelako inpresioa, keinuz, hitzez. Manta-jende horietako bat. Beņatek lekurik ezin topatuta segitzen zuen. Umeengana inguratu zen tarteka, logelara joan zen zerbaiten bila, gurekin eserita egon zen pixka batean. Aukera izan nuen batean bota nion elkarrizketan sartzeko hariren bat. Heldu zion, baina mataza egin zitzaion; handik gutxira, umeengana altxatu zen berriz.

      Lotarako ordua genuela-eta elkar agurtu genuen. Haurrek protesta egin zuten. Momentuari eusteko duten indarrez esan ziguten ezetz, ez zutela lorik egin nahi, elkarrekin jolasten jarraitu nahi zutela. Nik ere nahiago nuen, egia esan, giro epel hartan jarraitu.

      Eskutik helduta, erdi arrastaka eraman nituen azkenean Aiur eta neure burua.

 

 

Biharamunean akuariora joan ginen. Hala genuen adostuta: kaleetan hara-hona ibiltzearen eta museoren batera joatearen truke, marrazoak eta ezpata-arrainak.

      Katuarena noiz eta nola atera ezin asmatuta nenbilen, eta zer eta Beņatek atera zidan gaia, han, arrain tartean, haurrak itsas zaldiekin liluratuta zeuden bitartean. Zooak eta akuarioak gorroto zituen motibo beragatik, ez zuen animaliarik nahi etxean; etxea ez zen animalientzako lekua; zikina iruditzen zitzaion; ez zitzaizkion katuak gustatzen; ez zuen inondik ere nahi.

      “Beste egoera eta beste momentu batean nik ere berdin pentsatuko nukeen, igual, baina hau diferentea da; hau etorri egin zaigu”.

      “Eta ez dakigu nondik etorri den; bizilagunen batena da igual”.

      Egia zen; izan zitekeen hori. Pena sentitu nuen. “Baliteke, eta baliteke inorena ez izatea. Kontua ez da maskota bat hartu edo ez. Hau diferentea da. Akuarioak ere gorroto dituzu, eta hemen zaude”.

      “Umeengatik”.

      “Ba hori. Umeengatik, nigatik, katu hau ere izan liteke salbuespen”.

      Zalantza puntu bat egin zuela iruditu zitzaidan. Ez genuen jarraitu. Umeengana abiatu ginen. Ez zeuden lehengo lekuan, ordea, eta larritu egin ginen.

      Hurrengo aretoan topatu genituen, marrazoei begira-begira. Hozkada sentitu nuen tripan.

      Irteeran, denda osorik erosi nahi zuten Libek eta Aiurrek: itsas zaldi baten imana eta peluxezko marrazoa eta globo-arraina Junerentzat eta sardina fosforito itxurako bat Sophierentzat. “Zein da Sophie?”, galdetu zien Beņatek. Listua tragatu nuen. Despistatua zen, gero, batzuetan. “Gure katua!”, erantzun zion Aiurrek. Dortoka-burudun arkatz bana hartuta atera ginen.

      Barcelonetan bazkaldu genuen, eta hondartza inguruan ibili ginen gero. Iluntzerako ostatura bidean ginen; Libe eta Aiur, Juneri hau eta bestea kontatu behar ziotela errepasatzen; ni ere Larraitz eta Oihanarekin elkartzeko gogoz.

      Hantxe zeuden, garagardo banarekin sofan eserita. Egina zuten afari-merienda. Ni haiekin jarri nintzen, eta beste garagardorik ba ote zuten galdetu nien lotsagabe. Beņat afaria prestatzera joan zen sukaldera. Haurrak puzzle batekin entretenitu ziren.

      Eguna non pasatu genuen kontatu genion elkarri. Larraitz eta Oihana penatuta zeuden asteburua motz geratu zitzaiela eta. Ikusteko geratu zitzaizkien leku asko; biziko ziren hilabete pare batez bertan.

      Ederragoa iruditu zitzaidan haien Bartzelona.

      Eta zorigaitzeko pentsamendu hori etorri zitzaidan beste behin: gu baino zoriontsuago zirela haiek, puzzle batean bezala enkajatzen zitzaizkiela piezak, joan-etorrikoak zituztela elkarrizketa guztiak. Eta, faltan sumatu nuen zoriontasunaren piezagatik agian, katua etorri zitzaidan berriz gogora. Eskuarekin buru iletsu epel hura laztantzeko gogoa nuen.

      Gosetuta irudikatu nuen, eta kezkatu egin nintzen. Ahizpari idatzi nion berriz, joateko mesedez etxera, eramateko katuarentzako janari pixka bat, bueltatuko niola mesedea, esplikatuko niola, bidaltzeko beste argazki bat.

      Banekien: tranpa egiten ari nintzen. Katuari etxean geratzeko motiboak ari nintzen ematen. Oraindik ere bazuen ateratzeko aukera, dena den; sartu zen bezalaxe joan zitekeen. Zoria ere elikatu egiten da, azken batean.

      Marmar egingo zuen seguruenik ahizpak; aurpegi itsusi batzuk bidali zizkidan bueltan.

      Handik pixka batera jaso nuen argazkia: ontzi batetik jaten ari zen Sophie. Gaixoa, goseak zegoen.

      Afaria prest genuela abisatu zigun Beņatek.

 

 

Hurrengo goizean genuen bueltarako trena. Umoretsu zegoen Beņat; bezperan ez bezalako arintasun bat sumatu nion.

      “Pozik etxera goazelako?”.

      “Gustura hartuko dugu hori ere”.

      Katuaren aipamenik ez. Umeek ere ahaztuta zutela ematen zuen.

      Atzerako kontaketa luzea izan zen treneko bidaia. Etxera iritsitakoan hartuko genuen sustoa edo sorpresa; itxaron besterik ezin genuen egin. Bartzelonara noiz bueltatuko ginen galdezka genuen Aiur, Junerekin egon nahi zuela-eta. June ere etxera joatekoa zela azaldu genion, gertu bizi zela, joango ginela haien etxera, edo gonbidatuko genituela haiek gurera.

      “Ze ondo! Sophie erakutsiko diogu orduan!”.

      Zeharka begiratu nion Beņati. Ez zuen ematen komentarioari garrantzirik eman zionik.

      Joanekoa baino puskaz lasaiago egin genuen bueltako bidaia. Aiurrek lo hartu zuen Beņaten magalean; Libe eta biok jolasean aritu ginen pixka batean; goizean prestatutako ogitartekoak jan genituen gosetutakoan. Trenean hara-hona ibili ziren gero haurrak. Normal sumatzen nuen Beņat.

      Ezbehar bat espero duenaren aldartez igo nituen atariko eskailerak. Eskuak izerditan nabaritu nituen giltzarekin atea ireki nuenean. Libe eta Aiur bultzaka sartu ziren kasik, “Sophie!”, “Sophie!” builaka. Halako antsia batez begiratu nuen nik ere sukaldean eta egongelan, logeletan, komunean. Ogi papur batzuk zeuden sukaldean; jan arrastoz zikindutako katilu bat lurrean. Katurik ez.

      Hotz zegoen etxea, baina, gainerakoan, berdin-berdin. Hotz geunden gu ere, diferente.

      Irekita zegoen balkoiko atea. Kanpoan begiratu nuen, etsipenez ia. Atzetik segika nituen Libe eta Aiur.

      Ez zegoen han ere.

      “Zure kulpagatik egin du ihes”, esan nion Beņati.