
Piztiak
Gure aitak esaten zuen lotu adina banantzen gintuela errepideak, egiten hasi baina bukatu gabe utzitako zera bat ematen zuela, definitu gabea, munstro bat. Umetan ez nion ulertzen, mundua zen guretzat errepidea.
Bestela ikusten dut orain.
Tarteka jendea agertzen da errepide bazterrean paseatzen, paseatzeko itxurarik gabe. Ez joan, ez etorri, bide bazterretik pasatu, ordubetetik behin-edo igaroko den kotxe horretatik apartatuta.
Ganbarako leihotik apuntatzen ditut nik denak, alde batera zein bestera igarotzen direnak. Aitari hartu nion erreleboa, eta hark bereari, eta bereari hark ere.
Nik dakidala, ni naiz horretan ari den lehen emakumea; bestela ezer gutxi aldatu da egitekoa, teknika.
Gurea beti izan da pasoko etxea. Garai batean bazuen taberna, ardo pixka bat, eltzea sutan. Urteak dira, ordea, bazter-etxe bihurtu zela. Hiru kilometrora zegoen hurrengo etxea, orain harri pila bihurtua. Han elkartzen ginen auzoko umeak, sei bat; huraxe izan genuen eskola. Errepideak jan zuen, ordea.
Niri loa jan dit. Gure aitari ere bai. Etengabe esna egotetik etengabe lo egotera igaro zen gau batean. Loa galduta hil zen.
Orro egiten du errepideak gauez. Badirudi egunean zehar jasotako hotsak itzultzen dituela, desordenan, edo oihartzun egiten diela kamioa gurutzatzen duten animaliei. Basoaren parte bihurtzen da orduan. Piztia bat.
Haizea sumatzen da zuhaitzen adarrak eta hostoak mugitzen. Hontzak. Saguzarrak. Entzun ez baina imajinatu egiten ditut gure teilatutik gertu-gertu hegaldatzen. Basurdeak, orkatzak, erbinudeak, azeriak, oilagorrak, satitsuak, kakalardoak, zizareak; noranahi ibiltzen dira, ibiliko dira. Egunez kamioan jendea igarotzen den bezala, batera eta bestera, ez joan eta ez etorri horiek ere; ehizan, paseoan, mundua ezagutzen.
Errepidea ere imajinatzen dut sigi-saga giharrak luzatzen; zizare beltz erraldoia, bidean bidea egiten. Zerk egiten du, bestela, zarata hori? Ziur nago pixka bat mugitzen dela gauero, etxetik gero eta urrunago. Nola ez du hotsik egingo gorputz astun horrek?
Kamioaren eta basoko piztia horien irudietan galtzen zait burua, eta ez zait loarentzako lekurik geratzen. Egunez, berriz, bestondoarekin bezala ibiltzen naiz, biharamun pisuan, gogoratu beharrekoak erdizka gogoratuz, ilunpean.
Eguna hastearekin batera agertzen dira lehen pasatzaileak, bakarka beti, ezezagunak beti. Basoak botatzen ditu, edo errepideak berak, nork daki. Ordua eta janzkera dira inportanteak: hori apuntatu behar da.
Atzo gure etxeari begira geratu zen bat. Gizon heldua iruditu zitzaidan, kaskazuria, baina ez nuen ondo ikusi. Ateraino etorri eta tinbreari joka aritu zen. Uste dut ate ondoko leihotik begira ere aritu zela; denboratxo bat egin zuen inguruan. Garai bateko taberna ezagutu zuen nostalgikoren bat izango zen. Berdin-berdin ikusiko luke, egia esan: mostradore luzearen gainean kafe-ontzia, paretako azulejuak, ardo botila hutsak txoko batean, fluoreszentea dardarka.
Umetako oroitzapena etorri zitzaidan: aitarengana joaten ginen korrika anaia eta biok norbait atarira inguratzen ikusi orduko. Aita tabernara jaisten zen orduan etorri berria zerbitzatzera, eta, anaiak edo nik, bietako batek hartzen zuen haren lekukoa; lehenengo iristen zenak, anaiak gehienetan. Horixe izaten genuen eguneko liskar nagusia: biok hartu nahi izaten genuen aitaren tokia, eta letra ederrez haren koadernoan apuntatzen jarraitu kamiotik pasatzen ikusten genituenak. Inportantea zen letra dotorea egitea; ikasten duzue hori eskolan?, galdetzen zigun.
Beraz, azkenean, hirurok egoten ginen leihotik begira: aita ganbarakotik, anaia sukaldekotik eta ni logelakotik.
Noizik eta behin, lo topatzen genuen ganbarako besaulkian. Espantuka egiten zuen orduan tabernarako bidea. Anaiak eta biok adi begiratzen genion koadernoari, ez genekielako zenbat denbora zeraman lo, zenbat pasatzaile utzi zituen apuntatu gabe. Elkarrekin errepasatzen genuen halakoetan zerrenda, jertseen edo berokien koloreak gogoan. Ez genuen jakiten nola egiten zuen, baina oso gutxitan uzten zuen aitak inor apuntatu gabe.
Gerora ulertu nuen: amaren zain zegoelako, horregatik egongo zen hain adi.
Ilunduz gero, halako eten bat gertatzen zen basoaren eta gure artean.
Basoari gauez lasai utzi behar zaiola errepikatzen zigun aitak umetan. Egunean zehar ibiltzeko hara eta hona nahi bagenuen, baina iluntzean erretiratzeko etxera. Arriskutsua da gauez, esaten zigun. “Basora noa” esan zuen gau batez amak, eta ez zen bueltatu.
Batzuetan pentsatzen dut hobe nukeela nik ere basora alde egitea, iluntze batean, maleta berdea hartuta; etxe-piztia honetan uztea koaderno zikin hau.
Pixka batean eusten diot pentsamenduari, baina gero joan egiten zait.
Aita hil zenean erabaki genuen anaiak eta biok taberna ixtea. Hilabeteak ziren inor gure etxearen parean geratzen ez zela, arrotzen modura pasatzen zirela denak, barrura begiratu ere egin gabe.
Anaia herrira joan zen bizitzera, han hasi zen lanean. Arnasa behar dut, esan zuen, nik arnasa behar dut; ez du zentzurik tabernak, ez du zentzurik pasatzaileak apuntatzeak, zer suma bizitzeak.
Ez dakit zer arnasa klasez ari zen. Kamio bazterrekoak gara gu, pasatzaileak apuntatzen ditugu.
Garaitsu hartan hasi nintzen loa galtzen.
Umetan iruditzen zitzaidan basamortu bat zela gure etxe aurreko bide hau, jendea pasatzeko baino gehiago zela pasatzen ez uzteko zera bat, hesi bat. Orain txindurrien modura ikusten dut jendea, txindurriak baino aparteago elkarrengandik baina elkarren segidan denak, mantso baina etenik gabe. Pasatzailez pasatzaile egiten du aurrera egunak.
Gaur ohi baino erneago nago, esna egon nahi dudalako berriz ere atzoko hori gerturatzen bada.
Galtza ilunak eta kamixeta gorria, goizeko hamaika eta erdiak.
Anaiaren eta bion jolasetako bat izaten zen txindurrien ilarari begira jarri eta ilara haustea, desbideratzea. Kontuz egin behar izaten zen, poliki, ahalik eta handiena izan zedin haustura, ez zedin momentuko despistea soilik izan, ez zitezen elkartu bi segundoren buruan. Halakoxea izaten genuen asperdura.
Kamio eta trenbide bazterrean bizi garenok denboraren bestelako pertzepzioa izaten dugula entzun nuen behin; denboraren joanaren bestelako neurri bat, igarotzen diren jendearen eta trenen araberakoa. Pasatzen ez den jendearen araberakoa, pentsatu nuen. Trenbide bazterretakoak metodikoagoak izan ohi direla ere esan zuten: puntualagoak, ordenatuagoak. Ez nago ados: gu oso metodikoak gara. Edonola ere bazterrekoak batzuk eta besteak; ertzean egoten zailduak, leihoetatik gertu egon zaleak. Bai, zera. Nik ezingo nuke trenbide ondoan bizi, trenen zarata hori jasan.
Bestelakoa da errepideak egiten duena.
Anaia herrira joan zenean basoak jan zuela iruditu zitzaidan. Gogoa eman zidan aitak hainbestetan errepikatutako hura leporatzeko: ikusten, arrazoi zuen, kontuz ibili behar zenuen. Ze joan zen, eta akabo. Ez zait bisitan behin ere etorri. Errepideak gu ere betiko bereizi izan bagintu bezala azkenean.
Hilabete batzuk igarota, telefonoz deitzen hasi zitzaidan, tarteka. Galdetzen zidan zer moduz zu, zer moduz koadernoa, zer berri basoan. Ondo, aste honetan hirurogeita hamabi pasatzaile, laurogeita zazpi, berrogei bakarrik. Okerreko aldean zaude, esaten zidan; tailer batean hasi naiz lanean, edo okindegian ari naiz, eta niri aspergarria iruditzen zitzaidan eta agur esaten nion. Itzuli behar ez baduzu, agur.
Batzuetan iruditzen zitzaidan aitaren ahotsez erantzuten niola.
Orain deitzen didanetan, batzuetan nahiago izaten dut ez hartu. Gauza bat pentsatu eta bestea esan, hitzak galdu egiten zaizkidalako buruan edo ahoan. Ze esango nioke, noiz etorriko zara, elkarrekin begiratuko diegu pasatzaileei. Baina ezkutatu egiten zaizkit hitzak, eten egiten zaizkit esaldiak. Nahiago biharamuna-moteltasuna-iluna agerian ez jarri, telefonorik ez hartu. Beste egun bat inorekin hitz egin gabe. Ze axola dio.
Azkenaldian gero eta gehiagotan deitzen dit. Koadernoaz galdetzen dit, jarraitzen ote dudan jendea letra ederrez apuntatzen, mugitu ote den kamioa bart, entzun ote dudan saguzarrik. Noski. Jarraituko ez dut, ba; mugituko ez zen, ba; entzungo ez nituen, ba.
Gaur ere deitu dit. Galdetu dit haren etxera joan nahi ote dudan bizitzera; zaharregiak garela bakarrik bizitzeko; konpainia egingo diogula berriz elkarri. Kezkatuta dagoela. Bakardadea piztia bat dela. Atzo bisitan etorri zitzaidala hamaika eta erdiak aldera, eta ez niola aterik ireki. Haren etxe aurretik ere pasatzen dela jendea, lasai egoteko horregatik, han ere edukiko dudala koadernoan jendea apuntatzeko aukera, leihotik begira egotekoa, berak ere baduela besaulki eder bat gure aitak eta haren aitak eta harenak eduki zuten bezala.
Eten egin diot. Ezin naiz hola eta hola despistatu, esan diot, ez dago jakiterik noiz pasatuko den hurrengoa.