
Sehaska kanta
Zuk ez dakizu ezer. Zer jakingo duzu zuk.
Zuk ez dakizu batzuetan errepide bazterreko seinaleak nahi nituzkeela nire inguruan, kontuz gidatu trafiko motela trafiko astuna kontuz obrak bihurgune askoko errepidea errepide arriskutsua istripu askoko bide zatia sarrera debekatuta, inguruko jendeak jakin dezan, azalpenik eman beharrik gabe, zer egoeratan nagoen, hurbiltzea komeni den edo nire ondotik alde egitea den onena. Eskertuko nuke nik, eta eskertuko luke errepidean hara-hona dabilen basapiztia jende horrek.
Ez dakizu zulo handi bat naizela lur gainean, zulo handiago baterantz daramatzadala neure burua eta ingurukoak.
Zuk ez dakizu egunez listua botatzen dudala errepide bazterrera, plastiko zatiak, galdutako txankletak, zigarrokin suharberak, belar txarren haziak. Ez dakizu, gauez, ureztatu egiten ditudala bide ertzeko amapola eta margaritak, hautsa eta inguruko belar txarrak kentzen dizkiedala, matte-matte egiten diedala.
Ez dakizu ezer.
* * *
Zuk ez dakizu urtebetetzeetarako bizkotxorik egiten. Ez dakizu bizkotxo bat egiteko irina behar dela, arrautzak, azukrea. Osagaiak eta errezeta bazenitu ere, zuk ez zenuke jakingo. Esku txiki eta trakets horiekin, zer jakingo duzu. Ez zenuke asmatuko hondartzan gaztelu bat egiten ere, miko-miko bat, sokasaltoari eragiten.
Ez dakizu jogurta jateko koilarari eusten, ez dakizu azenario egosia eskuarekin hartzen, ahuakatea mahaiaren kontra igurzten lehenbizi, zure aurpegian zabaltzen gero, begi eta bekainetan, ahuakatez margotutako Porrotx izaten, zuk ez dakizu.
Zuk ez duzu ikasiko inoiz edalontziari bi eskuez heltzen, edalontzitik ura edaten; txakurrek bezala, nahi baduzu, mingaina uretan sartuta.
* * *
Zuk ez dakizu logela prestatzen, sehaska aukeratzen, pardelak aldatzeko tokia pentsatzen, jaioberrientzako arropa erosten. Zuk ez dakizu bildutako arropa garbitu, zabaldu, jaso, doblatu eta antolatu egiten dela armairuan, 0-3, 3-6, 6-9, ez dakizu hiru hilabeteka antolatzen direla haurren tallak.
Zuk ez dakizu mesanotxea galtzen dela sehaska oheari pegatuta jartzeko, mesanotxearekin batera galtzen direla lanpara, ordularia, liburuak, egunerokoa, belarritakoak. Ez dakizu jaio aurretik ere lekua okupatzen duzula, gajo horrek.
Ez dakizu jaio aurretik ere zuretzako opariak jasotzen direla: txupeteak, zure izena bordatutako baberoak eta mantatxoak, kakorratzez egindako olagarro txiki bat, zintzarriduna.
Zuk ez dakizu olagarroek hiru bihotz dituztela. Ez dakizu ezer.
* * *
Zuk ez dakizu haur bat jaio daitekeela alutik, tripatik, jaio daitekeela burutik ere, Atenea Zeusenetik sortu zen bezala.
Zuk ez dakizu amets bakarrean bi aldiz, lau aldiz, zazpi aldiz erditzen naizela zutaz; ez dakizu amesgaiztoa dirudien edozein egunetan ere zutaz erditzen naizela; burutik, alutik eta tripatik sortzen zarela. Zuk ez dakizu, batzuetan, koloretako arrainak, labezomorroak, gorpuzkiak sortzen zaizkidala, alutik eta tripatik horiek ere, burutik. Ez dakizu plastikozko poltsa batean sartzen ditudala haragi zatiak, korapiloa egiten diodala poltsari, etxe ondoko errekara botatzen dudala, ur gainean urruntzen ikusten dudala, herria zeharkatzen duela alderik alde, flotatu egiten duela arrain hilek bezala.
* * *
Zuk ez dakizu haur jaioberri bat besoetan hartzen, burua eta besoak eta hankak irristan; zuri erori egingo litzaizuke, lurraren kontra lehertu, isil-isilik, hezur txiki horiek gomazkoak direlako, ez dutelako soinurik ateratzen, ez diotelako beren buruari ere eusten, ozta-ozta eusten diotelako bizitzari.
Zer jakingo duzu zuk.
Zuk hiltzen bakarrik dakizu. Hori egin zenuen jaio zinen egun berean; hori egiten duzu alutik, tripatik, burutik jaiotzen zaren aldiro. Sortu eta hil, sortu eta hil. Bizitzaren pertsonifikazioa zara, aldiro. Bizitzarik gabea, aldiro.
* * *
Zuk ez dakizu merkurio gustua sentitzen dela ahoan kirofanoko ohatilan etzanda, goitika egiteko gogoa ematen duela; goitika ari deneko mugimendu hori egiten duela tripak, zabal-zabalik, hesteak eta gibela eta behazuna bota beharrean.
Zuk ez dakizu mediku batzuek ez dakitela haur batzuek ez dutela sekula atera nahi amaren barrutik, umetokian bizitzen jarraitu nahi dutela hazi eta hazi, amaren eranskin bihurtuta, moldatuko direla, kiribilduko direla batera edo bestera, zilbor-hestea bera jango dutela asko gosetuz gero, badutela bizi osorako adina likido amniotiko, egarriz ez direla itoko. Ez direla itoko.
Zuk ez dakizu, epiduralak epidural, nabaritu egiten dela bisturia sabelpean ebakia egiten, azala kartoi lodi bat balitz bezala urratzen, indarrez banatzen bi aldeak, lau aldeak, alde guztietara luzatzen.
Minak ere hala luzatzen gaituela batzuetan. Alde guztietatik egiten digula tira. Zuk ez dakizu.
Zuk ez dakizu mediku batek goxo xuxurlatzen dituela belarrira kirofanoko mugimendu guztiak, ez nauela abandonatzen, hitza jartzen diola etengabe gertatzen ari denari; halako xuxurlatzaile profesionalak beharko genituzkeela munduaren gela hotz honetan, sekula abandonatuko ez gaituztenak, gertatzen ari dena hitza jarriz leunduko dutenak.
* * *
Zuk ez dakizu batzuetan nahiago nukeela olagarro bat atera izan balidate barrutik. Bizitzari fuerteago helduko liokeen zer bat. Huts egiten duen bihotzaren ordez beste bat duena, eta beste bat, badaezpada.
* * *
Zuk ez dakizu bizitzen ikasten ari garenok ere egiten ditugula hanka sartzeak. Zuk ez dakizu inork ez digula erakusten bizitzen; hanka sartzen ere ez, hori bakarrik ikasten da. Zuk ez dakizu bizitzea bizitzen ikastea dela eta konturatzea ez dakigula, ez dakigula zer egin bizitzera behartzen gaituzten egunekin eta orduekin; denboraren pisuaren kontra bizi garela, luzatzea nahi genukeela batzuetan, ahitzea behar genukeela beste batzuetan; bizitzea denborari aurre egitea dela.
Zuk ez dakizu bizitzen ikasten ari garenok ere hiltzen garela, baina beranduago.
* * *
Zuk ez dakizu hutsuneak matrioxken modukoak direla: hutsune handiago baten barruan beste bat kabitzen dela, eta beste bat, eta beste bat. Bizi oso bat bizi litekeela hutsunez hutsune.
Zuk ez dakizu matrioxken matrioxka bihurtu zarela; orain zure hutsunearen baitan kabitzen zaizkidala gainerako guztiak. Umetokian hasi eta kanporantz zabaldu zaizkit zuloak eta galerak: familiaz espero nuena, amatasunak biltzen duena, bikote-harremanean sortu duguna, emakume izateari egin diodana, umetokian dudan hau.
* * *
Zuk ez dakizu hitzek leundu egiten dutela bizitza. Bizitza gogorregia dela batzuetan, handiegia, eta ez dela ez hitzetan ez inon kabitzen; lehertu egiten dituela hitz guztiak, lehertu egiten duela gorputza.
Zuk ez dakizu errealitateari hitza jartzea errealitate hori hiltzea dela, hilarri astun bat jartzea, baina hitza baino askoz biziagoa dela errealitatea, askoz handiagoa beti, horregatik lehertzen dituela hitz guztiak azkenean.
Zuk ez dakizu ez dagoela min hau tapatuko duen hitzik. Eta ez dakizu hitzekin baino ezin diogula begiratu errealitateari hala ere, xuxurlari profesionalak behar ditugula horregatik, hitzekin egiten diogula aurre denborari.
Zuk ez. Zu isilik geratu zara; isil-isilik egongo zara. Zuk ez duzu izendatuko mundurik. Denboraren beste aldean zaudelako, horregatik da hain errepikakorra zure isiltasuna, horregatik erditzen nauzu behin eta berriz, horregatik jartzen nauzu denboraren alde estuan aldiro, bizitzak gainezka egiten duen alde honetan, hitzetatik kanpora geratzen diren mundu puska hauen artean.
Plastikozko poltsa batean sartu ahal banitu hauek ere, plastikozko poltsa batean sartu ahal banu neure burua ere, falta zaizkidan hitz guztiekin batera, eta korapiloa egin kanpotik, erreka gainean joan flotatzen hildako arrainen aldamenean.
* * *
Eta hala ere. Nahiz eta. Dena dela.
Zuk ez dakizu batzuetan ongi kabitzen naizela zure isiltasun horretan, batzuetan eskertu egiten dizudala hutsune hau sortu izana niretzat, munduan leku bat egin izana, hotza baina neure-neurea, geure-geurea, hitzik gabea.
* * *
Eta hala ere hitz egin egiten dizut, horregatik hitz egiten dizut, behingoz hizketan ikas dezazun, mundua goxatu diezadazun, nire xuxurlari partikular izan zaitezen eta belarri ondora esan diezadazun ama ama ama; behar dudan aldiro, ama.
Jaio aurretik eta jaio orduko hiltzen diren haurren amei eta aitei