Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
2026, narrazioa
108 orrialde
978-84-19570-61-1
Azala: Nagore Legarreta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
2026, narrazioa
108 orrialde
978-84-19570-61-1
aurkibidea

Aurkibidea

Erosi: 15,20
Ebook: 3,12

Aurkibidea

 

Otea erre

 

 

Sunormal aurpegia, horixe geratu zait kotxean sartzen ikusi zaitudanean, ze pentsatu dut badoa, joan egingo da, ikusi zaitut alde egitera doanaren moduan sartzen kotxean. Eta joan egin zara. Zer izango ziren, ba, hamar minutu gehiago?, hamabost igual, berdin dit, hogei? Noiz egongo gara berriz paraje eder honetan? Biok esan dugu bua ze ederra, bua, gelditu, gelditu hor. Eta kaxko-kaxkoan ikusi dugun aparkalekuan baztertu duzu kotxea, bestearen ondoan. Abandonatutako aterpetxe zahar bat: naturaren ederra eta giza hondamendia; gustatu egin zaigu, biok geratu nahi izan dugu; selfie bat, zuk eskatu didazu. Gero jarraitu egin dut, argazki bat honi eta beste bat hari, Pirinioak aurrez aurre, Orhi zurituta, eta belardi zabalak, hain bakarrik, hain isilik, hain argazkitarako, baina benga, hasi zara zu kotxera hurbilduta, goazen, eta esan dizut itxoin, itxoin e, entzun didazu, ze hau lasaitasuna, hau arnasa, hau elurtutako mendietako haizearen hotza. Eta gero gazte hauek, doinuera berezi horretan. Bista bakarrik ez, pentsatu dut, belarriak ere goxatu behar dira. Ez nuen ezer jakin beharrik baina galdetu egin diet, entzutearen plazer hutsagatik, “xiberoatarrak gütüzü, bai, altzaiarrak. Züek nonkoak zidee?”. Eta bortuez galdetu diet, neguaz, bakeaz.

      Sunormal aurpegia, eta negar egiteko gogoa. Derrepente joan zait haize hotza kotxea martxan jartzen eta alde egiten ikusi zaitudanean. Errepidean nola urruntzen zinen begira ni, eta niri begira xiberotarrak. Sunormala goitik behera. “Eramango nauzue zuek?”; baieztapena izan da. Eta sua etorri zait eztarrian gora, hesteak hartu eta tripatik erauzteko gogoa, zuri lepoan korapilatzekoa. Nolatan egin didazu hau. Nolatan utzi nauzu horrela.

      Xiberotarrei galdezka segitzeko gogoa joan zait. Argazki-kamera hartu dut berriz, disimulatzeko, eskuak eta gogoa okupatzeko, baina zurrunbiloan sartu zait burua hala ere, broma izango da, oraintxe etorriko da atzeraka lau argiei emanda, ze gazte hauek eramaten ez banaute, zer? Neure burua imajinatu dut aterpetxe izandakoan babes bila, goseak eta hotzak; egunkarietako lerroburua etorri zait: emakume baten gorpua aurkitu dute Ahuzki mendian. Amorratuta, umiliatuta, puskatuta, abandonatuta: lau aldiz hil naiz.

      Xiberotarren ondoan joan naiz kotxerantz, egurtutako zakurra, burua makur, isatsa hankapean. Atzeko eserlekuan hondoratu naiz, eta pikutara joan zait gurea. Ez du atzera bueltarik, ez esplikazio posiblerik, ez barkamenik.

      Kiskali egin zaigu geure buruarentzako opari zen asteburua. Atzo Bostmendietara abiatu, eta, lehenengo bidegurutzera iritsi orduko, hemendik da, ez hortik da, ez ginen ados jarri, eta erdi muturtuta hasi genuen bidea; gero artzain jator hura topatu genuen eta, harekin hizketan luzatu nintzela-eta, purrustaka egin zenuen goiza. Gaur Santa Grazira bueltaxka egitekotan ginen, baina zuk Atharratzeko ostatuan pasatu nahi izan duzu goiza; joan lasai, hemen itxoingo dizut. Joan naiz, baina lasai ez.

      Eta orain hau.

      Pixka batean ez didate ezer esan, isilik joan dira haiek ere; ulertu dute nonbait egoeraren makurra, lasai utzi didate puskaka-puskaka erortzen. Ni leihotik begira joan naiz. Lehen eder zen bezain basati bihurtu da paisaia: errepide estua, alde batean amildegia, bestean malkarra gora, haizeak zakartutako lurra, zuhaixkaren bat han-hemen, mendi harkaiztsuak, zerua hotz; gizakiaren arrastorik ez errepideaz beste. Pentsatzen hasi naiz ze mundu mota ote den lur puska hau, ze harreman egingo ote liratekeen harkaizpe honetan, basatiagoak ote liratekeen, basatiagorik posible ote den, ez ote diren geure baitakoak haizea, hotza eta malkarra, gizakirik ez balego ba ote legokeen abandonatutako bazterrik, ez ote genbilzkeen hobeto mendiarte honekin mimetizatuta, isiltasun eta bakardade honetan.

      Ia ametsetan bezala nindoan, eta ez naiz konturatu zer ari ziren esaten. “Hor aitzinean süa badüzü”. “Sua” entzun, eta esnatzea bezala izan da. Sutan dago mendia. Ke iluna ikusten da hor aurrean, “artzainek sü emaiten diezüe larreer otearen xahatzeko, ez dizü üdüri indar handian dagoenik, bena ikusiko”. Belztuta daude errepidearen goiko eta beheko aldeak, uneren batean errepidea bera ere sutan egona da. Beste larritasun bat sartu zait gorputzean. Tonu serioa hartu dute haiek ere.

      Kurba eta kurba artean ez dugu garbi ikusi, baina zuzenean joan gara erretzen ari den alderantz. Errepide bazter-bazterrean ikusi dugu, amildegiaren aldera, sugar handirik ez, baina zabal, mendia bezain. Eta pentsatu dut ez ote genukeen atzera egin behar. “Zer diozüe, jarraik dezakegüa?”, bota du gidariak ere. Nire ondokoak aurpegia okertu du, “ez jakin ze bide hartüko düan süak”; “gibel ützültzea agian hobe e”, proposatu du kopilotuak. Tonu arrea du zeruak, ke-laino marroixkak, eta, aurreraxeago, sua gori errepidearen bi aldeetan.

      Isilik joan gara, erabakirik hartu gabe baina aurrera. Aurrera jarraitu duzu zuk ere nonbait; ez da autorik pasatu kontrako norantzan. Lekua ere justua du errepideak inorekin gurutzatzeko. Buelta ematerik ba ote dago, ba? Larritu egin naiz. Behera begiratu dut, kotxerik ikusten ote den amilduta, kiskalita.

      Amildegiak baino bertigo handiagoa eman dit sutan den mendiak.

      Tarte batean kezko pasabidean joan gara, suaren altzoan, ni arnasari eutsita momenturen batean, honaino iristea erabaki ona izan ote den zalantzan.

      Keaz bestaldera, behor batzuk ikusi ditut pareko hegalean. Ez du ematen sua mehatxu zaienik; pauso mantsoan doaz. Nora egingo lukete ihes, ordea, garrek alde horretara egingo balute?

      Itolarria handiegia bihurtu aurretik, pasatu da. Pasatu dugu. Atzean utzi ditugu kezka, larritasuna, izua.

      “Heben dena eder dela pentsatzen düzüe züek”, hasi zait ondokoa, “dena berde eta ejer dela, ardi zonbait hor, olhatto bat heben, hiru herri ttipi ibar batetan eta beste lau ondokoan, bena hau ez düzü lilitegi bat, heben bizitü behar dizü, eta larre hauek xahatü behar ditizü noiztenka; geroago eta üsüago, geroago eta kabale apürrago dabilelako”.

      “Eta non dira artzainak?”, atera zait, ez baitut inor ikusten; “nork kontrolatzen du sua, nork itzaliko du?”.

      Sorbaldei gora egin die. “Zorte ixtoria düzü: zonbait aldiz uste beno haboro hedatzen düzü, haizea harrotzen delako bat-batetan; bena, ontsalaz, bizpahiru egün iraüten dizü sütan: otea erre, zikina jan, eta bera ehaiten düzü”.

      Ahaztuxeago dut lehengo haserrea, sutan kiskali ez izanaren poztxoa sentitzen dut orain, eta, konpartitutako sufrimenduak elkarrengana lotzeko duen indarragatik-edo, halako konplizitate bat sumatzen dut. Ni salbatu nauen hirukotearekin nindoan lehen; elkarrekin salbatu gara orain. Ondokoari eskertu diot erlatibizatu izana: zer da, ba, bizitza, zorte kontua ez bada?; suak piztu eta itzali egiten dira; otea sortzen du mendiak, eta ederra da hala ere.

      Kopilotuak bolumena igo dio musikari. “Ezagützen düzü hau? Garaztarrak dütüzü, gure lagünak”. Buruan halako eskaner bat pasatu dut iparraldeko musika-talderen baten bila. Eperrak, Maitiak galdegin zautan, Benito Lertxundi xiberotarren ahoskera imitatzen, eta Mikel Laboaren Bereterretxeren kanthoria. Ezetz egin diot buruarekin. Niko Etxart da ezagutzen dudan iparraldeko musikaririk gazteena; hori ez diot esan. “Agur, Zuberoa eta horrelakoak kantatzen ditugu guk kantu-bazkarietan”. Esan orduko damutu zait.

      “Gü folklorikoak girela erraiten düzüe züek, hegoaldekoek, bena ez dakit ez ote gitaüzüen züek folklorizatürik”, bota dit burlaizez.

      “Eta, züek, zertara jinik zidee honarat?”, galdetu dit ondokoak; “hegoaldeko apür jiten zidee honarat, maskaraden ikustera ez bada”.

      “Asteburu-pasa etorri gara mutil-laguna eta biok, baina, ikusi duzue, haserretu egin gara, eta alde egin dit”.

      Ez du inork jarraitu hizketan.

      Ez dakit ez ote gabiltzan gu ere harremana folklorizatuta, hutsuneak tapatu nahian urteurrenak ospatzen.

      Leihotik begira joan naiz berriz. Kea atzean utzita, garbi ikusten da orain amildegia: zulo bat.

      Gazteak beren kontuetan ari dira. Beorlegira doaz, urtebetetze-festa batera. Haietako baten lehengusua bizi da han, etxalde batean; gaua elkarrekin igaroko dute, eta bihar eguerdian bueltatu.

      “Bide hau dena egin behar al duzue festa batera joateko?”.

      “Soizü nora artino jin zideen haserretzera”, bota dit kopilotuak.

      “Müsika-taldea ere badizügü, eta bihar goiza baliatüko dizügü trebatzeko. Gustatüko zaizü balinba”, erantzun dit gidariak, tonua goxatuta. “Eta, zü, norat bazoaza?”, galdetu dit ispilutik begira.

      Nora noa. Jakingo banu. Bi sute zeharkatu ditut denbora gutxian.

      “Zuekin noa”, atera zait.

      “A, bom, besta eginen dügüa ordüan?”, esan dit ondokoak.

      Telefonoa joka hasi zait. Bolumena kendu diot: tonua ez dator ongi paisaiarekin, garaztarren musikarekin. Pantailaren argitan, mutu, alarma itxura hartu du zure izenak. Horrelaxe utzi zaitut, kotxearen larrialdietarako argiak piztuta bezala, atzera egin nahian edo. Orain ez dut errautsetan zikintzeko gogorik.

      “Soizü, hor düzü Behorlegi, berehala heltüko gütüzü”, seinalatu du mendiaren beheko aldera kopilotuak.