Emon biar yako
Emon biar yako
1994, nobela
140 orrialde
84-86766-56-7
azala: Lucian Freud
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1989, poesia
1986, poesia
Emon biar yako
1994, nobela
140 orrialde
84-86766-56-7
aurkibidea
 

 

7

 

Arnasa lo dagoenarena zuen, eta luze jarri zitzaion begira, inoiz elkarren ondoan esnatu izan ez balira bezala. Hurreratu eta putz egin zion aurpegira, horrelakoetan baino egin izan ez dion emetasunez, iratzartuta nahi zuen ikusi. Nola zabaltzen zituen begi biak, iragan hurbilaren oroimena ekarri gogora eta irribarre tristea egiten. Baina lo jarraitu zuen eta lasai egin zezan utzi zion.

        Hiria sentitu zuen bizirik ohetik jaiki gabe, eta guztiz zarratzea ahaztutako pertsianen artetik sartzen zen argiak goiza aurrera zihoala adierazi zion. Errauts zaharraren usaina hartu zuen, Inesen aldeko hautsontzitik zetorkiona. Bata bestearen atzetik erre zituela gogoratu du, orain kristalezko azpiaren kontra zapuztuta zeuden hirurak eta loak hartuak usaimena galtzen ote duen otu zaio. Baina han zuen elkarrekikoa ezinezkoa zela esan zionean, bera ere maiz gogora malkotan etortzen zaion aurpegi zabala, are azal beltzagoko loero geldoan, errautsetatik gordea begiak itxita dituen bitartean bederik.

        Atzamar makalez laztandu zion masaila eta leihorantz hurbildu zen. Zenbat izango ote ziren gela hartan bertan elkarri betirako agurra emango ziotenak, kalerantz egin du so. Bestea noiz esnatuko leiho hartatik bertatik jende bera, zubi bera, eguerdi aurretiko itzalaz ur garbietara etzana, beti arrangurazko itxaronaldi batekin lotuko dituen katedraleko dorre berberak ikusiko zituztenak. Haiek ere gaixorik nahi ditu, gaitzak hartuak harrizko zuztarretan. Besterentzat ere nahi duen ikasgaia du, ezer ez da betirako. Izozten zituen oinak. Leihopeko berogailura eraman zuen eskua eta itzalita zegoela ohartu zen. Kontuz sartu zen ohean, inoiz gehiago loa zainduko ez zion emakume haren alboan. Ez zuen esnatuko, haren ondoan egongo zen azkenean heldu den egunak eskaintzen zien argi guztia gelan sartu eta besoaz gerritik gora inguratuko zuen arte. Eta gizonak eskertuko zion gorrotorako aukerarik eman ez izana. Baina bazekien bigarrengorik gabekoa zena zihoakiona, eri izango zela oroiminera kondenatu nahi ez luketen sentsazioaren ostean. Betetzen antzeman zuen bere burua, dardar egin zion ezpainak. Argiak manta loretuaren gainetik zuen eskua berotzen zion. Hau da norbait betirako galtzea, pentsatu zuen.

        Mugitzen sentitu zuen, maindire zimurgabeetan igurtzi zuen aurpegia emakumeak eskuarekin aho gainera jausten zitzaizkion ileak atzeratu aurretik. Emaro zetorren lotorditik. Geroa ikusi uste izan dio ezpain mamietan. Inoiz baino onduagoak zituen, iratzartu eta batera maspilduko zaizkionak.

        —Zuk ez nauzu ni maite, zuk Antton maite duzu.

        Leba-leba zetorren gauerdia ordurako. Komunera joana zela bota ziola du gogoan. Eta isiltasuna gero, abantada bizian gidatutako auto baten motorraren burrunba kaleko hotzetan, sabaiko argi ahulak elkarren artean nahasten zituen gelako itzalak. Kanpai hotsak entzun zituen, lehenengoz hirira heldu zenetik. Eta isiltasuna berriro ere. Bizkortu egin zitzaizkion taupadak. Emakumearen adatsa imajinatu zuen, luzea haren adinekoen aldean, agian linburtzen hasiak diren bi begi handiek laztandua. Indarrez orraztuko zuen egunez bildua zerabilena, teilatuak ekarritako urak legez esku artetik ihes egin ez dakion.

        Inork ez daki zer den maite duzuna hildako batekin konpartitzea. Berekiko esan du, min handiago emango ziokeen jarraitu izan balu. Eta isilean gelditu da, zirrikituan irekitako bainugelako atera begira. Zepiloaren bidea egin du Julenek, korapiloak egiten zaizkio muturretan.

        Emakume ederra zen anaiarentzako, Anttonek ere horrelaxe entzun behar izan zuen. Eta hura bezala sumindu egiten da bera ere inoren ahotan ateratzen den bakoitzean. Zeloak, entzun behar izan dio Arronari, ezkutuko ibilaldiak norbaiti ere aitortu egin behar-eta. Zoriontsu egin zuen anaia Inesek, bera egin duena baino gehiago hagitz. Hala nahi izan du besterena, berarena ezinezko izanda. Ez da bera zoriontsu egingo duenik. Lainoz akribilatutako bihotza zuen, jaiotzetik zekien. Tristuraz hiltzen diren horietakoa.

        Bigarrenez izan du ezpainak bereen parean jarri eta haize epelez esnarazteko tentazioa, eguerdia jo arteko loa izango du bestela. Hamabietarako utzi beharra dago gela, bere alde du erlojua. Urduria du lehen aldean arnasa Inesek. Zer ote dabil buruan esnatzera doan batek?, eguzkia bere eskutik ihesi, beste gorputzaren xerka abiatua da. Bizkorrago hartuko du arnasa. Atzera bota dizkio berriro ere aurpegi gainera eroriak dituen ileak, beltzak eta indartsuak, dantzari zingaro batenak bezalakoak. Damu du Anttonena aipatu izana. Beranduegi da ordea atzerakorik egiteko, presakako barkamen eske batek ez eritu, hil egingo luke berak mami irekiak bilatu eta emakumeak masailak eskainiko dizkionean. Horrela imajinatu du agurra, musu baztertu bat, gerorako aiherraren mugan Inesek. Laster du begietan argia, beltz zabalduko ditu eta ilun: kartzela eder bi.

        Begietarako bidea egin zioten lainoek. Ez zuen inoiz horrelakorik sentitu emakume batengatik, baina bazekien maitasuna behar zuela. Hori zen anaia bigarren enboliak eraman eta emakumeak etxekoekikoak hautsi ez eta gero eta hurbilagoko gogo zuenean sentitzen hasi zena. Arnasak neurtze nahia, ihesiko bilakatuko zuen bakardadeko emana, heriotzak eramandakoen eta bizirik zirauten guztien gainetik.

        Haserretu egin zen bere buruarekin, gaiztotu odola. Elkarri minik ez egitekotan zen Inesekin, hala da, berez ahitu den zeozeren azkena zuten, klandestinitatera behartutako amodio baten agurra. Baina bazekien maite zuena oraindik. Zora Volley lurrera erortzen ikusi zuen gaueko gutuna etorri zitzaion, elkarrekin emandako hilabeteen zaparrada gero. Ikaratu egin zen irudiekin. Biktimaren harrotasunez itxaron izan zion komuneko argia itzali eta ohe ertzean eseri zitzaion arte. Gozo egin zuten oin bustiek moketa higatuaren gainean. Zigarroa biztu zuen, eta kiskeroaren hotsarekin egin zuen haren aldera. Zotinka sentitu zuenean baino ez zion pasatu eskua kamisoi barrenetik. Hitzik gabeko barkamen eskea zuen Inesek Julenen hatz dudatiak bere bizkarrezurrean behera. Eta hala ulertu zion. Bota orduko zabal egin zen kea; adar belunen pisuz makurrarazitako artea zirudien. Horrek behar zuen maitasunaren hondarra.

        Hildako batekin konpartitzea. Askotan darabilen kontua da Antton eta biekikoa, bera bezala odolak abandonatua hura ere, bien gorria nahikoa ez maitasun bati eusteko. Ospitalera eraman zuten lehendabiziko aldian egin zuen Inesekin ordura arteko egonaldirik luzeena, zedarririk jarri beharrik gabekoa.

        Argi iragaziko gela hartan itzuli zuten bizira. Aitorpen gaitza du. Poliki hasi zitzaion odola zainez zain, gero eta eman oparogoko egin zitzaion ondorengo asteetan. Betirako ahantziko zuela enbolia alu hark sinestarazi nahi zuen, biok ere behartu gintuen gezur eder hura esatera, bere kasa ari da Julen. Pentsatu du nola alboan duen emakumeak bizitza emateko beste maitasun eman zion anaiari, baina ez dagoela odolari aurre egiterik. Gantzak ez zituen inoiz ere zain haiek utziko, eta horregatik deritzo krudela gutuna bidali eta ez aste askotara ez zutela gehiago elkar ikusi behar esan zionean emandako berriari. Eta ulertu zuen, bazekien bazela besterik distantziak emandako denboran, eta gertu zegoen betirako galtzeko. Ines entzun zuen besoak gorputzaren parean luzatzen. Irribarre itunik ere sortarazi izan dio inoiz. Senarra sendatu ezin eta mediku batekin ezkondu.

        Egunonak eman dizkioten begi erdi itxiek ekarri dute emakumearen aldamenera.

        —Bai zeuri ere —haiei eutsi nahian erantzun zion Julenek, bizkarra oheburuan.

        —Zer ordu dugu? —zuzen zegoen Julen: tristeak.

        Berandu zutela adierazi zion, eta mahaitxoan utzitako erlojua eskumuturrean lotzen ikusi zuen Inesek ordurik eman ziezaion gabe. Argi ezusteko hark estaltzen zuen ohea, gela ez zen lehenbailehen abandonatu beharreko bunker erasotua baino.

        Gehiegi ez urruntzea erabaki zuten, apirileko goiz eguzkitsuak alde zaharrerako tentazioa ematen bazuen ere. Hotelaren parking ondoko terrazan eseri ziren, espaloitik eta trafikotik ezkutuan. Han zuen ordu batzuk lehenago goragotik ikusi duen harrizko zubia, itzalik gabea orain ihi iharreko ugaranaren gainean. Eguzkitarako betaurrekoak atera zituen Inesek. Arrotzagoa egin zitzaion aurpegi hura.

        —Iluntzerako egon behar dut etxean.

        Luzatzeko asmoz elkarrekin bazkaltzea proposatzera zihoanean moztu dio Inesek. Ihi artera erreparatu du, zozoak direla esango luke. Beha dago Ines ere, ez hegi hezera ordea, karrikak kamioarekin bat egiten duen bihurgunean dagoen semaforora baizik. Militarren kamioi bat, fusilak eskutik askatu gabe elkarri kolpeka dabiltzan soldaduak toldopean. Beldurtu egin da ez ote dituen begi haiek ezinbesteko uneraino bere egingo. Argiak biztuta zeramatzan, aurreko horman jo dutenean ohartu da.

        —Eta Jabier?

        Urrunerako begirada etetearren itaundu dio, ez dute semearen gaineko hitzik egiten.

        —Han segituko du, zure arrebarenean. Inprimategian lanik bada behintzat.

        Baietza ematen entzun dio erantzuntzat Inesek, gustora dagoela berarekin. Egia osoa ez esaten ez dago bekaturik, eta alferrikakoa iruditu zaio mutilak zerbait badakien susmoa duena gaztigu ematea. Zigarroa bizten ikusi du Julenek, dardararik gabeko atzamar artean hartu duenean egin dio eskumuturrean behera pultserak. Gezurra da, egun argiz gauzak ez dira gauez baino epelago ikusten.

        Zigarroa nola erretzen den, espaloiko hexagono txiki grisetara erortzen den errautsa du erloju orain. Gero, hautsa ezeze zigarrokin gorria ikusi duenean biribilka espaloitik erreten lehorrera jausten, erretzen ikusiko dion azkena dela jabetu da.

        —Gezurra bada ere, esaidazu maite nauzula —esan zuen Julenek. Johnny Guitar-ez oroitu zen. Vienna baietz esaten.

        Astiro jaikitzen ikusi zuen, mahai gainean zituen funda eta tabako paketea jaso eta eskuan hartu zituen betaurreko beltzak. Biluzi zituen begiak, ausartak.

        —Maite zaitut. Adio Julen.

        Inoiz ikusi gabeko emakume bat izan daiteke auto hutsen artetik doana, ibilera seguruko, berearen bila doala aditzera ematen duten giltzak eskuan. Desagertzen ikusi du, kolpez itxitako ate bat eta lehenengoan arrankatu duen motorra. Ez zuen han ikusi behar, atariko mahaietarako zerbitzaririk ez zegoela adierazi zion barrenera zihoan gizon heldu batek zutitzen ikusi duen orduko. Erakusleihoko botilen artetik egon da zelatan, makal ekarri du autoa jenderik gabeko mahaietaraino, leihatila beheratu du bidegurutzera heldu denean. Orduan ikusi ditu. Zatar dator zerua horma itzaltsuaren gainetik.

        Hodeien aldera jo du errepidea erdibitzen zuen lorategia atzean utzita. Behera egiten du zubi berriko bihurguneak, adreiluzko dorrearen aurrera irten duen arte. Bestaldetik pasatu den arren, begira-begira euki ditu ateko soldaduak burdina beltzeko atetik. Matrikulaz ohartu da. Han, armadaburuen bizileku zirudien auzunean zeuden gerora bertan ere ezagutuko dituen publizitate hesiak, paperezko lauki atalez eginak. Zorion beteko aurpegi irribarretsuak erakusten zituzten, erretzen, edaten edo josteko makinak erabiltzen.

        Txikiagoak ziren etxeak orain. Behin gainera helduta, zelai-zelaian dago eta lasaiagoa egin da auto eta kamioien joan-etorria. Ispilutik, goibeltzen eta gabetzen doan orbaina da hiria muinoaren gibelean. Zuzen egiten zuen bideak, lursail malguberriek lagundu zioten parkineko emakumearen irudia buruan izan zuen bitartean. Bakandu eta gorritu egiten ziren etxeak orain. Mercedes batek aurreratu zuen, eta bere atzetik joaten saiatu zen tarte luze batean, haren argi gorriak bizten zirenean bakarrik sakatuz galgari, haltz luze batzuen hostopean bolantearen dardarak makaltzera behartu zuen arte. Gelditzekoa egin zuen, lotugabeko animalia bat igerri zuen bere barnean. Zeruak gero eta tarratada handiagoak zituen zenbat eta Pancorbora gehiago hurbildu. Gorriagoak dirudite harkaitz gordinek aitzinean. Arras biziagoak haranzkoan baino. Esan lezake; izpiak amatatzen gordeko ditu.

        Depositokoak ahitu artean jarraitu zuen. Begiratzen zuen lekura begiratu, garagarraren berdeak betetzen zizkion begiak. Herririk gabeko hilerri baten ondoko gasolindegian geratu zen.

        —Betea —esan zuen.

        Apitean zegoen kanposantua, sastrakak jana bidezidorra. Nolanahi izanik ere, bernak urratu behar norbait ikustekotan. Hildakoek ere urte asko harrapatuko dizkitek hemen. Zapata hautsiak ikusi zituen gomazko mangaren muturra autoaren kapoteko ahotik ateratzen.

        —Konferentzia baterako?

        Aurrerago aurkituko zuen restaurantera bidali zuen. Berrehun metro. Hala ulertu uste izan zion. Lastoz zamatutako kamioi bat iragan eta izpizko lanbroa egin zuen bera eta behin errepidearen bestaldean zabalagoa agertzen zitzaion bailararen erdian. Lore zuriko arbola bat besterik ez. Korapilo lodiko unama zintzilik adar nagusitik, oholkia muturrean. Zinbili-zanbulu hautsia zirudien.

        Oinez egin zuen, errepidean zabaldutako galipot eman berria zoletan itsasten zitzaionean bazterreko lur zapalduan arrastatuz kentzen ikusi zuen gasolindegikoak. Euskaldunak konpontzeko utzi zion gurpil zulatua gometatik askatu eta esku bakarraz atera zuen auto aurretik. Maleta gutxi biajantea izateko, etorri zaio.

        —On egin.

        Tarta anoari ertz erreak kentzen ari zenak bakarrik ez zion erantzun, ate alboko mahaira eserita zeudenekin etxeko zakurrari etsia eman ziotela-eta nola akabatu zuen adierazten gogoa hartuta. Sukalde ondo-ondoko zokora eraman zuen nagusia zirudienak galdetu bezala Donostiarako deia zuela adierazi ondoren. Paretan egindako ziskuan zegoen esekia telefonoa, plastikozko arrosa haustu batzuen azpian.

        Larruzko kartera estutik atera duen paper muturrean jarritako zenbakira deitzen iruditu zaio nagusiari. Blaituak zituen galtzarbeak. Gidatzen etorri da.

        —Agustinekin mesedez?

        Urruti entzun du telefonoa berehala hartu duen emakumearen ahotsa. Ozenago egin gabe ea ondo ulertzen dion aproba egite aldera errepikatu dio, izena bakarrik oraingoan. Bazkaltzera joan aurretik harrapatu du. Erlojuari so egin eta baretu egin da.

        Emakumearenak baino garbiago egin du Huitzirenak eta orduan baino ez da jabetu ahotsaren azpian entzun uste izan duen idazmakinaz. Lehendabiziko aldia da telefono horretara deitzen diona, baina beti egon da goganbehartuta bulegoren bat behar zuela izan.

        —Non sartu haiz? Bazter guztiak harrotzen eman diat goiza —alatu zitzaion.

        —Tailerrerako bidean —erantzun zuen Julenek. Nahikoa zuen heltzeko oraindik beharko zuela adierazteko.

        —Emaidak horko numeroa. Neuk deituko diat.

        Bridatua igerri zion mihia. Telefono beltzak erroberaren erdian boligrafoz idatzia zuen zenbakia eman zion.

        —Bederatzi lau zazpi —gehitu zuen esandakoa idatzi zuela nabaritu zionean.

        Denbora behar izan zuen.

        —Jakin al daiteke zer puta egiten dukan Burgosen?

        Eteten entzungo du Huitzik, pisurik gabeko hari baten eroriak adina iraun duen metal hotsa. Mahaira egin du, telefonoraino lagundu dion gizon ile urdina ohartarazi gogoz.

        —Ez zen ondo entzuten eta handik deituko dit. Hemengo telefonoa eman diot —esate aldera esan diola iruditu zaio.

        Irribarreak zer egiten zuen bost inportata ere, ahal bait arinen zertzeko esaten zion. Zergatik esan du dit? Emakume bategatik ari zela ulertuko zuen. Mahaira bildutakoen inguruan segitu du, hamabiko handiaren begiak zakur zahartuaren zurituei so, nagusitzat hartu duena barra atzean sartu eta jerez bat eskatzeko aprobetxatuta.

        Luzesten hasia zegoenean jo zuen. Mahaikoek jabeari hoska entzun dituenerako zeukan eskuan.

        —Julen —entzun zuen. Ez zen telefono bera—. Irakurri al duk? Konposaketak egin eta aurrera.

        Bertan egon balitz bezala heltzen zitzaion orain. Idazmakinatik urrun imajinatu zuen. Telefono publiko bat beharbada.

        —Eta zentsurara aurkeztu beharko da bada?

        —Ez orain eta ez inprimatu ostekora. Galbahetik pasatu gabe bota behar genikek.

        Bi izen eman dizkio sukaldetik plater betez irten duen neskari barrenekoak. Nahita gelditu zaio isilik, amu du, harrotasun punttu bat, adostasuna adieraziko dion geldiunea, eta dago hark ekin beharko diola berriro ere, babesik baldin bada.

        —Hik bota. Gure kontu.

        —Konforme.

        —Azken gauza bat. Ez iezadak telefono horretara berriro deitu. Neuk bilatuko haut.

        Lotu gabeko harien gainean segitu gogo du, hasieran emandako epeen bete ezinaz komentzitu, eta ezinago premiazko deritzo elkarrekin egoteari, are beharrezkoago alderdiaren babesa duela jakinda.

        —Ba al dakizu tipo horrek ondo idazten duela?

        Zalantzatan geratu da esekitzen lehena bera izan dela jabetu denean. Ezagutzen zuenagatik, ez besterik, estiloa du faltan Huitzik. Santoñan entregatua izanak baino egiten ez duena barkagarri. Duesoko amildegia aurreko hondar muinoei harrotuta. Gau gehiegi. Lan behartuak. Aragoiko errepideak. Ez daki. Errukia da akaso.