Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

30

 

Etxera sartu direnean, Josebak komuna seinalatu dio Axiri.

      “Badakit non dagoen! Zer uste duzu?”.

      Josebak sukaldeari so egin dio Axi komunean dagoen bitartean. Barra grisak bat egiten du armairu zuriekin. Ekarriko zuen hona? Nor ote da? Benetan utzi egin behar zuen?

      Keinu batekin uxatu ditu gogoetak, eta faundu egin dira airean. Igual da. Komuneko bonba entzun duenean, atera hurbildu da.

      “Axi, orain hortzak garbitu behar dituzu. Hor duzu zepilloa”.

      “Badakit non dagoen zepilloa!” erantzun dio zakar.

      “Eta pasta”.

      Hortzak garbitzen utzi ondoren egongelara alde egin du. Ohea egin gabe dago.

      Maindireak atera ditu. Edredoia kendu eta behekoa paratzen hasi da. Txukun aritu da, maindire lisatua lisoagotzen. Gero goikoa paratu du. Urduritu egin da Axik bukatuko duelakoa egin zaiolako. Lasai. Arnasa hartu du. Badaki orain behin-behineko aldia bukatu eta behin betikoan sartu dela. Axi ez da hobetuko eta hau izango da haien bizimodua. Ongi egin dio pentsatzeak berak. Alde egin dute minek, alde egin dute haserreek, alde egin dute bizitza injustua izan delako adakerek, alde egin dute lagunek. Mesanotxeko telefono itzaliari so egin dio. Goizeko laurak direla abisatu dio ondoko erlojuak. Badaki dei pila izango dituela. Begorenak, Landerrenak, Txatorenak. Ez ditu behar. Txato beharbada bai. Utzi egingo zuen? Badaki berak ez zuela inoiz utziko. Bat-batean ohartu da izan dituen larrualdi horietan guztietan ez duela inoiz lige bakarra ere eraman Jarautako etxera, orain begien aurrean irudikatu duen veluxdun gela horretara, etxean zuena, Axi, alegia, nahikoa izan baitu istripua arte, eta hemendik aurrera ere bai; heterosexual askori arraroa egiten zaio sexua eta amodioa bereiztea, berari marika den aldetik, erraza, nahiz eta onartu behar duen Axiri ez zitzaiola horren erraza egiten, Axik joera izan duela larrua jo duenekin beste sentimendu batzuk sortzeko; “Iruditzen zait” ametitu behar izan du, hitz egin, inoiz ez baitute horretaz hitz egin. Ze kabroia! Amorantea. Eta sufritzen jarrai dezan utzi badu bizirik?, uler baitaiteke mendekua ez zela bart amildegian behera botatzea, baizik eta bizirik uztea. Urduritu egin du gogoetak, eta ihes egin nahian indarrez astindu du edredoia fundan sartzeko lanekin hasi aurretik. Ez ditu gustuko, beti trabatzen zaio, Axi Iruρean zegoela egitea egokitu zitzaion bakanetan —zein gutxi hogei urtetan— laguntza eskatu zion, bikotean bizitzearen alde onetako bat horixe dela bere buruari gogoraraziz, alegia, gauzak erdizka egitearena. Axirengan zer portzentaje dago Axitik? Hemendik aurrera ere erdiz egingo dituzte, baina bera izango da erdia gehi ia erdia. Jakingo balu Axiren zein portzentaje dagoen Axirengan, errazagoa eginen litzaioke, jakingo bailuke gauzak zenbat kostatuko zaizkion, Axik lagun dezakeenaren kopururik ez baitaki. Ala bai?; baina uxatu egin du gogoeta. Maitasuna da. Eta kito. Eta beharbada gupida, eta ardura. Eta Axi erresidentzia batean ezin sartua.

      Edredoia ohean zabaldu du. Gero komunera abiatu da. Bertan dago txoritegiko haitzetan, ispiluari euriari bezala begira. Muturrak pastaz zikindurik dituenez sorbaldatik heldu eta delikatuki kendu dizkio hondarrak. Gero zepilloa utzarazi dio.

      Halako bake bat nabari du.

      Korridorean barna bulkatu du Axi, gelarantz, haren protesten erdian: “Ez bultzatu badakit non dagoen”.

      Mesanotxeko argiak izeki ditu ilunxkoago “Axiren kordoka ez ikustearren” paratu dio aitzakia bere buruari, hilabetean buruan izan duena erokeria iruditurik orain Axiri, Axi izan denari, begietara so ezin eginez, lotsa ikus ez diezaion. Nola pentsatu zezakeen hiltzea? Josebaren erdiak ekintza gupidatsua zela aitorrarazi badio ere, beste erdiak bere burua Axiz libratzeko aitzakia baino ez dela izan adierazi dio.

      Axi, ez da Axi zenekoa, baizik eta Axi oroimenik gabea, Axi Axi dena, kordoka egiten duen norbait, entsalada jan duela akordatzen ez den eta akordatuko ez den norbait, amorantea zuen norbait —kostatu egin zaio gogoetara ailegatzea— eta hogeita bat urte ondoren bera uzteko deliberoa hartuta zuen norbait. Ezezka hasi zaizkio barrunbeak bol-bolean. Baina eutsi egin dio gogoetari, “gainera ze garrantzia du horrek orain”, hemen dago Axi denarekin.

      “Axi, ni izango naiz zure oroimena!”.

      “Oroimena?”.

      Ez dio erantzun. Hortxe dago, deslai, galtzak izterretan trabaturik, ohe gainean eserita.

      “Axi, kendu oinetakoak lehendabizi”.

      Sokak laxatzen hasi da.

      “Axi, utzi egin behar ninduzun?”.

      “Utzi?”.

      “Utzi. Ez du inporta”.

      Ez du inporta. Ez du hori jakin beharrik. Ez du garrantzirik, ez du minik.

      Belaunikatu eta oinetakoen sokak laxatzen hasi zaio hura bere egitea dela bere buruari esanaraziz. Axik burua laztandu dio estreinako aldiz bihotzekoak eman zionetik, eskuak sartu dizkio ile artetik, azala ferekatu dio arretaz, kaspa pikosta batzuk ikusi ditu erortzen mesanotxeko argitara.

      Gogoak Axiren sendaketara egin dio trosta, baina eutsi egin dio, “ez da sendatuko, hobera ere ez du egingo, horrela geldituko da edadeak ekar dezakeenari garuneko kaltea ez dugunok baino aurre egiteko ezgauzago. Baina ni izanen naiz bere makulua”.

      Bat-batean oso indartsu nabaritu du bere burua. Bizitza behin onartutakoan erraza da, edo erraza izan behar luke, behintzat. Gelari so egin dio. Armairu dotorea, larruzko ohe burua, horma griskarak, egurrezko zoru lustratua. Astean zehar Iruρean eta asteburuetan Bilbora etorriko dira. Epaileak Piliren tutoretza berea izatea onartzen badu, ez luke arazorik izan behar.

      Etika Marikaren beste puntu bat gogoratu du bere baitan, “marika batendako askoz garrantzitsuago da leialtasuna ezen ez fideltasuna”; eta leialtasuna zure ondokoari so egin eta bion arteko berdintasuna onarturik, zuri egitea nahi ez zenukeena ez egitean datza, “baztertuen arteko —ez zaio hitza gustatu baina aurkituko dute Txatorekin biek besteren bat— elkartasunean”.

      Bizitzak erraza izan behar du behin onarturik. Leialak izan dira adiskideak berarekin? Aitatu behar ote zioten amoranteari buruzko ezer?

      Galtzak atera dizkio eta poloa kendu.

      “Jantzi kamiseta, Axi”.

      Kamiseta hartu eta dorpeki janztera behartu du. Altxarazi eta ohea ireki dio. Etzan denean tapatu egin du.

      “Hortzak garbitzera noa”.

      Zepilloa hartu du eta arreta jarri du egiten ari denean, Landerrek eta Guillermok agindu bezala. Ileak hortzarteetan sartzen saiatu da, entziak igurtzi ditu, arretaz so egin dio ispiluaren aurrean duen horri. Ohitzen hasita dago geldotasunera, gauzek uste baino denbora gehiago hartzen dutelako adakera nekeza egiten baldin bazitzaion ere, laztan baten abegikortasuna du orain. Amorantea! Zer inporta du. Badaki ez zuela inoiz utziko. Gehiegi eraiki dute. Pilik tutoretza eman eta epaileak onartuta, bizi zoriontsua eraman dezakete. Eskuko telefonoari begiratu dio. Begoren, Landerren eta Txatoren deiak bilatu ditu, whatsappak. Behar denetan funtsa eskuragarri ez duen sukurtsala da adiskidantza. Ez ditu behar. Txato, beharbada. Txato, bai. Eta besteak ere bai. Funtsak ongi datoz balizko etekinengatik bada ere. Zer gutxi eraiki duten! Oro ke-seinale jolas bat baino ez delako susmoa uxatu du. Dena dela, errazago egingo zaio bizitza Lander eta Bego aldean baditu. Bego, hijaputa hori. Arretaz igurtzi du aurpegia aloe verazko ukenduarekin, begi zuloetan bereziki. Oso urrunak iruditzen zaizkio orain Andrew Motionen poemak, beste garai batekoak ia, ez duen min batekoak. Lasai dago. Kainua itxi du eta logelara abiatu da. Sabaiari begira dago Axi.

      Eta halako poz ero batek hartu du Joseba, kolkoa betetzen dio, ia airean jaso du. Inguruetara begiratu du nondik datorren bila. Mesanotxeak, horma grisak, argi iragazia, edredoi zuria, armairua, zoru lustratu ilundua. Ez dator inondik bere baitatik baizik. Poz ero hori.

      Etzan eta Axi besarkatu du fuerte, haren harridurarako.

      “Zer gertatzen da?”.

      Azken aldiz egingo du froga.

      “Axi, bihotzekoak eman zizun eta oroimena galdu zenuen”.

      Begiek bere begiak bilatu dituzte.

      “Niri!? Ez! Hori gezurra da”.

      “Arrazoi duzu, gezurra da”.

      “Banekien”, egin dio arrapostu Axik, “gezurra zela. Sirenak isildu zaizkit”.

      Handitu egin zaio poza, kolkoa areago bete. Bera izango da Axiren oroimena, herri amnesiko batean bizi den bikote amnesikoa izan ez daitezen. Badaki aurrera poza izango duela, ez zoriontasuna, baina bai poza, uholdeka, erretiratzean, bizitzaren maxkala itsasoko ur putzuetako tontorrak balira bezala agerian utziz. Heteroendako udalekua da zoriontasuna. Poza bakarrik. Poza. Aldrebesa, bai, baina poza, azken finean.