Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

23

 

Lanaren ondoren etbren egoitza berriaren inguruan dauden taberna kaskar horietako batean gelditu eta hurrengo egunean ez zela lanera etorriko esan zionean, ez zen gehiegi harritu, ez lanera ez zetorrelako ̣—gauza arrunta, etbko langileek erreportaje eta abarrak egiteko egunak hartzen baitzituzten—, baizik eta gauza inportanteak ustekabean bezala esaten zituelako, informazioa erregalia moduan ematen ari zitzaizuneko adakera harekin. Dena dela, ohituta zegoen Axi Mirenekin lehiatzera. Haien artekoa ez zen Bego eta bere artekoa bezalakoa, ia anai-arreba egin zituen zerbait, baizik eta lankidetza, errespetua eta halako distantzia batetik sortutako zerbait, Axik desioak zintzilikatu ezin zuen toki bat, beharbada, Miren Akerretak profesionaltasunaren ezkutuaren atzean ostenduriko zer bat saltzen zuelakoz, zeinari mina eta herabetasuna susmatu ahal zitzaizkion.

      Baina Axik begiratzen zionean, profesionaltasun hutsetik eta hutsera mugaturiko harreman hari errespetua sortzen zitzaion. Gauza gutxi jakin izan zuten batak besteagandik Iruρean batera lan egin zutenean, salbu eta Axiren lehendabiziko egun haietan elkarrekin egin zituzten erreportaje haiek; aita 1993an hil zutenetik Mirenek ezin izan zuen Iruρean laketu, eta hura utzirik Bilbora etorri zen, Axi etorri zen garai bertsuan.

      Zaila zen erabakitzen Miren Akerretaren nortasun haren oinarrian —lanerako lehiakortasun prostestantean, esaterako; edo seriotasun pisu eta duinean, zeinak, bestalde bat egiten baitzuen hainbat lesbianek, bereziki Euskal Herrikoek, maskulinitateari aurre egiteko ezkutu moduan garaturikoarekin— nazioa zegoen, alegia, aitaren hilketa, edo aukera sexuala, heterosexualitatean ezin egokitua. Kontua zen Miren Akerretarengan ezerk ez zuela iradokitzen arintasuna, eta beharbada Axik bere desioen bitartekotzat ez zuelakoz, beste mota bateko harremana zuen harekin. Eta Axi bera ere, nortasun bikoitzekoa izanik —horretarako zen Gemini, pentsatzen zuen Josebak— serio, eta larri, eta geldi bilakatzen zen, ia hotsandi.

      Lagunak egin ziren, beharbada, Nafarroan ezagutu eta aldi berean etorri zirelako biak ere lanera; lagunak egin ziren, baina ez ateratzeko, edo elkarri haien bizitza kontatzeko moduko lagunak, baizik eta eremu komunean dabiltzala jakinik etsai bera izan dezaketela uste duten lagunak; zorionez ez zieten etsaigo desberdinei aurre egin behar izan. Axik gainera bere alde egin zuen beti, normal hitz egiten zion, mundu guztiaren aurrean, ez beste batzuk bezala, zeinak, Akerretak susmatzen zuen, bakarrik harrapatzen zutenean aiseago aritzen baitziren berarekin, besteen begiradapean, “enpresari erailaren alabarekin” baino, batzuk-batzuk lotsaz, errukiz, harro baten bat, eta beste batzuk zuritasun gisa uler zitekeen gehiegizko elkartasunez. Urteekin hori ere aldatu egin zen. Ia traidorea izatetik, 2010. urtean, krisiaren hirugarren urtean, Miren Akerreta besterik ez zen. Informatiboetako burua. Eta azken boladan Dolutan filmaren egilea.

      Axik begiak keinatu zituen Termibusen parean zegoen taberna itsusira sartzean. Han ez zituen inork ere elkarrekin harrapatuko, ezta nahi izanez gero ere. Txikia zen, hiruzpalau aulki altu baino ez ziren ageri, eta Athleticeko bandera erraldoia. Bertan zegoen Miren agertu zenerako. Betiko seriotasuna arindurik zegoela pentsatu zuen Axik, beharbada haurdun zeudela —denbora zeraman haren bikotekideak ezin haurdun gelditu— eta hortik poza, eta etb barneko kafetegitik atera beharra, lehendabiziko aldiz zerbait pertsonala komentatzeko.

      Misterio airea zerion.

      “Inork ere ez daki, baina bihar komunikatu bat aterako dugu Donostian”.

      Axik arinkeria bildu zuen eta zurrundu egin zen, Josebak esaten zion bezala, zurruntzearen itxurak egiten zituen guztietan bezala, ahotsa sendotuta.

      “Nork aterako duzue komunikatu bat?”.

      Mirenek barkatzeko eskatu zion, “bukaeratik hasi naiz-eta. Irlandan, Glencree delako leku batean, euskal gatazkak eragindako biktimak bildu dira 2007tik hona. Santi Brouarden alaba, Zabalaren ahizpa, etak aita militarra erail zion seme bat. Eta ni ere han izan naiz. Bihar aterako dugu komunikatua”.

      Axik ez zuen ezer ulertzen.

      “Miren, berriz ere”. Hura ez zen betiko Miren zurrun, protestante, antolatua.

      Orduan Miren xehe-xehe hasi zitzaion azaltzen 1993tik hona bizi izandako mina. “Mesedez, ez kontatu inori. Josebari bakarrik”. Hasieran ez zuela sinetsi, areago, aita hil ziotenean harekin haserre zegoela ez zitzaiolakoz gustatu alabak —marimutila, baina alaba— esan ziona, alegia, Bilbon ezagututako neska batekin jarriko zela bizitzen Iruρean. “Lesbiana zikin bat bezala bizitzen?” bota zion, gauza inportanteak esan behar zituenean egiten zuen moduan, gazteleraz, Etxarri Aranazko euskara hura alde batera utzita. Eta orduan Mirenek esan zion: “Aita, lesbiana naiz, horregatik jarriko naiz neska batekin bizitzen”.

      Ez zion begiratu ere egin. “Lotsamangarria” esan eta alde egin zuen, obraren batera, ezkondu aurretik Liberian lanean egindako diruarekin sortu zuen Nafarroako eraikin enpresa handi haren obraren batera. “Baina ni langileak baino lehenago egoten naiz obran!”. Asko eraikitzen ari ziren garai hartan Nafarroan, eta aitak aprobetxatu egin zituen, jakina, upnrekin zituen harremanak, bereziki Allirekin. “Alli euskaltzalea da” esaten zuen. Kontua da haserre zeudela Miren Akerreta eta aita, etak hil egin zuen unean. Mirenendako ustekabeko itzela izan zen, aitak “lotsamangarria” esan eta etxetik alde egiteko esan eta astebetera...

      Eta Glencreen horixe kontatu zuen duela bi urte. Horixe esan behar izan zuen: “Nire aita hil zutenean, haserre nengoen berarekin”; eta gero isildu; gosaldu ondorengo saioan bigarren txanda harturik, ahotsa dardaran, hasieran leihotik ageri zen berde izugarri hartan begiak iltzaturik, nor zen kontatu behar izan zuen: “Miren Akerreta dut izena, eta aita eraikitzailea zen”. galen bi biktimen senideek ezagutzen zuten, noski, aitaren etxarri-aranaztartasuna, euskaltasuna, eajrekin izan zuen lotura, Alliren adiskidantza asko aipatu baitziren atentatuaren ondorengo egunetan, eta gero. Akerreta. Famatua egin zen abizena, etak euskaldun bat hil zuelako, lehendabiziko euskalduna balitz bezala. Eta gero berriz ere: “Nire aita hil zutenean haserre nengoen berarekin”, euskaraz, eta gero gazteleraz. Mahaiaren inguruan denak, bat edo bat kikarari helduta, besteren bat kutxarillari eraginez, begiak handiturik, zer esango zuen espera, irribarre abegikorra ezpainetan —bezperako saioak zaildu egin zituen, bestela entzutera behartu, komunitate bat sortu, hauskorra baina komunitatea azken finean— aurrera egiteko laguntzen ziotela.

      “Ezin izan nion adios esan”.

      “Ez kezkatu” ebatzi zion militarraren semeak gazteleraz, “guk ere ez”; ondoan zituzten bi psikologoen aholkuez bestera, arauak hautsiz komunitate zentzua sortzen gehien laguntzen zuen.

      Eta Miren isildu egin zen psikologoari ezinezko keinu bat eginez. Ez dagoela zertan kontatu, neurriak, mugak eta hemen entzuteko eta bakoitzak nahi eta ahal duena kontatzeko daudela, ez gehiagorako. Eta ia beste norbaitek hitz egin nahi zuen. Eta militarraren semeak eutsi zion aurreko egunean, ausarki kontatutakoa zipriztintzeari, doitzeari... Hogei urte zituela, egun berrogeita hamar izango zituen, nola esnatu zuen halako danbateko batek, eta leihotik begiratu zuenean aitaren autoa ikusi omen zuen, sutan. Ardaila, eta halako beldur bat. “Oinutsik jaitsi nintzen kalera, Paseo Salamanca, San Sebastian. Aita, ama! egin nuen garrasi. Eta gero itzal batzuk ikusi nituen garren artean. Ez naiz gehiago akordatzen”. Doitze bat nabari zitzaion, trebeziak bezaturiko min bat, jada minaren arrastoa baino ez zena. Eta Mirenek pentsatu zuen gizon hark urre gorria balio zuela, aitaren etxarri-aranatzeraz esanda.

      Bukatutakoan berriz ere hitza hartu zuen eta esan zuen: “Aita eta biok haserre geunden, lesbiana naizela esan niolako”.

      Eta orduan burua altxatu zuen eta Axiri begiratu zion taberna ilun hartan, atzean Athleticen bandera zuela. Eta Axiri iruditu zitzaion lehendabiziko aldiz utzi zuela alde batera Miren Akerretak zurruntasun hura.

      “Pelikula bat ematen du, ezta? Idoiak baino ez daki, eta Irlandatik itzuleran kontatu nion, duela pare bat urte edo”.

      Mirenek lesbiana hitza bota zuenean, mahai hartan horren zegoen bere baitara bildurik, besteen begirada eta abegi keinuak mutu bilakatu zitzaizkion. “Haserre geunden, ez zuen ulertu, ez genuen aukerarik izan”.

      Iruditu zitzaion bertan zeuden zortzi lagunek atzera egin zutela, nor bere baitara gorde zela, eta, beharbada, ez zegokion zerbait esan zuela, han esan ezinezko zerbait, gatazka madarikatuari ez zegokion zerbait.

      Bitartekaria, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Aldeko Kontseiluko profesional hura, ezustean harrapatu zuela iruditu zitzaion, eta damutu egin zen ezer esan izanaz. Eta nekea nabaritu zuen, eta mina, bi min haiek min bakarra bilakatu zitzaizkiolako, eta min hura mahai haren erdian gelditu zelako trapu zikin tzar bat bezala, inor hartzeko higuingarri.

      Isiltasuna egin zen mahaiaren gainean. Mirenek berdearen kontsolamendua bilatu zuen, baina kontsolamendua ez zitzaion etorri. Altxatzekoa egin zuen, baina ez zen ausartu, txikitatik ikasitako aitaren eginbeharrarekiko hotsandi hura zio, zeina aitaren heriotzarekin areago zurrundu baitzitzaion berak eutsi behar izan zion-eta amaren gainbehera azkarrari nola anaiaren noraezari. Eutsi, zer aditz malgua euskaraz.

      Bitartekariak keinu abegikorra egin zion eskuarekin, segitzeko erregutuz.

      Eta orduan Mirenek urteetan gordetakoa ahoskatu zuen, hitz bakoitza kutxatik atera, aztertu eta aukeratu eta bere tokian paratuz; ideiak atonduz min hura izenak enborretan bezala zizelkatuz: bi gauza nahasten zitzaizkiola, aitak ez onartu izana eta aita hil ziotela. Esan ziotenean, gogoratu zuen, hamabost egun ziren aitarenetik Idoiaren etxera alde egin zuela, eztabaida hura izan gabe; “Bueno, badakizue baskoak... ez zen eztabaida izan, ez zen elkarrizketa izan, esan gabeko hitzen elkarrizketa izan zen”. Amak ez omen zekien ezer, ba omen zekien haserretu zirela, baina ez zergatik. “Denok irakurri dugu, denok joan gara psikologoengana, denok irakurri dugu doluari buruz”. Gero isildu egin zen. Korapiloa askatzen hasi izanak eragindako ausardiak bultzaturik, banan-banan so egin zien: gizaki arruntak, inork ez luke pentsatuko barnetik eraman izan duten guztia, mundua ez dela justua bat-batean ikasi izanak utzitako aztarnei erreparatzeko arretaz begiratu behar zen, eta hala ere, nekez ziren aurkitzen: begietako bustidura gehiegizko bat, dardara antzeman ezinezko bat, zigarroa erretzerakoan halako inpazientzia keinu faun bat, gorputzaren presentzia zurrunetik barnera zerbait ezkutatzen deneko seinale ahulen bat. Mirenek ulertzen zutela jakin zuen. “Zuek zarete hil zenean elkarrekin haserre geundela esaten lehendabizikoak”. “Hil zutenean” gehitu zuen gero. “Hil egin zuten” bota zion Axiri, ez baleki bezala. “19 urte eta 17 egun egin ditu gaur”.