Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-16-9
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

Mendi-negarra

 

Zuk esanda dakit banaizena

Ibaiak ur-hesiak ditu bazterretan

Urkiagatar Estepan, Sid Vicious, Susana Arregi ezagutzeko zabalik dagozan leihoak

Bertatik ikus gaitzakete hondar zakuz ezponda berritzen

Mugalari jazartuak gordetzeko ginoan

Iristen da ez deirik ez txostenik ez den unea

Lurra dorre bat bezala eraikitzekoa

Jendeak nora doan badakiena minaren bíhotzera landatuak bagina legez

Zuk esanda dakit banaizena

Ez ninteke bizi bihotza euskal etxe bat balitz bezala

Beti bestelako, auzoei egotziz adorearen zama, zorionarena

Ez ninteke bizi urondo miatzen poema batean atoitua, almitz azaoa da nire libertatea

Uholak itsustu zoztorrak defendituko ditut

Gauaren ubera dragatze isilean

Onartzen dut itoek hiriko irteerak, loa jagon diezaguten

Lur urasetuan biziko garela

 

Zuk esanda dakit banaizena

Lainoa altxatu du eta haitzarriak sumatzen dira behean

Hitzak hilik datoz pareta atzenduetara berriz balaka ditzaten

Ez daukagu beste armarik bakartasun hezigaitz hau berresteko

Gor jaulkitzen da herra nire besondoetatik

Zure minari eutsi nahi diot orube abandonatuetan

Ezerezean gora igaiteko diren zubiotan

Non da orain larderiazko gorazarrea, denok elkartzekoa zen epaia

 

Zuk esanda dakit banaizena

Esku lagunkoien aurrean ate giltzatuak gagoz, ohar basituak

Gure itzalak derrota txipiez ari dira estrata urpetuetan

Laino-tutuak geure neurriko olatuen pean lo harrapatu gaitu

Euren izenaren tirainari lotzen natzaio goizero leihotik

«Susana!», «Sid!», «Estepan!»

Eta oraindik banaizen egiaztatzen dut, alboan zaitudan

Gero hainbatgarrenez lur laketu ezin bat agintzen dizut, buruz buruko itzulmina

 

w 1995