“Denona den hori da kapital publikoa” diosku egileak, “inork beretzat bakarrik hartzerik ez daukana: gabiltzan kalea, arnasten dugun airea, mintzo garen hizkuntza, pertsonak, oroitzapenak, egunkaria, sentimenduak”. Gogoeta sozial eta politikoetatik abiatu eta eguneroko bizimodu intimorainoko bidaia bat erakusten digu Jose Luis Otamendiren poema-liburuak. “Galtzerik nahiko ez nituzkeenak, salatzeko modukoak iruditzen zaizkidanak, babestu beharreko jotzen ditudan gauzak dira poema hauen muina. Kapital publikoa zaindu beharreko mundu egingarrien aukera da”.