
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
(Basa-haizea gogotik ari du.)
ELDARNIO
Fikziozko gertaeretan oinarritutako errealitatea.
8.100 metro
(Zazpi mendizale ilaran, zeharo akituta, mendian gora ezinean. Isiltasun erabatekoa bat-batean.)
“Isiltasuna jainkorik behar ez duen tenplua da”. Roberto Juarroz.
(Haize erauntsia berriro.)
Zazpi mendizale hauetako bat hiltzeko zorian dago.
Gainerakoak haren delirioak eragindakoak dira.
(mendizaleak desagertzen doaz bakarra geratzen den arte, leire. iraia eta sandra agertzen dira, leireren pisukideak.
iraia: Alpeetan ibiltzea gauza bat da, baina Himalaia beste kontu bat da, joder! Zer nahi duzu esatea, niri rollo txarra ematen dit. Izena ere ez dakit barregarria edo beldurgarria den: Makalu. Seguru esanahi mistikoren bat izango duela, jainkoren baten izena igual. Mendiak jainkoak dira, eta gu tonto mortalak. Nork erabili du lehorgailua? Zergatik ez duzue bere tokian uzten? Hain zaila da gauzak ongi egitea?
sandra: Baina laguntza izango duzue, ezta? Ez dut zu joaterik nahi.
iraia: Atzo Javirekin egon nintzen, bikoitza kobratu nahi du zure ordez klaseak emateagatik, a ze aurpegia duen tipoak.
sandra (leireri): Ez nizun musu eman behar, badakit. Ezin izan nion gogoari eutsi… Jakingo bazenu noiztik desiratzen zaitudan… Barkatuko didazu inoiz? Begira, dardarka nago. Hotza egiten du, ezta? Sekulako hotza egiten du.
iraia: Imajinatzen duzu ama aurkitzen duzula?
sandra: Joder, Iraia!
iraia: Bueno, aukera bat da, ezta? Zuk ere gauza bera pentsatu duzu, aitortu egia. Ez diozu ezer esan behar? (leireri) Begira, nahi baduzu ni arduratuko naiz zure ikasleez, ez da sekulako maila beharko umeekin ingelesez aritzeko, ezta? Nazkatuta nago filosofiaz.
sandra: Ez naiz damutzen. Badakit ez nuela ondo jokatu, badakit zigorra merezi dudala. Onartuko nuke, zigorra esan nahi dut.
leire: Nik ere eman nizun musu, baina ez dakizu lotan zeundelako. Zure ondoan kuzkurtu nintzen, eta musu eman nizun bizkarrean.
iraia: Ez dakit zergatik proposatu zenion Javiri zure partikularrak ematea.
sandra: Geratu hemen, geratu nirekin.
iraia: My name is Iraia, I am your teacher. The pencil is on the table. The table is in the kitchen. Makalu is a fish, the fish is in the sea. Errepikatu orain zuek.
sandra-leire: Makalu is a fish, the fish is in the sea.
iraia: Joder! Ze irakasle ona naizen!!!
sandra: Ez joan, Leire, mesedez. Ez, orain. Ez segi aurrera. Arriskutsua da! Bakarrik zaude!!! Ezingo duzu lortu!
iraia: Azkenean! Nork utzi du lehorgailua hemen?
leire: Joan egin behar dut, joan egin behar dut!!!
iraia: Joder, ez dabil.
sandra: Sakatu gogor, pesada!
(iraiak lehorgailua martxan jarri eta haize erauntsia areagotu egin da. Denak desagertzen dira, leire izan ezik. leirek nekez iraun dezake zutik eta lau hankatan geratzen da.)
Altuerako gaitz sinple batek globulu gorrien masa eta hematokritoen balioa jasanezin bihur dezake.
Eskuineko bentrikulua handitu egiten da. Presio arterial periferikoa erortzen hasten da.
Kongestio-gutxiegitasuna dator, eta, seguruenik, heriotza. Altuera txikiagora jaistea ezinbestekoa da.
(kazetari taldea agertu da.)
kazetaria: Zergatik justu mendi hau? Zergatik Makalu?
kazetaria 2: Ez zara beldur? Zure amak lortu ez zuena zuk egin nahi duzu?
kazetaria 3: Zure ama igo zen bide beretik igoko zara?
kazetaria 4: Elur eta izotzak urtzen hasi direnez, eskalada arriskutsuagoa da orain. Ez zara horren beldur?
kazetaria: Batzuek diote zure amaren gorpua gailurretik hurbil egon daitekeela. Hori al da zure helburua, zure amak gailurra egin ote zuen edo ez jakitea?
kazetaria 5: Amaren oroitzapenik baduzu? Zer iritzi du zure aitak espedizio honen inguruan?
kazetaria 2: Ba al dakizu burmuin edema baten ondorioz garunaren bolumena handitzen dela, baina garezurraren zurruntasunak handitze hori mugatzen edo eragozten duela? Ba al dakizu horrek sintoma neurologikoak eragiten dituela, oso azkar eta larriak gainera, eta laster has zaitezkeela haluzinazioak izaten?
kazetaria 6: Ba al dakizu haluzinazio hauen ondoren komara irits zaitezkeela?
kazetaria 3: Badakizu baseko medikuak artatu behar zaituela berehala? Zure egoera oso-oso larria dela?
kazetaria: Gu al gara zure haluzinazioen parte?
kazetaria 6: Nola esaten da haluzinazio ingelesez, irakasle?
kazetaria 5: Taldekide onak dituzula uste duzu?
kazetaria 4: Zergatik ez du zurekin etorri nahi izan zure amaren espedizioko inork?
kazetaria 3: Zer gertatu zen zehazki duela hogei urte?
kazetaria 2: Zer gertatu zen zehazki duela hogei urte?
kazetaria: Zer gertatu zen zehazki duela hogei urte?
(Kanpaleku nagusitik iñakik leireri egindako irrati deia entzuten da. Kazetari guztiak desagertzen dira bat izan ezik, kazetaria.)
iñaki: Nahikoa da, Leire, bukatu da, itzuli egin behar duzu. Lukasekin komunikazioa galdu dugu. Talde bat zure bila atera da, Jordano haiekin doa. Baina dena ondo badoa ere, zazpi-zortzi ordu beharko dituzte zuregana iristeko. Denbora gehiegi da. Leire, jaisten hasi behar duzu! Altuera galdu behar duzu! Esan zerbait, mesedez, jaitsi egin behar duzu!
kazetaria: Mendiko heriotza atsegina dela diote, lasai-lasaia, heriok magalean hartzen zaituela, belarrira xuxurlatzen dizula “egizu lo”, besarkada izotza. Agian orain ikusten ari zara Heriotza. Aukera banu gustura egingo nioke elkarrizketa. Esan, ikusten ari zara Heriotza? Sentitzen duzu haren presentzia? Hala balitz esango zenidake, ezta? Abisatuko zenidake, ezta? Esango diozu elkarrizketatu nahi dudala?
(leireren ama agertzen da, idoia, leire bezain gazte, hura ere goi-mendiko arropekin, duela hogei urtekoak.)
idoia: Metro batzuk gorago gaude. Ze gertu zauden, ia lortu duzu, azken ahalegina. Oraindik baduzu abagunea. Bilatu oxigeno botila abandonatuen artean, ziur baten bat erdi beteta egongo dela. Ez al zara nitaz gogoratzen?
(Bigarren Idoia bat, ama 2, agertzen da.)
ama 2: Ez al zara nitaz gogoratzen? Zu ez zara gailurrera igotzeko asmoz etorri, ezta? Nire bila etorri zara.
idoia: Edo agian ez, agian zeure burua aurkitu nahi duzu. Ez zara nitaz gogoratzen?
kazetaria (hirugarren ama baten rola jokatuz): Ez zara nitaz gogoratzen?
ama 2: Ez duzu gogoratzen nire usaina? Ez duzu gogoratzen gure abestia?
idoia, ama 2 eta kazetaria:
“Guk ditugu eskutxo bi: eskuma eta ezkerra.
Eskutxoak elkarturik jolasten dut nik.
Eskutxoak elkartuta tximeleta egiten da.
Tximeleta handia zeruan dantzan”.
leire (idoiari erreparatuta): Jada ez naiz ume bat.
idoia: Ikusten dut, emakumetu egin zara.
(Ur tantak erortzen hasten dira, urtze prozesua hasi den seinale. leirek betaurrekoak eta gorroa kendu dizkio amari.)
leire: Eta zu… hain zara gaztea…
idoia: Ia adin bera dugu.
leire: Hotz naiz, ama.
idoia: Bizirik zauden seinale.
leire: Gailurrera iritsi zinen? Merezi izan zuen? Zer pentsatu zenuen? Gurekin akordatu zinen? Gogoratu ninduzun?
idoia: Bai, noski.
(andres agertzen da, leireren aitaordea.)
andres: Zergatik ari zara gezurretan? Zu eta zure mendiak, zure harkaitz puta horiek. Ihes egitea besterik ez zenuen buruan, ahalik eta urrutien ihes egin. Eta azkenean lortu duzu, ezin da egin duzuna baino urrunago ihes egin. Hiru urte besterik ez ditu, joder! Utzi egingo duzu? Hiru urteko alaba abandonatuko duzu mendi puta bat igotzeagatik?
idoia: Joan egin behar dut, joan egin behar dut! Ez egin tranparik. Ez dizut inoiz ezer eskatu.
andres: Dena emango nizuke eta! Baina ez litzateke nahikoa izango, ezta? Ezin da lehiatu aseezina denarekin.
idoia: Ba al dago munduan erabat ase dagoen pertsonarik? Zu ere zahartu egin zara. Barkatu, baina ez daukat damurik. Barkatu, baina oraindik ere han egon nahiko nuke. Lotsagarria da. Lotsa ematen dit neure buruak. Gaizki pasatzen dut, badakizu? Goragalea, beherakoa, itolarria. Askotan hirurak batera. Mina, sekulako mina, gorputz osoan. Eta zeure burua, “geldi, geldi, geldi, nahikoa da, ero alua, nora zoaz? Nor zarela uste duzu? Geldi hor. Geldi hor, puta zikina! Putza balio duzu”. Eta bihotza lehertuko zaizula pentsatzen duzu. Baina, harrigarriki, kapaza zarela ikusten duzu. Oraindik ere gora egiteko gai zarela. Motel, baina gora. Eta gora, eta hain urruti zegoen muinotxoa zapaltzen duzunean, beste horma hari erreparatzen diozu. Eta gero hurrengoari. Dena bihurtzen da ulertzeko hain erreza… Hain da sinplea dena… Badakit zer pentsatzen ari zaren. Badakit zer dioen zeure buruak. Baina zer dio gorputzak? Entzun gorputzari. Ni oso naiz koldarra. Baina nire gorputza… ai, nire gorputza ez, ez da.
(idoia badoa.)
andres (leireri): Goazen etxera, maitea, goazen etxera. Itzuli egin behar dugu.
leire: Ezin dut. Ia ez ditut hankak sentitzen.
andres: Asunen jatetxera eramango zaitut afaltzera, ondo iruditzen zaizu?
leire: Bai, mesedez. Mesedez!
(asunen jatetxea. asun eta zerbitzariak agertzen dira.)
asun: Baina, baina, baina… ze sorpresaaaaaa, ze sorpresaaaaa, Leiretxu, polit hori, ze aurpegi eskasa duzun, neska!!! Prestatu mahaia, ekarri jatekoa!!! Segituan aldatuko dugu aurpegiera hori!!! Eseri, eseri lasai. (andresi) Hildako bat dirudi!!! Hildako mamu bat!!! Qué graciosa!!! Negar egiteko gogoa ematen dit. Qué graciosaaaa!!!!!
andres: Agian ospitalera eraman beharko genuke.
leire: Bai, ospitalera, baina jan eta gero.
asun: Klaro ba, nola bestela! Ospitalera arropa garbiarekin eta sabela ondo beteta joan behar da, han ez duzu hemen bezain ondo jango.
kazetaria: Zer emango diozue jaten?
(zerbitzariek zaborra eskaini diote, mendian pilatzen den zaborra, hala nola, eskularruak, plastikozko poltsak, botikak, banderatxoak, botak, lo-zakua…)
asun: Sasoi-sasoikoa jango du. Ama Lurrak ematen diguna. Gora Ama Lurra, gora, gora, gora! Baina ez hain altu, kabroia! Txanpion txanpiñoiak, porrusalda igotzeko malda, banderola banderillak…
kazetaria: Zortzi milatik gorako mendi bat egiteko nahikoa energia izango du?
asun: Zortzi milatik gora?!!! Ekarri janari gehiago!!! (leireri) Dena jan behar duzu, e, hemen ez dugu ezer botatzen.
(leire jaten saiatzen da denak begira dituen bitartean.)
leire: Ez dago ona, zaborra da!
asun: Nola ez dagoela ona? Ze zabor eta zer demonio?! Mendian jasotako produktuak denak! Denak fresko-freskoak! Probatu duzu antena parabolikoa? Non dago? Zergatik ez duzue ekarri postrea? Ekarri antena parabolikoa.
leire: Ez dut nahi, benetan. Nazka ematen du!
asun: A ze nahigabea, a ze nahigabeeeeeaaaa... la muy zorra…. ¡Malcriada! ¡¡¡Más que malcriada!!! Nazka ematen dit, nazka ematen dit. ¡¿No te jode?! Akabatu egingo dut ume petrala! ¡¡¡Hija de puta!!! Ondo kostata prestatu dugu hau guztia, badakizu?!!! Bizi osoa lanean eta kexuka?!!! ¡¡¡Malcriada, más que malcriada!!!
(zerbitzariek indarrez eraman dute asun.)
andres (kantari): “Guk ditugu eskutxo bi, eskuma eta ezkerra…”.
leire: Ez naiz ume bat!!!
kazetaria (andresi): Barkatu, nor zara zu?
andres: Aita naiz.
kazetaria: Nola aita?
andres: Arazoren bat?
kazetaria: Arazorik bat ere ez. Baina… zalantza sortu zait… Zera, zu… beltza zara.
andres: Ez naiz aita biologikoa, baina aita naiz. Besteak Leire jaio eta berehala alde egin zuen, kabroi zikinak. Zer iruditzen zaizu? Harrezkero ez naiz harengandik banandu. Orain dela gutxi arte, bi lagunekin bizitzera joan baita.
asun (aldarte onean bueltan): Bueno, ea honekin asmatzen dugun: fideo zopa.
(Delako fideo zopa, berez, eskaladarako soka bat da. leire jaten saiatuko da, baina ez du asmatzen.)
andres (kazetariarekin oraindik): Eta asko maite dut, hori bada galdera. Eta kezkatzen nau. Asko kezkatzen naiz, asko. Uste dut ez dagoela inor berataz gehiago arduratzen denik. Kezkatuta nago. Etengabeko kezka da, gupidagabea. Kontsumitzen nauen kezka… Larria kezka, kezkagarria…
kazetaria: Ja, listo, nahikoa da. Ez zen hori galdera eta.
asun: Behin ni ere hiltzeko zorian egon nintzen. Zartaginak sua hartu zuen, eta gero ezkaratz osoa hasi zen sutan. Hura zen kea, hura zen itolarria, herio ikusi nuen niri deika: “Zatoz, zatoz…” eta nik: ¡¡¡Hijo de puta!!! Ez da nire ordua iritsi, ez da nire ordua iritsi!!!! Zoaz popatik, herio makurra!!! ¡¡¡Largo o te mato!!! ¡¡¡Que te mato, eh, que te mato, que estoy muy loca!!!
(leire bakarrik geratu da sokaren beste muturretik tira egiten dion kazetariarekin.)
“Ez egin apustu, ene arima, bizitza hilezkor baten alde, baina ahitu ahitzea posible den oro”. Pindaro.
(Ohore eta omenaldi herriko heroiari. Herriaren agur instituzionala, alkatea buru. Harekin bat, dantzaria, asun, leireren aita eta sandra.)
alkatea: Leire Okendo Susperregi, Idoia Susperregi handiaren alaba. Zure ama herriko kuttun egiteke agurtu genuen, eta kolpe latza izan zen guretzat haren heriotzaren berri izan genuenean… A ze tragedia. Eta zer da tragedia?, galdetzen diogu geure buruari. Tragedia zu zara, Leire, eta zure begietan ikusi duguna ume zinenetik. Zorigaiztoko patua tokatu zaizu. Baina ez zaude bakarrik!!! Nik ere ispilura begiratzen dudanean tragedia ikusten dut nire begietan iltzatuta. Tira, zurekin ez dugu hanka-sartze bera egingo. Herriko alaba kuttun izendatuko zaitugu orain, oraintxe bertan! Gero gerokoak! Gure herriarentzat sekulako marka da horren puntako mendizale bi izatea, eta zure amak egindako lorpen harrigarriak handitu egingo dituzula sinistuta gaude. Hitz batzuk esango dituzu, ezta? Jende guztia zain daukazu, herria zuri entzuteko prest dago!!!
leire: Ezin dut. Oxigenoa falta zait. Lotsa ematen dit, baina ez dut oxigenorik. Non da oxigenoa?
alkatea: Baina, baina… Oraindik ez zara atera eta!!! Ze txotxola!!! Tori herriko bandera, tontorrean jartzea nahiko nuke, eta hau niretzako mesede pertsonala, nire hartzatxoa da, umetakoa, hau ere tontorrean utzi, ados? Sekulako ilusioa egiten dit. Eta atera egiozu argazki bat, e!!!
kazetaria (kamerari so): Ekitaldi hunkigarria antolatu dute herriko agintariek. Jendetza elkartu da herriko plaza nagusian. Une historikoa dela ezin du inork ukatu. Orain hogei urte Makalu mendian gertatu zen tragedia gogoan dute askok. Beldurra eta emozioa, biak batu dira herriko plazan. Idoia Susperregi handiaren alabak biziki eskertu ditu herrikideen txalo eta besarkadak.
(leireri lore-koroa bat jarri dio dantzariak, hileta-koroa. Bildutakoek abesbatza txikia osatu dute eta euskal kantutegiko kantak abesten hasten dira, mendiarekin lotura dutenak: “Ikusi mendizaleak”, “Mendian gora haritza”, “Aldapan gora”… batzuk zein besteak nahastuz.)
guztiek: “Ikusi mendizaleak baso eta zelaiak… mendian gora haritza ahuntzak haitzetan dabiltza, itsasoaren arimak dakar ur gainean bitsa… Aldapan gora…”.
leire: Ez! Hori ez, mesedez, hori ez.
guztiek: “Mendian lahar artean aurkitzen da loretxo bat, aurrean umetxo bat loretxoari begira…”.
(dantzariak aurreskua dantzatzen dio leireri offean “Goiko mendian elurra dago” entzuten dugun bitartean. Ondoren guztiek agurtzen dute leire banan-banan, gogor besarkatuz, nahiz eta besoetan eusten diotela dirudien. leireri hankek huts egiten diote, erabat akituta dagoelako. sandrak maitasunez musukatzen du, maitasuna egiten dute, edo egiten ahalegintzen dira, mendizale-arropa erantzi gabe. Azken-aurrekoa, alkatea. Eta ondoren, andres.)
andres: Ez dakit zer esan. Badakit ez dela ezer gertatuko, badakit itzuliko zarela. Baina ez hasi haren bila, ahaztu ama, zuk zure bidea egin behar duzu, berak ezin digu lagundu. Ez dizut gauza askorik kontatu. Kosta egiten zait. Oraindik min dut. Min handia ematen dit, errudun sentitzen naiz. Hainbesteko haserrea sentitzen dut...
leire: Ez didazu inoiz kontatu zer gertatu zitzaion amari, zer gertatu zen zehazki.
andres: Ni ere nire zortzimilako partikularra egitera joan nintzen. Badakizu? Hegazkin bat hartu eta hona etorri nintzen bizi-gosez. Ez nekien zer gertatuko zitzaidan. Gure ama ikusi nuen azken aldia izan zen. Handik irten behar nuen. Baina ez nekien nora. Batzuetan itzultzeko gogoa sentitzen dut, sustrai sendodun bizitza bat berreskuratzeko beharra.
leire: Nahikoa da! Utzi negar egiteari, utzi kexatzeari behingoz. Gorroto dut hain ahula izatea. Horregatik joan zen. Berba eta berba bai, baina ez duzu inoiz ezer egiten. Ni gogor saiatu naiz, ondo prestatu naiz hona etortzeko, saiatu naiz, saiatu naiz, urteak eman ditut prestatzen. Eta zuk, bitartean, zer egin duzu? Bizitza osoa butakan eserita eman, horixe! Zergatik ez zinen etorri bere bila?
(andres desagertu da.)
leire: Orain ere bazoaz. (Amore emanda) Barkatu. Ez dakit inoiz barkatuko didazun. Baina aterako zara aurrera beti egin izan duzun bezala. Zorionekoa zara oraindik zure haserreari eusteko gai bazara. Arrazoi ona da bizitzen jarraitzeko. Elikatu haserre hori, ez utzi inoiz abandonatu zaitzan.
(leire leher eginda dago. Ziztada batek kolpatzen dio burmuina, eta ziplo erortzen da lurrera.
medikua agertu da. sandra pertsonaiak jokatuko du medikuaren rola.)
medikua: Hil egin da?
kazetaria: Hala dirudi, baina zu zara medikua.
(medikuak aztertu egiten du leire.)
medikua: Jakina medikua naizela. Gogor saiatu naiz medikua izateko, ondo prestatu naiz, saiatu naiz, saiatu naiz, urteak eman ditut prestatzen. Oraindik bizirik dago. Arnasa hartzen du. Leher eginda dago. Atseden hartu behar du. Ondo letorkioke atsedenaldi bat. Urtebete ohean sartuta, goxo-goxo, eta ni bere alboan. Bere alboan zirrara bizian lo nagoela plantak egiten, ezer ez izorratzeko. Eta bizkarrean musu emango dit ni lo nagoelakoan. Eta une hori, une zehatz hori, bere ezpainak nire bizkarrean bermatzen direnekoa, une hori, zarata eta zurrunbilotik libratu nahiko dut, eta sentsazio horretan gorde nazala heriotzak, hemen zerbait betiereko eta hilezkorra bada heriotza bera delako. Ezin dut irudikatu zoriontasun handiagorik. Zure ezpainak nire bizkarrean.
kazetaria: Begiak zabalik ditu. Ikusten gaitu?
medikua: Baietz esango nuke.
kazetaria: Ikusten ari zara heriotza, Leire? Non dago? Harengana zoaz, edo harengandik ihesi zabiltza? Ze itxura du? Kontzentratu, mesedez. Hemen dago, ezta? Hemen zaude, Herio?
medikua: Zerbaiten bila dabilela dirudi.
kazetaria: Herioren bila zabiltza?
medikua: Utzi bakean.
(leire noraezean dabil zerbaiten bila. iraia agertzen da. sherpa baten bizkar gainean dator. sherpak beste bi gorpu izoztu ere arrastaka dakartza.)
iraia: Leire, Leire!!! Lasai, Leire, zuri laguntzera etorri naiz. Arin, arin, oraindik bizirik dago. Arre, arre, go, go!!!
kazetaria: Barkatu, nor zara zu?
iraia: Iraia, Leireren pisukidea, pisukideetako bat. Leire, joder, esan nizun ez zela ideia ona. Burugogorra zara gero!!!
kazetaria: Eta hauek biak? (kazetaria hildakoei argazkiak ateratzen hasiko da)
sherpa: Bidean aurkitu ditugun gorpu bi.
iraia: Mendi hauekin Jainkoak bere handitasuna erakutsi nahi digu. Hordagoa botatzen digu eta guk erronka onartzeko prest gaudela erantzuten diogu. Jainko maitea, zein beldurgarria den bere kasa abandonatutako heriotza, ia bere kasa utzitako bizitza bezainbeste.
medikua: Barkatu, ze botika klase hartu duzu hona igotzeko?
iraia: Boldenone, zer ba? Entrenamendurik gabe ezinbestekoa nuela esan didate, eta aizu, egia esango dizut: de puta madre sentitzen naiz.
medikua: Zaldiendako botika bat da!!!
iraia: Nazkante aluak! Ba trotera igoko dut mendia! Kar-kar-kar… (sherpari) Atera iezadazu argazki bat hauen ondoan, gure balentriaren maila irudikatzeko balioko du. Unibertsoko jauna, graziaz eta botere ahalguztiduna!!! Jainko aita, zure errukiarekin gu irensten saiatzen zarena. Ez dut nahi. Ez dut zure errukirik nahi!!!
oihartzuna (gainerako pertsonaia guztiak batera): Nahi... nahi… ai… ai…
kazetaria: Mendiaz ala Jainkoaz ari zara?
iraia: Ba al dago alderik mendi honen eta Jainkoaren artean?
(medikuak gorpu biak aztertzen ditu.)
medikua: Urteak daramatzate hilda.
iraia: Agian bi mendizale hauek Cioran irakurri zuten eta gizartean bizitzea eta hiltzea ahulezia tamalgarria dela konbentzitu ziren. Zer gara gu absurdoraino kontsumitzen gaituen zurrunbiloaren aurrean? Ez dut hemen egon nahi. Nik ez nuke hemen egon behar eta, hala ere, ez dakit non egon nahi dudan. Eta ez badakigu zer nahi dugun, nola jakingo dugu zer garen?
(leire ura tantaka erortzen ari den lekura iritsi eta edaten saiatzen da, baina ez du lortzen. iraia doa hari edaten laguntzera.)
kazetaria (sherpari, gorpuei erreferentzia eginez): Non aurkitu dituzue?
sherpa: Hemendik gertu. Ia elkarrekin zeuden, baina bat orain bi urte edo hildakoa da, eta besteak bost bat urte zeramatzan elurpean.
kazetaria: Asko daude?
sherpa: Pentsa, Everesten bakarrik 200 gorpu baino gehiago daude sakabanatuta. Hemen 80 bat inguru. Askok erreferentzia-puntu gisa erabiltzen dituzte distantzia eta altitudea kalkulatzeko. Inportantea da jakitea noiz sartzen diren Heriotzaren eremuan.
kazetaria: Heriotzaren eremua?
sherpa: Itsas mailatik 8.000 metrotik gorakoa.
kazetaria: Ño! Altuera horietan erretiratze-lana ez da erraza izango…
sherpa: Batez besteko, pertsona baten gorpu izoztuak 160 kg pisatu ditzake itsasten zaion izotzagatik. Baina guk ingurumena babesteko egiten dugu, Ama Lurra sakratua da guretzat.
kazetaria: Oso ondo iruditzen zait. Sekulako meritua duzue. Segi ba lanean.
sherpa (iraiari): Nagusi!!! Bagoaz.
iraia: Animo, Leire, joan beharra dut. Boldenone gehiagoren bila noa eta ekarriko dizut, ados?
kazetaria (sherpari): Lasai, lagunduko dizut.
(kazetaria medikua izoztuta gelditu dela jabetu da.)
kazetaria: Itxaron, eraman hau ere, izoztu egin da.
(sherpak denak daramatza gainean hartuta eta arrastaka.)
kazetaria: Agur eta ohore, Sherpa!
“Mendi bakar bat ere ez da arima bezain handia. Mendietako bakardadean agertzen da arima nabarmenen”. San Agustin
kazetaria (ikusleei): Mendizaleak suizidak al dira? Zergatik esaten da mendia konkistatzen dela? Zer esan nahi du konkistatzeak? Nola azalduko zenioke haur bati zer egiten duzun?
(mendizaleak agertzen hasten dira.)
mendizalea 1: Haur batek ez du azalpenik behar; muino bat ikusten badu, igo egingo du, eta zuhaitz batera igotzeko aukera ikusten badu, igo egingo da. Eta amildegira hurbiltzeko tentazioa izango du, nahiz eta azkenean ez hurbildu. Baina tentazio hori gizakiak berezkoa du.
kazetaria: Mendian gure onena ateratzen da, ala txarrena? Mendian ba al dago beste moralik?
mendizalea 2: Gure grina pertsonala asetzeko gatoz, baina gainerako gizakiek ere guri esker grina hori asetzen dute neurri batean.
mendizalea 1: “Ni han egon nintzen…” esateko premia transzendentala dugu; ni han egon nintzen, gertaera historiko hartako partaide eta lekuko izan nintzen; ni han egon nintzen, munduan, ni bizidun izan nintzen, eta ez nintzen izan amore emanda bizi diren horietako bat, denboraren eta transzendentzia ezaren zulo beltzak irensten dituen horietakoa. Ni han egon nintzen, munduko mendirik gailurrenetan. Erronkarik zailenari gailendu nintzaion.
mendizalea 3: Hilezkortasuna gureganatzeko ahalegin zimela da, sarri patetikoa, betiere ulergarria. Gure erraietan sentitzen dugun zentzugabekeria kosmikoari neurria jartzeko behar existentziala. Gure gaitasunen muga non, gure transzendentzia han. Erotzekoa, bai, benetan ere, gizakiak ez balu asmatu izan, premiaren premiaz, horri guztiari aurre egiteko estrategiarik. Esaterako, eta beste hainbaten artean, zinismoa.
mendizalea 1: Han gertatzen da gero, gure gaitasunen mugetan, erabat biluzten dela gure izaera, umezurtz geratzen garela, umezurtzago, muturreko umezurtz, eta zentzugabekeria oro formulazio sinple bilakatzen dela, bizi eta hil, arnas epela eta herio hotza. Berez tontorra helburu dela esaten bada ere badago haratagoko helbururik: lagun artera itzultzea heriotzari bisita egin eta gero.
mendizalea 4: Han biluzten gara, eta agerian geratzen dira gure bertute eta miseriak, gure desiorik eta beldurrik oinarrizkoenak… Oinarrian dagoelako muturra.
mendizalea 3: Niretzat gailurra behera begiratzea da, neure buruari eta nire izarrei.
(mendizaleak badoaz.)
kazetaria (ikusleei): “Unibertso ikusgarria, kontserbazio-senaren seme-alaba dena, estu datorkit, txiki egiten zaidan kaiola bat bezalakoa da, eta haren barroteen kontra ematen du nire arima hegalariak, arnasa hartzeko zailtasun betean. Gehiago, gehiago, eta gero eta gehiago izan nahi dut, eta ni izateari utzi gabe, gainerako besteak izan nahi dut, gauza ikusgarri eta ikusezin guztien baitan zabaldu, espazioaren mugagabetasunera hedatu eta denboraren amaiezinera luzatu nahi dut. Dena eta betiko ez bada, ez balitz bezala da, eta gutxienez ni izatea guztiz, eta betiko izatea noizbait. Eta ni izatea, beste guztiak izatea da. Dena ala ezer ez!”.
Miguel de Unamuno
(kazetaria izoztuta geratu da. sherpa dator bueltan haren bila.)
sherpa: Heriotza zer den jakin nahi zenuen? Ba hauxe da. Sentitzen duzu? Zer diotsu?
(sherpak kazetariaren gorpu izoztua eramaten du oholtzatik. Haizetea hasi da. Sekulakoa. Mendizale bat dator tontorrerantz; haren atzetik, sokaren beste muturrean, idoia dator. andres ere agertzen da.)
andres (leireri): Behin galdetu zenidan zer gertatu zen han goian. Ez dizut inoiz kontatu. Min handiegia nuen. Baina uste dut prest zaudela entzuteko. Adina duzu gertatutakoa ulertzeko, eta, ulertzen ez baduzu, adina duzu onartu eta gainditzeko. Gailurretik oso gertu zeuden. Berrehun metro eskasera. Lagun bat zihoan aurretik. Amari tiraka zihoan. Biak soka berari lotuta. Ez dakit zergatik. Hain hurbil zeuden, hain hurbil... Eta bat-batean, lagunak irrist egin zuen. Mendian behera amildu zen.
(Aurrean zetorren mendizalea mendian behera amiltzen ikusten dugu.)
andres: Zure amak eutsi egin zion. Baina gizona amildegi batean zintzilik geratu zen.
(idoia sokari helduta dago, ahalegin betean badakielako amore ematen badu biak amilduko direla mendian behera.)
leire (idoiari): Baina orduan… ez zen zure errua izan! Ez!!! Zergatik ez zenuen soka moztu? Moztu soka!!! Berak egin du irrist!!! Berak egin du kale! Moztu soka!!!
idoia: Ezin dut, ezin dut.
leire: Nola ezin duzula? Nor da ba? Zer da zuretzat?
idoia: Zer den?! Zer den?!!! Pertsona bat, pertsona bat da, joder!!!
leire: Eta gu? Eta ni??!!! Bizitza izorratuko didazu!!! Zure alaba naiz!!! Zure alaba naiz, alaba bakarra, alaba naiz!!! Goazen etxera, ama, goazen etxera. Goazen biok. Berandu da, joan egin behar dugu. Moztu soka puta hori!!! Ezingo naiz inorez fidatu bizitza osoan, ezingo dut ezertan sinistu. Hankaz gora jarriko didazu bizitza!!! Moztu soka, ama!!! Ez baduzu soka hori mozten ni hilko nauzu!!!! Ama, maite zaitut. Ama, ama!!!!
(Azkenik, idoia amiltzen da.)
leire: Aaaaa! Ez dizut inoiz barkatuko!!! Gorroto zaitut, ez dizuet inoiz barkatuko!!!!
andres: Eta, badakizu...? Erori zena, zure ama harekin eraman zuena, bizirik erreskatatu ahal izan zuten. Bizirik atera zen.
(andres badoa.
leire eromen betean. Mendian gora abiatzen da. Hainbat mendizale inguruan, batzuk gora, beste batzuk behera. Haietako bat oxigeno botila batekin dator. Beste batzuk etxeko altzariak gainean hartuta. Eldarnio betea. Halako batean, leire konturatzen da bere etxean dagoela. Besaulkian eseri da, erabat akituta. Irratia atera eta deia egin du.)
leire: Ama aurkitu dut. Ama aurkitu dut. Ama aurkitu dut. Berarekin hitz egin dut. Hain da gaztea…
iñaki (kanpalekuko irratitik): Leire? Leire? Zu zara?
leire: Badakit non dagoen.
iñaki: Leire, zertaz ari zara?
leire: Amarekin egon naiz.
iñaki: Hori ezin da izan… Entzun, Leire, entzuten didazu? Denbora gehiegi daramazu hor goian.
leire: Ez du soka moztu.
iñaki: Nola? Begira, Leire, zure gertukoenak zain dituzu, denek nahi dute zu itzultzea. Zure aitak… Sandra izeneko zure lagun batekin ere kontaktuan gaude.
leire: Ze egun da gaur?
(sandra agertzen da.)
leire: Ez nago prest, Sandra. Sentitzen dut. Ez nago prest itzultzeko, ezin naiz itzuli nintzena izateko bada.
sandra: Nik zaren modukoa zarelako maite zaitut. Nik ere badakit oker asko egin ditudala. Askotan hanka sartu dut bihotza sartu behar nuen lekuan. Zein zaila den bizitzari neurria hartzea, baina, ostia!, zein erraz hartzen digun bizitzak guri.
leire: Ez dakizu zein gertu nagoen gailurretik. Ez nuen inoiz pentsatuko hain urrutira iritsiko nintzenik. Agian saiatu beharko nuke. Ez nintzen etorri behar, eta azkenean bizitzak aukera bat ematen didala uste dut. Agian tontorra zapaltzeak zerbait aldatuko du. Gauzak aldatzea behar dut. Neure buruari zor diot eta zuri zor dizut. Gailur bat behar dut... Bizitza puta honetan guztiok merezi dugu gailur bat.
sandra: Ongi da, saiatu. Zurekin nago.
leire: Benetan?
sandra: Zalantza egiten duzu? Badakizu ezagutu zintudan egun puta beretik maitemindu nintzela zurekin? Badakizu ordura arte nire nobio guztiak mutilak izan zirela? Badakizu dardarka eman nituela hamar bat minutu? Bihotzekoa izango nuela pentsatu nuen. Burua galduko nuela. Pentsatu nuen ez nintzela ni, ez nuen neure burua errekonozitzen.
leire: Eta ez badut lortzen?
sandra: Zenbat aldiz hiltzen gara bizitzan? Eta zenbat aldiz jaiotzen gara? Ez, ez nigatik itzuli, Leire, ez nuke zama horrekin bizi nahi. Begira, hor duzu oxigeno botila bat. Agian, zorte pixka batekin…
leire: Zorte pixka batekin zaborrak salbatuko nau.
sandra: Nork jakin?
(leire oxigenoa arnasten hasi da.)
sandra: Gogoratzen jogurt kadukatu haiek jan genituenean? Iraia eta biok sekulako kakapirriarekin bukatu genuen eta zu, ostera, tan pancha. Ezer gertatu izan ez balitz bezala. Edo saltxitxa haiek… ze nazka!!!
iñaki (kanpalekuko irratitik betiere): Leire, Leire. Eldarnio betean zaude, Leire, jaitsi egin behar zara, jaitsi egin behar zara. Ahal duzu. Jordano eta oso gertu daude, pare bat ordura.
leire: Saiatuko naiz.
iñaki: Oso ondo, Leire, hori da, hori da. Saiatu jaisten.
leire: Saiatu egingo naiz. Behin bada ere.
iñaki: Leire?
leire: Oso gertu nago tontorretik. Hain nago gertu… Agian…
iñaki: Erotu egin zara? Leire, Leire!!! Ezingo duzu!!! Leire, Leire!!!
(Irrati deia eten egin da. Beste leire bat ikusten dugu oholtzan, leireren beraren erreplika bat da. leire zur eta lur dago hari begira. Haren atzetik abiatuko da eta mahai gainera igoko dira, Makaluren tontorra izan zitekeen lekura.)
“Ezagutzen den unetik, absurdoa grina bihurtzen da, denetan urragarriena”. Albert Camus
(leireren haurtzaroko etxea eta mendi tontorra, denak bat. leireren erreplika zena desagertu egin da. idoia, aurrenekoz, etxeko arropekin ageri da. andres mahaia prestatzen.)
leire: Ama, aita, lesbiana naiz.
idoia: Baina hiru urte besterik ez dituzu eta, zer darabilzu?
leire: Horregatik naiz hain beldur. Mundua itsusitu egin da asko.
andres: Zortzimilako gehiegi igotzeko.
idoia: Baina zure neska lagun horrek kanpamentu on bat dirudi.
leire: Egia da, hala da. Ze ederra den hau guztia. Ze pozik nagoen.
idoia: Benetan da ederra. Oso harro nago zutaz. Nik ez nuen tontorra zapaldu.
leire: Baina bidea erakutsi didazu.
andres: Leire, jaitsi hortik min hartu aurretik. Eskuak garbitu dituzu?
leire: Bai.
idoia: Himalaiara joateko proposamena egin didate. Oso talde potentea doa. Sekulako aukera da.
andres: Zertaz ari zara?
idoia: Ni laguntzera joango naiz, beheko kanpalekuan geratuko naiz. Denbora gehiegi daramat mendira joan gabe.
andres: Horregatik…
idoia: Horregatik, zer?! Joder, esaten ari naiz, ez dagoela arriskurik. Lagundu egingo diet, sekula ez naiz han egon.
andres: Eta zer gertatuko da hurrengoan? Eta hurrengoaren hurrengoan? Beheko kanpalekuan geratuko zara orduan ere?
idoia: Ongi da, ezetz esango diet.
andres: Egunen baten eskertuko didazu.
(andres badoa gauza gehiagoren bila.)
leire: Gezurra esan zenion.
idoia: Ez, ez zidan egia esaten utzi. Eta egiak uholdearen indarra du, bide estuegia uzten badiozu beti egingo du gainezka. Baina ni beti egongo naiz zurekin, modu batean edo bestean. Zu ni zarelako eta ni zu naizelako. Eta zer gara biok? “Txori handi-handi bat zeruan hegan”. (Bien eskuak elkartuz txoria eginez)
(andres bueltan dator eta jaten hasten dira. Bat-batean elurra ari du. Dena zuritzen hasten da.
Anariren kanta entzuten hasten gara: Ametsen eraiste neurtua.
Sherpa talde bat dator ohatila batekin. Hasieran ematen du hil dena leire dela eta haren bila etorri direla. Baina idoiaren bila datoz. Bada agur esateko garaia. Mimo handiz agur zeremonia egin eta hilotza denen artean desagerrarazten dute. Abestia amaitu da. leire bakarrik geratzen da.
Hemendik aurrera, nahiz eta leire eta gero sandra oholtzan ikusiko ditugun, haien esaldiak irratitik arituko balira bezala entzungo ditugu. Errealitatea eta eldarnioa erabat nahastuz. Entzuten duguna benetan gertatzen ari da; ikusten duguna, berriz, eldarnioaren parte da.)
iñaki: Leire, Leire… Sandrarekin gaude, zurekin hitz egiteko eskatu diogu. Aurrera, Sandra. Leire entzuten ari da.
sandra: Leire… Leire…
iñaki: Entzuten ari da, Sandra, aurrera.
(sandra agertzen da.)
sandra: Itzuli egin behar duzu. Ezingo nuke jarraitu zu gabe. Behar zaitut, maitea. Entzun didazu? “Maitea” esan dizut. Entzuten didazu?
(leire sandraren presentziaz jabetzearekin batera mendiko arropak kendu eta etxekoak janzten hasi da.)
leire: Sandra, nire ama aurkitu dut. Ama aurkitu dut. Jaitsi egingo naiz. Jaisten ari naiz.
iñaki: Hori da, Leire, eutsi, eutsi!!! Edonondik atera behar duzu indarra.
leire: Buruko min handia dut.
iñaki: Normala da. Laster iritsiko dira zauden tokira, baina jaisten jarraitu behar duzu.
sandra: Horrela, horrela, pixkanaka, baina ez gelditu, eta ez lokartu, esna jarraituko duzu, ados?
leire: Benetan maite nauzu?
sandra: Bai, jakina, tonta. Más que tonta.
leire: Fideo-zopa bat behar dut, prestatzen dituzunak bezalakoa.
sandra: Jakina, bi plater jarriko dizkizut.
leire: Bai, egon dadila bero-bero.
sandra: Bero-bero egongo da.
(Irribarre egiten dute, musu eta laztan, fereka eta zirri. Maitasun desio eta premia.)