Non dira haurrak?
Non dira haurrak?
Jokin Oregi
Azaleko irudia: Udane Ansa
Diseinua: Metrokoadroka
2026, antzerkia
104 orrialde
978-84-19570-62-8
Jokin Oregi
1970, Soraluze
 
Non dira haurrak?
Jokin Oregi
Azaleko irudia: Udane Ansa
Diseinua: Metrokoadroka
2026, antzerkia
104 orrialde
978-84-19570-62-8
aurkibidea
 

 

Hitzaurrea

 

Harkaitz Cano

 

      Bada zerbait Jokin Oregik bere antzezlanetan maisuki txertatzen duena: bertigoa. Eldarnio antzezlanean, hasiera batean bertigoa eragiten duena zortzimilakoen amildegia dela pentsa bagenezake ere, askoz konplexuagoak diren izuak agertzen zaizkigu berehala, buru barruko labar arriskutsuak, fisikaren legeei erantzuten ez dieten jauzi eta jausiak. Antzeratsu gertatzen da Non dira haurrak? lanean ere. Altuerak eragindakoa ala mentala, amiltzeko bi izu horietan zein ote arriskutsuagoa? Zaila da ebazten, baina amildegiak bere ditu nola erakarmena hala beldurra, eta bi hauen arteko dantza ere bada bizitza. Bizitzaz arduratu nahi badu, dantza berberaren konpasean behar luke antzerkiak ere.

      Esan liteke absente egon arren aipatuak diren pertsonaiek taula gainean agertzen direnek adina pisu dutela kasik Oregiren lanetan. Falta direnek, joan zirenek, protagonistaren baitatik destolesten direnek, espazio magnetiko abisaletara eramaten dituzte pertsonaiak arrastaka, eta, batzuetan, erabaki aurreikusezinak hartzera derrigortzen. Ez da falta haluzinaziorik, ezinbestean, nahiz eta haluzinazio horiek ez diren beti modu figuratiboan irudikatuak izango. Zenbaitetan, irudikatu baino, desirudikatu egiten ditu egileak amesgaizto eta irudikeria hauek, halako moldez non kontra-haluzinazioak begitantzen zaizkigun. Non dira haurrak? lanean, demagun, haur ikusezinak izan litezke kontra-haluzinazio hori: haurrak protagonistentzat baino ez direlako ikusgarri, eta, umeek helduei ematen dizkieten erreplikak birtualak direnez gero, azken hauek haurren mamuekin hizketan ari direla sentitzen dugu, durduzaz eta dardaraz. Estrategia honen bitartez, inkomunikazioa azpimarratu besterik ez da egiten, haurrekiko interlokuzioa balizko ume batzuekin gauzatzen den heinean. Modu erradikalean eta eraginkortasun izugarriz gauzatzen da antzezlan honetan gurasoei askotan modu leunagoan gertatu ohi zaiena: seme-alabak non eta zertan dabiltzan ez jakitea, eta, funtsean, haien egiazko izaera eta nortasunaren bilakaera “ez ikustearen” frustrazioa.

      Oregik “ez diren gauzekin” jokatzen duenez sarri, bere antzezlanak paregabeak dira irakurtzeko. Izan ere, antzezlan bati egin dakiokeen desjabetzerik handiena —aktoreen haragia erauztea— modu ezberdinean nozitzen du pieza dramatiko bakoitzak, eta batzuetan beste batzuetan baino hankamotzago iristen dira partitura idatziok irakurlearen eskuetara. Jokin Oregiren lanen kasuan, bere antzez-dispositiboek harrigarriro jasaten dute “haragiaren desjabetzearen” estres froga muturreko hau. Badagoelako, beharbada, ardatz moral bat eta erabaki moral batzuk hartzeko atakan jartzen dituelako egileak pertsonaiak? Dilema moralak baitira antzerkiaren giharra. Eta, haragirik ezean, hobeto —gordinago— ikusten da giharraren mekanismoa.

      Suizidioaren itzala presente dago oholtza gainean. Baita babesgabetasuna ere. Baina babesgabetasuna ez da zer abstraktu bat, pertsonaien ahultasunaren eta manipulagarritasunaren emaitza baizik. Eta, jakina, babesgabetasuna dagoen lekuan beti dago bortxa sortzeko arriskua. Hitzen bortxa, adibidez, krudelkeriaren jantzian emana. Krudelkeria hori, noski, izan liteke nozitua ala eragina; biktimarena eta munstroarena ez dira bi kaiola zigilatu, geure baitan daude biak. Trebea da horretan ere Jokin Oregi, gure krudeltasunaren maila ekualizatzen du —gorantz, suposatzen da— eskuarki bizikidetzaren aitzakian neutralizatu ohi duguna bere pertsonaiei ahots gora esanaraziz eta “bake soziala” desinhibizio oldarraldiekin urratuz. Hortxe, babesgabetasunetik deserosotasunera doan trantzea eta trantze horretan norbere burua islatuta ikusteko arriskua.

      Antzezlan bietan ematen den beste konstante bat buru-orekaren bilaketa litzateke. Norabide ustez egoki batean goazelakoan gabiltza, bat-batean eta gutxien uste dugunean, kra!, okerreko urratsa egin dugula sentitzen dugun arte. Bertigoa, berriz ere, eta bertigoaren arrazoiak topatzeko barne-indusketa bat egiteko premia (“pikatxoiarekin barruko harria txikitu nahiko nuke”). Antzokia kokaleku ezin hobea da (agian bakarra?) iraganeko gertaerak eta angelu itsuak komunitatean ikertzeko. Konpondu gabeko auziak, zauri irekiak eta sekretu erreprimituak argitara ekartzea ahalmentzen du, eta, bide batez, azaleratze horrek aurretik zegoen egoera zenbateraino konpon dezakeen erakusten digu, edo, alderantziz, gure zinismoa agerian uzten du, lehen nahasia zena areago lokaztuz.

      Aipatu dugu hautu morala eta aipatu dugu krudelkeria. Eta aipatu behar genuke, halaber, moralak eta krudelkeriak “egiarekin” izan lezaketen igurtzia ere. Egiara hurbiltzea nekeza izaki, egiaren hegira gerturatzen saiatu behar, besterik ezean, bizitzaren absurdoa bere horretan besarkatuz. Oregik hainbeste maite duen Albert Camusen existentzialismoaren atarian jartzen gaitu honek. Egia bakarra ez ote da, finean, amildegia?

      Eldarnioko pasarte zehatz bat Ruben Östlunden Turist (2014)[1] filmaren ifrentzua begitandu zait, primeran azaltzen baitu nola ager daitekeen muturreko egoera batean geure baitako piztia zikoitza edo berdin eskuzabal altruista (“ni izatea beste guztiak izatea da”). Antzerkia ez delako soilik jokoa, jolasa ere bada. Eta jolasa dagoen lekuan badago —egon daiteke, komeni da egotea— umorea ere, ubeldu eta iluntzeko joera duen umorea izanagatik. Mikazten denean bizitza, umore beltzarekin egin genezake zubi bat, ez soilik katarsira, baizik eta baita samurtasunera ere iristeko.

      Belaunaldien arteko gatazka da Oregiren bi lan hauetako beste giltzarrietako bat. Adin sasoi ezberdinen distantzia, lotsarekin, gaizki-ulertuekin eta hanka-sartzeekin areagotzen doana (“askotan hanka sartu dut bihotza sartu behar nuen lekuan”). Eraiki ote daiteke nortasuna beste inorenarekin —demagun gurasoenarekin— alderatu gabe? Ez ote da gure nortasuna euren bidea jarraitu edo haienetik urruntzetik soilik sortzen ahal? Zenbateraino gaude predestinatuta? Zer egin maitasuna agortzen denean? Galdera unibertsalak, edo, azken aldion hedatzen ari den bezala, pluribertsalak, unibertsaltasuna aho bakarrekoa dela uste izatea ez delako guztiz zilegi.

      Bertigoaren osagaia aipatu dugu gorago —bertigoak goian behar du beti!—, baina bertigoa osagarri ere bada; sendagarri, alegia. Bertigo horrek ahalmentzen duelako norbere buruari kanpotik begiratzea, baina norbere begiekin. Ez gara zortzimilako baten puntara edo hiri ondoko muino xumera arrazoi horregatik igotzen, geure etxea hor behean ikusi ahal izateko? Antzokiko oilategian sentitzen dugun bertigoaren xarma zorabiagarria ere, ez ote da horixe bera?

 

2026ko ekaina

 

 

 

 

[1] Force majeure edo Fuerza mayor izenez estreinatua gurean.