
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Non dira haurrak?
Maddi, 7 urte
(Psikologoaren kontsulta. leire dokumentu batzuk aztertzen ari da. ainhoa laguntzailea sartu da.)
ainhoa: Iritsi dira.
leire: Lehenbizi haurra ikusi nahi dut. Esan gurasoei berehala egongo naizela haiekin.
(ainhoak bete du agindua eta neskatoarekin dator bueltan, maddi haurrarekin. maddi ez dugu ikusiko.)
leire: Arratsalde on, Maddi. Laster egongo gara gurasoekin, lasai. Aukeratu zuk, non nahi duzu eseri?
(maddi aulkian eseri da, dibana libre utzita.)
leire: Mila esker, Ainhoa.
(ainhoa badoa.)
leire (maddiri): Oso ongi aukeratu duzu. Dibana ez da batere erosoa. Gurasoekin egon aurretik zurekin hitz egin nahiko nuke apurtxo batez. Haiekin egin nuen aurrekoan, kontatuko zizuten… Orain zure txanda da. (Ikusleei mintzatzen zaie) Nik alaba bat dut, bere antza du, baina bera baino zaharragoa da, bederatzi urte ditu. (maddiri) Zerbait nahi duzu? Baso bat ur, adibidez? (Ikusleei berriro) Nik ezin ditut apenas gogoratu zazpi urte nituenean gertatutakoak. Eta zortzi urterekin gertatutakoak… Arrastoren bat, akaso. Ez dakit nik asmatutakoak ote diren. Baina asmatutakoak badira, zertarako asmatu, ez? Zer trikimailu darabil buruak egia eraldatzeko, egia nahasteko? Esaterako, ez dut nire ama gogoratzen garai hartan. Amona bai, baina ama ez. Nire borondatez desagerrarazi dut nire gogotik? Edo berak desertatu du? (maddiri) Zuri zer gustatuko litzaizuke ez ahaztea inoiz? Zer nahiko zenuke gogoratu, ez dakit, berrogei urte barru, adibidez? Galdera zaila da, ezta? Errealitatea mozorrotzeko sekulako gaitasuna dugu, errealitatea aldatu, gertatutakoa beste modu batean kontatu. Zu fantasia zalea zara? Irudikatu duzu inoiz printzesa bat zarela? Edo superheroi bat? Edo animalia bat? Futbolaria? Eta gaiztakeria bat egiten irudikatu duzu zeure burua? Ez litzaizuke gustatuko debekatuta dagoen zerbait egitea? Tranpa bat… edo gezur bat esatea… Inoiz esan duzu gezurrik? Nik bai. Aitortuko dizut bat. Behin gurasoei esan nien suge bat zebilela nire ohean, haienean sartzeko egin nuen. Orain zure txanda da. Kontatu duzun gezur bat aitortu behar didazu.
Zergatik zaude hemen? Zergatik ekarri zaituzte gurasoek? Ez jarri mutur beltz hori. Normala da gurasoak kezkatuta egotea, ezta? Ezer gutxi jaten duzu, ez duzu eskolara joan nahi, notak ere gero eta kaxkarragoak dituzu, ez zara logelatik apenas ateratzen… Eta gauzak ahaztu egiten dituzu. (Ikusleei) Orain hiru egun ez zuen jakin non zegoen bere jertse gorria. Amak aurkitu zuen komun-zuloan.
(maddiri) Esango diegu sartzeko? Edo nahiago bakarrik jarraitu? (Ikusleei) Niri txikitan gelakideek burua komun-zuloan sartu zidaten, txiza edan nezan. Baina ez nuen egin. Orduan beste gezur bat asmatu nuen: amari esan nion ez nuela bizi nahi. Ama, zer dago zeruan? Lagunik izango nuke han? Amari min emateko esan nuen, baina ez nuen lortu, amak ez zidan gezurra sinetsi. Ez zuen nik esaten nuen ezer sinesten, egiak ere ez. Aitari gorroto nion koldar egin ninduelako, eta amari gorroto nion aita maite zuelako. Nik mendekua nahi nuen, baina gelakide haiei, burua komun-zuloan sartu zidatenei, barkatu egin nien, barkamenik eskatu ez zidaten arren. Lourdes zen bat, eta Marko bestea. Mireia ere tartean zegoen. Hil arte torturatu nahi nituen, baina barkatu egin nien. Eta betiko gaixotu nintzen. Maddi ere gaixotu egingo da. Bai, barkabera dirudielako… eta sufritzea tokatuko zaio. Guztioi bezala.
Gezurrak asmatzen ikasi nuen egiak ez gaituelako askatuko, ez gara hura aitortuta osatuko. Egiak sufrimendura garamatza ezinbestean. Sagar ustel bat zuhaitzetik amiltzen den bezala. Ez da lan erraza gezurretan bizitzea, gezurra beti da zailagoa, bihurriagoa, korapilotsuagoa, konplexuagoa, sakonagoa eta, finean, egiazkoagoa. (maddiri) Egia bat aitortuko dizut: gure minak gezurrezkoak dira sarritan, guk asmatzen ditugu, guk puzten, guk elikatzen.
Oso azkarra zarela ere esan zidan zure amak, inguruko guztiak baino azkarragoa. (Ikusleei) “Nondik datorkio gaitasun hori?”, pentsatuko du bere amak. “Norengandik?”. Eta inportanteagoa dena: “Ze arazotan sartuko nau ditxosozko jenialtasun horrek? Alaba baino lerdoagoa naiz? Dagoeneko ohartuta dago zeinen miserable eta ezgauza garen? Alaba lotsatuta bizi al da gugatik?”. Gurasoak horrenbeste goraipatzen dituztenek aurretik mespretxatu egin dituztelako izaten da. Edo oraindik ere haietaz lotsatzen direlako barru-barruan, mina gordetzen dugun kutxatxoan.
Pertsona azkar gehienak ikusezinak dira. Mina sortzeko kapaz direlako ezkutatzen ditugu. Eta haietako askok, bihotz onekoenek, eurek egiten dute ezkutatzeko hautua, jakin badakitelako zer-nolako kaltea eragin dezaketen. Bitxia da. Oso ongi betetzen du azkarraren papera, ez duelako tantarik ulertzen baina adi-adi entzuten ari delako esaten ari naizen guztia.
(Atea jo dute. ainhoa laguntzailea barrura dator.)
ainhoa: Barkatu, Leire…
leire: Bai?
ainhoa: Gurasoek jakin nahi dute…
leire: Oraindik ez. Ez dugu bukatu.
(ainhoa badoa.)
leire (maddiri): Zure amak esan zidan duela hilabete urratu bat aurkitu zizula ezkerreko izterrean. Oraindik ere baduzu? Erakutsiko didazu? Niri egia esango didazu edo amari esan zenion gezurtxo bera kontatuko didazu? Hau ez duzu jolasean egin, ezta? Agian jolas baten parte da, baina zu jolas horretan peoia zinen, ezta? Odoletan hasi zinen?
(Ikusleei) Nik behin ikusi nuen zerri bat odolusten, baserri batean. Aiztoarekin sabel aldea zulatu eta han atera ziren hesteak eta gainerako organoak… Tripaki gordin usaina sartu zitzaidan aho eta sudurretik, eta betiko geratu zitzaidan barruan itsatsita. Usaimena memoriaren artxibategia da. Ustel eta gozo, pizgarri eta herio. Aitaren izerdi usaina, amaren ileko laka, apaizaren kiratsa, kanfor usaina, Mireiaren kolonia… Mireia eta biok... nire lagunik minena zen Mireia. Errekara jaitsi ginen behin, zapaburuak eta igelak hartzera. Plastikozko kutxak urez bete eta han edukitzen genituen zapaburuak hankak nola hazten zitzaizkien ikusteko. Agoarras usaina. Eskolako mutil batzuek agoarrasa bota zuten uretara eta zapaburu denak hilda aurkitu genituen. Ardo kirastuaren usaina. Zupada eman nion behin zigarro bati, eta zorabiatu egin nintzen. Denek egin genuen, zupada bakarra, ahalik eta sakonena, bata bestearen atzetik, Pilarrek agindu bezala. Zazpi urte genituen! Zazpi! Uste dut behin ama mozkortu egin zela. Txiza egin zuelako praketan. Eta irakasle batek botaka egin zuen klasea emateari utzita. Haurdun zegoela esan zuten, baina nik zigarroak erretzen ikusten nuen bata bestearen atzetik. Xaboi-usaina. Eskuak oso-oso ondo garbitzen nituen alua esploratzen hasi aurretik. Behin katuari utzi nion alua miazka ziezadan. Ez zuen nahi izan. Mireiak musu egin nahi izan zidan behin baina azken momentuan ez zuen ezpaina nire aluan jarri, zentimetro gutxira geratu zen, eta gero nik eman nion berari, nik ere haren alua ukitzeke. Hurrengo hiru hilabeteetan ez nintzen mezatara joan. Infernuan bukatuko nuela sinistuta nengoen. Etxeetako usaina. Medikuaren etxera joaten ginen, ez nekien ezer ezertaz. Zergatik zeuden etxe batzuk liburuz beteta eta beste batzuk ez? Zergatik beldurtzen ginen hainbeste etxe batzuetan sartzen ginenean? Inoiz ez ginen joan Olatzen baserrira. Oiloak hazten zituzten baserri hartan. Hamar mila oilo omen zituzten. Denak etxean pilatuta, ate eta leihoak erabat itxita. Hala irudikatzen nuen infernu hura. Jakingo balute behin oilo bat lumatu nuela, denak oldartuko lirateke nire gainera.
(maddiri) Zergatik ez zatoz hona, Maddi? Ondo da, ez dago arazorik.
Zure amak uste du eskolan jo egiten zaituztela. Norbaitek, edo norbaitzuk egin nahi ez dituzun gauzak egitera behartzen zaituztela. Beldurrez bizi zarela. Eta lotsatuta. Horregatik ez duzula aspaldian barrerik egiten. Mehatxupean bizi zarela. Aldatu egin zarela. Aldatu egin zaituztela. Seguru nago baietz, zure amak arrazoi duela. Nik lagunduko dizut galdu duzun barre hori berreskuratzen. Hitza ematen dizut. Zure irribarre hori berreskuratuko dugu, horretarako beste batzuei mina eragin behar badiegu ere.
korua:
Non dira haurrak? Non barreak?
Non dira ametsak? Non bideak?
Zer da mina? Merezi al dugu?
Zer da maitasuna ? Ba al dakizu?
Uxue, 9 urte.
(mario, leireren egungo bikotekidea, emakumearen alabaren aurrean eserita dago. Haien etxean. uxue, haurra, ikusezin.)
mario: Ez duzu jan behar? Benetan? Hozten utziko duzu? Badakizu zenbat jendek emango lukeen edozer dilista plater hori jateagatik? Badakizu ume mordoa gosez hiltzen dela munduan? Horixe dakizula. Dilista plater puta hori jango duzu, bestela bi hankak moztuko dizkizut, begiak koilaratxo honekin atera eta ipurditik sartuko dizkizut. Badakizu ez dizudala horrelakorik egingo, baina ondo legoke egingo banizu, hirugarren munduko umeei egindako justizia keinua litzateke. Dilista horiek lurretik batu dituenagatik, eta zure amagatik, zuretzat prestatu dituelako. Zure ama sukaldean ikusten dudanean beti pentsatzen dut egunen batean ni kozinatuko nauela. Zure amari ere gustatuko litzaioke dilistak jatera behartuko bazintuzket, kosta ahala kosta. Gajoa zain dago ea noiz agertuko naizen ausart, behingoagatik bada ere. Ekintza ausart bat, behingoz! Ez lidake inoiz barkatuko, baina, azken finean, oso zoriontsu egingo nuke. Zuk oraindik ezin duzu ulertu, edo bai, baina pertsonak munstroak gara. Agian jakingo duzu. Badakizu? Badakizu munstro bat zarela? Zuk ere jakin nahi duzu non dagoen muga, ezta? Nik esango dizut. Ez dago, ez dago mugarik. Ez dituzu dilistak jan, baina ez zara korrika irten. Munstroa elikatzea gustatzen zaizu. Agian zu ez zara gose, baina zure munstroa bada, ezta? Jakin ezazu ni ere dibertitzen ari naizela. Zuk eta biok elkar ulertzen dugu. Gutxi da elkar ezagutzen dugula, baina lortu dugu konexioa! Ez didazu beldurrik izan behar, nire esklabo bihurtuko zinateke. Ez. Eta ez nazazu gorrotatu, edo gauza bera gertatuko zaizu. Esklabotza aspaldi abolitu zen, baina esklabo izateko gogoa ezin izan dugu suntsitu.
(leire dator.)
leire: Ea, Uxue, oraindik horrela?
mario: Ez du jan nahi.
leire (mariori): Gaur ere ez diozu zure amari deitu.
mario: Deitu egin dizu?
leire: Ordubete egon naiz harekin hizketan.
mario: Ardo kopa bat merezi duzu.
leire: Edateari utzi beharko genioke. Ez digu onik egiten.
mario: Eta zer egingo dugu? Bizitza puta hau laguntzarik gabe irentsi?
leire: Uxue, gelara.
mario: Ez gero! Oraindik ez ditu dilistak amaitu eta, como hay Dios, jan egingo dituela. Uxue ez delako kikiltzen den horietakoa, ezta, maitea? Oso ondo! Ikusten? Fede gutxiko andrea! Horrela, poliki jan, kontrako eztarritik joan gabe… Edan ura, bultza egiteko. Gaur semearen eskolara joan naiz. Jolas orduan ari begira egon naiz, berak ez nau ikusi. Ikaragarria da zenbat beltz apuntatu diren aurten eskolan. Zazpi edo zortzi beltzak ziren. Zure eskolan badago beltzik, Uxue? Seguru ezetz. Ez dago beltzik, ez ijitorik, ez mororik, ez dago lekurik haientzat, baina ezta zuri behartsuentzat ere. Prekaritatea gaixotasun kutsagarria da. Ezin dute hileko kuota ordaindu, normala da. Ordaintzen duena klubean sartuko da, besteak kanpora, ez dago tokirik. Fuera, nahiko leku dago periferian. Itota bizi dira aberatsak, horixe da kontua, gero eta eremu estuagoetan, kartzela batean bukatuko dute, eta barregarriena da zaindari beltzak kontratatuko dituztela ateak zaintzeko, merkeagoa delako, eta inork ez duelako hurkoa zaindu nahi. Zaindu gaitzatela gu. Zaindu nazatela ni. Kuriosoa da, Hego Amerikako emakumez betetzen ditugu etxeak. Ez dugu seme-alaben gelan kanpotarrik nahi, baina gero sukalderaino sartzen ditugu. Lehengoan bi emakume hegoamerikar entzun nituen taberna batean berbetan. Gazteak biak. Bata nobioarekin geratuta omen zegoen, “que espere” esan zuen tragoa hartzen zuen bitartean… Egon, egon: ez, lehenbizi mutil batzuen kontura aritu ziren barrezka, majoa zela bat eta edukatua bestea. Erabat eszitatuta ari ziren, euforia puntu batekin. Badakite hemengo gizonek eurekin egiten dutela amets, eurak nahiago dituztela oherako eta etxerako. Zergatik zahartzarora arte itxaron gaztetatik zaintzaile otzan bat eskura baduzu? Dibertigarriagoa, saltseroagoa, henbragoa eta etxekoiagoa. Hitz bakarrean: exotikoagoa. Eta umeak maite dituzte, pentsa zenbat, haiek abandonatzeko indarra dute hona etorri eta lanean jo eta su aritzeko. Gure zerbitzura jartzen dira. Zer pentsatzen dute han geratu diren umeek bitartean? Nola irudikatzen gaituzte gu? Haserre biziko dira? Ez dute dilistarik jan nahiko haiek ere, ezta, Uxue? Protestaren bat egingo dute? Protesta egingo dute horren matxistak diren aita abandonatuen biraoak isilarazteko? Zer mendeku klase irudikatuko dute? Zenbat amesgaiztotan ikusi dute ama hilda? Barkatuko ote diote inoiz amari horrenbeste makurtu izana, edo superheroi bat dela pentsatuko dute?
(leire joan egin da eta haren tokian beste emakume bat jarri da, silvia, beste ustezko haur bati jaten ematen dagoena, josu.)
Hiru urte lehenago
Josu, 11 hilabete
mario: Bihar erosiko ditugu sarrerak, ados? Hirurok joango gara. Tximuak ikusiko ditugu, eta hartzak, eta jirafak, eta lehoiak, tigreak ere bai. Hipopotamoak! Eta gorilak, jakina!
(mario silvia musukatzen hasten da, gorilaren plantak egiten dituen bitartean.)
mario: Gorilen kaiolan sartuko gara eta haiekin dantzan egingo dugu. Ez da batere erraza pausoak ikastea. Nik orduak eman nituen haiei begira ikasi nuen arte. Gustatzen zaizu plana, Josu?
silvia: Elefanterik badago?
mario: Zelan ez ba! Haiei ere egingo diegu bisita. Baina elefanteekin kontu handia behar da: memoria ikaragarria dute eta luze bizi dira. Horrek esan nahi du zerbait txarra egiten badiezu, ez dutela inoiz ahaztuko eta zaharra zarenean, mugitzeko ere ezgauza, etxean sartuko zaizkizula eta burua zanpatuko dizutela txiki-txiki egin arte.
silvia: Joder, Mario, urtebete ez du eta!
mario: E, txapeldun, zuri ez dizute ezer egingo! Gu haien lagunak izango gara eta haien gainean joango gara paseoan.
silvia: Ni ibili nintzen behin elefante gainean.
mario: Benetan ari zara?
silvia: Umetan, zirkura eraman ninduten gurasoek. Orduan animaliak egoten ziren zirkuetan. Bospasei ume aukeratu gintuzten saioaren ostean elefante gainean ibiltzeko.
mario: Entzun duzu hori, Josu? Ama elefante gainean ibilitakoa da.
silvia: Ia ez dut gogoratzen. Beldurrez nengoela bai. Ume bat negar-algaraka hasi zen. Aldean egin zuen pixa. Elefantearen lepoan emakume bat zegoen soineko pegatu distiratsu batekin. Nire ileak usain goxo-goxoa zuela esan zidan.
mario: Elefanteen kakarekin nazkatuta egongo zen.
silvia: Estu hartu ninduen, eta asko gustatu zitzaidan.
mario: Eta elefantea?
silvia: Non egongo da orain emakume hura? Edozer gauza emango nuke zertan dabilen jakiteagatik.
mario: Zergatik ez didazu orain arte kontatu?
silvia: Kolonia usainagatik gogoratu dut.
mario: Zer kolonia usain?
silvia: Zuk duzun kolonia usainagatik.
mario: Zer?
silvia: Emakume usaina duzu.
mario: Baina…
silvia: Zer?
(mario zer esan jakin gabe geratu da)
silvia: Oso ondo, Josu, dena amaitu duzu. Postrerik nahi?
(Orain, berriro, leirek silviaren tokia hartu du. Orainaldira itzuli gara, leireren etxean gaude.)
mario: Oso ondo, Uxue. Dena bukatu duzu.
leire: Nora zoaz?
mario (sakelako telefonoa ateratzen duen bitartean): Kontzientzia txarra arintzera. Ea ama esna harrapatzen dudan.
(mario badoa.)
leire: Badakizu, Uxue? Gaur Maddi izeneko neska bat ezagutu dut. Zu baino urtebete gazteagoa da… Zer duzu? Noiz joango den, nor? Zerbait gertatu da? Denbora eman behar diogu. Mariorentzat ere ez da erraza; berak ere seme bat du, eta ez du ikusten berak nahi beste. Sufritzen ari da. Ba euren arteko maitasuna bukatu zelako. Eta ez da polita maite ez duzun pertsona batekin bizitzea, ezta? Nik beti maiteko zaitut! Ez da gauza bera. Ez dakit, denak ez du azalpenik. Bizitzan beti ezin da asmatu, batzuetan ez da ongi ateratzen, maitasuna agortu egiten da. Loreak ihartzen diren bezala, oso politak izan arren. Egia da ondo ureztatzen badituzu gehiago irauten dutela, baina lore guztiak ez dira baldintza beretan hazten. Batzuek ez dute ur nahikorik, beste batzuk zapaldu egiten dituzte... Nik dakit ba. Batzuk errepide bazterretan hazten dira, beste batzuk trenbideetan. Pentsa zer den hori, egunean hogeita hamar aldiz zure gainetik tren bat pasatzea ziztuan, zalapartaka. (Ikusleei) Zaila da oreka lortzea. Eta askoz zailagoa oreka justu bat lortzea. Nik norbait behar dut aldamenean, ezin dut bakardadea jasan, ezin dut guztiarekin nik bakarrik. Gauza asko dira… Bihar zer jango dugun pentsatze hutsak buruko min galanta eragiten dit. Mariok laguntzen dit aurrera egiten. Eta berari nik laguntzen diot. Guk biok laguntzen diogu. Ez dakit noiz arte; oraingoz horrela da. Baina inoiz minik egingo balio soka bat jarriko nioke lepoan eta leihotik zintzilikatuko nuke ito arte. (uxueri) Baduzu etxeko lanik? A, ez, e? Nik jarriko dizut bat. Orri baten idatziko duzu zuretzat zer den maitasuna. Ez, ez, ez, ez dut kexurik entzun nahi. Bihar gauerako orri erdi idatziko duzu eta eguneroko ipuinaren ordez zure idazlana irakurriko dugu. Zuretzat zer da maitasuna? Nola? Nork esan dizu munstro bat zarela?
korua:
Zerumugarantz nire ahotsa.
Txori bat da nire ahotsa.
Ezetz esanez doa txoria, ezetz eta ezetz ahotsa.
Ez eman jaten
ilusio antzuen hazirik.
Ezta ere edaten
izuaren ihintz zuririk.
Ez e(g)in habia
gezurraren esku leunetan.
Ez jarri tranpa
porrotaren lika usteletan.
Ez ni kutsatu
kontraesanen pozoiarekin.
Ez gu lumatu
arazoen xantaiekin.
Maddi eta haren gurasoak
(gotzone eta asier eserita daude maddi alabaren parean, maddi ikusten ez dugun arren.)
gotzone: Ondo zaude? Hori da inportanteena. Ez diguzu ezer kontatu behar. Psikologoarekin libre sentitu behar zara. Ondo egin dugu zu hara eramanda? Denbora behar duzu. Normala da. Ez dago presarik. Zuri laguntzeko egin dugu. Ni ere joaten hasiko naiz. Bai, behar dut. Lagungarria da. Denok joan beharko genuke. Bakoitza bere aldetik. Eta agian noizbehinka, denok batera. Etxera gonbidatu genezake psikologoa. Oso jatorra iruditu zait. Zuri ez? Ilea ondo orraztuta zuen. Zergatik begiratzen zigun horrela? Ez zara konturatu? Gutaz fidatuko ez balitz bezala. Ezin da psikologorik gonbidatu etxera. Lagunak bagina bai, klaro. Zapata politak zituen. Baina ez dakit ez ote zuen hortz bat okerra. Ez diguzu ezer kontatuko?
(asierri telefonoz deitu diote.)
asier: Bai? Honbre, Joxe! Ez ba, ez zeukaat hire zenbakia gordeta. Hago, hago… Hi, joango haiz batzarrera? Bai ba. Berrogeita hamar euroko billeteak ipurtzulotik sartuko nizkiokean, eta ahotik atera gero. Ez ezak izan dudarik. Bazebilek halakorik, ala? Hago, hago. Jokoan. Jokoan, bai. Beti berdina duk, bakea behar diagu. Bakea? Kafea bai, beroa. Lourdes ere hortxe zegok, bazterrak nahasten. Histerika hutsa duk. Bai, motel, bularra burua bezain plano! Hi bai bertsolari! Bale ba, bai, bale ba. Bai. Baietz, ostia! Egongo gaituk. Akabo ba. (Sakelakoa gorde ondoren) Joxe Gaztelu.
gotzone: Zergatik darabilzu hizkera zabar hori?
asier: Zertaz ari zara?
gotzone: Ondo dakizu.
asier: Ez dut sekula asmatzen.
gotzone: Ez dut hori esan.
asier: Maddik ere ulertzeko moduan esan duzu, ezta, maitea? Begira, Maddi. Nik ez zakinat zer dunan buruan. Eskolan jo egiten hautela? Ba esaten badigun nor edo nortzuk diren ba belarrondoko eder bat eman eta akabo arazoa. Zenbat halako jasotakoak gaitun eskolan. Ez eman hainbeste bueltarik kontu horri. (gotzoneri) Eman belarrondoko bat.
gotzone: Zer?
asier: Emateko zaplazteko bat!
gotzone: Ez zaude burutik sano.
asier: Eman beldurrik gabe.
gotzone: Ez ba!
asier: Maddi, emango didan hik?
gotzone: Utzi alaba bakean!
(asierrek bere buruari eman dio belarrondokoa.)
asier: Ikusten? Mina badator, eta badoa. Listo.
gotzone: Psikologo gutxi dago munduan.
asier: Soberan guztiak. Oso erraza dun kontua. Maddi, gu hiri laguntzeko gauden maite haugulako. Arazoa zein den ez digun esango? Konforme, eskubide osoa dun. Nahi dunanean kontatu eta konponduko dinagu. Bitartean, eutsi. Eta entzun, badakin zer litekeen onena? Hire kabuz hau konpontzea. Hainbeste bizkartzainik gabe. Hik bakarrik, kapaz haiz eta, ostia puta! Bai, ostia puta esan dinat. Beti berdin, joder! Ez esan biraorik, apaltasuna gora eta zintzotasuna errege. Beti umil eta esker oneko. Matraila berotuta ere bestea eskaini. Nire alabari batek daki zer egin dioten eta gu psikologora. Mekaguenlaputadeharo!!! Hi izorratzen dabiltzanak esku hauexekin hartuko nitizken eta denak garbitu. Eta kartzelan burua gora sartu eta lehengo lepotik atera. Diooooos!!!
gotzone: Lasai…
asier: Garbitu! Guztiak garbitu aizkora hartuta, horixe. Denak garbitu zalantzarik gabe, gupidarik gabe, damurik gabe. Akabo arazoa. Eta haien gurasoekin berdin! Egurra haiei ere. Txikitu banan-banan.
gotzone: Nahikoa da! (maddiri) Lasai, maitea. Erotu egingo gara, horixe. Edozer irudikatuta erotu egingo gara. Hobe egia jakin eta buelta ematen saiatu. Aitak ez ditu egingo esan dituenak, barrua askatzeko beharra du. Ez da besterik. Nik ere bai, nik ere badut premia hori, baina ez dakit nola atera amorrua eta beldurra. Zenbat min gordetzeko kapaz gara? Zenbat beldur diogu minari? Lotsagarria da horren beldurtia izatea. Lotsa ematen dit. (Ikusleei) Gogoan dut familia batean gertatutakoa: aita komunean sartu zen, leihoa ireki eta salto egin zuen bosgarren solairutik. Handik urte batzuetara hamabost urteko semeak egin zuen salto leiho beretik. Agian onena norberak salto egitea da besteren batek egin aurretik. Horixe. (maddiri) Bihar zure urtebetetzea da. Tarta bat egingo dut. Zer nahiago, txokolatezkoa edo marrubizkoa? Badakit, biak egingo ditut, behekoei eramango diegu bat. Poza gainerakoekin konpartitu behar da. Beti saiatzen gara ahalik eta poz gehien barruan gordetzen, baina ez dugu nahikoa lekurik. Barru eskasekoak gara. Barrua txiki, intxaur baten tamainakoa, gero eta txikiago. Zuloz betetako barrua dugu. Minak zulatzen digu barrua eta pozak ihes egiten digu. Nik badakit ez diguzula minik eman nahi. Dakigunarekin bizi gara. Eta ezjakin hilko gara. Aitonak esaten zuen hori. Ikusi beharko zenukete haren bizar zuria, ondo zaindua, hura apaintzen nahikoa lan hartzen zuen. Esaten zuen bizitzan ez dela izan behar koldarren taldekoa, baina ausarten taldekoa ere ez. Nik ez nuen ulertzen esanahia. Orain bai, ordea. Barrez lehertzen zen zentzugabekeria handienarekin, eta negar egiten zuen txotxolokeria inozoenarekin.
asier: Maddi, hortzak garbitu ditun? Hi bai tranpatia. Tira, goazen.
(leire agertzen da.)
Bi aste lehenago
gotzone: Zauri bat du ezkerreko izterrean. Piszinan egin zuela esan zidan, baina ez dakit sinistu edo ez. Ikaratuta gaude. Hainbeste suizidio eta tragedia entzuten dira… Badakit Maddi txikiegia dela halakoak pentsatzeko, baina…
leire: Baina?
gotzone: Iaz, mendira egin genuen txango batean, Maddi belardi ertz batean geratu zen, paisaiari begira. Jarraitzeko esan genion, atzean geratuko zela eta… Berak ez zuen zirkinik egin, hipnotizatuta zegoela zirudien. Baten batek aurrera egiteko eskatu zigun, etorriko zela, ez egiteko kasurik. Eta metro batzuk gora egin genuen bistatik galdu genuen arte. Zergatik jokatu genuen horrela? Zer zuen onik haurra atzean uzteak? Alaba eta biok lotzen gaituen haria eten nuela iruditu zitzaidan. Traizio egin niola. Zeinen bizkor egiten diogun traizio maite dugun pertsonari. Hobe beharrez? Ikasi egin behar dutelako? Ikasi zer? Zeinen miserableak garen? Ikas dezatela ahalik eta azkarren zeinen ezgauza garen, zeinen koldarrak eta nagiak? Nagikeriak bizi gaitu. Ez al diogu dena eman behar maite dugun horri? Dena ematea zer da, ba, ez bada dena ematea? Behar dituen premia guztiak ase, lagundu, edozertan. Haren ondoan egon, haren ametsak elikatu. Mimoak? Denak eta gehiago. Kalte egiten diola horrenbesteko arretak? Nork erabaki du hori? Noiz? Arretarik jaso ez duen umeak hobea izateko aukera gehiago du? Non dago neurria? Alabarengana iritsi nintzenean, “zer, ama?” galdetu zidan. “Zeri begira egon zara, maitea?”, “Hango mendiei. Sekula ez naiz han egongo, ez ditugu mendi guztien tontorrak zapalduko”. Horixe esan zidan. Gora egin behar genuela esan nion, berandu genbiltzala. Egiten dugunak egingo ez duguna estaltzeko balioko balu sikiera. Alabaren adina nuela gure azpian bizi zen postariak ipurdia ukitu zidan kuleroetan eskua sartuta. Bortxaz hartu ninduen. Gero desagertu egin zen, inork ez zuen jakin sekula nora alde egin zuen. Ez zuen arrastorik utzi. Baina nik badakit non zegoen. Nire barruan ezkutatu zen betiko, inork ikusiko ez zuen tokian. Amari kontatu nion handik bi urtera. Eta handik hirura minbizi batek jota hil egin zen ama. Neronek hil nuen? Zergatik ez nintzen ni hil bere ordez? Ez dago erantzun garbirik emango duen inor. Kaleak hutsik daude, hiriak hutsik daude. Denok gaude nonbait ezkutatuta. Eta inor ez dabil gure bila, hori da txarrena. Maddi eta biok mendian gora abiatu ginen. Ni geratu egin behar izan nintzen arte. Beroak kalte egin zidan. Maddi nirekin geratu zen. Eta han egon ginen gainerakoak itzuli ziren arte. Maddik loreak biltzen eman zuen tarte hura guztia. Lore sorta ederra utzi genuen han. Errepide ertzetan istripuetan hildakoen oroigarri utzitako lore sorten antzera. Nor edo zer hil zen txango hartan? Maddi txikia akaso. Maddi txikia lurperatu genuen han. Eta Maddi handiarekin etxeratu ginen. Lagunduko diguzu? Larritasunez ez itotzen, sikiera. Ez dut besterik eskatzen. Ezingo nuke alaba usteltzen ikusi. Aste bi barru bere urtebetetzea da, zortzi urte beteko ditu.
(asier sartu eta urtebetetze tarta bat jarri du mahai baten gainean; lau aulki kokatu ditu ondoren, mahaiaren alde banatan.)
gotzone (leireri): Bere lagunik onenak gonbidatu ditugu. Hiru besterik ez, gehiago gonbidatuta beldur ginen ez ote genuen azeriren bat oilategian sartuko.
(leire badoa.)
Maddiren urtebetetzea
gotzone: Datozela umeak, listo dago eta. Barrura, barrura. Garbitu dituzue eskuak?
(Zortzi kandelak pizten dituen bitartean, haurrak barrura datoz eta aulki banatan eseriko dira. Ikusezin guztiak.)
gotzone: Hor eseriko zara, Maddi? Primeran, maitea. Et, et, et, esku horiek! Lehenbizi abestu egin beharko dugu, ala?
asier: Itxoin, itxoin.
(Mugikorra atera eta grabatzeko prestatzen da. Denek “Zorionak zuri” kantatzen dute. gotzonek tarta banatzen du.)
gotzone: Nahikoa lan eman digu tarta hau egiteak, ezta, Maddi? Maddik lagundu dit. Gehiegi ere ez, baina bueno, gustura ibili gara sukaldean.
asier: Irekiko ditut pare bat garagardo guretzat?
gotzone: Gero etxera eraman behar ditugu hauek guztiak.
asier: Bakarra ere ez?
(asier badoa garagardo bila.)
gotzone: Maddi, erakutsi dizkiezu opariak lagunei? Zer moduz ama, Jaione? Goxoa dago? Lasai, denontzako lain dago eta! Maddi, erabili zapia. Musika jarriko dugu? Ez dakit ze musika klase entzuten duzuen orain. Nork aukeratuko du? Zuk zeuk? Ados.
(Regetoia entzuten hasten gara: Sensual baby. asier sartu da garagardoa eskuan duela. gotzoneri eskaini dio bigarrena baina honek uko egin dio. Apur batez kanta entzuten egon ondoren, gotzone barrez lehertu da.)
asier: Nork jarri du putamierda hau?
(Ez du inoren erantzunik jasotzen. Musika eteten da.)
gotzone: Bizi egin behar gara, bizi. Arrainak izan beharko ginateke uholdearen beldurrik gabe, harria desertu pitzatuan, eguzkia gauez eta hilotz jaioberritan. Agortu den iturritik edateko gauza izan beharko ginateke. Zertarako gotortu? Araka ditzagun lur azpiko pasabide debekatuak, orekari uko egin diezaiogun. Kontsolamendu bakarra izan dadila ispilu mikroskopiko bat.
asier: Joder, Gotzone, musika martxoso bat jartzen badiozu badugu udako kanta berria. Bukatu duzue? Ez duzue gehiago jango? A zer fundamentua! Et, et, et… segundotxo bat. (Edaten ari den bigarren garagardoari erreferentzia eginda) Zera… alkoholik gabekoa da. Badakizue? Kezkatuta gaude Maddirekin. Badakigu zerbait gertatzen zaiola, beharbada zuetako batek badaki arrazoia. Berak ez digu ezer esan, ez digu ezer esan nahi. Zuek lagunak zarete. Norbaitek zerbait baleki… Beranduegi izan aurretik… Atzera bueltarik ez badago ezin da ezer konpondu. Pentsa ezazue, pentsatu gauzak okertzen badira gero ez dugula mainarik entzun nahiko, ez dugula aitzakiarik onartuko.
gotzone: Denon artean lagundu behar diogu Maddiri.
asier: Horixe. Adiskideak horretarako daude, elkarri laguntzeko. Bakarra bazterrean uzten baduzue akabo, bereak egin du. Txoriak ere ikusi dituzue taldeka hegan, ezta? Ba halaxe.
gotzone: Ez esan ez duzuenik ezer nabaritu. Maddi argaldu egin da, eskolan ere despistatuta omen dabil.
asier: Eta zuetako norbait balitz Maddiri kalte egin diona…
gotzone: Agian nahi gabe egin diozue.
asier: Oraintxe duzue momentua aitortzeko.
gotzone: Hitz egin dezagun lasai.
asier: Egon, Maddi!
gotzone: Nora zoaz?
asier: Hator, Maddi!
gotzone: Hor doa hegazti taldea.
korua:
Zerumugarantz nire ahotsa.
Txori bat da nire ahotsa.
Ezetz esanez doa txoria, ezetz eta ezetz ahotsa.
Ez eman jaten
ilusio antzuen hazirik.
Ezta ere edaten
izuaren ihintz zuririk.
Ez egin habia
gezurraren esku leunetan.
Ez jarri tranpa
porrotaren lika usteletan.
Ez ni kutsatu
kontraesanen pozoiarekin.
Ez gu lumatu
arazoen xantaiekin.
Leireren kontsulta
(ainhoa kontsultako dibana bere tokian jartzen ari da. mario sartzen da uxuerekin —ikusezin—).
ainhoa: A ze sorpresa, Uxue! Jakin izan banu etortzekoa zinela zure gustuko txokolatina erosiko nizun.
mario: Eta Leire?
ainhoa: Errekadu batera atera da. Presa duzu?
mario: Ez… bai, apurtxo bat. Baina…
ainhoa: Zoaz lasai. Uxue eta biok ederki egongo gara ama etorri arte, ezta, Uxue?
mario: Oso atsegina zara.
ainhoa: Mesedez, ez da lana, gustura egiten dut. Uxue sarri egon da hemen. Nire etxean ere askotan. Zuek biok elkarrekin hasi aurretik.
mario: Jakina… Uxuek esan dit oso etxe polita duzula.
ainhoa: Lekua da ederra, etxea ez horrenbeste.
mario: Ortua du, ezta?
ainhoa: Lau letxuga triste.
mario: Lurrak mimoa behar du, hori da kontua. Nahi baduzu, egunen batean biziberrituko dugu lur hori. Trukotxo batzuk erakutsiko dizkizut. Eta hori dena… musu truk.
ainhoa: Ez dut ia astirik.
mario: Hori bai dela terapeutikoa, eta ez hemen egiten duzuena. Naturari bizkarra emanda bizi gara. Gero eta artifizialagoak gara. Robotak izaten bukatuko dugu, robotikaren goren urratsa: gu geu bihurtzea robot; arimarik gabe, pasiorik gabe, anestesiatutako jendea. Maitasunak ez digu barrua urratuko, ez dugu haren premiarik izango, eskaintzeko beharrik ere ez. Gizarte erabat orekatua. Sufrimendua bizirauteko modu bakar gisa onartuko dugu, edozelako krudelkeriari aurre egiteko gai izango gara eta, aldi berean, edozer krudelkeria eragiteko kapaz izango gara.
ainhoa: Ez dut astirik.
mario: Gogaitu egin zaitut.
ainhoa: Leire laster iritsiko da.
mario: Entzun duzu, Uxue. Ama segituan etorriko da. Zer? Komunera joan nahi duzu?
ainhoa: Nahi duzu laguntzea?
mario: Bai zera! Uxuek ederki asko daki ipurdia garbitzen, ezta?
ainhoa: Ongi da. Badakizu non dagoen.
(Haurra badoa. ainhoak eta mariok aukera baliatzen dute elkar musukatzeko gogo biziz.)
Ainhoa eta Mario
ainhoa: Ez dut haurrik eduki nahi. Ez ditut inoiz edukiko. Bakarrik hilko naiz, neure buruaren jabe eta morroi. Nahiago dut horrela. Badakizu? Ni ere egon nintzen honelako kontsulta batean. Hamahiru urte nituenetik hamazazpi ondo beteak izan nituen arte. Sitsak jandako gizarte krudel batean bizi gara, zorrotz eta depresiboa. Eta, badakizu? Uste denaren kontra jende atsegina da bizirauteko eta ugaltzeko aukera gehien duena. Zaila da sinestea, ezta? Dena zalantzan jarri digute. Egiak ere ez sinisteraino. Indarkeriak ez du borroka galdu nahi. Beldurra kutsatzen digu, eta beldurrak gorrotora garamatza. Leire utzi behar duzu, utzi bakean, utzi bakean hura eta haren alaba. Maitemindu zaitez benetan, behingoz. Zergatik kostatzen zaizue zuengan konfiantza izatea? Utzi, eta joan zaitez urrutira. Eta itzul zaitez laguntzeko prest zaudenean. Orduan bakarrik. Benetan laguntzeko asmotan zaudenean. Adeitsua izateko borondatearekin. Eta jokatu gardentasunaz, hainbesteko super-heroi plantarik egin gabe. Egizu zuregatik, egizu niregatik, berreskuratu dezadan ilusioa, haurrak edukitzeko ilusioa, ez bat badaezpada, ez bi bikotetxoa osatzeko, datozela nahi beste eta goza dezatela bizitzaz. Sinesteko gogo handia dut, iskanbila eteteko beharra dut... sinistu nahi dut kapaz izango garela haurraren begirada berreskuratzeko. Haiek mundua ikusten duten bezala ikusi nahi dut nik ere. Haiek elkarri begiratzen dioten moduan begiratu beharko genioke elkarri. Baina, non dira haurrak?
(uxue bueltan dator.)
mario: Hemen bat! Bukatu duzu, Uxue? Tira ba, banoa.
(mario badoa.)
ainhoa: Berehala nator, Uxue… segundo bat.
(ainhoa presaka atera da mario atera den leku beretik. Denbora badoa aurrera. leire agertzen da.)
leire (uxueri): Jendea hemen esertzen da, eta asko etzan ere bai. Kontua lasai egotea da, eroso. Tentsioek ez digute uzten barrua askatzen. Bai, kaka egiten dugunean bezala. Halako zerbait. Nik arretaz entzun behar dut haiek esaten dutena, adi-adi. Dena da inportantea. Tontakeriarik txikiena ere inportantea izan daiteke; ideia lauso bat, lapsus bat, berba totel bat. Pazienteen ideiak aztertu behar ditut, ondorioak atera, pentsamenduak kaltetzen dituen bakterio moduko hori aurkitzeko, mikroskopio moduko bat erabiliko banu bezala, tratatu beharreko orban ilun horiek bistan izateko. Gure pentsamenduak ere gaixotu daitezke, usteldu daitezke, eta pentsamendu horiek, aldi berean, beste pentsamendu osasuntsu batzuk kutsatu eta hondatu ditzakete. Eta horrek mina eta harridura eragiten du, hezur bat edo harreman bat hausten denean bezala. Zenbat eta lehenago jakin zein pentsamendu dagoen kaltetuta, hobe, gaitz handiagoak saihestuko ditugulako. Pertsona osasuntsuak ilusioren bat dutenak dira, mina jasateko gai direnak, zoritxarraren aurrean hazten direnak, bizitzaz gozatzen dakitenak, inbidiarik ez dutenak, norberarenak ez diren interesen alde borrokatzen direnak. Horregatik, munduan ez dago pertsona osasuntsu bakar bat ere. Mundua ez da leku osasuntsua, interes gehiegi daude elkarren kontra. Zuk orain etxera joan nahi duzu, baina nik zinemara joan nahi dut. Jakina, zure ama naizenez, etxera joango gara, eta halabeharrez, kaltea jasango dut. Kalte ņimiņoa, baina konponezina. Onartzen badut ama naizela eta zurekin erantzukizun bat dudala, eta zure zorionak ni zoriontsuago egingo nauela luzera, kalte horri aurre egiteko gai izango naiz hein batean. Baina gero eta zailtasun handiagoak ditugu etorkizunean konfiantza izateko. Dena nahi dugu, eta berehala nahi dugu. Haurrak gara txakur ehiztarien atzetik korrika. Zu bezain beldurtuta nago. Jakingo bazenu zenbat gauzari diedan beldur… (Ikusleei) Porrotaren beldur naiz, ezer ez izatearen beldur, inork nire beharrik ez izatearen beldur. Ezinbesteko inor ez dagoela dioen esaldia krudelkeria onartezina da. Egia krudelak asmatu ditugu, mina besterik eragiten ez digutenak. Egia bat ezin da inoiz krudela izan, egia izango bada. Norbaitek inoiz esaten badizu ez garela ezer, hutsalak garela, gezurretan ari zaizu, ezin du jasan bere ekintzen erantzule izatea, ez da besterik. Eta gezur bat sinesteko gutxienez bi pertsona behar dira. Gezur horiek partekatzen direnean, ontzat ematen ditugunean kolektiboan, baliteke aurrera egiteko gai izatea, baina luze baino lehen garesti ordainduko dugu. Gizarte osoa nahiko nuke diban horretan jarri, eta esan: “Zaude lasai, egin negar, egin negar sendo. Gogoz, batez ere gogoz. Eta nahikoa egin duzula uste duzunean, segi negarrez tarte batez, eta beste batez. Orduan ere negarra geratuko zaizu”. (uxueri, koadernotxo bat eskuan hartuta) Entzun hau: horrelakoak kontatzen dizkidate hona laguntza eske etortzen direnek. Amets bat da. (Irakurriz) “Etxe bateko sotoan nago, etxeak bederatzi bat solairu ditu. Eta azken solairuko leiho batetik zubi mehar bat ateratzen da ibai zabal baten erdian dagoen uharte batera iristen dena. Iritsi naiz uhartera. Kobazuloz beteta dago, haietako batean sartu naiz. Ibaia azpitik zeharkatzen duen pasabide natural bat da. Hasierako etxeko sotora iritsi naiz. Buelta berriro abiapuntura. Han, derrepente, nigandik metro batzuetara ni neu nagoela ikusten dut, beste ni bat. Beste ni horrek ez du ezer egiten, ez du, antza, gora igo eta zubi meharretik uhartera iristeko borondaterik. Nik, ordea, egin dut bide luze hori guztia, eta nekatuta nago. Eta nahi dut beste ni horrek bide berbera egitea, baina ez du inolako asmorik. Ez dut inolako asmorik. Eta garrasi egiten badiot ere ez du entzuten. Eta itsu dagoela konturatu naiz, eta gorra ere bai. Eta ni ere itsutzen ari naizela jabetzen naiz, eta gero eta gutxiago entzuten dudala. Eta jada ez dakit sotoan geratu dena naizen edo itzuli osoa egin duena”. Horrelako gauzak kontatzen dizkidate kontsultara etortzen direnek.
Batzuetan nik egiten dizkiet galderak. Inoiz norbaitek min eman dizu? Gelakideren batek? Ezagunen batek? Irainik jaso duzu? Egin nahi ez duzun gauzaren bat egitera behartu zaituzte? Zergatik gorroto duzu ama? Aitarekin hitz egiten duzu amari esateke? Beste lagunen etxeetara joaten zarenean inbidiarik sentitzen al duzu? Arakatu dituzu zureak ez diren kaxoiak? Norbaiti min eman diozu? Lotsagarri utzi duzu norbait inoiz? Burla egin diozu norbaiti? Akabatu al duzu animaliaren bat? Maitemindu nahi duzu? (Ikusleei) “Beti” esaten dugunean “ahal den arte” esan nahi dugu. Ekar dezagun dena argira, atera barruko harrak, jan ditzatela gainerakoen kontzientziak, libra gaitezen presio itogarritik. Non du muga askatasunak? Noiz ulertuko diogu elkarri ez bagara kapaz egia aitortzeko, garen hori aitortzeko? Zergatik gara horren umeak? Noiz utziko diogu ume izateari? Esaten da zahartzaroan umezarora bueltatzen garela, zaharrak umetu egiten direla. Baina ez da egia. Egia da ume izaten jarraitzen dugula beti, baina disimulatu egiten dugula. Sistemak oso ondo ulertu zuen aspaldi, egunero aztertzen gaituelako, gure arrakalak arakatzen dituelako etengabe, ederto asko daki zer egiteko gai garen. Aseezinak gara. Ez dugu neurririk, kosmosaren seme-alabak garelako. Horrek ez du erremediorik. Umezurtzak. Noiz begiratuko diogu elkarri begietara? Noiz luzatuko diogu eskua beldurrik gabe? Noiz eskainiko dugu gure azala behar gaituenak atseden eta gozamena har dezan? (uxueri) Nola? Noiz baina? Ainhoarekin? Gure Ainhoarekin?
korua:
Hari mehea.
Elurretan galdu da
zure bidea.
Nini maitea,
zelaian urratsik ez:
bakardadea.
Abandonua.
Zuhaitzen adarretan,
dantzan mamuak.
Dar-dar izotzak.
Ez erakutsi inori
zure bihotza.
Zein da jolasa?
Dona-dona katona,
dolu-konpasa.
Bizitza motza!
Erloju-orratzetan
da heriotza.
Itxaropena
lur azpitik erneko
munduarena?
Ospitalea
(gotzone eta asier silvia erizainarekin daude, itxaron gela batean. Halako batean silviak publikoari hitz egingo dio.)
silvia: Maddi oraindik larri dago, baina onik aterako da. Ebakuntza egin dioten medikuek uste dute laster zabalduko dituela begiak, txarrena pasa dela. Garunean koagulu zatar bat zuen, kolpeagatik, baina kendu egin diote. Nik lotan mantenduko nuke, luze, ahalik eta denbora gehien, atseden har dezan, ondo-ondo deskantsatu dezan, nahi beste denbora gertatu dena ahazteko. Gertatutakoaren arrazoiak ahazteko, burutik desagertzeko, koagulua desagertu den moduan. Berriro jaiotzeko aukera eman beharko genioke. Horixe. Etxera eramango nuke nirekin. Horixe pentsatu dut ziun ikusi dudanean. Horrela nire Josu txikiak arreba bat izango luke, arreba nagusia, eta ez litzateke horren bakarrik egongo. Ez zen hain bakarrik sentituko, hain babesgabe. Arrakastak eta porrotak partekatuko lituzkete, bizitzak eta heriotzak erdia balioko lukete, bestela garestiegiak dira. Ze tontakeriak okurritzen zaizkidan. (Zigarro bat ateratzen du) Badakit hemen ezin dela erre. Badakit ez nukeela erre behar. Erretzen jarraitzen badut garesti ordainduko dudala. Baina merke ordaindu beharreko bizitzak merezi al du?
(silvia badoa. gotzone eta asier burumakur daude, beheak jota. leire eta mario datoz.)
gotzone: Orain astebete gona hau konpontzen aritu nintzen. Konponketa behar zuen, haria solte zuen hemengo aldean, ez dakit noiztik. Agian festa hartatik. (asierri) Gogoan duzu? Taberna jendez lepo zegoen, aterako bidean tirakada bat nabaritu nuen, mahai baten ertza izango zen, gona trabatuta geratu zitzaidan une batez. Han izan zen. Bai. Musika topera zegoen, ezin elkarri ezer ulertu. Eztarria ere urratu nuen gona urratzearekin batera. Jendea erretzen ari zen, gutxi batzuk, baina nahikoak keak azal eta begiak kaltetzeko. Gure orgia partikularra, hemen naukazue, eta hemen zaituztet, estu-estu. Begiradarekin beste begirada batzuk igurtziz, desirarekin beste gorputz batzuk laztanduz. Liturgian geure burua eskaini, arreta exijitzeko. Gona txukundu egin nuen, alkandora garbitu, bi aldiz pasa nuen garbigailutik. Duela astebete. Alabaren heriotza aurrez pentsatuta banu bezala. Banekien zer gertatuko zen, alaba joatekoa zela aurreikusi nuen. Utzi egin behar gintuela. Inork ez ninduke kontsolatu behar, kartzelan sartu beharko nindukete. Nik bultzatu nuen haitzetara.
asier: Aski da.
gotzone: Gorputza harkaitzetara nola erortzen zitzaion zehatz-mehatz deskribatzeko gauza naiz. Begiak sinesgogor, izua izotz...
asier: Nahikoa da!
leire (asierri): ziun jarraitzen du?
asier: Bai.
gotzone: Nola liteke horren garbi gogoratzea?
leire: Ez da oroitzapen bat.
gotzone: Iltzatuta daukat! Ateak beti irekita eduki beharko genituzke, ixtea debekatu. Legez. Ekintza ederra litzateke, mundu hau salba lezakeen bakarra. Ate guztiak zabalik edukitzea, besterik ez da behar. Agian ez luke aterik ere egon behar. Giltzak urtu eta ate-marko bakoitzean jartzeko estanpatxoak egin, zeharkatzen duenari ongi etorria egiteko. Debekatuta ixtea, legez. Dena irekita eduki beharko genuke. Hogeita lau orduak zabalik. Eta hormak kristalezkoak izan beharko lirateke. Zerbait ezkutatu nahi duenak itxi ditzala begiak. Kontua da, ikasiko genuke begiak itxi gabe bizitzen? Eta ez badugu lortzen, merezi du bizirik jarraitzeak? Non da Maddi orain? Non dago? Non zegoen orain astebete? Non, duela hilabete? Nik ez dakit Maddi ote zen gurekin bizi zena. Ezin nuen ezagutu. Agian ez zen Maddi. Agian Maddi aspaldi hil zen, gu jabetu gabe. Haren mamua bizi izan da gurekin, eta ez ginen harekin konformatu. Nire aurrean eserarazi nuen. Eskumuturretik heldu nion, gogor. Ez nuen askatzeko asmorik, ez behintzat egia aitortu baino lehen. “Maddi, zer gertatzen zaizu? Zer duzu? Zer egin dizute?”. Belarrondoko bat eman nion. Gero beste bat. Negarrez hasi nintzen. Amorruz edo lotsaz, zer axola du? Malko bat kokotseraino iritsi zitzaidan. Maddik jakinguraz begiratzen zidan eta berak kendu zidan hatz batekin. Agian negarra zer den jakin nahi zuen. Aspaldi ez zuen eta negarrik egiten.
Buruko min apur bat dut, horixe besterik ez. Badakit Maddik beste ama bat merezi zuela. Irudikatzen nuen beste familia batekin, festa giroan, jolas egiten, errekan igerian, mendi txangoan, ama berri bat berari azazkalak margotzen, aita merienda prestatzen, eta inportanteena, anai-arrebekin. Nik ez nion hori eman, ez nuen beste ume bat izateko gogorik eta horrek adierazten duen bakarra da bera ere ez nuela erabat desio. Aitak are gutxiago. Ez dakit zehazki zer espero genuen. Poztu egin nintzen neska zela esan zidatenean. Bizitzak bigarren aukera bat eskaintzen zidala pentsatu nuen. Baina berehala konturatu nintzen Maddik ez zuela nire antzik, beste norbait zela. Ezin nuen errekonozitu. Baina orain jabetzen naiz uste baino berdinagoak ginela. Eta berak egin duela ni egitera ausartu ez naizen hori. Neure buruaz beste egiten ausartu ez eta bera erail dut. Zigorrik gogorrena merezi al dut bizitza osoa zigortuta eman dudanean? Ezin izan dut disimulatu tristura, ezin izan dut gorde min sor hau. Non aurkitzen du jendeak ilusioa? Nola maitemindu gaitezke geure burua maitatzeko gauza ez bagara? Garrasi egiten baduzu bakarrik geratuko zara. Inork ez du atsegin zarata. Hitzik krudelenarekin definitu nahi dut neure burua. Hitzak, ordea, labana kamutsegiak dira. Ezin dugu ezer garrantzitsurik espero hitzetatik. Hitza makillajea egonkortzeko darabilgun hautsa da. Egia infernua da; zerua, berriz, plastikozko paisaia bat. Nire morrontzak ezkutatzeko ekarri nuen mundura alaba, eta nire morroi bihurtu. Hain barruan dut… Pikatxoiarekin barruko harria txikitu nahiko nuke. Izena aldatu beharko nuke. Maddi izango naiz gaurtik aurrera. Dei iezadazue Maddi. Neure buruaz beste egin nahi dut.
(silvia erizaina bueltan dator gotzone eta asierren bila, eta hirurak elkarrekin joan dira. leire eta mario bakarrik geratu dira. leireren etxean gaude orain.)
mario: Emakume horrek ingurukoak gaixotzeko besteko mina du barruan. Gozamena sentitzen al du horren boteretsu dela jakinda? Gozatu egiten al du ingurukoen bizitzan eragiteko duen gaitasun horrekin? Orain senarra infernuan ito arte ez du etsiko. Bere buruaz beste egiteko arrazoi bila dabil? Bere buruaz beste egiteko ausardia bila dabil? Senarrak utzi egin beharko luke, bereak egin du haren aldamenean jarraitzen badu. Gure munstroak mendean hartu ahal ditugu, baina gauzak okertzen direnean haiek erabiltzen gaituzte gu, nahieran. Emakume horrek mina du gotorleku, eta edozer egingo du min horri eusteko, hura elikatzeko. Ihes egiten utziko balio hutsik geratuko litzateke, eta erru sentipenak suntsitu egingo luke. Esango nuke munstroak ez duela desagertzerik nahi. Zer gertatzen da?
leire: Galdera ona da. Zer ari da gertatzen? Zer ari zaigu gertatzen? Nola ez digute dena kontatu? Zergatik ezkutatzen da hainbeste informazio? Zergatik ez digute irakasten zer den axola duena? Abandonatu egin gaituzte. Periferikoak gara.
mario: Gertatu dena ez da zure errua.
leire: Ezin izan nion lagundu, eta hitza eman nion. Arnasarik gabe geratu gara, azkar eta gaizki maitatuz xahutu dugu gure energia. Ez utzi galderarik erantzunik gabe. Baina ez defendatu inoiz ez dakizunik. Zergatik konformatzen gara hain gutxirekin? Ausarta banintz erakutsiko nieke bidea. Utzi behingoz ume izateari, Maddi!!! Espabilatu!!! Haur izateari utzi behar diozu, Uxue!!! Beti eskean, beti zeurekoi, beti ni, ni eta ni, pribilegiatuaren aldaretik. Barkatu. Ez da krudelkeria, etsipena da. Ez dakit zer gertatuko zaidan. Boteretsuenek botereaz mintzo direnean erakusten duten jakituria berberarekin hitz egin nahiko nieke. Benetako boterea ezagutu duenak bakarrik dakielako zein den haren balioa. Erreparatu egiten dutenari, jokatu karta berdintsuekin.
Traizioa, gezurra, hitza eman lore ustel bat eskaintzen den bezala, informazioa gorde, inork ez dezala jakin lagungarri zaionik, eragotzi ahal baduzu, edozer egin aurrera egiteko, ezin da aurrera egin besteren baten kaltetan ez bada, onartu kaltea, bestearena, jakina, baliatu boteretsu egiten zaituen hori, ez izan errukirik, ez egin mesederik inori, edo egitekotan izan dadila mesede truk. Edo gero balio bikoitzarekin bueltan jasotzeko. Zuk ezin baduzu egin nahi duzun hori, trabak jarri ahal duenari. Ez izan biktima luzeegi, zure boterea justifikatzeko ez bada. Inork ez dezala jakin nolakoa zaren, eta ez ahaztu inoiz gainerako guztiak, guztiak, ni barne, etsaiak izan gaitezkeela. Kulpak bisita egiten badizu, izan dadila zaren hori traizionatu duzulako. Eta zer zara? Errua zer den ez dakien pertsona bat. Pertsona onbera bazara, zaborra lez hartuko zaituzte. Umila bazara, zigortuko zaituzte. Eskuzabala bazara, zure kontura egingo dute txin-txin. Ez da interesgarria ahula izatea. Inork ez du maite ahula, gaixotasuna bezala urrunaraziko zaituzte berandu baino lehen. Gainerakoak putaseme galantak direla ulertzen duzunean errespetatuko zaituzte benetan, orduan bakarrik.
(ainhoa agertu da. ainhoak eta mariok pasioz musukatzen dute elkar, grinaz, sutsu. leire haiei begira geratu da bukatzen duten arte. ainhoa eta mario badoaz.)
Leire
leire: Inork ez du hurkoa errespetuz tratatzen inor ez delako egia zalea. Plantak egiten ditugu etengabe, hobe beharrez, baina aktore txar baten efikaziarekin. Dagoeneko inor ez da sinesgarria. Eta hori da exijitu behar duguna: egia. Egia horrek min emango badigu ere, baina, sikiera, egiazko mina izango da. Barruan daramagun miserablea erakusleihoan jarri beharko dugu, guztion begi eta ahotan egon gaitezen. Atera dadila gaitza guztion begi bistara. Kaleak estali daitezela min likitsez. Uler dezagun behingoz historia. Egia zor diogu elkarri. Bizitza osoa ematen dugu disimulatzen, ez gaitza gainditzeko, ez gure zekenkeria zuzentzeko, hura babesteko baino, badakigulako zenbat balio duen, edozein momentutan beharko dugulako bizirauteko. Ahuleziak kalte egiten digu, gupidarik ez duenaren aurrean ihes egin ezin duen txori jaioberriaren tragedia birproduzitzen du. Alde on bakarra, harrapakariak baretzen dituela, haientzako bazka bihurtzen zara. Alde makurrena, berriz, gehien maite dituzunak babesgabe uzten dituzula. Inork ez du errespetatuko ahula, inoiz ez, eta egitekotan errespetu horrek ez du negar antzuak irauten duen denbora iraungo. Ezagutzen duzue agortzen ez den negarrik? Entzungor egin bide zuzen eta ezin garbiagoa eskaintzen dizunari. Haren esklabo bihurtuko zara luze baino lehen. Eta azpiratua izaten ere laster ikasten du ahulak, negar anpuluak desagertu eta berehala. Gauza bat esan eta beste bat egiten duen horietakoa bazara, ez zigortu zeure burua, mundu guztiak jokatzen du horrela. Gogoratu falta barik, denek dute ahuleziaren bat, ez dago inor munduan ahalguztiduna, ahulguztidunak gara, ahulak, erabatekoak, eta egoera okerrenetan edozer egiteko kapazak. Edozer.
(uxue dator.)
Uxue! Lasai. Ongi nago, ongi nago. Aurrera egingo dugu, zaude lasai. Zuk eta biok. Ekintza ausart bat, behingoz.
korua:
Non dira haurrak? Non barreak?
Non dira ametsak? Non bideak?
Zer da, zer da mina? Merezi al dugu?
Zer da maitasuna ? Ba al dakizu?
Non dira haurrak? Non barreak?
Non dira ametsak? Non bideak?
Zer da etsipena? Merezi al dugu?
Zer da, zer, egia? Ba al dakizu?