Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Alfredo Sanzolen antzezlan honek Espainiako Max sarietako bat eta guzti lortu zuen. Horrela daude gauzak gure Hegoaldeari dagokion hiriburu nagusian.

 

Emozioa nagusi

 

2018ko urtarrilaren 14a

 

—ANTZERKIA—

LA TERNURA

Testua eta zuzendaritza: Alfredo Sanzol. Eszenografia eta jantziak: Alejandro Andujar. Argiak: Pedro Yagüe. Musika: Fernando Velazquez. Antzezleak: Paco Deniz, Elena Gonzalez, Natalia Hernandez, Javier Lara, Juan Antonio Lumbreras, Eva Trancon. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 12.

 

      Eremu eszeniko penagarria ikusi orduko konturatu gara ekoizpen triste baten aurrean geundela, atzean Madrilgo Teatro de la Ciudad eta Teatro de la Abadia egon arren. Agertokiaren atzealdean zeuden more koloreko gortina itxuragabeek eliza gotikoetako albo-kaperak gogoratu dizkigute eta emanaldi osoan zehar ezin izan diet muntaiaren balizko planteamenduarekin batere zerikusirik antzeman. Era berean, ezin izan dut argitu zertara zetorren haien kolore urdinxka-morexka eta are nahasgarriagoa egin zait haien disposizio erdi diagonala. Bizpahiru enbor zatik, aizkora batek eta hori koloreko oihal handi batek osatu dute panorama miserablea, edozein ikasturte amaierako eskola-emanaldik paperezko dekoratuekin gaindituko lukeena.

      Mundu zoragarri hori eskaini digu gure bizitzetako bi ordu eta laurden lapurtu dizkigun antzezlanak. Hori bai, narraskeria estetiko horren koherentzian etorri dira han-hemenka emanaldia are gehiago edertu duten kanta sublimeak: Beber, beber, beber es un gran placer, Calderete eta —denetan onena— Vamos a contar mentiras, tralarà.

      Jaiotzetiko optimista naizen aldetik, ez nau erabat desmoralizatu lehen eszenan agertutako amateurismo bortitzak: deklamazio mekanikoa, batere intonaziorik gabea, testua presaka esanda… Egia esan, hobeto. Zeren eta hasieratik baieztatu da lan hau Shakespeareren Ekaitza-ren kopiatze lotsagabea izango zela, Felipe ii.aren garaiko Espainiaren loria inperialak eta Armada Garaiezinaren historia manipulatua tarteko. Hortaz, hara non Ingalaterrako noble banarekin ezkondu behar diren bi neskatxa eta haien ama irla misteriotsu batera ailegatu diren hondoratze masiboaren ondoren, eta hara non biztanlerik gabeko uharte hartan beste izaki misteriotsu batzuk bizi diren… Ai amaaa! Bermeon esaten den lez, “luxu eta banidadieeee!”, Sanzol maitea, aurkez zaitez Nobel sarietarako, egile eta zuzendari kategorietan, mesedez.

      A! Suedian ematen dituztela? Berdin da! Beste bat asmatuko dugu Espainiarako, Puigdemonten Belgika matxinotik igaro behar ez izateko. Ez al ziren bada Herbehereak —gaurko Belgikaren erdia barne— gure inperioaren parte izan?

      Buelta gaitezen, ordea, besaulki patiora, kritikarien lan-hitzarmenean jasota dagoen lo-kuluxkaren ostean. Antza denez, denak jarraitzen du berdin. Ez dirudi ezer funtsezkorik galdu dudanik, nahiz eta oraindik ordubete pasatxo geratzen zaidan. Bertan segitzen dute amak eta alaba biek alde batetik eta aitak eta seme biek bestetik, oraingoan jarrera fisiko lizunak irudikatuz eta esapide zantarrak elkarri botaka. Ezin asmatu, beraz, zer amaiera emango dion Sanzolek endredo inoiz ikusi gabeko honi. Emozioa nagusi!