Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Madrilgo gorteko bufoiak Els Joglars taldea utzi ostean areagotu egin da bigarren frankismoan aurreratua zirudien konpainiaren erorialdi librea, baina hemengo batzuk oraindik ez dira haren norabide patetikoaz konturatu. Testua hobeto kokatzeko, gogoratu behar da 2017ko abendu hartan Bruselan izandako manifestazio erraldoia, erbesteratu katalanei babesa emateko.

 

Nork ekarri digu hau?

 

2017ko abenduaren 26a

 

—ANTZERKIA—

ZENIT

Konpainia: Els Joglars. Dramaturgia: Ramon Fontsere, Martina Cabanas. Zuzendaritza: Ramon Fontsere. Eremu eszenikoa eta zuzendari laguntzailea: Martina Cabanas. Antzezleak: Ramon Fontsere, Pilar Saenz, Dolors Tuneu, Xevi Vila, Julian Ortega, Juan Pablo Mazorra. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abenduak 23.

 

      Bilboko umeek Olentzerori gutunak ematen zizkioten bitartean joan naiz Els Joglars taldearen Zenit antzezlana ikustera, kostata, eta ez bakarrik guraso eta ume pilaketagatik. Oraingo honetan hedabideen rolaz aritu dira, eta azpi-izenburuak La realidad a su medida dio. Errealitatea beren neurrira ote? Ez. Horrela interpretatu nahi izan dut, agian katalanak bezain abduzituta nagoelako, baina egiazko esangura zeure neurrira da, itxura guztien arabera.

      Abenduaren zazpian Bruselan egon eta Madrilgo progre-en egunkarian “Independentistek Espainiari dioten gorrotoa paseatu dute Bruselako kaleetatik” azal-orrian irakurri ostean, batek uste izango luke horrelakoak direla errealitatea neurrira moldatzeko ahalegin lotsagarriak. Puigdemontek berak, “Unidad de Destino en lo Editorial” deitu dio joera horri, Francoren “Unidad de Destino en lo Universal” ezin ponposoagoa parafraseatuz, baina Zenit honetan ez da Francoren tamainako purrustadarik entzun —bai, ordea, katalanak Puig-dementeak direla, kar, kar, kar, mesedez…—, eta emanaldia “kafea guztientzat” ideiaren eremu zozoan geratu da, barran hondartutako batel baten antzera.

      Fitxa teknikoari erreparatuz gero, endogamia nabarmena agertzen da izenetan, eta Ramon Fontsere Els Joglars taldeko beteranoak hartu ditu ardura nagusiak bere gain, horietako gehienetarako mailarik ez duen arren. Tristea izan behar da, gero, erretirorako adinera heldu, garai bateko taula-kide guztiak bilobak parkera eramaten edo gorteko bufoi rolean ikusi eta zu taula gainean oraindik, pirueta patetikoak egiten eta inperioaren morroi izatera kondenatuta. Batu zaitez errepublikara, lagun, ondo hartuko zaituzte eta!

      Denak pozik utzi eta inor ez haserretu nahi horretan, gai asko aipatu dituzte Victoria Pregoren estiloko kazetaritza miserablea munduko gauzarik pasionagarriena balitz bezala eta, benetako kontakizunik ezean, ekintza fisiko apalekin apaindu dituzte gatzik eta piperrik gabeko eszena solteak. Fontserek berak gidatu ditu esketxen arteko hari makala, ideia falta eskandalagarria Fernando Savaterren ildoko filosofia merkean bilduta, barraskiloek ere gaindituko luketen erritmo aspergarrian murgilduta eta kanposantuak baino mortuagoa suertatu den eszenografia lagun. Merezidun batzuen prestakuntza fisikoaz apaindu dira eszena lo-eragile asko eta asko, eta Txaikovskiren Intxaur-kraskagailu-ko atalik ezagunenak monotoniaren eredu bihurtu zaizkigu.

      Esandako filosofia interesatuaren adibide, “Iritziak libre dira, baina egitateak sakratuak dira” bezalako esaldi eternalak aditu ditugu. Horren kontrastean esku-programan irakurri dugu esker bereziak ematen dizkiotela Albert Boadellari. Hona hemen haren esaldi zerutar batzuk: “Kataluniako arazoa tv3 itxita konponduko da” (El Mundo, urriak 4), “Katalunian esku-hartze militar bat oso pedagogikoa izango zen” (Antena 3, irailean esana). Egia: urriaren 1eko esku-hartze armatuan asko ikusi genuen, oso pedagogikoa izan zen.