Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Sarritan, badirudi jendea hil egin behar dela, gu haren balioaz kontura gaitezen. Horrela gertatu zitzaidan Merce Cunningham estatubatuar koreografoaren kasuan: jakin banekien existitzen zela, baina artikulurako datuak, izenak eta gertaeren segidak bildu ahala jabetu nintzen haren garrantziaz eta rol fundazionalaz geroko eta gaur egungo dantzaren alorrean.

 

Ezustean harrapatuta

 

2009ko uztailaren 29a

 

      Ezustean harrapatu gaitu Merce Cunninghamen heriotzak. Ezustean, uda betean gaudelako eta eszenatokietatik urrunduta gabiltzalako, egunez gerizpearen freskura bilatzen eta gauez izarrei begira. Ezusteko ezustean esango nuke, zilegi balitz, zeren eta 90 urterekin hiltzea espero izateko modukoa baita, nahiz eta haren bizi gogoa ikusita, Cunningham benetan hilezkorra iruditzen zitzaigun.

      Beste artista batzuen kontrako erara, bizirik zegoela onarpen handia eta mota guztietako sariak eta dominak jaso zituen. Baina heriotzaren balio nagusia, eta agian bakarra, kontuak betiko argitzearena izaten da, eta horrexegatik da orain inoiz baino egokiagoa geure buruari galdetzea Cunningham zergatik gogoratu beharko ote dugun.

      Egunotan asko idazten ari da, eta idatziko da, artistaren ibilbideari buruz: haren hastapenak Martha Grahamen konpainian, esperimentaziorako zeukan joera indartsua, haren ingurukoekin —eta bereziki John Cagerekin— izandako elkarlan emankorra, ondoko belaunaldietan utzi duen aztarna... Egia nagusiak dira haiek guztiak, baina haietan bat nabarmentzekotan, nik azpimarratuko nuke Cunninghamekin hasi zela dantza benetan dantza izaten, eta berarekin aurkitu zuela dantzak bere alor espezifikoa, gainontzeko arteetatik guztiz bereizia dena.

      Esan daiteke Isadora Duncan, Balanchine eta Martha Grahamen bide-urratze ausart eta ezinbestekoen ostean, lurra prest zegoela urrats definitiborako, eta zoriak edo patuak —edo biek batera— artista estatubatuarra aukeratu zutela dantzaren artea soberako elementuetatik askatzeko eta benetan funtsezkoak diren kontuetarantz bideratzeko. Gero etorriko ziren Pina Bauschen espresionismoa eta azken hamarkadetan ezagutu ditugun joera eta bilaketen eztanda miresgarria. Baina, azken finean, esandako guztia posible izan zen pasa den mendeko erdialdean Cunningham delako batek eszenatokiak erabat hustu, jantzi figuratiboak bazter utzi, narratibotasuna abandonatu eta, musikaren joera berritzaileekin bat eginik, dantzaren muinera jo zuelako.

      Artista handiekin askotan gertatzen den bezala, bere proposamen askoren laztasunak eta muturreko saio abangoardistek asko zaildu zuten publiko zabalekiko komunikazioa, baina dudarik gabe, soinuak eta isiluneak, denbora eta espazioa, inprobisazioak eta mugimendu prestatuak nahierara erabiltzeko zeukan estiloak ikuslearen espiritua ezustean harrapatuta geratzea lortu zuen.