Bakarkako isolamendua
Bakarkako isolamendua
Tahar Ben Jelloun
itzulpena: Bego Montorio
1990, narratiba
110 orrialde
84-86766-24-9
azala: Esteban Montorio
Tahar Ben Jelloun
1944
 
 

 

Aberririk gabeko txoria, badakizue, buruko mina duen eta gauza askoren umezurtza den herrikidea, bera ere etorria da ni ikustera. Ixtorio bitxia kontatu dit. Entzun ezazue:

 

        Badakik, izar bat irentsi nuenetik zerua trufalari zegok. Hi ez haiz konturatu min ematen didatela bere koloreek. Orduan, babesteko, inguratzen nauen hodei lodiak babes nazan egiten diat. Badakik, lehen, entzun ere egin gabe medizinak ematen zizkidatean, medizinak mordoka. Dena irensten nian. Eta gero egun batean dena bota nian zakarretara. Mina dudanean izarak urratzen ditiat. Horrek baretu egiten naik. Aseguru Sozialak dagoeneko ez zidak ordaindu nahi. Esaten zidatek ezer ez dudala eta lan egin beharko nukeela edo bestela herrira itzuli. Ez diat ezer! Ez diat ezer! Haiek ez zekitek nola dabilkidan deabrua zainetatik, gibela eta tripak oka eginarazten. Gabeziak pozoindurik negok, bizitza eta ur garbiaren gabeziak. Ospitalean nengoenean ilunpetan entzerratzen nindiaten eta inork ez zidaan hitzik egiten. Badakik, anaia, zauriak ditiat gerraz geroztik, gora datozen zauriak, gora ezinegonaren sugarrarekin batera. Ulertzen duk, nik ez diat gutxiturik itzuli nahi herrira. Lotsak negok. Egunarekin amiltzen diren pozez ere bazekiat. Gertatu izan zaidak, denak lanera zoaztenean, haurtzaroak inbaditzea. Badakik, atzera itzultzeko sentimendu arraroa. Argi bat pizten duk korridore luze honetan eta nire bila datozela ulertzen diat. Zerbait asaldagarria nauk, zerbait itsua, maitasunik gabekoa, gauaren atean utzitako harria nauk. Nire umeez hitz egiten dudanean zoraturik nagoela uste diate. Agian bai, zoraturik egongo nauk. Kaleratua eta mehatxatua, ez diat oihurik egin behar. Harria, gauza, horiek erori egiten dituk, oihurik ez diate egiten; ezta? Eta gainera neu nauk herritik joan dena; klandestinoki alde egin nian; polizia bila nian gobernadoreak arriskutsua nintzela uste zuelako, badakik, Oulad Khelifa-ren ixtorioa, gogoratuko haiz erreboltaz eta hildakoez. Neuk ez nian armarik baina harriak bota nitian, harri lodiak eta gero hanka egin nian. Hemen, lurreratu nintzenean, arazoak nitian lo egiteko, eta gero krisiak, ez nian lana ondo egiten eta lanez lan ibili ninduan, eta beti ezkutuan, paperik gabe, ezer gabe. Denbora luzez itxaron behar izan diat mundu guztiak bezala txartela izan arte, baina ez negok ondo. Desordena gelditzen zaidak. Hornitu egiten diat zuek eramaten zaituzten txoria. Horixe duk heriotza, txori bat. Egunen batean alde egiten badiat, kanari baten hegaletan joango nauk. Badakik, arina nauk, hegan egin zezakeat, eta ez diat zaratarik egiten. Alde egiten dudanean ez egiok familiari esan betirako denik, esaiek oporretan joana naizela urrun, oso urrun. Nire alkondara zuria emango diat. Eta hitz egiteko gogoa badaukak etor hadi ni ikustera...

 

        Egun batzuk geroago, alde egin zuen, oin puntetan, zaratarik egin gabe.

 

        Kutxak ametsak janak zizkidan eta beste kontu batera pasea zen.

        Hormek dantza egiten zuten gauaren zimurduretan. Izara urratuez inguratzen ziren eta nire nahasmenaren ile luze luzeetatik tira egiten zuten.

        Zerua hesiturik zegoen eta izarrak ausentziaz mozkorturik. Iltzeek geldiarazirik. Iltze sendoak zeuden sarturik hilatorra haundian.

        Denak kanporatzen ninduen. Hormek. Zeruak. Izarrek. Larruazalak.

 

        Eta lurraldea eta hilatorra aldatuko banitu?

 

        «Gizakien funtsezko ezgizatasunean sinesten dut. Zeuen etxeetatik, zeuen lurretatik kanporatzen ez zaituztetenean, hilobi amankomunean sartzen zaituztete eta mespretxuz ziprinztindu...».

 

        Buruaren erdian entzuten nuen hori.

        Banekien hilobi amankomunaren barruan nengoena. Handik irteteko hormak eskalatu behar nituen, gorputzen gainetik pasa eta armiarmak irentsi.

        Zerua hesiturik zegoen.

        Ametsak falta nituen.

        Erreka baten kantuak zeharkatzen ninduen. Gizon txapeldun baten irudia, makilan sostengatua, eta alaba korrika datorkiolarik. Neguko botek zapaldutako belarraren usaia. Begiratu horretan abendua. Urtaroa, gorputz birjinean idaztekoa.

 

        Zeruak galdu egiten zituen iltzeak.

        Israelgo hegazkinek Libano Hegoaldeko kanpamendu palestinarrak bonbardatu dituzte. Berriz ere Segurtasun Kontseilua eta emozio plastifikatuak.

 

        Kutxatik apenas irteten nintzen. Biluzik. Ametsek ez ninduten jada habitatzen. Gela bere artifizioez husten zen. Zerua jaitsi egiten zen egunaren bukaeran. Halako kamino batetik nenbilen. Negu goiztiarrak desolaturiko basoa zen.