Bakarkako isolamendua
Bakarkako isolamendua
Tahar Ben Jelloun
itzulpena: Bego Montorio
1990, narratiba
110 orrialde
84-86766-24-9
azala: Esteban Montorio
Tahar Ben Jelloun
1944
 
 

 

Tartean behin kanpoko gertakari txikiren batek gure kutxetako altzairu paketsua

nahasten zuen.

        Gizon gaztea zen, maleta beltz txiki batekin (edo kartera handi bat, ez dut gogoratzen). Ondo jantzia. Alkondara urdina. Gorbata grisa. Gure herriko zigarretak erretzen zituen eta irripar egiten zuen hitz egiterakoan. Edo hobe esanda tik modukoak zeuzkan. Rictusa agian. Nolabaiteko bulego bat egokitu zioten etxeetako sarreran. Zaindaria etortzen zen hots egitera: Banketxea! Banketxea! Gazteak ordurako hasia zuen mintzaldia:

 

        Segurtasuna... Allah... Bi hektarea... Herrikoia... Herria... Dirua... Allah... Bi milioi... Sosak... Janaridenda... Frantzia... Ehuneko bosta... Herrikoia... Labanak koltxoia urratzen du... Allah... Herrikoia... Burukoaren azpian... Segurtasuna... Aseguroa... Petrolioa... Krisialdia... Dirua... Olibondoa... Sinadura... Atzamarra... Txekea... Bonoa... Hornidura... Kredito txartela... Igandea... Agindua... Kontsulatua... Hektareak...

 

        Lehen solairura heltzen zitzaizkidan hitzak. Herrikideek azaldu didate bizitza banketxean utzi ezkero ez dudala arazo gehiagorik izango.

        Gizon gazteak kartera ireki zuenean lehen inskripzioak notatzeko, tximino txiki bat irten zen, begiak pintaturik. Tximino trabestia. Barregarria zen. Paperak lau haizetara zabaldu ziren aske utzitako txolarreak bezala. Barre algara zen. Banku biletetako sortek su hartu zuten. Gerenteak deitutako suhiltzaileak bertan ziren. Ura eta esne pixkat bota zuten toki guztietatik. Buruko mina zuen herrikidea eskileratan behera amildu zen, biluzik, dohaneko dutxa hartzeko. Gizon gazteak negar egiten zuen. Milioiak ketan joanak. Konkurrentziako banketxeren batek trukaturik izango zuen kartera. Eguerdi aldera, lasaitasuna itzulia zen eta nork bere txokora jo zuen..