Bakarkako isolamendua
Bakarkako isolamendua
Tahar Ben Jelloun
itzulpena: Bego Montorio
1990, narratiba
110 orrialde
84-86766-24-9
azala: Esteban Montorio
Tahar Ben Jelloun
1944
 
 

 

Inpresioa daukat jendeak ez duela nire istorioa sinesten. Eta hala ere nik sufritu egiten dut eta ez dakit nora joan hutsarekin, neure eskuz irudia ito nuenetik. Zelularen hondotik telegramak, mezuak bidaltzen dizkiot oraindik ere.

        Non zaude, hodei urdinak ortzemugan utzitako malkoa? Jaiotzen eta hazten ikusi zaitut nire pentsamenduetako larrean. Modu ederrean desentonatzen zenuen egunsentian nire esku tartean. Lantokia ahanzten nuen, nekea. Besteen begiratuak ez zuen ia nire azala ikutzen. Guztiz txiki bihurturik nengoen. Buru gainean nenbilen zuri eromena esateko; barre egiten genuen. Ispiluek dantza egin zuten gure gorputzetan. Begi bustia matrailetik behera doa, zinta morean bildurik. Hura izan zen nire zotina, astuna eta osoa. Nire gorputzetik banatutako zotin hori begia eta pena daramatzan elkartasunezko malko-sorta da. Garbituriko betzuloa elkarri bultzatzen dioten irriz betetzen da, falta dudan poza emateko; belar goxoa hazten da besoetan. Entzun egidazu oraindik eguzki batez edo ilargi laurdenez. Entzun nire obsesioa, gauaren ehuna; entzun ezazu pena, barre eta kantu zati txikitan lehertzen dena. Lanak banatzen nau bizitzatik; gauak ametsetik salbuesten nau.

 

        Orain ez dakit zein kezka aukeratu.

        Deserriratua eta erabaki absolutu eta gorenez (Abstraktoaren Agindua) neronengandik ehun aldiz salbuetsia, erotua dut arima (badakizu, taupadaka dabilen bizi arnas hori), arima galdu egin dut hiriak biztanleak galtzen dituen bezalaxe. Harri eta hormigoi piloa naiz eta dardar egiten dudanean burezurra hondoratu egiten zait, hareaz beteriko burezurra kordokatzen da eta ez daki jada non pausatu.

 

        Exilioaren odolak diktatzen dizkit silaba hauek. Ez dakit ailegatuko zaizkizun. Burua argi segitzen dut. Bai, edateko bakarrik gelditzen den astoan egiten du bidaia nire argitasunak. Astoaren begiratuak —oso isila— tristeziaz jotzen ditu egunak utzitako harritxintxarrak. Gauak emango die kolorea.

 

        Itzul gaitezen nire arimara. Zeruan igotzen den oihal arina da; uhinak eraman dezan utziko du. Apur bat horregatik liluratzen nau aparrak. Asko hitz egiten dut horretaz, badakit, baina beldur naiz, mina dut itsasoak aparra ezabatzen duenean.

 

        Horrela biajatzen dut nik kutxan, nire gorputzaren mugarik gabeko lurraldean. Irudiak eta kantuak pilatzen ditut eta xederik gabe nabil, han, botila baten hondoan.

 

        Gogoratzen duzu zein zehazki eta zelako xalotasunez etzan nintzen botilan? Urdina zen, itsasoari alde egina, zerutik moztua.

 

        Joana zarenetik (agian hila) nire kutxa etengabe handitzen da. Landare zoro baten modura handitzen da. Auzokideen horma kraskatu egin da. Beldur dira bahituko ote dituen gauza beltz honek, zauriren baten, misterioaren gainean itxia.