Literatur Emailuak
56 zenbakia: 2003ko urtarrilaren 30ean
Susa literatura argitaletxea

 

"Escritor vasco / Euskal idazlea" polemika duela 25 urte

1978ko urtarrilean Raúl Guerra Garrido idazle donostiarrak polemika handia piztuko zuen artikulua argitaratu zuen Eginen. Bertan, literatura erdaraz idazten duten euskal herritarrek bazterketa bikoitza jasaten zutela salatzen zuen. Egunkari hartan bertan erantzun zion Xabier Kintanak, Zeruko Argian Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak, Deian Elías Amezagak eta Martin Ugaldek, eta gehiagok, dozena bateko artikulu saila osatu arte.
Geroztik ia kronikoa bihurtu den eztabaida honek, orduko hartan izan zuen agerpenik goriena eta joriena. Hurrengo Emailuetan polemika horretako gainerako artikuluak bilduko ditugu.

 

Marisa barra atzean

Koldo Izagirre / Ramon Saizarbitoria bikotearen Baietz astea gaizki bukatu aste batzuez desagertu zen, elkarrizketak egiteari heldu zioten bitartean. Sail berriari Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna ipini zioten izena, eta hurrengo hilabeteetan bost elkarrizketa bururatu zituzten. Lehen-lehenik, prostituta anonimo bat izan zen protagonista, Marisa barra atzean izeneko artikuluan. Zeruko Argia-ko zenbaki hartan beste hauek ere irakur zitezkeen: Oskorriren "Mosen Bernat Etxepare", J.L. Davanten koplak edo Juan Txillidaren marrazkia.

 

Efemerideak

1891 urtarrilak 30: Joanes Duvoisin hil zen Ziburun. Bere Laborantzako liburua (1858) osorik dago Euskal Testuen Gordailuan.

1859 urtarrilak 30: Jean Hiriart Urruti jaio zen Hazparnen.

1929 urtarrilak 31: Ebaristo Bustintza "Kirikiño" hil zen Mañarian.

1971 otsailak 2: Koldobika Jauregi "Jautarkol" hil zen Zarautzen.

1983 otsailak 3: Fernando Artola "Bordari" hil zen Hondarribian.

1969 otsailak 4: Bingen Ametzaga hil zen Caracasen. William Shakespeareren Hamlet euskaratu zuen 1952an.

1980 otsailak 5: Julene Azpeitia hil zen Bilbon.

 

Agenda

"Bost idazle, irakurle baten begietatik" solasaldia eskainiko du Hasier Etxeberriak urtarrilaren 30ean (osteguna): 20:00etan Iruñeko Erraldoien Txokoan (Deskalzos kalea, 72).

Mikel Markez eta Pako Aristik "Abiadura handiko urte baten kronika" eskainiko dute urtarrilaren 30an (osteguna) 22:00etan Bilboko Kafe Antzokian eta urtarrilaren 31an (ostirala) Ondarroako Kafe Antzokian.

Bihotz bakartien klubak "Sarri gure artean" errezitaldia egingo du otsailaren 6an (osteguna) 20:00etan Leioako Kurkudi elkartean.

"XXI. mendeko idazle berriak" izeneko erakusketa Balmasedako Ateneoan egongo da ikusgai otsailaren 7tik (ostirala) 24ra (astelehena). 1969. urtetik hona jaiotako idazleen lanak, argazkiak eta ahotsa ikusi, irakurri eta entzun ahalko ditu bertaratzen denak. Antolatzailea: Euskal Idazleen Elkartea.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: