Konferentzia eta liburuetan ez omen da
euskal literaturaz hitzegiterakoan
gaztelaniazko literaturarik aintzakotzat hartzen
eta hori postura pueblerinoa eta
guk ahal dakigu zer omen da

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Berez, EGINen azaltzekoa zen artikulu hau, Guerra Garridok, hasiera emanaz, eta Kintanak, jarraituz, euskal eskritore eta escritor vascoren arteko eztabaida eternoari buruzko lanak, egunkari horretan argitaratuak izan diranez. Baina gauzak jartzen ari diren bezala nahiago izan dugu etxean bertan argitaratzea, inplikatu ere igual egiten gaituzte eta.

(Bufalo domatzailearen oharra)

 

Neurri batetan, nahi duenak azal dezake bere burua euskal idazle bezala. Gu geu bufalo domatzaileak konsideratzen gara, eta inor ofenditzen ez dugularik ba ez da ezer gertatzen. Geure amak beti eduki gaitu guapotzat, eta ez zaio ezer gertatu, norbaitek —badakizue, aldamenean sekula falta ez den atso gaizto inbiriosu hoietakoren batek— bere iritziari kontra egiten dionean harrapatzen duen haserrea ez bada.

      Konsiderazio hauek inportanteak dira. Bufalo domatzailea zer den guk geuk, geure burua halakotzat dugunok definitu behar dugun gauza deritzagu, eta batez ere geure lanaren helburuen arabera. Ez kanpokoari atzea emanez ere, baina gehiegi begiratu gabe, zeren askotan eskaparatea esku eta musu markaz parregarri utzi eta zer aukeratu jakin gabe geratzen baikara. Mundua zabala dela halegia, eta Nabokov bezala Beckett aurkitzen duzu, edo los tres sudamericanos, denetik. Dena den, mimetismoz edo estrapolazioak egiteko ohitura desneurrikoa dela, beti dago norbait Boliviako borroka harmatuaren modeloa aukeratzen dizuna, edo catalandarren bilinguismoa, suekoen portaera sexuala edo auskalo zer, eta gero atzetik ibili behar arnasa ezin harturik.

      Bestalde bada definizio mota bat baino gehiago. Badira definizio administratiboak —Bufalo domatzaileak permisu txatxu bat izatearen mailan juzgatuko luketenak— sozialak, politikoak eta ezer definitzen ez dutenak. Definizio operatiboak ere badira. Guk definizio operatibo bat bilatu behar dugu. Euskal idazlea euskaraz idazten duena dela edo plusbalia hemen uzten duen plumiferoa bezala —plumiferoei plusbalia ateratzerik balego— definitzea, maila deskriptibo batetan gelditzea litzateke beharbada, eta hori ez da operatiboa, ez efikaza. Pretensio literarioz —pretensio gutxitan lortua halajaina— euskaraz izkribatzen dugunok, aski baturik sentitzen gara geure hizkuntza bezala sentizen eta desiratzen dugun hizkuntzaren errekuperazioaren borrokan; gure iritziz Euskadi orain den proiektoa noizbait mamituko bada, beharrezkoa du euskarak ematen dion identidadea, gauza ezinezkoa gure iritziz, kultura idatzi eta indartsu bat izaten ez badu. Gure literatura funtzionala da, geure sentimendu nazionalen atzetik doanez; Euskadiren ideia edo sentimenduak tajutua. Hara hor planteamendu antiliterario askoa, esan dezake oinaleaz kanpo egin ohi duen hoietako batek. Ez dugu ihardungo euskaraz izkribatzera bultzatzen gaituzten arrazoin literarioak esplikatzen (ikus Mermelada Ustela behar den orrian); esan dezagun soilki gutako asko konpromiso horrek bultzatu gaituela literaturaren mundura, eta konpromiso berdintsuak atera zuela orain larehun urte lehen euskal testoa inprimategi batetatik Bordelen. Eta horretan dihardugu. Baina bada gauza antiliterarioagorik euskal literaturan, gure errealitate honetaz kanpora begiratzeko betaurrekorekin plantatzen direnentzat.

      Aipaturiko funtzionaltasuna dela merio espresatzen da gutako zenbait amaren hizkuntza ez duten hizkuntzan, eta gaztelaniaz ez ditugun oztopoak gaindituz gehienok. Euskaraz izkribatzen edo irakurtzen dutenek ez baitakite "la lengua materna es la herramienta ideal para transmitir a la letra impresa nuestro pensamiento y nuestra forma de interpretar la vida" gezurra dela, edo ez dela egia osoa, ez beti behintzat. Eta euskararen kasurako ere gezur hori egia bihurtzen saiatu dira Aresti, Txillardegi edo Kintana, euskarazko literaturan diren gizonik seinalagarrienetakoak, hizkuntza maternoa eta beren kultur hizkuntza abandonatuz eta euskara ezerezetik errekuperatuz.

      "Oi aberastasun espresiboa mespretxatzearen abenturismo antiliterarioa", esango du bufaloak domatzearen zentzua ezin entenditu duen batek. Eta hala da agian, antiliterarioa, eta irrazionala ere izango litzateke gure abentura honetan hiztegiz eta aditz taulaz harmaturik jarraitzen digun irakurlego irrazional eta gero eta ugariago bat ez balego, eta alfabetatze kursoak egiten dituzten zoroak —ingelesa ikasi edo orduak sartu beharrean— edo historian zehar lehendabiziko aldiz eskolan, euskarazko testoren analisia egiten duten neska mutilak begi bistan ez bagenitu, herri oso baten identidadearen errekuperazioko abentura irrazional-kojonudoa ikusiko ez bagenu.

      Hori gara gu, Victor Pradera kale batetako plakan abandonatuta dagoelarik, Etxepare eta Aresti kalean kantatuak edo Lizardi adoleszente sentimental baten besazpian irautearen arrazoina eta ondorioa. Herri batek nahi du. Eta antzeko zerbait izenpetuko lukete, zihur gara, Nemesio Etxaniz eta Kintanak, Mario Onaindia eta Jon Etxaidek, Sarasola eta Laffitek.

      Eta nola sartzen dira hor gaztelaniaz izkribatzen duten euskaldunak, izango litzateke galdera. Guk geureari bezala erantzun behar hoiek berenari. Hala ere susmoa dugu ez dutela inoiz ere kultura nazional batetan integratzeko intentziorik erakutsi, bertako gaietaz arduratu direnetan folklorero azaldu direla, erabiltzen duten hizkuntzak transkulturizatu egin dituela (guk Axular bidezain, eta hoiek Rinconete y Cortadillo). Literatura probintzianoa egin dute beren errebista, beren kritiko-periodista, beren dama laguntzaile, kafe tertulia eta guzti. Ez dira gauza izan Bilbotik Donostiarako bidea salbatzeko, pribilejiaturen baten kasuan ez bada, los veinte países que se expresan en castellano-ren mailara igotzeko.

      Ez dugu esango gaztelaniaz idatzitako literatura bat geu guztion borrokan integraezina denik, ez eta ere noizbait —agian bihar, Gabriel— euskaldun izatea karnet bat erakustea izango denean, orduan ez baikara iadanik bufalo domatzaile izango, gaztelaniazko literatura bat euskarazko baten ondoan gure herri honen patrimonio kulturala izatea posible izango ez denik. Baina hori obrek esango dute, eta ez da biderik egokiena Martin Santos bat eredutzat jartzea edo Aresti "Poetas bilbainos"en antologiatik euskaraz idazten zuela eta baztertu zutenak (poeta del pueblo izango zen gero kalean). Bitartean errespeto bat gaztelania, oraindik gure hizkuntza zanpatzailea dela ahaztuz, intentzio literarioen espresiobide posible bezala ikusi nahi dugunoi, deseuskaldunduen eta euskalduntzeko posibilitaterik eman ez zaienen espresiobidea, geureetako batzuen hizkuntza halegia.

      Pueblerinos izateko tankera izango dugu betidanik euskaldunok, horregatik agian bururik altxa ezina. Pare bat liburutan gutaz hitzegin dutela eta haserre, caja ahorros batek dozenerdi bat erretrato ateratzen dizkigula eta ezin eramana. Bada ba, burua altxatu orduko norbait zapaltzen ari garela entzun beharra.

 

Zeruko Argia, 1978-01-29

 

 

© Koldo Izagirre / Ramon Saizarbitoria

 

 

"Escritor vasco / Euskal idazlea" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus