Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

15

AINGERU

 

 

Medikua ahotan hartuta iritsi da aita hondartza alboko pisura Aingeruri bisita egitera, semeak lortua zuen barealdia etetera:

        — Horrela ezin dudala jarraitu esan dit medikuak, hobe dudala lana uztea, partzialki behintzat. Ez dugu une egokiagorik aurkituko zu enpresan hasteko.

        — Chicagora noa bueltan. Itotzen ari naiz Donostian.

        — Botata utzi behar nauzu?

        — Orain ez gara hasiko nork nori laguntzen dion eztabaidatzen, ezta? Bi urte pasatu dira Chicagora joan nintzenetik eta orduz gero gauza bakarra eskatu dizut, amiantoarena argitzea, eta zain nago oraindik.

        — Gauza bakarra eskatu didazu? Egia izango da agian. Eskatu gabe ordaindu dizkizut bidaiak, ikasketak, mantenua... Eta diruarekin zerikusirik ez daukaten gauza horiek, zer? Nor arduratu da ea ondo zauden jakiteaz eta arazoak izan dituzunean zure ondoan egoteaz?

        — Gaia aldatu nahian zabiltza. Hainbeste ezagutzen zaitut. Ez duzu amiantoari buruz hitz egin nahi.

        — Zuk daukazu azal gogorra. Ez baduzu nirekin lan egin nahi, zergatik interesatzen zaizkizu enpresari buruzko kontuak? Ez da zure estiloa zurea ez den zerbaitez arduratzea.

        — Labana ahoan etorri zara gaur. Ba nik jakin nahi nuke nire aitaren enpresan jendea hil arte pozoitzen duten edo ez.

        — Nor naizela uste duzu? Ez al nauzu ezagutzen?

        — Baietz uste nuen.

        —Ikertutakoaren arabera, oraingoz ezin dugu erabat baztertu garai batean amiantoa erabili zutela, baina ez dugu uste hala izan zenik eta, gainera, oso ziur gaude une zehatzen batean erabili bazuten, inork ez zekiela kaltegarria izan zitekeela. Agian baten batek okerrena opa die bere lankideei, baina inork ez du bere buruaz beste egin nahi lanean, eta badakizu tailerreko arduradunek, ingeniariek eta horrelakoek ere gainerakoekin lan egiten dutela. Benetan uste duzu norbait prest dagoela astean berrogei ordu edo gehiago pasatzen dituzten leku batean pozoiarekin jolasean ibiltzeko?

        Aingeruk bonboi bat jan du eta, beste eskuan galleta daukala, soseguz mintzatu zaio aitari:

        — Haserretuta ez dugu ezer konponduko. Lasaitzea komeni zaigu.

        Bonboi kaxa eskaini dio aitari eta honen aurpegiko keinua lasaitu egin da. Bat-batean sakelako telefono baten musika entzun da, aurreskua politonoan, eta aitak presaka eraman du eskua poltsikora.

        — Pedro Tolosa naiz, bai. Nor da? —galdetu du kopeta zimurtuz—. Josu? Zer Josu?

        Aingeruk antsiaz itxaron du telefono deiak iraun duen bitartean. Luze jo du. Tarte horretan aitak bai eta ez besterik ez du esan. Oso adi dago, telefonoaren beste aldeko hitz bakar bat ere galdu nahi ez balu bezala. Eta agurtu gabe eten du deia.

        — Zer gertatzen da?

        — Laneko betiko arazoak.

        Aingeruk bonboi kaxa eskaini dio berriro.

        — Ez, eskerrik asko. Bulegora joan beharra daukat, kontu hau lehenbailehen konpontzera.

 

 

Aspaldiko lagunen bisitak ezustean harrapatu du Aingeru. Atea ireki dienean, albiste txarren bat jasotzeko zain gelditu da, nahiz eta ez duen batere espero. Parean dituen bi lagunek, ordea, eskuan daramaten kaxa bana ondo eusten duten bitartean, imintzioak eginez agurtu dute Aingeru. Salara eraman ditu eta jatekoa nahiz edatekoa eskaini die. Ez du sukaldetik ekarri behar izan, egongelako mahaia donuts, txokolate, pizza zati eta Coca-Colaz beteta baitauka.

        Praketan kabitu ezinik dago Aingeru, bi lagunak berarekin batera sofan eserita ikusita. Iñigo ez da asko aldatu, betiko tipo serio, arduratsu eta langilea dirudi; eta Iker ere berdintsu dago, zahartuta agian, baina ez dago jakiterik, aurpegia beti zimurtuta baitu, irribarretsu eta lokartuta gehienetan, nerabezarotik erretzen dituen artisau zigarro horien ondorioz. Zertan dabiltzan errepasatzeari ekin diotenean, ez dira zaharrak berri: lanpostu ezberdinak, etxe aldaketak, umeak. Gainerako lagunen berri izateko ere baliatu nahi du Aingeruk abagunea, eta bide batez bisitan ez etortzeko zer aitzakia duten jakiteko:

        — Xabier bizi al da?

        Iñigok eta Ikerrek elkarri begiratu diote eta, Aingeruk espero bezala, Iñigok egin du bozeramaile lana:

        — Aita gaixotu zaionetik berarekin egoten da denbora gehienean.

        — Ez nekien ezer. Inork ez dit ezer esan.

        Iñigo eta Iker isilik gelditu dira. Aingeruk segituan ulertu du bi aurpegi ustez neutro horien esanahia: desagertu egin zara, nola jakingo zenuen. Aingeruk antsiaz itxaron du Iñigok egoeraren tentsioa baretzeko zerbait esatea. Ez da halakorik iritsi, ordea. Aingeruk mendeku txikitzat hartu du, onartu beharrekoa, oraintxe akordatu baita Iñigori ez ziola bisitarik egin belauna futbolean txikitu zuenean.

        — Mezu bat ere ez diot idatzi Xabierri —saiatu da Aingeru.

        Inora begira ez dauden beste bi lagunen isiltasuna pisuegia da. Bonboiak eskaini dizkie.

        — Utzi hori, Aingeru, eta ireki itzazu ekarri dizkizugun kaxak.

        Harrapari batek bezala heldu die kaxei. Kendu duen tapakiaren azpian harribitxiak agertu dira: txangurroz betetako hojaldrezko tartaleta, antxoa distiratsua tipulin eta piperrez estalia tostada gainean, ganbez osaturiko brotxeta, eta horien inguruan beste hamaika pintxo, Alde Zaharreko tabernetatik ekarriak. Listu guruinak lehertzear, Aingeruk ez daki negar egin, lagunak besarkatu edo barre algaraka hasi.

 

 

Hitz bakoitzak tona bat pisatuko balu bezala erori da esaldia egongelan:

        — Utzi egin beharko duzu pisu hau.

        Aingeruk ezin izan du jarraitu txorizo ogitartekoa jaten. Ahoan dauzkan papurrak sofa gainera jausi dira.

        — Ez nuen horrelakorik espero zugandik, aita.

        — Alde batetik, poztu egiten naiz hori entzuteaz. Ikusten dut badakizula beti onena nahi dudala zuretzat. Baina beste alde batetik, argi utzi nahi dizut hau ez dela dirudiena.

        — Ba oso ondo disimulatzen duzu.

        — Badakit zaila dela ulertzea, baina benetan esaten dizut ez duela zerikusirik gu bion arteko gorabeherekin.

        — Beraz, pisu honetan bizi ahal izateko zurekin lanean hasi behar dut.

        — Sinetsidazu, mesedez. Gurekin zerikusirik ez duen arazo batek bultzatu nau zuri pisua uzteko eskatzera.

        — Zer arazo da hori?

        — Enpresaren ardura hartzen ez baduzu, ezin dizut kontatu, isilpekoa delako. Sentitzen dut.

        — Ez dut ondo ulertu, aita. Zuk ni pisutik botatzeak badu ala ez du zerikusirik zurekin lanean hastearekin?

        — Ez. Nirekin lanean hasi edo ez, pisua utzi egin beharko zenuke, baina enpresan sartzea erabakitzen baduzu, hobeto ulertuko duzu gertatzen ari den guztia. Bitartean, ezin dizut gehiago esan. Ez zaitut kakaztu nahi. Zaila da sinestea, baina zuregatik ere egiten dut.

        — Nire alde egiteko modu bitxia benetan.

 

 

Azken aldia izango dela pentsatzeak izaera berezia eman die bisitei. Galera sentsazioarekin begiratzen die leihoaz beste aldeko hondartzari, itsasoari, euri zaparradei. Ez dago haserre, triste baizik. Ez du ulertzen nola gerta dakiokeen halakorik berari, inori kalterik egin ez dion pertsona bati. Zorte txarrari egotzi dio. Zer egin erabaki behar du, nora joan, eta bakarrik egotearen sentipena nagusitu zaio, inork ez diola lagunduko.

        Nora izan da azken bisitetako bat. Galdera sorta ederra ekarri du oraingoan ere, baina aldarte ilunagoan dator. Aingeruk zalantzarik ez du Norari edozer gauza esanda ere, bietako inork ezingo duela gertatzen ari den ezer aldatu, eta horregatik ahalegindu da Nora sofan eserita mantentzen, egia eta sormena uztartuz. Edonola ere, Norak muturtuta alde egin du. Aingeru, aldiz, berehala hasi da Norarekikoak ahazten eta beste erronka bati heltzen.

        Amara auzoraino joan da taxian. Gidaria haserretu egin zaio hojaldrezko palmera eta txokolatina bat jaten sartu delako kotxean. Itxaroteko eskatu dio taxistari eta bi minututan irentsi ditu kalearen erdian. Ez dauka kemenik eztabaida hutsaletan nahasteko. Gurasoen etxera ezin duela bueltatu erabaki du. Beraz, egokia iruditu zaio aitak Amaran aspaldi erosi zuen pisu hartara bizitzera joatea, aldi baterako, Donostian egin beharrekoak burutu eta Chicagorako itzulera lotzen duen bitartean.

        Makulurik gabe irten da taxitik. Lehenengo urratsak dira, pentsatu du; laster etorriko dira garai onak berriro.

 

 

Klinikan ez diote beste aukerarik eman: ile inplanteak egiten hasi ahal izateko, aurretiaz ordaindu behar du diruaren zati bat. Aingeruk konforme dagoela erantzun die eta itxaropentsu joan da etxera, motel baina makulurik gabe. Kutxazainean dirua atera duenean, ordea, ikaraz konturatu da kontu korrontean 300 euro baino ez dauzkala. Inoiz ez dio horri arreta handirik eskaini, behar izan duen guztietan egin baitiote transferentzia.

        Urduri hartu du telefonoa. Hurrengo hilabetean ordainduko duela esan dio klinikan telefonoa hartu dion ahots inpertsonalari, baina honek prozedura bere horretan bete behar dela gogorarazi dio: aurretiazko ordainketa lehenik, inplantea ondoren. Aingeru, minduta, kexatu egin zaio, ea ez diren fidatzen.

        — Ez da pertsonala —erantzun dio telefonoaz beste aldeko ahots inpertsonalak.

        Aingeruk sentitzen duena definitzeko abesti zahar bateko letra zati bat oroitu du: angustia existentziala. Baina, egia esan, ez daki ziur zer esan nahi duen, ezta bere egoera definitzeko egokia den ere.

 

 

Bihotza izan da arazoa. Aingeru korrika abiatu da taxia hartzera, herrenak uzten dion neurrian korrika. Buruan ozen errepikatzen ari zaio amaren telefono deia, ama negar batean. Taxistak berriro galdetu dio ea nora joan nahi duen. Ospitalera, ospitalera, ospitalera, erantzun dio Aingeruk, bere onetik aterata. Kotxez gainezka daude Donostiako kaleak. Azeleratu-frenatu, amaiezina egin zaio bidea. Ondoezik sentitzen da. Orain arte ezagutu duen mundua hondoratzen ari dela besterik ezin du pentsatu. Zer egingo dut?

        Ospitalera iritsi denean, ama aurkitu du korridorearen bukaeran, metro koadro batean, alde batetik bestera kilometroak egiten.

        — Zer moduz dago aita?

        — Ez dakite aterako den edo ez.

 

 

 

© cc-by-sa Harkaitz Zubiri

 


www.susa-literatura.eus