Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

13

AINGERU

 

 

Makuluak eta txokolatea eskura dauzka beti. Medikuak hala agindu dionez, orkatilari atsedena ematen ari zaio. Egunez erdi lo, gauez ia esna, sofan erdi etzanda joaten dira orduak, pelikulak ikusten eta gutiziak jaten. Ama sarri joaten zaio sukaldeko lanak eta garbiketa egitera, nahiz eta bere etxean neskamea arduratzen den horretaz. Amak aldiro aholkatzen dio Aingeruri gurasoen etxera itzul dadila, bera bakarrik moldatzen ez den bitartean behintzat. Aingeruren iritziz, hitz horiek orkatilako bihurritua baino zerbait gehiago iradokitzen dute.

        — Eskertzen dizut, ama, baina ez dut laguntzarik behar.

        Ama sutu egiten da erantzun horrekin. Haren buruan botoi bat sakatzea bezalakoa da, automatikoki hasten baita diruari buruz hitz egiten: hondartza alboko pisu hau aitarena dela, senarrari eta biei zenbat kosta zaizkien bi semeen ikasketak, bidaiak eta gainerakoak, familia zeinen garrantzitsua den. Aingeruri, ordea, gogaikarria iruditzen zaio gai hori, eta ama bere kasa isildu arte zain egoten da.

        Gaur aita ere etorri zaio bisitan, umoretsu. Bere bulegoan izan zuten eztabaidaren ondoren, Aingeruk ez daki aita adiskidetzeko gogoz edo adarra jotzera agertu den.

        — Sofan botata aspertzen bazara, segituan ekarriko dizkizut enpresako txostenak. Azkenean nirekin lan egitea erabakiko bazenu, ondo informatuta egotea komeni zaizu.

        — Egia esan, enpresari buruz hitz egin nahi nuen zurekin.

        Aita ezustean harrapatu du.

        — Zertan dago amiantoarena?

        — Zu ere kontu horrekin?

        — Esan didatenez, kontua baino gehiago da. Badirudi enplegatu batzuk gaixotu eta hil egin direla.

        — Asko gustatzen zaigu errua beste norbaiti leporatzea, mina uxatzeko edo gertatu zaiguna ez onartzeko, baina salaketa hori oso larria da.

        — Egia al da esaten dutena?

        — Inork ez daki. Gainera, zarata eragiten ari diren horiek dakite gutxien. Pentsa ezazu, Aingeru, enpresako zuzendaritza bere baliabide guztiekin ari dela ikertzen eta oraindik ez dugula ezer zehatzik lortu. Aspaldiko kontuak dira. Ez da erraza informazio hori lortzea. Nik behintzat ez dakit ezer. Jakitekotan, tailerreko arduradunek jakingo dute, erretiroa hartu dutenek, agian. Ez fidatu bazterrak nahasten ari diren horiek esaten dutenaz. Bene-benetan zer gertatu zen jakitea baino gehiago interesatzen zaie errudun bat lortzea.

        — Nik amiantoari buruz entzun dudanak zentzua dauka.

        — Zentzua bai, jakina, baina hipotesi bat besterik ez da. Frogatu egin behar dugu eta horregatik ari gara ikertzen.

        — Noiz jakingo duzue?

        — Laster. Baina zu lasai, Aingeru. Interesa badaukazu, zerbait jakin bezain azkar kontatuko dizut eta, noski, enpresak akatsen bat egin bazuen, ahal den neurrian zuzentzen saiatuko gara.

        — Pozten naiz hori entzuteaz.

        Aita begira gelditu zaio.

        — Eta zuk Aingeru, pentsatuko al duzu berriro nirekin lan egiteari buruz?

        Semeak barre egin du.

        — Baiezko bat bezala hartuko dut hori.

        Aingeruk Coca-Cola ireki du, eta pantxineta zati bat eraman du ahora. Bitartean aita sofatik altxatu eta ahotsa garbitzen saiatu da, hitz egiten jarraitu aurretik:

        — Benetan uste duzu tailerreko arduradunek, ingeniariek eta gainerakoek, material pozoitsua erabili zutela? Hobeto edo okerrago moldatuta ere, inork ez du nahi bere enplegatuei halako ezer gertatzea. Gainera, zeinek esan lezake zure enplegatuei gertatzen zaiena ez zaizula zuri gertatuko? Zuzendaritzakoek, ingeniariek eta horrelako jendeak ere tailerrean egiten du lan.

 

 

Oheak, komunak eta sofak osatzen dute egun hauetan Aingeruren bizimoduaren hiruki itxia. Ezin du itsasora sartu eta nekez irten daiteke kalera, sorbaldan duen minak makuluak denbora askoan erabiltzea eragozten baitio. Interneten ere ez du aurkitu benetan lasaitzen duen ezer. Eta haserretzen hasia da, gero eta bisita gutxiago dauzkalako. Ama ere gutxiago joaten zaio. Orain gurasoen etxeko neskamea arduratzen da hondartza alboko pisuko etxeko lanez. Zeregin horietan ia bost urte daramatzan arren, amak bakarrik gogoratzen du haren izena.

        Burujana da orain Aingeruren lan bakarra. Ez du ulertzen nola egon daitekeen hain bakarrik bera bezalako pertsona bat, bere ustez tipo jatorra dena, inoiz istilurik izan ez duena. Hala ere, barrutik daraman min hori gainditu eta harrapatzen duen pertsona orori ez dio joaten uzten, telefonoz nahiz bertatik bertara. Edozein huskeriari buruz solasean aritzeko gai da, eta gaur Nora du parean, aspaldi honetan behar adina lo egin ez duenaren aurpegiarekin, ziur aski amiantoari buruzko informazioa entzuteko gogotsu, baina Aingeruk ezin dio esan ezer berririk ez dakiela, eta horregatik azaldu dio tailerreko lehengo arduradunak ikertzen ari direla eta laster argituko dela dena. Nora sofan eserita mantentzea garrantzitsua da. Aingeruk aspaldidanik diseinatu ditu zerrenda mentalak: neskalaguna edo antzeko zerbait izateko hautagaiak biltzen ditu, lehentasunaren arabera sailkatuta, eta Norak bost urte inguru daramatza aurreneko bost hautagaien artean, bulegora lanera etorri zenetik, postuetan gora eta behera, eta horregatik zaindu du Aingeruk harekiko harremana, baita Chicagon egon den bitartean ere, tarteka mezuak idatziz, noizbait telefonoz deituz, baina, paradoxikoki, une honetan Noraren hautagaitza berez inoizko baldintza okerrenetan dagoen arren (Aingeruren aburuz barkaezina da Norak justu orain erakustea bere aurpegirik zakarrena, Aingeru etxetik irten ezinik dagoenean), kontuan hartuta zerrenda mentalean egon diren gainerako hautagai ia guztiak desagertuta edo milaka kilometrotara daudela, Nora dago goi mailan.

        Aingeruk bonboiak eskaini dizkion hirugarren aldian, ordea, Nora galderak, galderak eta galderak egiten hasi zaio, erantzun bat jaso eta alde egiteko presa balu bezala; eta orduan agertu da sentimendu hori, Aingeruk inoiz hain gordin sentitu ez duen beldur hori, hain zuzen gerta dakiokeen zerbaiti aurre egiteko gai ez izateari beldurra. Hausnartu ahala, ideia oso arraroa iruditu zaio, baina aldi berean erreala, jaten ari den croissanta bezainbeste, eskua burura eraman eta ahurrean gelditu zaizkion ileak bezainbeste, oso erreala, orain arte ezagutu duen ordena desagertzeari izu laborria, bere bizitza kontrolatzeko ahalmena galtzeari, eta bitartean Norak galderak egiten jarraitzen du, gero eta estuago. Aingeruk erantzun egiten dio, modu egokian bere ustez, baina oraintxe angustia hazten ari zaio eta min horren aurrean bakarrik sentitzen da. Nori kontatuko diot? Nork lagun diezadake? Zertan ari naizen ere ez dute ulertuko.

        — Hurrengo batean pisu honetara etorri behar badut —haserretu da Nora—, nahiago nuke erantzun zehatzen bat jasotzeko izango balitz, eta ez berriketarako soilik.

        — Lagunak ginela uste nuen —erantzun dio Aingeruk.

        Nora begira gelditu zaio denbora luzez, baina Aingeruk ez daki galdera gehiago egiteko den edo erantzunen bat emango dion.

 

 

Sakelako telefonoa itzali egin du, deirik jaso nahi ez duelako, etxetik irten dela inork jakin ez dezan. Asko kosta zaio etxe atariaren parean dagoen taxira iristea, azken egunetan sofan etzanda ez baita makuluekin gehiegi trebatu. Kalean ikusten badute, medikuarenera doala esango die, eta ez da gezurra izango.

        Itxarongelan arretaz aztertu ditu bertan daudenak, eta ikusitakoa ez da lasaitzeko modukoa izan. Kontsulta barruan hondoratu egin da Aingeruk oraindik baztertu ez zuen esperantza txatxua: ez zela hainbesterako entzun nahi zuen, joan zedila etxera lasai, baina horren ordez terapiaren egutegiarekin irten da.

        — Ileak atzealdetik hartuko ditugu, gero aurrealdean jartzeko. Gazteagoa zineneko kalparra ia bere horretan suspertuko duzu.

 

 

 

© cc-by-sa Harkaitz Zubiri

 


www.susa-literatura.eus