Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

 

6

NORA

 

 

Sorpresa bat daukala esan dio Josuk telefonoz. Kotxean sartu denean eman dizkio azalpenak, eta orain Norak izerdi tantak nabari ditu besapeetan behera, bizkarrean irristaka, aire girotua azaleko zentimetro koadro bakoitza inarrosten. Ohi baino zakarrago gidatzen ari da. Iristen direnean aurkituko duena irudika dezake, eta Norak Josuren aita du gogoan. Bisita, gizon hari egitera joan nahi luke, ez beste inori. Zer pentsatuko zuen Josuren aitak Nora etxean edo sikiera ospitalean agertu ez zelako? Eta amak? Inork ez zion ezer esan Norari. Josu desagertu egin zen orduan ere. Ezin zuen jakin. Baina, hala ere, Norari kosta egiten zaio kontu horrekin bakeak egitea: Josurengandik urrundu ondoren, enpresan zurrumurruak entzundakoan ez zen galdetzeaz arduratu, Josurekiko amorruak erre egiten ziolako, eta horregatik ez zuen jakin familia horretan zerbait ez zihoala ondo.

        Festa batera joango balira bezala jokatzen ari da Josu, pentsatu du Norak; urduri egongo da. Baina itxuraz baretu egin da emakume hark atea ireki dienean. Josuren ama izan zitekeen, adinari eta janzkerari erreparatuz gero. Irribarre batekin eraman ditu egongelara, eta besaulkian dagoen gizona aurkeztu die: senarra, arnasa kostata hartzen ari den aurpegi hezurtsu bat.

        Josuri etxera deitu ziola azaldu du gizonak, eta telefonoa hartu zuen andreak esan omen zion pasatuko ziola abisua semeari.

        — Amak ez dit ezer esan. Ez naiz berarekin bizi. Zorte handia izan dugu, gurasoen etxera posta elektronikoa begiratzera joan nintzen egun bakarretako batean deitu zenuten bigarren aldiz.

        — Askotan deitu dugu zenbaki horretara, baina inork ez du hartu.

        — Nork deitzen dizun jakitearen desabantailak dira horiek.

        Azalpen baten zain gelditu dira anfitrioiak

        — Sabotajea gustatzen zaio nire amari.

        Bat-bateko haserreak gorritu egin dio aurpegia besaulkian jarrita dagoen gizonari. Arnasa hartu du hizketan hasteko, baina egongelaren erdian egurrezko aulki zahar batean eseri den emazteak hartu dio aurrea. Olibak, patatak eta antxoak parez pare dituztela, Josuk eta Norak sofatik entzun dute emakumearen solasa. Josuri begiratzen dio batez ere, hura delakoan bietan jantziena. Emazteak azaldutakoaren arabera, erretiroa hartuta dagoen lankide ohi batek kontatu zion senarrari, eta orduan hasi omen ziren deika.

        — Berak ez zuen nahi. Esaten zidan nahikoa zuela gaixo egotearekin, ez zuela batere gogorik lankideak berriro ikusteko, eta oraindik gutxiago enpresaren berri izateko. Baina azkenean konbentzitu nuen.

        — Ondo, ondo, ondo.

        Josuren aldartea berriro bizitu dela iruditu zaio Norari. Emakumea, aldiz, itzaltzen ari zaion irribarreari eusten saiatzen ari da, eta Norak bere buruari gogor egin behar dio, beste norabait begiratzen saiatu behar du, bestela soa etengabe joaten baitzaio gizona eztulka dagoen lekura, umetan errepide ertzean gorpu bat ikusi zuen aldian bezala.

 

 

Tximeleta beltz baten antzekoa da hegan, baina gero lurrean pausatu da zomorro. Aitarekin telefonoz ari den bitartean ikusi du Norak.

        — Ondo zainduta al dago etxea?

        Aldiro galdetzen dio hori aitak eta, azkenerako, Norak ez daki benetan zer galdetu nahi dion. Lehenik salaren erdian hegan dabilen tximeleta beltz baten antzeko hori aipatu dio eta gero Josuren aitaren kontuaz aritu da Nora, aldi berean buruan jitoan dabilzkion ideiak ordenatzen saiatuz. Aitak gogo onez hartu ditu alabaren asmoak, Noraren harridurarako aitari hitz egiten dion bitartean argiak diruditen asmoak, eta aitari gaina hartu dio aholkuak emateko grinak, nahiz eta Norari nabarmena iruditu zaion aitak halako kontuez ezer ez dakiela.

        — Ondo-ondo zaindu etxea —esanez agurtu da.

        Telefonoa eskegi bezain azkar, Norak lurraren kontra zapaldu du tximeleta beltz baten antzeko hori eta ez zaio batere gustatu birrintzean zomorroak atera duen hotsa. Badakit ez dela labezomorroa, pentsatu du Norak.

 

 

Ohean dago oraindik, goizeko zazpi eta erdiak direlako, eta larunbata. Telefonoa mesanotxearen gainean zarataka ari da ero baten moduan.

        — Nor zara?

        Norak ez dio ezer ulertzen. Telefonoaren bestaldekoa bere azalpenei lotu zaio, entzungor.

        — Orain egon nahi duzu nirekin?

        Salto batean jaiki da, kirolerako erabiltzen duen arropa jantzi du eta korrika txikian abiatu da Trintxerperantz. Taberna batean zain du Manuel, sindikatu horikoekin bilera egin zuten egunean atsegina izan zen bakarra. Orduan baino zaharragoa iruditu zaio gaur.

        — Esnatu egin zaitut, ezta?

        Norak lasai egoteko erantzun dio.

        — Gaur ezin izan dut lorik egin.

        Bere ahotsa ezezaguna egin zaio Norari. Sindikatu horikoekin bilera egin zutenean, Manuelek ez zuen ia hitzik egin.

        — Arrazoia duzue. Zerbait egin behar dugu. Zuri kontatu behar nizun. Lotsa ematen dit Josuri esateak, aitarekin pasatu duten guztia pasatu ondoren.

        — Zergatik aldatu duzu iritzia?

        — Ez dut iritzirik aldatu, baina orain oso argi ikusten dut.

        — Zerbait gertatu da?

        Manuelek eskumuturrean daraman erlojuari begiratu dio.

        — Gaixo nago, Josuren aita bezala.

        Norak galdera asko egin nahi dizkio baina ez daki nola. Konturatzerako, mahaitik altxatu da Manuel.

        — Hitz egingo dugu hurrengo egunetan. Lanera noa orain.

        — Lanera? Nora?

        — Tailerrera. Nora bestela?

        — Zure egoeran? Eta larunbatean?

        — Aste honetan denbora asko galdu dut medikuarenean eta lan bat bukatu behar dut astelehenerako.

        Manuelen aurpegia aldatu egin dela iruditu zaio Norari, jadanik ez dirudiela hain zaharra, kemena berreskuratu duela; baina berehala patata tortilla pintxoa erori zaio, Manuel estropezu egiten ikusi duenean taberna kanpoko koskarekin.

 

 

Aldaketa nabari dio Josuri. Ia arratsaldero ikusten du, bulegotik irten ondoren, erretiroa hartu duten enplegatu ohiekin hitz egitera joaten direnean. Nora beti porru eginda agertzen da hitzordura, egun osoa paper artean eta ordenagailuko pantailari begira presak jota lanean eman ostean; enpresatik dagokion orduan joaten denez, beharra pilatzen ari zaio. Josu, berriz, pauso lasaian iristen ikusten du maiz, garaiz, inoiz ez bezala, eta bizarra eginda, ondo lisatutako arropak jantzita, begizulorik gabe.

        Erretiroa hartu zuten langileekin bildu dira batik bat, eta alargun bakan batzuekin, betiere elkarrizketak sindikatuen bitartez lortuta. Amiantoaren arrastoak agerikoak iruditu zaizkio Norari kontatu dizkioten istorioetan. Asbestoa, iraungiezina, jendearen bidelaguna, jendea desagertu ondoren ere hor jarraitzen duena, arnasbideetan ezkutatuta, pozoia. Bilera bat egitea adostu dute sindikatu horiarekin eta marroiarekin. Deialdi irekia izango da, gaur egun enpresan enplegatuta daudenentzat, erretiroa hartu dutenentzat eta langileen senideentzat. Ez dute froga sendorik oraingoz, susmoak baino gehiago bai, baina aurrerabide handirik gabe. Bilera horretan informazioa eskaintzeaz gain, hurrengo pausoak emateko oinarriak ezarri nahi ditu Norak (garai batean ere horrelako perspektibak izaten zituen zenbait bilerekiko).

        Areto bat lortu dute Groseko Okendo kultur etxean. Sindikatu horiko Zuriarrain eta sindikatu marroiko Ander eseri dira mahaiburuan jendeari begira. Iluntzeko zazpietan hamabost lagun besterik ez daude aretoan. Zuriarrain hasi da hizketan, zertarako bildu diren labur aipatzen eta lan hitzarmenaren negoziazio hurbila gogorarazten. Ander urduri mintzatu da, gaiari buruz ezer entzun ez duenarentzat ulertezin. Baina Norak ez die hizlariei arretarik eskaini, kezkatuta baitago bilerara etortzen ari den jendearekin. Ordu laurden batean berrogei bat lagun batu dira aretoan. Norak pentsatu duenez, beste inorekin hitz egin behar ez izateko etorri da jendea berandu, aretora sartu eta lasai eseri ahal izateko.

        Mutu gelditu da aretoa. Inor ez da ausartu lehenengoa izaten. Isiltasunaren pisua oso handia egin denean, mahaiburuek hartu dute hitza berriro, esandakoa errepikatzeko: Zuriarrain luzatu da gehien, oreka bilatu behar dela azpimarratuz, enpresaren egoera benetan ahula dela, lan hitzarmena negoziatzerakoan arazo handiak izango dituztela, inoizko latzenak, eta tentuz jokatu beharra dagoela amiantoaren kontuarekin, ezerezaren gainean ibiltzeko arriskua handia dela. Anderren txanda iritsi denean, Norari nabarmena iruditu zaio Anderren lotsa, jendaurrean hitz egitea atsegin ez duenez, bere ezintasunean zakar izatera ere ailegatzen dena.

        — Zuk amiantoaren kontua deitu diozu, baina niretzat falta zaidan senarra da —esan du atzealdean eserita dagoen emakume batek—. Zerbait egiten saiatu beharko dugu behintzat, ezta?

        Zuriarrain zuzen eseri da bere aulkian.

        — Zalantzarik gabe. Ez dakit ondo azaldu dudan esan nahi nuena. Buru-belarri saiatzen ari gara, eta horretan jarraitu behar dugu. Hemen gauden askok galdu dugu lankidea baino gehiago laguna zen norbait, eta susmoa dugu amiantoa tartean egon daitekeela.

        Josu zutitu egin da hizketan hasteko.

        — Frogak lortzea da lehentasuna, enpresak amiantoa erabili zuela erakusten duten frogak. Horretarako bi bide dauzkagu: batetik, enpresatik informazioa lortzea: prebentziokoen paperak, erositako materialen fakturak, lan prozedurak, ekoizpenari buruzko datuak, eskuliburuak, ez dakit, informazioa emango digun edozein gauza; eta, bestetik, enpresan ibili diren langileen testigantzak behar ditugu, zer materialekin eta nola lan egiten zuten frogatzeko beste bide bat izan daitekeelako.

        — Guk —esan du erretiratu itxura duen gizon batek— betidanik egin izan ditugu panelak fatxada eta sabaietarako, hoditeriak, teilak, ur deposituak eta horrelako mila gauza, eta, nik dakidala behintzat, orain dela ez hainbeste urte arte gauza horiek fabrikatzeko amiantoa erabiltzen genuen.

        — Frogak behar ditugu —eten dio Anderrek, haserre antzera—. Enpresak borondate onez eskura jartzen ez badizkigu, gu geuk moldatu beharko dugu nonbaitetik ateratzeko. Susmoa ez da nahikoa. Frogarik gabe ez goaz inora.

        Zurrumurrua sortu da aretoan, jendea albokoekin solasean ari baita. Norak zerbait esan nahi luke, baina ez da ausartzen. Batetik, beldur da jendeak pentsa dezakeelako bera ez dela nor bilera honetan hitza hartzeko. Bestetik, garai batean jendaurrean mintzatzeko izan zuen trebetasuna agian herdoildu zaiola uste duelako. Baina zalantzak mugiezinik daukan bitartean, aretoaren atzealdean eserita dagoen gizon batek altxatu du eskua

        — Barkatu. Galdera bat daukat. Amiantoarenarekin zerbait egin behar dela uste dut, baina aldi berean jakin nahi nuke, horretan sartzen bagara nola eragingo digun enpresan lanean gabiltzanoi.

        Txintik ez da entzuten orain, egoera lehertu aurreko isiltasun urduria, Norari iruditutakoaren arabera, baina inork ez du ezer esan, jendea elkarri begira dago, harik eta Zuriarrainek erantzun duen arte.

        — Pausoak kontu handiz eman behar ditugu. Enpresarekin arduraz hitz egin behar dugu, ez zakar. Asko dago jokoan, agian baita enpresaren etorkizuna ere.

        — Arduraz bai, baina enpresari ezin diogu utzi berriro adarra jotzen —esan du Anderrek.

        Bilera oraindik bukatu gabe dagoenean, inork ezer aipatu ez duen arren, amaitutzat eman dutela dirudi. Isilik gelditu dira. Luzaroan itxoin gabe altxatzen hasi eta kanporanzko bidea hartu dute. Hitz egiteko gogoz gelditu da Nora. Aulkian eserita zain dago aretoa husten den bitartean. Josu hurbildu zaio, sindikatu horiko Manuel alboan duela. Josu kopetilun dago, berriketarako asmorik ez. Manuelek, ordea, albisteak dakartza: erretiroa hartuta dagoen lankide ohi batekin hitz egin du eta hura ere gaixo omen dago, pleurako minbizia. Manuelek azaldu dio ia segurua dela amiantoak eragin diola, baina gizon hari ez omen zaio axola.

        — Lur jota dago, gaixotasunari aurre egiteko indarrak eskas, eta ez dauka gogorik istiluetan sartzeko. Sosegua nahi du, hil behar badu, lasai hiltzeko.

        Zazpi hildako, lau gaixo, pentsatu du Norak; ustez, noski, frogatu egin behar bailitzateke.

        — Aurrera egiten badugu, zure lagun hori ere sartuko da saltsan.

        Esan duenarekin harritu egin da Nora, baina horixe uste du. Ez daki noraino iritsiko diren, baina aspaldiko partez sentitzen du halako zerbait. Bere barruan zokoren batean ezkutatuta zegoen zerbait berreskuratu duela iruditzen zaio. Bitxia, pentsatu du Norak, ahaztuta neukan.

        — Zerbait lortuko dugula uste duzu benetan? —galdetu dio Manuelek.

        — Kristalezko bola kotxean utzi dut.

        Norari bere nagusia etorri zaio burura. Honezkero entzungo zuen zertan dabilen bere enplegatua, honezkero haserretuko zen eta jakinaraziko zien zuzendaritzako gainerakoei: Neska hori konfiantzazko postu batean dago, esango zien, eta pentsatzekoa da ezin duela sindikalkerietara jolasten ibili. Ez, esan dio Norak bere buruari, orain ez dut horretan pentsatuko.

        Aretoa husteko eskatu die kultur etxeko arduradunak, ordua dela. Nora bihar arte agurtzear dagoela, Josuk trago bat hartzea proposatu die. Berandu da Manuelentzat. Norak baietz esan dio.

 

 

 

© cc-by-sa Harkaitz Zubiri

 


www.susa-literatura.eus