Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

—17—

 

Ez nuen nahi Esti kezka zedin. Denboralea neraman gauez begiak behar den bezala biltzeke, eta egunez nekea gailentzen zitzaidan. Atzendutako lan bat erredakzioan larunbatean bertan entregatu beharra nuela esanda atera nintzen etxetik. Lanera ez nintzela astelehen arte azalduko abisatu nuen, eztarria hartua nuela, burutik beherakoak ez zidala arnasa hartzen uzten. Gau txarra pasatu nuela oso esan nion Gemari.

        — Alaba ibili dun aurrena, orain neu.

        Ez zen erabateko gezurra ere, gaua egunduta eman nuen; gainera, arranoa, ez zen egunkarirako lana esku artean nerabilena? Buelta ematen nuen aldiro iratzarri nuen Esti. Zer dudan. Ezer ez, segitzeko lo.

        — Bazkaritara etorriko zara?

        — Ez dut uste.

        Amarenera eramango zuela Laida orduan. Han egongo zirela, lehenago heltzen banintzen. Urteetako harremana hondora doanean, harrigarria da nolako pausua hartzen duten hitzek. Dena da lasaiagoa, trumoiak jo aurretik belar moztu berriaren usaina aditzen duzunean bezala.

        — Ederra egiten diguk, baina moldatuko gaituk —Gemak.

        Ahul itxura ematen ahalegindu nintzen, zakur eztula atera nuen, ez entzuteko moduan mintzatu nintzaion erredakzioko lagunari. Gehiegi fio beroaz eta hoztu egin nintzela.

        — Eskertzen dinat.

        — Beste gauza bat. Bisita izan diagu gauean —esan zuen bat-batean—. Oraintxe ninduan deitzeko.

        Sarraila behartuta aurkitu zutela. Barruan gauza askorik ez zela falta, antza. Ez zirudiela Poliziaren lana, baina ikusteko, aurrez jasotako abisuak ez zirela txantxetakoak. Bazegoen jendea ez zuena ongi hartu Gemak Itoitzen inguruan azkenaldian argitaratutakoa.

        — Itsu nahi naitek. Nire betaurrekoak. Eta kaseteak, grabazio batzuk.

        — Nire mahaian?

        — Itxuraz, ezer ez. Etortzen haizenean ikusiko duk.

        Dena utzi eta erredakziotik igarotzeko harra. Gemak berak lasaitu ninduen.

        — Presa gabe, pasa ahal duanean eta salaketa jarri behar diagu.

        — Ea bihar —esan nion.

        — Hori bai, bihar bahator ez duk ikusiko utzi diguten oparia.

        — Zer opari?

        — Ikusiko duk.

        — Esadan...

        — Txiza arrasta hire mahaian. Ez duk zuhurregia izan beharrik, nahikoa duk kazetaria izanda: bat gizonezkoa zuan behintzat.

        Berriro eragin Larraingainera abiatu aurretik egin beharrekoei. Azken egiaztapena ordenaren egokitasunari: Faustino, Artzapezpikutza, Soledad. Horrela egingo nuen pentsatutakoa.

        Faustino Ibañezena, ilobarena jakinda, ez dakit nola espero nuen ongi ateratzea. Kontua da larunbatean goizetik ugaritzen direla bisitak egoitzan, eta ez dela erraza sartzen den guztia nor den jakitea. Hori nuen neure fabore. Eta pentsatu aldean erraz gurutzatu nuen sarrerako aretoa, harreran ez ziren ohartu ere egin pasabideetan barneratu zen gizon urduriaz, eta hala bazen, geletan nengoen. Orduan konturatu nintzen eginahalaren alferraz. Ez nekien zein zen Faustinorena. Galdetu nuen, baina okerreko atean jo nuen bitan. Jaitsi eta egongela nagusian begiratu nuen. Inor ez.

        Gehiegi saiatu ez izanaren harrarekin irten nuen egoitzatik. Nolanahi, ez nuen asko gehiagorik ateratzeko Faustinori. Azken ahaleginaren pena, non sartu zuten, gogoratzeko ongi zer entzun zuen Tolosan. Gero bestela, hainbeste urteren ondoren Iruñera itzuli zenean. Edo osterantzean, pentsatzeko nork lagun diezagukeen horretan. Bi egun baino ez genituela makinek kanposantua Larraingaingo etxe eraitsien harriez estaltzeko.

        «Atera ezazue handik!».

        Oinaztura balitz bezala etorri zitzaidan bristadak kezkatu ninduen gauean: hezurrekin, zer egin behar genuen? Semea Ameriketan, non ez dakigula; Faustino izan ezik lagun ezagunik ez, nori utzi behar genion metalezko kutxa oinetan? («tori, hemen duzu, atera dugu. Ez da berriz itoko»).

        Autoa hartu eta ibaia gurutzatuta, zezen plaza ondoan utzi nuen. Labrit atzetik, berehala nintzen artzapezpikuaren jauregian. Ez ninduen ustekabean harrapatu, artxiboa giltzatuta zegoen («astelehen arte; gainera, ordua eskatu behar da»). Ez nintzen premiazkoa zela azaltzen ahalegindu gizon zimurrari, batzuetan galdu egiten dut kazetarioi egozten zaigun savoir faire hori. Bi dei egin nituen. Dena ez zegoen galdua. Soledad Barañainen bizi zen orain, alabarenean. Emateko tarte bat, hamar minutu behar omen zuten helbidea topatzeko.

        Hamaikak jo gabe frontoi ondokoan kafea tortillarekin hartzen nuen artean, begiratu azkarra eman nion prentsari. Azalean, bezperakoa, gaurkoa edo biharkoa izan daitekeen argazkia: Saddam Husseinen ehunetik gora jarraitzaile hil dituzte Pentagonoko soldaduek Irak iparraldean. Kulturan, kasualitate liluragarri horietako bat. Elkarrizketa Paul Austerri: «Faxismo uhinaren abangoardiak agintzen du Estatu Batuetan». Esanda baino lehenago jo zuen telefonoak. Joateko lasai, zain nuela.

        Hilabete lehenago bezalaxe hartu ninduen Soledadek. Oker nengoen, aldaketak ez zion bihotza ilundu.

        — Gordea dut gutaz idatzi zenuena. Baten batek jaso behar zuen. Mila esker.

        Gorritzen ikusi ninduen, barre egin zuen. Eta poztu egin nintzen. Mesede egin zion hiriko bizimoduak. Bakarrik geunden alabaren etxeko egongelan. Atearen bestaldean, aspiradora bat zokaloetako zuraren kontra. Txikia da Soledad, azal zuriak garden bihurtzen du ia. Mapa bat da. Eskumuturreko muinoen artean zainek ibai urdinak dirudite nonbaitera bidean. Argazkia aterako niokeen makina aldean izatera.

        — Soledad —bota nion, beharbada azkarregi—, ezagutu zenuen Juana Ardanaz izeneko neska bat Larraingainen?

        Berea ez, Juanarena zen han, ordea, foto bakarra. Esku dardarti batek jaso zuen har zezala erregutu nionean, begiratzeko lasai.

        Aitaren presatu bat egin zuen. Ahoa estali zuen gero, erpurua gora eta beste lau atzamarrak bilduta irribarre joana gordetzen.

        — Gaixoa!

        — Ezagutu zenuen orduan? —poztu nintzen.

        — Ezagutuko ez nuen ba!

        Faustinok esandako guztia kontatu nion, gutxi-asko hark aletuta bezalaxe. Hitzik egiterako erantsi nuen gainerakoa, nola gabiltzan haren hobiaren bila, denbora dugula kontra, berandu mugitu garela eta ea laguntzerik duen.

        Buruaz ezetz egiten ikusi nuen solasa amaitu orduko.

        — Ez? Zer ez?

        Isilik jarraitu zuen une batez, begiak Juanaren argazki irriberan. Hotsagatik, lapikoa sukaldeko azulejuak eta leihoak lurruntzen. Aspiradora isildu egin zen. Barazki usaina guganaino heltzen.

        — Ez dut sekula entzun han dagoela.

        Zein den egia orduan galdetu nion. Zer zekien berak.

        Lehenago Faustinok egin bezalaxe, Soledaden hitz bakoitzarekin osatzen hasi zen Juana. Xehetasunak ez ziren oso bestelakoak. Gaztetako kontuak arrunt naroago zetozen, eta Juana jolasean eskaintzen zitzaidan Larraingainen, edo Artozkin, edo Muniainen, artean urte batzuk gazteagoa zen Soledaden begietara. Dantzan ageri zen andrearen ninietako plazan, lizarren azpian. Edo asto batekin esneketan, hurritz makila zuela eskuan. Tarteka, aberastu egiten zuen aurrez genekiena. Faustinok ez bezala, gomutan zuen Irungo frontean hildako senar burugorriaren abizena («Munarriz, bai, Munarriz»); semea, aldiz («Juan, amarena»), ez zukeela ezagutuko orain ikustera.

        — Izeba moja batek eraman zuen berarekin.

        — Ameriketara?

        — Ez nizuke esango, hala zabaldu zen orduan.

        Heriotzak baldintzatzen zuen, ordea, guztia. Ibaian agertu zelakoa, halaxe du gogoan Soledadek ere.

        — Esamesak ibili ziren, badakizu, bere burua bota ote zuen, baina istripua izan behar zuen, izotzetan irrist egin eta ibaira erori. Hala izan dut beti aditzera.

        — Ez zuten Larraingainen lurperatu orduan?

        — Han ez badago Iruñean egongo da. Arrotxapean ez zen ba bizi?

        Garbi zegoen hasierako ilusioa xaretzen zihoakidala. Gazteagoa izanagatik Soledad ez zen Juanaren azken urteak, eta hauekin batera, haren heriotza eta ondorengo egunetako gertaerak argitzeko gauza. Ez zen edo ez zuen nahi.

        — Sasoitako kontuekin zatoz, amante!

        Maitez eta Oscarrez gogoratu nintzen, zulo eginean urpean. Beharbada Soledad zuzen zegoen, dena asmatua zen. Beharbada borrokaren mitoak galdu zuen Faustino, bere buruari kontatu eta kontatu eta azkenean berak sinetsitako istorioa zuen Juanarena, ez zen aurrenekoa izango. Ordurako, eta nahiago nuen oker egon, ikasia nintzen «sasoitako kontuak» aipatzeak zer esan nahi zuen gehienetan.

        «Adinekoen artean, bi pertsona mota dago: oroitu nahi dutenak eta nahi ez dutenak» esan zidan behin lagun psikologo batek. Geriatrikoan aritzen da, eta bazekiela zertaz ari zen azpimarratu zidan: «Eta ez du jator portatzearekin zerikusirik, biziraupenarekin baizik».

        Hipotesietara jolas egin nuen: orduan ere ez zen jende askorik biziko inguruetan. Lurperatzeko, herriko jendea erabiliko zuten. Bestaldekoak seguruenik, eskarmentua eman nahi bazen eta izua zabaldu. Ezkutuan egin nahi izatea ere, litekeena da hala izatea. Bestela, isiltzen ari bazen, nahita ari zen.

        Ezin izan nion laguntza emango ligukeen inoren izenik atera.

        — Herria hirurogeita hiruan hustu zen.

        — Hirurogeita hiruan? Geroago izan zelakoan nengoen.

        — Larraingain bai, hirurogeita hiruan. Kennedy hil zuten urtea delako akordatu izan naiz beti.

        — Eta Joan XXIII.a —erantsi nuen lotsagabe. Ez zuen hain buru txarra.

        Ezarian, irria itzuli zitzaion.

        — Baita Grimau ere, Julian Grimau —jarraitu nuen—. Akorduan izango duzu Grimau. Guztiak neu jaio nintzen urtean hil zirelako dakit.

        Etxeko baten bitartez, ezagutu nituen Grimau hil zuten egunean Iruñeko elkarte batean fusilatzea xanpainez ospatu zutenak. Osaba bat. Urtegiko lanen kontura diru asko egiten ari zen haietako bat orain.

        — Ez zait ezaguna egiten.

        Esan behar nion: Valjonteko urtegia lehertu zen urtea izan zen hirurogeita hirua.

        Atetik sartu nintzenean baino lasaiago nengoen, nahiz eta Soledadi entzun ostean Juanaren hezurrak aurkitzeko aukerak, neurri batean, asko murrizten ziren. Azken beltzean ez genuen ez lekukotza ez agiri bakar bat, eta Soledadek ez zuen hizpidera ekarri nahi, garbi zegoen, lurperatzearena. Juanak makiari emandako balizko laguntza ere, normala, arrunt zen ahula («senarra erreketea zuen arren, bera ez zen horietakoa, kontrakoa esango nuke nik, baina ez dakit gehiago»). Faustinok osoro asmatua ez bazen oso zitekeena zen gaizki ulertua izatea, jakizu nola heldu zen berria Frantziara, nork eta nola kontatua.

        Bi egunetan ezin gehiago.

        Kontuak egitea ez zen zaila. Egunen batean dokumenturen bat lortuko bagenu, beranduegi izango zen. Lurraz gain, hilerriko hormako harriak izango zituzkeen gorpuak gainean. Eta pixka bat atzenduz gero, milaka tona ur.

        Hain larria ere ez zela pentsatzen etsitzen hasia nintzen. Otsoportillon behera botatakoengana zihoakidan ihesi oroimena: han ere baziren urte askoren ostean leizean sartutakoak, mendizaleak sokekin-eta. Hala ere, ez da, nik dakidala, hezurrik atera. Ez nuen behintzat, hala izan bazen, gertaeraren berririk.

        Eta haiek ez bezala, gorpurik agertu ezean ere, Juana Ardanazek bere historia izango zuen, Faustinori esker idazten hasia nintzena.

        Abantzu hirurak ziren Agoitzera heldu nintzenean. Ez zeuden jantokian. Banekien berandu baino lehen jaitsiko zirela bazkaltzera. Larunbatetan luzatu egiten da dena. Ez nenbilen oker. Neure atzetik sartu ziren, lokatzez beteak.

        Deus ez.

        — Benetan?

        Ostatuko elkarrizketa hizpidera atera gabe mintzo zitzaidan Oscar, nola harrotu zuten zuhaitz inguru guztia, erroak agerian uzteraino. Barrenera, metro eta erdi ingururaino aitzurtu omen zuten. Ea zer gehiago egin litekeen galdetu zidan Maiteri begira, erantzuna berarekin dakarren tonuaz.

        — Makinarik gabe, eskuz ez zagok ezer egiterik.

        — Ez ezazu horrela hitz egin —errieta Maitek.

        Han egotekotan, jo behar zuen honezkero pala muturrak hezurren bat.

        — Eta ez dakizu onena.

        Orduan agertzen da, pixkanaka eta mamu baten gisa Maiteren mintzoan Artzapezpikutzako artxiboan behar nuen laguntza hezurrez betetako kutxak bedeinkatzera.

        — Aurreko bera, herrena.

        — Lupuak jango ahal du! Eta?

        — Ez dagoela inor hilerritik kanpo. Begiratu dituela paperak, eta daudenak daudela, besterik ez.

        Denen uko artean, egoitzan heriotzaren zain zegoen gizona bezain bakarrik, Faustinoren kontakizunak balio epikoa hartua zuen. Ero baten asmazioa zen bestela guztia, iragana edertzera jolasten ari zen agurearen fikzioa.

        — Eta hara non botatzen digun erdi-erditik ez segitzeko, han ez dagoela inor!

        Begiratzen diot, eta gizon etsitu bat ikusten dut esku hanpatuei beha, nekatuta dagoena. Nik badakit zer darabilen Oscarrek kaskoan, Maite, ez daki zer egiten duen hemen, etxeak harrapatu du berriro ere, identifikatu ezin ditudan objektuek, aurpegiek, zoriontsuagoa izan zen garaiak. Gogoa eman dit esateko, «Rügengo labarrak, Oscar, labarren deia duk hori!», baina besterik ezin dezakeenarena du keinua dagoeneko. Akitua dago, behera dator, ez da goiko zuloetara itzuliko, eginahalak egingo ditu Maite eta biok igo ez gaitezen.

        Ostatuan katigatu ginenean bezala:

        — Hura ez dago han.

        Oscarren begitarte burlosoa El lobo chorroko barran, pirotekniaz eta aspirinaz, hitz bakoitzarekin ukabilkadaka.

        Maite ez da sumintzen, ez da nekeak leher eginda erasoan hasten, eutsi egiten dio Oscarren begiei, hitzik egin gabe jaikiarazi nahi du mahaitik, lagun diezaiola, behar duela, azken ahalegina, ilundu arte.

        Beste kafe bana eskatu dut. Belar orujo bat, bi zerbeza. Geurea izan ezik, batuta daude osterantzeko mahai guztiak, afaritarako atonduta. Azkenak gara jatetxean.

        Isildu egiten naiz, ni gabe konpon dezaten nahi dut, ez dakit zer esan, zeri eutsi, nori sinetsi. Honaino helduta, Faustinoren kontaketa Soledaden beldurrarekin nahasten da, Artzapezpikutzako handigoitia Oscarren etsiarekin, eta Maiteren esperantza pizarrekin ni. Ni gabe aritu dira, ni gabe segi dezaten nahi dut, eguzkia gorde arte besterik ez bada ere.

        Azken batean nik topatu dut nire Juana. Maitek ere berea aurkitzea nahi nuke.

        — Ilundu arte. Baina han ez dago inor.

        Larraingain bidean ez naiz kasik ohartu ere egin Maitek, kontrola pasa eta berehala eskuinetara, elkarren gainean metatutako zuhaitz morrotuen ondotik hartu duen bideaz. Urtegiko horma nagusia atzean utzita, errepide zartatuan inauskin artean goazela, bota gabeko basoen orbanak zikintzen dit ninia.

        Maldetan, ezpelak txarak osatzen dizkit gogoan. Txilar izpiak azken zirriborroak eransten ditu gauean bahitu ez duena bahitzera datorrenean loa. Ametsetan bezala, behi zuri batzuk larre bila, horra begiek bildu aurretik lotzen duten azken irudia.

 

 

 

© Iņigo Aranbarri

 


www.susa-literatura.eus