Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

—2—

 

Ederra zait lanbide hau. Besteak beste esango nuke benaz gertatu diren istorioak kontatzeko aukera ematen didalako maite dudala. Neure arrazoiak baditut, aitortzen lotsarik ematen ez didatenak gainera. Idazten dugulako, ilun izan dena argi bihurtzen da; zati zena, oso; eta urrutikoa, etxeko. Baina idazleak ez bezala, bestelako zorra duelakoan nago kazetariak errealitatearekin. Labur esateko: ezin du gertatu ez dena idatzi. Badakit ez dela beti hala, baina izandakoak soilik lotu behar luke eskua, hura du ore eta ezin besterik izan gero irakurleari eskainiko diona.

        Horrela azalduta, bistan da, hartu beharreko esparrua zabalegia begitandu daiteke, eta zedarritu beharra dago, horretan ez dut mendreneko dudarik. Neuri dagokidanez, aspaldi bete nituen lan horiek. Aukeran, ez dut erredakzioko lana gogoko, ezin eramanekoa zait albiste agentziek behartutako bidea, gorroto dut erakundeek bultzatutako ospakizunen txistu airean dantzatu beharra. Askotan ez dut beste erremediorik baina. Eta zer idazten dudan ikusita lanaz galdetzen didatenean, ez okertzeko, ez dudala historia maite erantzun ohi dut, historiaren zabortegian galdu aurretik oroimenak berreskura ditzakeen istorioak direla nire galbidea. Horiexen ehizan nabilela pozarren diot. Horiexek bizi ditudala eta horiexek bizi nautela.

        Eta Oscarrek, oker egon nintekeen baina berehala harrapatu nion, bazuen kontatzea merezi zuen istorio bat.

        — Gure aitona zuan marinel haietako bat, Oskar Escher zian izena. Ehun eta hamar kilotik gorako gizona zuan, eta hala ere baltseoan kurlintek baino hobeto egiten zuela ziotean emakumeek.

        Zangoak luzatu eta oinak elkarren gainean jarri zituen, nagiak ateratzen ari balitz bezala.

        «Kurlinta bat», errepikatu nuen neure artean. Beste kafe bat hartuko zuela esan nion.

        — Gaur merezi dik.

        1939ko abuztuaren 21a zen, astelehena, Graf Spee korazatua Wilhelmshavengo portutik atera zenean. Hans Langsdorff zuen kapitaina, baga artean asko ibilitako marinel profesionala. Itsaso zabalean zirela jakin zuten Alemaniak Polonia inbaditu eta Frantziak eta Britainia Handiak gerra deklaratu zietela.

        Itsasketak iraun zuen ehun eta hogei egunetan bederatzi zamaontzi hondoratu zituen Langsdorffek, ingeles banderadunak guztiak, baporeetako gizonak salbatuta beti. Atlantiko erdian zebilen abenduaren aurreneko astean La Plata ibaiaren bokalera joateko agindua jaso zuenean. Iritsi zitzaien informazioaren arabera, handik ari ziren irteten Europari ezarritako blokeoa hausten zebiltzan ontziak. Brasil aurrean zirela, Rocha muturretik 280 miliara, Exeter gurtzeru astuna eta Ajax eta Achilles arinak agertu zitzaizkien bidera.

        Eguna zabaltzen ari zuen Exeterren aurka su egin zuenean. Bi ontzi nagusiak elkarren kontra aritu ziren artean, bi txikiek behin eta berriz jo zuten Graf Spee. Hogeita hamasei marinel hil zituzten ingelesek. Langsdorffek, zaurituta berau ere, Montevideoko portuan sartzea erabaki zuen.

        Koilaratxo bat azukre bota, eragin eta, kafea hozten utzi zuen Oscarrek. Agian Graf Speeren pasartea inoiz entzun gabea nintzelako, jakin-mina piztu zidan aitonarenarekin nola lotuko zuen ikusteko.

        — Garagardorik edo nahi duk? Kopakorik?

        Hamabost eguneko babesa eskatu zion Langsdorffek Uruguaiko Gobernuari. Alfredo Baldomir presidenteak, diplomazia ingelesa zuela sakaka atzetik, 72 ordukoa baino ez zion eman. Marinel hilak Iparreko kanposantuan hobiratu, ahal zen neurrian ontziak izandako kalteak konpondu eta Berlinera telegrafiatu zuen Langsdorffek. Bere esku zegoen erabakia.

        Uruguaiko Gobernuak emandako muga ordua betetzear zela, Graf Speek bokalerako bidea hartu zuen, Tacoma zamaontzia zuela gibelean. Mila gizon utzi zituen Langsdorffek lehorrean, berrogeirekin baino ez zen atera abrara. Mukuru bildu zen jendea Sarandiko uharritzan, ikusmiran. Zabalean, ingeles flota zuen Graf Speek zain. Aurreko orduetan kazetariz betetako hegazkinak heldu ziren Estatu Batuetatik ibaiaren bi hegietara, borrokaldia filmatu eta munduari kontatzeko. Ez alferrik, Bigarren Mundu Gerra bera zen Hego Hemisferioko biztanleei ustekabean etxe atariraino ikuskizun heldu zitzaiena.

        Korazatuak motorrak itzali zituen. Subofizial batek bolborategian lehergailuak paratzen zituen artean, tripulazioak Buenos Airestik heldutako atoiontzietara pasatzeko agindua jaso zuen. Mastan gora igoarazi zen bandera. Borraz hautsi zen tresneria elektronikoa, radar berritik hasita.

        Langsdorff bera izan zen ontzia uzten azkena. Arratsaldeko zazpietarako bost minutu falta zirela, danbateko mutiria entzun zen ibaiaren erdian, ke beltzezko traganarrua zerurantz igotzen gero. Ilunduta zegoen atoiontziak Buenos Airesera iritsi zirenerako. Ordurako Graf Speeko marinelak guztien ahotan zeuden.

        Oscarrek esanda bezalaxe dakartzat orriotara hitzak. Nola ez dakidala, kontatu zidan bezala kontatu izanak neu ere moiletan izatea lortu zuen une batez, Langsdorffen eta honen gizonen zain. Banekien horrexek galtzen ninduela maiz: iraganeko gertaera ederrek gaurko gaurraz ahaztera naramate.

        «Kazetariaren lana al da iraganaz arduratzea?», aurpegiratu izan didate inoiz lankideek era honetako artikuluen arriskuez aritu izan garenean.

        Haiek ez dakite zer den hau, ordea.

        Ez dute espero: «Historia ahazteko egina dago», erantzun ohi diet. «Edertasunak salbatzen ditu istorio txikiak».

        Ondorengo urteek ez dute ordura artekoen epikotasunik. Oskar Escher eta haren lagunak presondegikoarekin zerikusirik ez duen gatibutzan izan zituen Argentinako Gobernuak, Buenos Airesen bertan. Ipar ditxoaren kontra zegoen Etorkinen hotel zaharrera bildu zituzten harik eta egoera argitu zen arte. Santa Ferako bidea hartu zuten hauetako batzuek, eta Monte Vera aldean lan egin zuten, arrantza baporeetan. Edo Mendozara jo zuten, alemaniar etorkinen esku zeuden garagardo fabriketan aritu ziren. Beste batzuek, aldiz, ihes egin eta Europara itzultzea lortu zuten, gerran jarraitzeko.

        Oscarrek aurrez hamaika bider egina balu bezalaxe, ongi antolatuta kontatzen dit dena, geldialdiak eginagatik jarioa eten gabe, entzuleak nazkatzeko betarik izan ez dezan.

        Oskar Escher eta beste hirurehun eta hogeita bederatzi lagun La Ventana mendilerrora igorri zituzten, mende hasieran belle époque estiloan eraikitako hotel batera. V. erregimentuaren zaintzapean egon ziren gerra amaitu eta gerora arte. 1946a zen aske utzi zituztenean.

        — Aitonak esatera, hamabostean behin dantza saioak antolatu ohi zitiztean Ispiluen Aretoan, eta erdeinuak janda zuen trenbidean, lokomotoretako bat ere jarri ahal izan zitean martxan, denboralean hondatuta egon ostean. Laurehun pesoko soldata zitean, eta trajeak eta oinetako berriak sarri antzean.

        Hogeita lau urte zituen Oskar Escherrek Maria Merenson ezagutu zuenean. Denda bateko erakusleihoan beha ikusi omen zuen, eta tea hartzera gonbidatu. Buenos Airesera ezkondu ziren. Zapatari jarri zen etxepean errentan harturiko zulo batean. Miserere plazako tren geltokia ikusten zen atetik, jendea abiatzen eta heltzen etengabean.

        — «Neu bezala, bizimodu berrira» esan ohi ziguan berak.

        Once auzoko tren geltokia: huraxe zen metropoliaren aurreneko irudia kanpotik heltzen ziren askorentzat, eta hantxe zegoen Escher, bidearen latzak marruskatutako zapatak, uhalak eta maleta hautsiak konpontzeko gertu.

        — Han hazi zuan gure ama, eta hantxe topatu zian gure aitak, Antonio Iriartek, oinetako pare bat konpontzera eraman zuen batean. Ikusten duk: bil daitekek hobeto lurralde baten historia nigan baino?

        Irribarre egin zuen. Tximeleta tropikalak ziruditen haren eskuek kafe kikararen gainean keinuka.

        — Armada nazian ibilitako soldadu alemanak, ukrainar juduak, XIX. mendetik Olavarriako panpetan abeltzaintzan eta esneketan ibilitako euskaldunak... okerreko hariez egindako amarauna, hori nauk ni, Imanol.

        Hala egin zuen Oscarrek bere buruaren aurkezpena.

        — Orain badakik zergatik daramadan izen hau neurekin.

        Atea zabaltzen sentitu genuen. Giltza hotsa. Paper lodizko zorroena zoru gainean pausatzen. Korrika batean sartu zen Laida sukaldean. Ustekabeak geldiarazi zuen.

        — Egin kasu Oscarri —diotsot, baina etorri den bezala alde egin du, Spidermanen morrala arrastaka duela.

        Zango artean kiribildu zaion umea ahal duen moduan baztertuta, agurtzera sartu da Esti. Beroak itota datorrela dio, eramangaitza zaiola sapa hau.

        — Zer moduz eguna?

        Postontzitik igotako gutunak utzi ditu mahai gainean.

        — Bakean utziko zaituztet, izango duzue-eta zertaz jardun.

        Aitonarena kontatzen segi zezala erregutu nion Oscarri. Ez zuela askoz gehiagorako ematen, askatu zidala behinena, hori izan zuen erantzuna.

        — Judu komunista baten alabarekin ezkondu zen aleman soldadu ohia, zer esango diat ba, hainbeste izango dituk munduan.

        Berak ongi zekien horrenbeste urte igaro izanagatik kontatzeko moduko istorioa zela aitonarena, horregatik aumentatu zidan. Eten arteraino ez tiratzea zen kontua, berez hasiko zen ostera ere, berak sortutako ikusminari jaten eman beharrak helduko zion berandu baino lehen.

        — Gure etxean inor ez duk ezer izan, ordea. Amak ez dik deus amonaren ukrainartasunetik, are gutxiago judutik. Esaten zioat oraindik ere, lehengo astean azkena, mintzatokitik deitu diodanean, «bazara ba zu halako arnegatua, ama, Mahler bera baino arnegatuagoa!». Ikasi zian umetan, baina nekez entzungo diok hari ukraineraz mintzatzen, ezta amonaren aldekoekin ere.

        «Aita zer edo zer gehiago. Hutsa. Ez nioan Saninazio egunean ez bazen Belgrano kaleko Euskal Etxerako joerarik ezagutu. Olavarriako familiari ikasita abesten genituen kantuak eta Gernikako Arbolaren platertxo bat egongelako horma txikian, hara zer zen Euskal Herria niretzat hona etorri aurretik.

        «Aitona ere ez zuan auzoko gainerako alemanekin egotera emana. Esan diat, deserrotu koadrila gure etxea. Ontziko lagunik ez nioan gurekin bizi izan zen artean inoiz ezagutu. Gerrak bere hautsak batu ondoren Argentinan aterpe hartu zutenak berriz, bazakiat, ez zitian oso bereak. Eta ez zituan gutxi, auzotik ez urruti ezagutu nitian batzuk. Laurogei mila izan zirela esaten duk, gutxi-asko, legez kanpo sartu zirenak: herritarrak, soldadu edo ofizial ohiak, tartean, baita nazioarteko atxilotze agindua zuten berrogeita hamar gerra kriminal ere, Vatikanoaren eta Espainiako enbaxaden bitartez eta Gurutze Gorriaren pasaporteekin hauetako batzuk: Eichmann, Mengele, Kutschmann, Priebke... harrezkero, itzala hor izan duk beti, Barilocheko Deutsche Kluben, Chacoko okindegi batean, Misionesko agure amultsu baten aulki hutsean, timbo baten gerizpean...».

        Ezagun zuen, Oscar bereizketa egin nahian zebilen, ez nahasteko gerrara behartuta eramandakoak agintariekin esaten ari zitzaidan, aitona ez zela haietarik. Ez nintzen ni izango kontra egingo ziona. Jaikitzeko keinua egin zuen ostera eseri zenean. Mahai gainean utzi zituen tabakoa eta txiskeroa.

        — Baduk, dena den, oso jende gutxiri kontatu izan diodan pasadizoa —jarraitu zuen—. Bederatzi-hamar urte izango nitian. Igande goiza zuan, hori seguru. Uztaila edo abuztua zela bakarrik zakiat, negu gorria behintzat. Amari San Martin parkera gindoazela eta bazkaltzeko itzuliko ginela esanda, Pueyrredon kaletik barrena Corrientes etorbideraino igota, aitonak eta biok metroko B linea hartu genuela diat gomutan. Chacaritako hilerrira sartzen nintzen lehenbiziko aldia zuan. Hitzik egin gabe egin genian Lacrozetik aurrerakoa, gizon handi bat gizon txiki bat eskutik helduta duela panteoi artetik. Zertaz akordatzen den bat, estropezu egin nian, zuhaitz baten sustraia zuan, lurra harrotuta kanporantz irtena. Eta zapatariaren esku latz beroa han, haurra muturrez aurrera eror ez zedin. Harrizko aldaretxoaren gainean gurutzea zian hilobiak, eta aurrean, belardi zaindua. Begi handiko katea hura babesten. Gurutze gehiago alboetan. Ez diat gogoan lorerik zegoen. Inguruan, marmol beltzezko hilarri sendoak. Ez gintuan luzaro egon, ez zian otoitzik egin.

        Erretzerik bazuen galdetu zidan. Hautsontzia hurbildu nion harraska gaineko apaletik.

        — Asmatu duk, Langsdorffen azken ohantzea zuan.

        Zigarroa atera zuen. Txiskero harriaren hotsa. Garra tabakorria erretzen. Zera berezi bat eragiten dit oraindik ere hasierako kearen usainak.

        — Ez nioan, bizi izan zen artean, bisita hura egundo aipatu. Gerora harrapatu zidaan gogoa. Harrezkero behin bakarrik itzuli nauk Chacaritara, aita hobiratu genuenean. Ez Peron, ez Gardel, egongo dituk zain nahi badute. Ni ez nauk turista. Hil arte ametsetan esnatzen zela zakiat, baporean ibiltzen zela hara eta hona, bolbora errearen usaina zabaltzen izara garbietan. Orduan bakarrik mintzatzen zuan alemanez, oihu batean. Beldurra ematen ziola zioan gure amonak.

        Jaiki eta hautsontzia eskuan, leiho zabaldura hurbildu zen. Kanporantz ateratzen zuen besoa xurgada bakoitzean.

        — Ez duk zaila jakitea zergatik estimatzen zuen kapitaina —jarraitu zuen handixe—. Gerraren gorrian Berlindik nahi ez bezalako uhararen bitsetan eraman zuelako ontzia seguru asko. Nahiago izan zuelako korazatua hondora bota agindupean zituen mila gizon ikuskizun bilakaturiko heriotza segurura bidali baino. «Rügengo labarrak gogoan zituela hilko zela aitortu ohi zigun beti, hori badakit», esan zidaan aitonak.

        Esti sartu zen, umearentzako jarabearen bila. Zer moduz zegoen. Eztula, erantzun zidan, sukarrik gabeko eztula baino ez zela.

        — Montevideoko argazkiak hor zaudek ikusi nahi badituk. Borrokan hil zitzaizkioan marinelen hiletetan, kutxak lur gainean zain direla, zurizko eta aginte sablea esku artean, besoa luzatuta ez duen bakarra duk Langsdorff. Bere buruaz beste egin zuen gauean soina biltzeko aukeratu zuen bandera ere Bigarren Reichekoa izan zuan, esbastikarik gabea. «Itsasoko benetako gentleman bat», deitu gogo izan zitean berak preso hartu zituen ingeles ofizialek. Egin zuena ere, bere buruari tiro egitea, ofizial prusiarren tradizio militarrean aurkituko duk. «Badakik zer, Oscar? Rügengo labarrak, egunen batean Rügengo labarrak ezagutzera joango gaituk biok», horiexek izan zituan aitonaren hitzak hilerri atarira irten genuenean.

        — Eta, aginduko hion horrenbeste ehun eta hamar kiloko kurlintari, ez?

 

 

 

© Iņigo Aranbarri

 


www.susa-literatura.eus