Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

—15—

 

Begiak biltzen baditut Patagonian aurki daitezkeen gris guztiek biltzen naute, Maite. Oraingo arropa etiketetan, galtzetan, jaketan, jertseetan-eta, deitzen dira bada koloreak horrela, badakizu, arbel grisa, antrazita beltza edo granito zaharra, halaxe etortzen zaizkit niri ere guztiak, Trelew grisa, Caleta Olivia iluna, Puerto Argentino beltza. Haitzei, labarrei, kale harriei lotutako kolore hilak guztiak, hego haietako ordokietako haizea bezain setati erasoan, edota hautsezko bideetakoak, petrolioak zikindutako pertsonena, geltokiena, zeruarena barren-barrenean hozka, kauskaka, minbizitzen, ezta metastasia balitz ere.

        Baina ongi da, begiak bildu eta deus ez imajinatzera egin. Eta begirik ez badut, usaimena pizten dut. Zurea datorkit orain, izerdi eta loero nahasketa bat, izaren leungarriena eta lingirdena. Itzali egingo dut, ordea, giltza hori ere. Ahorik ez, gozotasun honetatik iratzarriko nauen zaratarik ez. Begiak itxi eta eskuak baino ez izan, horra zertara naizen bihurtua. Eta eskuineko besoa luzatzen dut, ukitu nahi zaitut, baina ez zaitut esnatu nahi, eta burkoaren gainean pausatu zaizkizun ileak laztantzen dizkizut, begiak zabal ez ditzazun zaintzen beti. Mundua da, istant honetara bildua. Erromantikoen ametsa fisika bilakatua.

        Puntu bat espazioan.

        Puntu bat zure sorbalda-hezur gainean, eta beste bat, eta bestea, elkarren artean lotutako hamaika tinta sastada bizkarrean gora igotzen ari zaizun muskerra puntuz puntu osatzeko. Tatuatzailearen bekaitz naiz. Minik eman zizun? Eta sabelpean dituzun txinatar idiograma horiek egiterakoan? Itzartzen zerenean, esan behar didazu zer esan nahi duten.

        Hori naiz orain. Zure loa, zure sorbaldapeko harri zapalean zirkinik egiten ez duen muskerra balakatzen, laztantzen, babesten duen zaindaria. Errukarria? Neuk nahi dudan neurrian errukarri. Hitz hori erabilita, ez didazu inoiz eraso egin, baina badakit hori dela hain juxtu nigatik sentitu duzuna inoiz, errukia, batez ere Club Atléticon gertatu zena kontatu nizunean. Ez dakit zergatik biluztu nintzen horrela, Maite. Gezurra, zer diot, badakit zergatik kontatu nizkizun inoiz inori esan ez dizkiodanak. Erraza ikusi nuen, agidanean; gustuko duzu, zuk ere, gizona ume ikustea, kiribildua zure magalean, eta zu nire gainean etzanda, besarkadan osoro babesten, lasai zaitez, nirekin zaude orain Oscar, hona mundua eta aterpea, xukatu malkoak, amaitu da amesgaiztoa.

        Egia da ez nuela beste irtenbiderik topatu zure beroa neureganatzeko. Zail nuen besteekin neurtzen hasiz gero, nola egin ikusgarri eskain niezazukeena errukiarekin ez bazen, nola alderatuko nintzen Karlosekin, Imanolekin, nola behin bakarrik ikusiagatik hitzetik hortzera darabilzun Faustino horrekin, ezagutzen ez ditudan hamaika horiekin. Esadazu, nola neurtuko naiz hilobitik gau eta egun deika duzun Juana Ardanaz horrekin haien aldean ahul agertzeke. Hilabeteak dira inorekin egon gabe, eta etxetik kanpo zaudenean oroimena nahikoa izan liteke arnasa hartzeko aldi batez, baina nik norbait behar nuen, nik behar zintudan, Maite.

        Kontuak egin ditut, ez da zaila. Hau da elkarren ondoan lo egiten dugun laugarren aldia. Lau gau eta hauen osteko lau egun luze urtegia ezpain berdin bete arteko haranean, gainean eguzki errea eta oinpean ahaztuen hezurrak krakatekoka ditugula. Ez zaizu burutik ere pasa nola eutsiko niokeen basatza horri zu ondoan izateko ilusioa ez banu, zure barruan egon izanaren ilusioak ez banindu akuilatu? Hau amaitzera doa baina, honek eman du eman beharrekoa. Ahuspez zaude, esna egon zintezkeen, aitormen hau entzuten, baina arnasaren konpasean mugitzen den zure soinak salatzen zaitu, Maite. Ez dut berenez beren dudan gorputz hau gehiagotan laztantzeko aukerarik izango, badakit unea ezagutzen, lehenago ere gertatu izan zaidalako dakit.

        «Ez dut zurekin katigatuta geratu nahi» esan zenidanetik, badakit agortzen ari den botilatik ari garela. Jolasa urrutiegi eraman dugula aitortzen didazu ahal duzun bakoitzean, norbaitek gu bion artekoaren berri izateak sortzen dizun izuak dardarka jartzen dizkizu begiak so egiten didazunean. Eta nik, berriro ere, onartzen hasi beharra dut ezer ez dela betirako.

        Lau, bost, sei... zenbatetan egon daitezke bi maitale elkarren gozoan bietako bat maitemindu gabe?

        «Patagonian ez duzu inor utzi?» galdetu izan didazunean, badakit zer esan nahi didazun. Ez duzu egia, ez duzu Las Herasen etxeek zer kolore hartzen duten, nolako zerua dagoen konta diezazudan nahi. Izutu egingo zinateke, ia hilero dago heldu izatera iritsiko ez dela erabakita bere burua argi-indarraren postetik esekitzen duen gazte bat, edo gurasoen auto barruan sartuta betirako lo geratzen dena. Eta baldintza horietan, zaila da inori betirako maiteko duzula esatea. Handik irtetera doanak ez diotso hori inori. Sinetsidazu, nik hogeita bi urte egin nituen inori maite nuela esan gabe.

        Matea hartzera heldu zinen lehen arratsalde hartan, kostatu zitzaizun, oroitzen?, ez zenuela inoren beharrik esan zenidan. Hesolak, txarrantxa, iltzeak, hesia jartzen ari zinela ulertu nuen. Horrek egin zuen tentagarriagoa dena.

        Desagertuen gaia atera zenuenean, Osvaldo beltzaz akordatu nintzen, esan nizun, auzokoa genuen. Maite genuen etxean, maite genuenez. Han nola egiten zuten, badakizu. Orain hurrengoan entzun nion Imanoli Argentinako desagertuez gehien gustatu zaion filma Garaje Olimpo dela, eta ea zer iruditu zitzaidan. Beharbada bera dela txukunena erantzun nion, bai behintzat hemen ikusi ahal izan dituzuenen artean. Hor daukazue ongi azaldua zer izan zen hura. Atxiloketa guneetatik irteterako indizioa eman besagainean, lotaratu, eta hegazkinetara. Ez ziren askorik urruntzen, nahikoa zuten pilotuek itsasora pixka bat ateratzea, badakizu, ibaia da, baina itsasoa dirudi La Platak zabalera hartu orduko. Filma ikusten negar egin nuen. Hegazkinak sabel metalikoa ireki eta gorpuak uretara erortzen uzten hasten zen unean, Aurora-ren notak entzuten dira. Eta Aurora zer den, guk bakarrik dakigu. Argentinako eskola guztietan jotzen den airea da Aurora, Maite, banderari egiten zaion otoitza. Pieza tristearen lehen akordeak entzuten dituzularik, eskola garaira, haurtzarora zaramatza musikak, eta gorputzak dunba-dunbaka jausten, eta umeok kantuan, «goian zerua arrano gerlaria», hegazkinak geldi dagoela ematen du, «zeruaren urdinezko hegal bat», atxilotuek eta torturatzaileek inoiz, zer zetorren jakin gabetan, «itsasoaren urdinezkoa bestea», elkarrekin abestutako Aurora.

        Ez bada erraza uretan zuloak egitea, are zailagoa da inor aurkitzea. Gainera, zuek pentsatu aldean, denbora laburra eman dugu desagertuen bila. Han ere errazagoa izan da inoiz aurkituko ez diren zokoetan begiratzea. Hegazkinak ikusi egiten ziren, ordea. Eguzkiak hegaletan jotzen zuenean, zilarrezko bristadak aise ikusten ziren Costanerako edozein ertzetatik. Geldirik dagoela dirudi, urmael azalean legokeen makal hosto bat bezala. Ikusi batera halaxe dagoela esango zenuke zuk ere, nola litekeen metalezko hegazti astun hori geldirik, baina hegal dirdiratsuei beha itsutu arte egoten bazara, orbana gainean duzula ikusten duzu, etxera dator. Motorrak geroago entzuten dira, gurpilak harmonikoki ateratzen Shostakovitxen piezaren gainean, aitonaren hauts epelak urarekin bat egiten duten unean berean.

        Zeuk atera zenuen gaia, desagertuena diot, Maite. Eta orduan otu zitzaidan zergatik ez nizun esango, zergatik ez nizun aitortuko ez bada osoro gezurra ni ere eraman nindutela Falcon berde haietako batean, atzeko kofrean eskuak lotuta eta ahoa bozatuta. Ez naiz bakarra, ez nintzateke bakarra izango bizirik itzularazi zutena osin beldurgarri haietako batetik. Egunotan ari dira zuloa egiten autopistapeko habe artean, Club Atlético egon zeneko orubean, ea zer aurkituko. Lagun batek idatzi dit oraindik orain, webgune batean sar nadin agindu. Bizirik atera zirenak ari dira erakusten langileei nondik jarraitu behar duten, zer zegoen orain marrazkiekin, izenekin, zenbakiekin aurkitzen ari diren hormen atzean. Zer du txarretik azken batean beste era batera baina bizi izan dudan iragana moldatzeak? Nori egiten diot kalte neurea ere izan bada iragan hori? Har ezazu ironia gisa, nola esan nizun agurtu gintuela Videlak?

        «Zoriontasuna irabazi beharra dago».

        Osvaldo eraman zuten goizean, ni ere eraman ninduten, Maite. Gisela atxilotu zutenean, berriz, artean nire barnean geratzen ziren oxigeno, nitrogeno, hidrogeno molekula apurrak igo zituzten hegazkin haietako batera, azken kaltzio, potasio, sodio atomoak. Atxilotu, ez ninduten berez atxilotu, orain lo zaudela aitortzen dizut, ez ninduten harrapatu, dena izan da beste iragan bat kontatu dizudana, eta ez naiz gaizki sentitzen horregatik, eta benetan diotsut, ni ere, bizirik segitzen duten beste asko bezala, ibaian hobiratutako haietako bat naizelako.

        Gainerakoa, badakizu. Hesiak erori egin ziren, zure bihotz hotza hausteko behar nuen mailua topatuta, gogorregi ez jotzea zen kontua. Izotza kendu behar nuen, arian beratu, ez dena hautsi. Egia ere, ez dizut inoiz ezkutatu. Osvaldo eraman zutenean, Patagoniara bidali ninduen amak, petrolioan lan egitera, babestuago egongo nintzelakoan. Han ez zuten milico-en garaian ia inor betirako eraman, nahikoa zen lan egitearekin. Eta halaxe izan zen. Lan egin nuen. Neure iraganetik ihesi bizi izan naiz aberriaren azken zulotik atera eta berriro bizitzen hastea erabaki nuenetik. Ezen nik, Maite, han edo hemen, zurekin edo zu gabe, bizi egin nahi baitut.

 

 

 

© Iņigo Aranbarri

 


www.susa-literatura.eus