Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Gazte literatura

 

Kartzelarekin zerikusirik ez duten gaiekin ere egin izan dute literatura presoek. Denak batzeko baino sakabanatuago daude seguru asko auskalo zenbat poema, bertso, ipuin... Hango edo hemengo aldizkarietan, liburuetan tartekatuz hamaika.

        Zorrotz begiratzen hasi gabe Fernando Diez Torre, Joseba Sarrionandia, Sergio Garcia Razkin, Pello Mariñelarena, Enrike Letona Biteriren poemak datozkit burura; Carmen Gisasola eta Olatz Caminosen ipuin erotiko batzuk; Karlos Gorrindok argitaratutako nobelak (Ni naizen hori, 1992, Txalaparta; Amaren begietan, 1995)... Asko dira, eta tarteka haur eta gazteei zuzendutakoak ere bai.

        Ez dakit seguru, baina preso egote horixe izan daiteke motibazioa espetxearekin zerikusirik ez duten ipuinak eta eleberriak idazten hasteko ere. Espetxeak berez ezartzen duen komunikazio falta eta harremanen etena gainditu nahia da batzuetan idaztera bultzatzen gaituena. Esango zenukeena ahotsez esateko modurik ez duzunean, idaztera, margotzera, harizko eskuturrekoak egitera zaramatzan bidea daukazu harremanetarako.

        Ez dut uste hain ezberdina denik seme-alabari edo ilobari emateko ipuin bat idaztea, orrian marrazkiak egitea edo harizko eskuturrekoa korapiloz korapilo. Helburua, batez ere, harreman zubiak eraikitzea da edozein kasutan.

        Seineri aurrez aurre kontaturiko ipuinak, bost ipuin biltzen dituen liburua, Ataramiñek argitaratu zion Joxe Blanco Gomezi 2004an.

        1986an ezagutu nuen Joxe, Herrera de la Manchan, eta gogoan dut zelan joaten zen euskarazko klaseetara. Gramatikan zein eroso moldatzen zen ikusteak harritzen ninduen, nahiz eta ezin ausartu ikasgeletatik kanpo euskaraz hitz egitera.

        Kaleratu zen urte batzuen buruan eta arrastoa galdu nion, harik eta berriro atxilotu eta kartzelatu egin zutela jakin nuen arte.

        Ipuin bat atera zuen aurrena Ataramiñen; 2004an, berriz, goian aipatu liburua, bere haurrari erakutsi nahi zizkion kontuei ipuin forma emanez seguru asko, irudiekin osatua.

        Hurrengo urtean, 2005ean, Kepa Etxebarriak atera zuen Ataramiñerekin Gazte literatura sailean, Azeri gosetia liburua, testuz eta marrazkiz.

        Azeria, goseti ez ezik azeri ere izan ohi da ipuin klasikoetan eta; ezin zaio seguru asko edozein izaera eman, sinesgarri izango bada behintzat. Sinesgarritasunari erakargarritasuna gehitzeko marrazkiak egin zizkion Kepak testuari.

        Bi urte geroago, 2007an, Belen Gonzalezek idatzitako testu bati egin zizkion marrazkiak Kepak, eta Durangoko Azokara aurkeztu zuen Ataramiñek Zimaren abenturak izenburuarekin.

        Belen Gonzalezekin batera, batak testua eta besteak marrazkiak egin eta azkenean lanak batu eta osatzen zelan moldatu ziren jakin nahian galdetu diot postaz Kepari, Pontevedrako Alamara idatziz.

        «Gure esperientziaren berri ematea... Azken batean nola azaldu lerro batzuetan liburuxka honen sorrera eta osaketa? Orain dela hiru urte inguru hasi zen guztia, Belenek bere kasa ipuin batzuk idatzi eta oparitzat niri igorri zizkidanean. Oso ipuin bereziak zirela iruditu zitzaidan hasieratik, bai edukia ikusita, bai non eta zein egoeratan idatziak ziren kontuan hartuta».

        Zima neska koskorrak eguzkiari galdetzen dio ez zer dagoen bera bizi den lurralde eta inguru horretako palmera eta mendietatik harago, eta itsasoa erantzuten dio hark. «Itsasoa?...» Urezko zerua, alegia.

        Erabakia hartzen du orduan Zimak, zeru berri hura ezagutzera joango dela handitzean.

        Horretan tematuta dabilenez, herriko atso zahar bezain jakintsu batengana bidaltzen du amak, eta kalabaza erraldoi bat ematen dio sorgin itxurako amonak. Kalabaza hartuta, etxera abiatzen da Zima, lagunei erakutsi nahi die oparia. Bidean, baina, behaztopatuta erori, lurrean zapart egin zaio kalabaza. Uholde jario handia isurtzen da orduan kalabaza lehertutik; inguru osora hedatzen da ur isuria, dena estaliz. Muino batzuk soilik geratu dira agerian, palmera batzuekin, itsaso zabalean. Hara Antillak!

        Itsasoa, munduko portu guztietara iristen den putzu estrainio hori!

        Bederatzi kapitulutan hamaika abentura biziko ditu Zimak, lagun berriak ezagutu, arriskuak gainditu... Bide batek beste batera darama; piraten lagun egingo da, Dordoka uhartera iritsi, eta ez dago piratarik, hain gutxi Dordoka uhartera iritsi denik, altxor ezkuturik gabe.

        Altxor ezkutua pergamino xahar bat da, ordea, oraingoan, eta pergaminoan inork ulertu ezin duen hitz jokoa dago idatzita. Hitz jokoak zer esanahi gordetzen duen jakiteko, Euskal Herrira itzultzea erabakitzen dute Zima eta bere lagun piratek. Baina historia ez da amaitzen Euskal Herrira itzultzearekin.

        Belenen idatziari irudiak ipini dizkio Kepak pasartez pasarte, bizitasun bikoitza emanez Zima eta bere lagunen ibiliei.

        «Berehala, ipuinak borobildu eta ilustratu genitzakeela pentsatu eta ilusioa piztu zitzaigun, eta lanean hasi ginen pixkanaka. Garai hartan espetxe ezberdinetan ginduzkaten, eta gutunen bitartez soilik genuen harremana. Hasierako pausoak oso-oso motelak izan ziren (interbentzioa, hilabeteetako atzerapenak, bidean «galdutako» gutunak...). Distantziak berezko oztopoak ditu, baina espetxean are handiagoak bilakatzen dira distantzia horiek. Hemen mugak daude, trabak, ia gainditu ezinak diren hainbat eta hainbat detaile, baina detaile horiek gainditu edo zeharkatzea ezinbestekoa da honelako lan bat, elkarlan bat aurrera atera nahi baduzu».

        Inolaz ere, ez da huskeria haurrenganaino iristeko nahia. Presook sarri sentitu dugun zerbait da. Eguneroko harremanik eza eta ondorioz sortzen den komunikazio etena nola edo hala osatu nahia era berezian nabarmentzen da seme-alaba eta ilobekin. Bisitaz bisita, denboraren buruan konfiantza apur bat hartu eta hizketan ikasi ahala galderak egiten hasten da txiki jende hori, hau eta hori jakin nahian, eta ea zergatik, eta ea nola... Eskutitzen batzuk bidaltzen dizkiezu, postalen bat edo beste, eta itzulian hor datozkizu orriren bat letra larriz idatzita, marrazki kolore biziduna, eta ea noiz zatozen.

        Errazagoa da askotan mundua esplikatzea, galdera txikiei erantzutea baino. Horregatik hasten zara ziegan zaudenean ipuinak asmatzen, tribukide txikienen zurekiko jakin nahia asetzeko ez, agian, baina haien arreta erakarri eta harremana estutzeko balio izango dizulakoan.

 

 

 

© Jokin Urain

 


www.susa-literatura.eus