Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Beti ihesean

 

Garaien araberakoak izango dira historian zehar kartzela moduak eta kartzeletako segurtasun neurriak, momentu eta lekuen araberakoak presoen ihes aukerak.

        Duela bi miloi urte baino lehenago ibili ei zen neke bideotan Homo rudolfensis deitua, hominidoon ordezkari dena batzuen iritziz. Ezin dut irudikatu zelakoa zatekeen asaba zahar haren orduko kantua baina, ez ote zekarren engoitik errezelodunaren zehar-begirada?

        Egingo nuke, hitz zehatzak ahoskatzeko gaitu baino lehen hasi zela gizakia kartzela moduren bat asmatzen, auzoa edo tribukidea gatibatzeko planak ehotzen. Eta horretan dirau eta dihardu oraindik, gero eta kartzela seguruagoak asmatu nahian, gero eta jende gehiago kartzelatzen.

        Desagertuko da gizakia egunen batean; etorriko dira noizbait beste izaki pentsalari batzuk espazio zabalaren beste muturretik, eta haien antropologoek arakatu eta induskatuko dituzte inguruok, eta «To» esango dute; «Zer izaki mota ote ziren hauek, hainbeste barrote eta hainbeste itxitura».

        Antzinakoak kartzelak eta antzinakoak presoak.

        Aurreneko presoari piztu behar izan zitzaion inola ere ihes egin nahia, ilunpetik harago argiren bat ikusi eta begiek erakusten zioten lekura joan beharra, itzaliko ez bazen guztiz. Eta horretan dirau gaur ere edozein presok.

        Zirritudun eta inperfektua izango zen aurreneko kartzela hura, eta betirako geratu zitzaion, bedeinkazio edo madarikazio, zirritu hori...

        Preso batzuek bakarrik ikusi izan dituzte ordea zirritu horiek; behin bakarrik zenbaitek, mirariz, behin baino gehiagotan bakar batzuek, zorionekoak haiek!

        Kepa Ordoki irundarra ANVko gudari izan zen 1936ko gerran. Frankistek preso hartuta, behin baino gehiagotan eduki zuten kaperan, baina arrazoiren bat edo besterengatik atzeratu egin zioten beti azken ordua. Santoñako kartzelatik ihes egitea lortu zuen 1939an. Kartzela inguruan dagoen paduran ezkutatuta egon ei zen egun osoan, alde egiteko aukera ikusi zuen arte.

        Iparraldera jo zuen, baina han ere bakerik ez; atxilotu eta Gurseko kontzentrazio barrutian sartu zuten frantses kolaboratzaileek. Ihes egin zuen Gursetik ere. Beste hiru aldiz atxilotu zuten, eta beste hainbestetan ihes egin. Hainbeste atxiloketaren zorigaitza aise gainditu behar du horrenbeste ihesen zorionak.

        Ezagunak ez ditugun hamaika ihes burutu behar izan zituen jendeak sasoi nahaspilatsu haietan, kontzentrazio barrutietatik batez ere. Joxe Agustin Arrietak kontatu zigun Gurseko kontzentrazio barrutitik ihes egin zuela bere aita Lorentxok ere lagunen batzuekin batera.

        Geroago ere, 70eko hamarkadaren bueltan, saiatzen ziren presoak ihes bila. Zaputzean geratu ziren ahalegin batzuk: Lopez Irasuegi eta Izko de la Iglesiaren Arantza Arruti askatzeko saioa Iruñeko kartzelan; Izko de la Iglesia beraren ihes saioa Kordoban, Iñaki Orbetaren saioa Garellanoko kuarteletik. Ahaleginak bereak baititu batzuetan egina eta bestetan ezina.

        Han eta hemen badira, hala ere, hain ezagunak ez izan arren, ihes ondo burutuak: Loiolako kuarteletik Asteasuinzarra askatzea lortu zuten, eta Donostiako Ospitaletik Jon Urzelai. Edo, erruz berriagoa, 2002ko abendukoa, Ibon Fernandez Iradirena: Baionako polizia-etxetik egin zuen ihes, inor ohartzeke, dotore asko.

        Ezagunagoak ditugu beste ihes batzuk, ihes egiteko moduagatik edo ihesa burutu duten presoen izenagatik, gauza biengatik ez bada.

        1985eko uztailaren 7an, Iñaki Pikabea oreretarrak eta Joseba Sarrionandia iurretarrak egin zuten hanka Martuteneko kartzelatik. Ordurako denboratxoa zeramaten preso bai batak eta bai besteak. Sorian, Carabanchelen, Puerton, Herreran egonak ziren. Gogoa eginda egongo ziren zirrituren bat aurkitu eta handixetik irteteko.

        Bada, ordea, haren aurrekaritzat har daitekeen beste ihes bat. Bost urte lehenago, zirritu haren edo antzeko baten miraz, Martutenen bertan hiru euskal presok aski modu harrigarrian burutu zutena. 1980ko urtarrilaren 20a. Asmoa zazpi lagun ateratzekoa zen, bi taldetan. Preso bik, arma batekin zenbait funtzionario mendean hartu ondoren, kartzeleroen arropak jantzi eta emakumeen modulutik atera zuten hirugarren kidea. Mikel Matxineak, Jose Mari Salegik eta Izaskun Arrazolak ihes handi hura onik egitea lortu zuten, egun hartan kartzelara joandako bisitariekin nahastuta. Gainerako laurak, bost minutu geroago alde egitekoak zirenak, kalea zapaldu baino lehen harrapatu zituzten ia atarian.

        Baina gatozen berriro 1985eko uztailera. Egun hartarako, aurretik beste zenbait taldek emana zuen moduan emateko, Imanol Larzabalen kantaldia zegoen prestatuta. Musika tresnak eramateko furgoneta, Mikel Antzak alokatu ei zuen, eta musika tresnekin batera bafle handiak eraman ere bai.

        Eguerdi inguruan hasi omen zuen Larzabalek kontzertua. Amaitzean, musika tresnak, bafleak eta gainerakoak jasotzen laguntzeko boluntario hurbildu ziren presoak. Kartzeleroen bistatik osten-gunea aurkituta, bafle handi banatan sartu ziren Sarrionandia eta Pikabea.

        Dena amaituta, musika tresnak eta traste guztiak jasota, etorritako bidean joan zen furgoneta halako batean. Ordu bietan presoen kontaketa egin zuten Martuteneko kartzeleroek, eta bi falta zirela iritzi zioten; mordoxka bat sobran egongo zen baina.

 

 

 

© Jokin Urain

 


www.susa-literatura.eus