Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

Izkibru tipiak

 

Amurizaren Hil ala bizi eleberriko Jonek hormei begiratzen die kalabozoan. Hormetan ikusten dituen marra, orban eta aztarna abstraktuak forma zehatzak hartuz doaz, diren-direnean gauzatuz, eta graffitiak dira izan, erreguak batzuk, erneguak besteak, salaketak eta promesak, mezuak, zer edo zer: «Oraintxe bete ditut bost egun eta lau ordu» dio batek; «Yoli, espérame» besteak; «Hementxe egon zen Arruza, Alias Moxo. Gora Euskadi»; «Nik hartutako hostialdirik ez diot inori opa. Gora langileak»; «Aker, putakume, txibato aluak! Sinaturik: Edozeinek».

        Haitzuloetan babesten ziren antzinako haiek marrazkiak, marrak eta gisakoak egiten bazituzten, nola ez ditu ba egingo kalabozoan, leotz umelean, ziegan dagoenak?

        Taberna komunetan, geltokietan, edozein geralekutan, abiapuntuetan, bidegurutzeetan, zubipeetan, zutabeetan, kale eta errepide bazterretan eta hormetan, pertsianetan, ateetan, Tourra pasatzen den mendi errepideetan, graffitiak eta mezuak idazten ditu jendeak, hurrengo datorrenak irakurtzearren. Eta errebindikazio pankartetan, protesta zapietan, zenbat izkribu tipi eder! «Hiltegia bizirik» eskatzen zuten duela urte batzuk Durangaldeko nekazariek; «Odiamos a todos» erakusten zuen pankarta telebista aurrean, futbol partiduren baten zain zegoen zaletu suharrak.

        Mendi tontorretan, goienera igota jendeak kera egiten duen lekuan, kutxatilak egon ohi dira barnean txarteltxoa utz dezazun, ondoren datorrenak irakur dezan. Ameriketara artzain joaten ziren euskaldunek zuhaitz gerrietan markatzen zuten euren izena, edo jaioterriarena, edo data eta zuhaitzak hazi ahala handituz joan ziren mezu tipi haiek, urrutietan utzitako aztarna haiek. «Hemen nago» edo «Begira non nagoen» esan nahi dute beharbada mezu horiek guztiek, atzetik datorrenak esan dezan: «Hemen egon zen», edo, «Hara, hau ere».

        Eta leku horietan guztietan ibili direnek eta oraindik dabiltzanek sentitu badute mezuren bat laga beharra, arrastoren bat egin beharra han izan diren seinale, nola ez edozein komisaldegi edo Auzitegi Nazionaleko leotzetan dagoenak, edo kartzelako ziega batean dagoenak, edo kartzela batetik bestera daraman furgoiko untxi kaiolan dagoenak?

        Berriro Joseba Sarrionandiaren Gartzelako poemak (1992, Susa) liburura nator, Aspaldian utzitako zelda poemari kentzeko zati hau:

 

                Jakin nahi nuke nork betetzen duen orain

                nik utzitako zelda.

 

                Ea endelegatzen duen hormako izkribu tipia:

                Eroria borrokara.

 

        Bisita kabinetan, boligrafoz idatzita edo punta zorrotzen batekin urratuz eginda ikusten dira idatziak, markak. Izen soilak dira gehienetan, edo bi izen, erdian bihotz geziz zeharkatua dutela. Bihotz zauritua izaki maitasuna, bihotzen kartzela, kartzelak nola ez ditu ba zaurituko bihotzak, nahiz eta kartzelak gutxi eduki maitasunetik... Tira, poesia bisita kabinetan ere.

        Alcalan, Valdemoron eta hainbat kartzelatan, espetxe batetik besterako kondukzioan, kundan, geraleku eta bidegurutze ere badiren kartzeletako ziegetan batez ere, izkribu txikiz josita daude taulatxoak, leiho ertzak, mahaiak.

        Euskarazko esaldiak topa ditzakezu nonahi, edozein ziega zulotan, eta zulo horretan zure aurretik zein noiz igaro den igar zenezake, eta ezaguna duzu beharbada, laguna agian, eta izen horrek ondoan dakarren data irakurtzean ohartuko zara hiru egun besterik ez direla igaro lagun hori hor bertan, zeu zauden lekuan, Jainkoak egundo bisitatu ez duen zulo malapartatu horretan egon denetik, etxetik hain urruti, leku berberean gurutzatu dira agian behin baino gehiagotan zuen bion bideak, eta mezutxoa utzi nahi diozu zeuk ere, baldin eta hurrengo batean hortik igaroko balitz, irakur dezan, jakin dezan: «Hemen gaude gu, han dago Lastur».

        Duela urte batzuk, berrikuntzak egin baino lehenagoko Auzitegi Nazionaleko kalabozoetan, Suarez presidente espainolaren garaietatik hasita idatzitako siglak, izenak, datak zeuden hormetan: «FRAP», «GRAPO», «Euskadi Ta Askatasuna». Eta mezuak, lemak: «Eutsi goiari», «Ez erori», «Dena ukatu», «Epailea ez da zure laguna», «Hauxe da infernua», «Zaude lasai, pasa da dena»...

Urteak geroago berritu egin zituzten leotz haiek, karez zuritu hormak, siglak, datak, mezu txikiak, marrak estaliz.

        Baina mezu berriak, izkribu tipi berriak idatzi dituzte handik igaro beharra izan dutenek, eta kare geruza zuri bakoitzaren gainean mezu berriak, izenak, datak... Koadernoan orriz orri, orri zuri bakoitzean historia berriak idazten diren moduan.

 

 

 

© Jokin Urain

 


www.susa-literatura.eus