Joxemi
Joxemi
1986, nobela
96 orrialde
84-398-7175-3
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1984, nobela
Joxemi
1986, nobela
96 orrialde
84-398-7175-3
aurkibidea
 

 

IV

 

        Lehenbiziko abioi hartan Zeruko Argia irakurtzen omen zuen Manilako fraile bat ezagutzen zuen filipino berriketalari batekin solastatu ziren. Bera Mindanao-koa zen, Davao-koa, non gerrilari musulman eta komunistek mendialdea kontrolatzen zuten.

        Bigarren abioiak Yakarta hiru ordutan jo zuen, geldialdi luze samarra eginez. Hirian bueltaska bat emanik Luisen jakituriak, egur balkoi batetan irribarre egiten zion neska bati mintzatuz, Joxemi eta Patricio aho zabalik utzi zituen:

        — Hai! Apa chabar?

        — Sudahlah! —erantzun zion neskak-; dan, kamu?

        — Baik! —eta esku-musu bat bidaltzen ziola:— Selemat tinggal!

        — Ya!

        Neska pittin bat lotsatu zen, zeina Luisi gustatu zitzaion. Lagunei esan zien:

        — Barku batetan oso ongi konpontzen nintzen mariñel bat izan genian hemengoa, eta elkarri hitz kurioso pare bat erakutsi genioken.

        — Eta, zer esan diok? —galdetu zion Joxemik, inbidiazko doinutto batekin.

        — Ea zer moduz zegoen... Gehiago ez zekiat eta!

        Kale luze bateko jatetxe zikin batetan afaldu zuten. Haragi puxketa naranjez apainduriko arroz marroiska sartu-ala, Joxemiri displazerrezko espresioa areagotzen zitzaion, baina Luisen eta Patricioren kokotzak erritmikoki mugitzen zirenez, apetito falta alegatu zuen.

        Teak eta zerbezak sabore txarrak ahaztuerazi zizkieten eta munduaren handitasuna gogoerazi.

        — Indonesiak —esan zuen Joxemik, lagunak inpresionatzekotan— hirurogei aldiz zeukak Euskadiko populazioa... Oreka zaila zegok alderdi hauetan... Alde batera, Indonesia eta hauek, Singapur eta Malasia, amerikanoek aldebat harrapatuak. Beste aide batera, Vietnam eta... nola dituk horiek? Horiekin kasu...! Birmania, bere gisa zebilek; bere gisa, ez dago malo. Gero Txina, hor goragoan, goitik behera edo behetik gora edo badakit nik zertan dabilen... Japonek ere eskua leihotik atera eta heldu egiten dik... Interes guztiak lotzen dituk hemen eta gerra bat izango duk.

        — Gerra? Ez duk gerrarik izango! —baieztatu zuen Luisek; baina lurrari begira zegoen.

        — Ezetz? Egon! —esan zuen Joxemik, krudelki.

        — Ez motel! —eutsi zion Luisek gogorki.

        Patricio kokarik gabe munduan oso estraino sentitzen zen, baina orain, ahots poetikoaz interbenitu zuen:

        — Vietnamek ez du utziko gerra egon dadin. Gogoan dauzkate pasatako kalamidadeak eta bakeari eutsiko diote. Vietnamdarrek bihotzez maite dute bakea, egiazko bakea, independentzia eta askatasunezko bakea...

        Ho-ren hitz haien oroitzak Joxemi eta Luis eztituarazi zituen.

        — Ho —esan zuen Joxemik— izar handi bat izan da humanidade guztiarentzat. Harek frantsesei esan zizkienak, Vietnam Frantziaren kolonia zelarik: «Adiskide frantsesak: zuek Frantzia maite duzue, maite duzue haren independentzia. Zuen aberkideak maite dituzue, eta libre izan daitezen nahi duzue. Ohorezko sentimentuak, gizatasunez beteak. Ez al zaizue iruditzen, baina, guk ere badugula gure aberria maitatzeko eta haren askatasuna desiratzeko eskubide berdina?...»

        Luisi zurrut battok buruan zerabilena ahoratzen lagundu zion.

        — «Nire azken nahia: gure herri osoak bat eginda borrokatuko du, Vietnam baketsu, batu, independiente eta aberats baten aide, eta munduko iraultzari bere aportazioa egingo dio».

        Momentu majiko bat izan zen. Jatetxea argitu zen, eta askatasuna datorrenaren usaia aditu zuten. Bazekiten Ho-ren hegalaldian beste milaka, beste milioika lagun berekin abiatu zela.

        Gaueko mozkorrak rupiarik gabe utzi zituen, eta hotela bilatu zezaten kondizio eskasetan. Antzeman zuten kainaberazko txabolatik zeruko izarrak ikusten ziren, eta Luisi zenbait gogorapen inkoherente bururatu zitzaion.

 

                Euskal Herritik hona

                badago mudantza

 

        Geroxeago zorro lokartu zen, Patricioren gainean, nolabait.

        Joxemik gehiago iraun zuen, Hondarribiako hondartzan zela imajinatu zuen, etzanda, gauez, bikote bat ur bazterretik paseatzen zelarik. Bakarrik sentitu zen. Gero emakume bat hasi zen hizketan, txabola ondoko etxe batetik. Hain ahots goxoa iruditu zitzaion Joxemiri...! Zer-edo-zer ari zitzaion beste norbaiti kontatzen. Joxemik bihotzaren fondoraino sartu nahi zukeen neska haren ahotsa, eta gorputza. Geroago, haurño bat izatea otu zitzaion. Zeinekin izango zuen? Bere burutik ezaguturiko, maitaturiko neskak pasatu ziren. Ustez...

        Biharramunean, abioian, Patriciori ea seme-alabarik ba al zuen, galdetu zion. Patriciok baietz erantzun zion. Ea zenbat.

        — Hiru San Miguel-en, bi Ayacuchon, batean, bestean...

        — Bost, orduan?

        — Ez dakit bost, batetik pasatzen zara, gero beste batetik pasatzen zara... Nola jakingo duzu...? —pausa bat eginik gero segitu zuen:— Gauza asko dago ez dakizkigunak. Eta jakin behar ez ditugunak, ere bai.

        Colombon ordubeteko eskala egin zuten eta hortik Dar-es-Salaam-erako bidaian Patricio —abioia bere enkantoa galtzen hasi zen, eta gainera bizitzan inoiz ez zen horrenbeste nekatu— lo joan zen, hankak airean eta musua erdi zabalik.

        Tanzaniako hiriburuko aireportuan indibiduo bat bakarra aurkitu zuten Pariseko Le Monde irakurri eta zapata gorriez janzten zena. Yusuf izena zuen eta arabearen eta beltzaren manerak erabiltzen zituen.

        Yusufek automobil batera sarrerazi zituen eta bera iarri zen gidari; gustora konduzitzen zuen, kaleak ongi ezagutzen dituenaren estiloaz.

        — Hau ondo ziak —esan zien Luisek bere bi lagunei.

        — Hala ematen du —esan zuen Patriciok, gizon prudenta.

        Joxemik ez zuen deus esan, ze besteek ongi adierazi bait zuten berak pentsatzen zuena.

        Yusufek kostatik kontinente barrura berrogeitamar bat kilometrotara dagoen eta karreterak erdibitzen duen Mwendapole herrira eraman zituen. Etxeak lurrezkoak ziren eta soroak arto eta mijozkoak. Gelditu ziren etxearen barrutik indarrezko ahotsa ateratzen zen.

        — C'est Hamisi —anuntziatu zien Yusufek oso irribarretsu.

        Etxera sartuta hogei urtetik oso gora joko ez zuen mutil bat aurkitu zuten, aulki baten gainetik esistitzen ez zen publiko bati bero bai bero mintzatzen, hitzaldi izugarri batez.

        — Hodi! —deitu zion Yusefek atetik.

        — O! —mutila prestu jeitsi zen— Poleni! Karibu, karibu! (Barkatu! Sartu, sartu)

        Sugea baino biziagoa zen, oso guapoa gainera.

        Presentazioak egin zituzten, gero Hamisik gauzak zertan zeuden kontatu zien. Hamisik swahiliz egiten zuena, Yusufek —bai gizon poliglota, arabeaz eta inglesez eta portugesez gutxienez ere bazekien etafrantsesera itzultzen zien. Joxemiri zegokion zirkuloaren osatzea.

        — Ni Hamisi naiz. Yusuf ezagutzen duzue. Gizon ona da Yusuf —eta eskua ukitzen zion, eta hortzak erakusten zituen, eta Yusufek ere bai, hura itzultzeko enbarazuan—, denari buruz hitz egiteko gizona —gero goibeltzen zen:— Jakin dut, aita Manuri gertatua. Anitz tristetu nintzen, anitz preziatzen nuelako —gero atzera alegratzen:— Bueno, orain, zuek, ongi etorriak.

        Eskaini zizkien naranjetarik eta gailetetarik probatu zuten gure lagunek. Patriciok ez, Indonesiaz gero sabela pisu eta minbera sentitzen bait zuen.

        — Hiru egunez —segitu zuen Hamisik—, hemen egongo gara; asteartean abiatuko gara. Hemen gaudenok beste inork ez daki ezer operazioaz. Zuek turistak zarete. Eta turismo pixka bat egingo dugu bai!

        Hamisik intxaurdi batetan lan egiten zuen, herriak zituen propietate kolektiborik bakarrenetakoan. Intxaurren komertzializaziotik aurreneko urtean irabazitako shillingez aurten oilategi bat eraiki zuten herritarrek eta ongarri mineralak erosi. Baina landa gehienak oraindik pribatuak ziren.

        — Sozialismoak ujamaak bultzatu ditu. Ujamaak «familia handia» esan nahi du. Ujamaa herri berria da, sozialismoaren herria, mendi puntetan galdutako nekazariak biltzen dituena. Horrela nekazaritza bilakatu daiteke eta ez hori bakarrik. Umeak eskolara joaten dira orain; ura badugu; eritegia badugu, eta denda kooperatibak ere bai; laster elektra indarrik izango dugu!

        Zein zoragarrizkoak berba haiek Hamisiren ezpainetan! Hizkuntza ere bazen zoragarria, eta hiru egun haietan gure lagunek txakurrari mbwa, armiarmari buibui eta txingurri txikiei sisimisi esaten ikasi zuten.

        Mendi aldean zebiltzela, goiz batez, laborari bat iritsi zen Patriciorenganaino, eta sinpatia handiarekin hasi zitzaion:

        — Kak diela? Jaraxo?

        Patricio harrituta zegoen. — Kalodna, niet? Jaraxo!

        Gero, hitz berberekin, behin eta berriro.

        Patriciok ez zekien bere burua nora sartu, Hamisik gauzak aklaratzera heldu zen artean. Nonbait, laborari haiek kotoia lantzen zuten, eta azkeneko urtetan Uzbekistango espezialista batzu joanak ziren hara, makina batzuren funtzionamendua erakustera. Patricio haietarik bat zelakotan noski!

        Eskolak ikusi zituzten, eta abar.

        — Sozialismoak —esaten zuen Hamisik— perspektiba zabal bat ireki digu. Arrazistek eta inperialistek itxi nahi digute, baina nola itxiko digute...! Irabazten ari gara... O, bai, irabazten ari gara!

        «Horixe!», pentsatzen zuten Luisek eta Patriciok Joxemik itzulitako hitz haiek entzuten zituztela.

        — Usiku una giza. Twende zetuni! (Gau iluna da. Goazen!)

        Hamabiak... Komandoa abiatzeko tenorea...

        Joxemi, Hamisi eta Luis urperatu ziren, nork bere lepa gainean hogei kilo plastiko zeramala. Igeritan ordu erdiko bidea zeukaten, objetiboraino. Aise lerratzen ziren ur etsai haietan, suabe baina betarik galdu gabe, eta operazioa amaitzeko haina indarrik izango zutelakoan, hartarako aritu bait ziren, urtebete lehenagotik...

        Diego Garcia...

        Haren ondoko arkaitzezko irlatxo batetan, Patricio eta Yusuf, lagunen esperoan...

        Luze jo zuen joan-etorriak. Itsasuntzira bueltan, atzera kargatu eta —ustez indarrean zeudela— biga—, rren igerialdi bati ekin zioten ixilki.

        Objetiboa ez zen amerikarren basean pausatzen ziren ehundaka abioietarik bat, nahiz eta batzuk —BIB zeritzetenak bereziki— ongi merezi zuten. Objetiboa ez zen une hartan irlan deskantsatzen ziren hiru portabioi erraldoietarik bat. Objetiboa ez ziren M-X tipoko misil nuklearrak, amerikarrek «Peacekeeper» deitzen dituztenak, nahiz ondo zekiten non gordetzen ziren eta nola iritsi haietaraino. Objetiboa irlara iritsi berriko Trident-II urpekuntzia zen, berez SLBM misilak jaurtikitzeko prestatua, baina orain deskargaturik zegoena.

        Trident-II bere tipoko lehendabizikoa zen eta ohizko Trident-ari garrantziko hobekuntzak aportatzen zizkion, batipat potentziari zegokionean, berarekin amerikarrek sobietarren ICBM puntuak (lurrazpiko siloetan aurkitzen direnak) erabat deuseztea guztiz erraza bait zuten, eta beraz «lehendabiziko kolpea emanik gerra irabaz zitekeela» aldarrikatzen zuten militar atzerakoien iritziek arriskugarrizko pisua har zezaketen Pentagono barruan.

        Erdi-erdian ipini zizkioten eztandagailuak. Bi txiki hogei kiloko, aide banatan, eta handi bat larogeikoa, pixka bat atzeraxeago. Handik hogeitamar ordutara leher egingo zuten...

        Bigarren itzulian, Luisek eta Hamisik Joxemi karreatu behar izan zuten, donibandarra arras akitu bait zen eta kordagabe gelditu. Untzi gainean etzanik ere, ez zen berehalakoan bere onera etorri. Arnasa nekez hartzen zuen. Gero zentzutu zen, eta aldarrika

        — Erretzeari utzi behar zioat!

        Gure lagunen birikak emozioaz puztuta zeuden. Yusufek motorra abiatuerazi zuen, eta barkua host metrotako olatuen gainetik furia bat eginda zamalkatzen zen.

        Eguna hala iragan zuten, jan, edan, edozein gauza komentatu, optimismoz beterik.

        — Kriston beldurra pasa that —esan zuen Joxemik halako batez.

        — Nik ere bai... —esan zuen Luisek. tzeari behintzat, ez diogu beldurrik, hori da inportantea.

        Arrats hartan, insomnioak zerbait jotako Joxemi izan ezik, denek izan zuten ametsen batzu irudikatzeko parada. Patricio komunidadean zen, eta harritzen zen, beti primeran ibili mendian, hesteak itzulerazten zizkion ondoez harekin; bazebilen, tipi-tapa etxerakoan, baina xendrak aldegiten zuen, ezin zangorik finkatu lurrean, saiatu arren ezin aurrera zitekeen, eta Rosak deitzen zuen, Patricio!, Patricio!, baina berari mundua buelta eta buelta hasi zitzaion, zurrunbilo batean... Botaka esnatu zen, paisaje izugarri batean... Geroxeago, lasto koloreko, pittin bat hobeto, Joxemiri «non gaude?» galdetu zionean, honek, gaupasak inspiratua, «sortzen ari den egunaren zokoren batetan», erantzun zion, eta hura zein poeta arraiok esana zuen ez zen gogoratu.

 

                Ez gera kabalduko

                len zoro begiñan...

 

        Yusuf eta Luis eta Hamisi itzarri eta puska batera, beste inoren baino Patricioren alegrantzarako gehiago, lurra ikusi zuten. Seychelles-ak ziren; han egitekoak: bat, barkua lehertarazi, bi, itxuraz dotoretu, hiru, Victoria-ko aireportuan Keniarako goizeko hegazkinaz abiatu.

 

* * *

 

        Nairobiko egunkari batetako lehen orrialdean irakurri zuten: «Terrorism strikes in Diego Garcia». Hemeretzi lerro ziren. Urpekuntziak hondoa jo zuen.

        Ondorengo bi egunetan ez ziren «New Stanley» hoteletik atera. Zuhurtasunak hala aholkatzen zuen, baina, gainera, bazuten zer aditurik irratian, emisora guztietan eta goizetik arratsera Diego Garciako ekintza erabiltzen bait zuten; ez txukun erabili, gehientsuenetan.

        Amerikarren erreakzioaren biolentziak gure lagunen kalkuluak gainditu zituen. Ekintzaren autore materiala nornahi izango zelarik ere (Libia, Iran, palestindarrak, aipatzen zituzten), sobietarren errespontsabilitatea begi bistan zegoen, zioten, zeren beste inongo Estatu edo potentziak ezin bait zezakeen (!) ezagutu Trident-Il-aren kokapen esaktoa, ezta bera deusezteko lehergailuak zein toki zehatzetan ipini behar ziren. Profesionalitateaz mintzatu ziren, eta abar. Zeini otu, munduaren guztiz bestaldean, Perun, kasualidade zorigaiztoko batez asasinatutako apaiz batek berarekin batera lurperatu zuela misterioaren giltza? Hori komandokoek beste inork ez jakin...!

        Kremlin-etik ez zen gaitzespen komunikaturik atera. TASS agentziak eta Moscow irratiak gertatutakoaren berri laburra ematen zuten, aparteko komentariorik gabe. Areago zena: lortu zuten Imongo Voavoa Antananarivo-ko jurnalaren ale batetan (eta Madagaskar-en jarrera bazen hartaz kontutan izatekoa), «Edozein izan zitekeen» izenburu duda-mudazkoa zeraman iritzi artikulu bat kausitu zuten, non Yusufen ustetan ekintzaren ongi estaliriko apologia ere egiten bait zen.

        Bigarren gauean azkenik erreibindikapena entzun zuten, lokutore ergel baten ahotik:

        «Bakearen aldeko komandoa» deitzen den talde batek Europa, Afrika, Asia eta Ameriketako komunikabide desberdinetara eginiko telefono deietan bere gain hartu du Diego Garciako tipoko urpekuntzi nuklearraren kontrako atentatua. Orain arte ezezagun zen komando honek dioenez, ekintza bere askatasun nazional eta soziala bilatzen duten mundu guztiko herriekiko elkartasun erakuspen bat da, eta aldi berean inperialistentzat abisu bat, aurrerantzean askatu nahi duten herrien arazoetan «muturrik sartu ez dezaten», esaten dute terroristek literalki. Bestalde atentatuak eraginiko kalte materialak lehenbiziko informazio estraofizialek esandako bi mila milioi dolarrak gainditzen omen dituzte; horri buruz Estatu Batuetako kongresoak sorturiko inkesta batzordeak...»

        Hotel kosmopolita bateko 127garren gelan barrena irribarre bat hedatu zen...

        — Dena lehertarazi behar geniken, dena! ­esan zuen Luisek, radikal, burko baten gainetik.

        Patriciok onesten zuen: «Behin hasiz fiero...»

        Hamisiren ustez, desgastezko gerra egin behar zuten, eta balantza ezarian-ezarian beren aidera erakarri...

        — Bai, hori ondo zegok —esaten zuen Luisek; segidan ordea, komenientzia estrategiko hari garunean erroak botatzen utzi gabe:— Baina, kasu partikular honetan, dena lehertarazi behar geniken! Dena!

        Bere horretatik ez zuen inork aterako.

 

* * *

 

        Kenia oso zen Tanzaniatik desberdina; kapitalista zen, lujo handia hiriko kaleetan baina bai eskaleak eta txabolak ere. Mendialdean berriz, zurien eta lurjabe handien eskuetan zeuden landa zabal emankorrak ikusten ziren, baina beltzik gehienak lur puxka tikietan aritzen ziren, lanabes primitiboez, eta arront sakabanatuta bizi ziren, herrixka bat hemen, beste bat han.

        Hotelean ingles zahar bat ezagutu zuten, Kenian berrogeitamar urte zeramana.

        — Koloniaren denboretan —esan zion Joxemiri lehenbiziko egunez, turista frantses bat zelako ustetan— askoz hobeto bizi ginen, bai, baina gaurregun ere ez gara batere gaizki bizi. Nik badut granja bikain bat lautada aldean, eta business bat Nairobin. Egunero egiten dut golfean, lagunak ikusten ditut eta week-endean, safari egiten dugu. Zeozer gehiago eska al dezake txuri batek, ondo izateko?

        Arrazista nazkagarri bat zen. Zerbitzari bategatik esan zuen:

        — Tipo argitsua da, beltza bada ere.

        Gero Hamisi eta Yusufekin ikusi zuen Joxemi eta ondikoz ez zen horrenbeste nabarmendu.

        Hotelaren tabernan orduak uzten zituzten. Irratiak errepikatzen zuen:

 

                Kend Your hands from me...

 

        Afrikarrak eskuzabalak ziren, zeremoniatsuak, lagunkoiak...

        — Nik ezagutu dudan momenturik ederrena —esan zuen Yusufek, bazkalondo batean, beroki— Mozambique-ren independentziaren eguna izan zen... Deskubrimendu bat zen, herritar guztiek batera zerbait deskubritzen zuten, beren izana den bezalakoa erakusten zuten, ilusiorik ederrenak, bapateko pozkarioa, askatasuna... Momentu horietan azaleratzen da abertzaletasuna, eta nazio bakoitzak bere neurria ematen du...

        Joxemiren kopetatik zimurrek aldegiten zuten. Amets xarmanta zen, independentziarena, nahiz eta, batzutan, hain urruna zirudien...!

        Proiektuez hitz egin zuten, neska eder baten pantera begiez, nork bere herriko edari alkoholikoez —Luisi gaia oso atsegin zitzaion— eta, arratsalde kurioso batez, Afrikako herrien errealitate konplikatuaz.

        Patriciorentzat eztabada gehienak —eta azken hori hain bereziki— harrigarri suertatzen ziren. «Lan da sinistea —pentsatzen zuen— munduan hainbeste gora-behera gertatzen ahal direlakoa». Diskusioa Afrikatik mundu guztira zabaldu zelarik, burua lliujlliuj egiten hasi zitzaion. Argitasunezko hondar aldi batetan, eta hitz egiten zutenek sobietarrak aipatzen zituztela entzunda, eta haiek eta errusiarrak bat zirela uste bait zuen (bakarrik gehiago zekitenek hitz bata erabiltzen zutela eta jende normalak bestea), aspaldian txokoratutako galdera bat egitea gogoratu zitzaion, «eta errusoek zer egiten dute Afrikan?», baina, Luis eta Yusuf bizi-bizi ari zirelarik, ez zuen berehalaxe abagunerik topatu, eta gero aldia iragan zen. Koka hostoño batzu gutxietsi zituen instante hartan, zerengatik esanak esan whiskiak —bereziki orain edaten ari zenak— ez bait zuen kokarekin konparatzeko punturik, eta gainera bihar... bihar entendimentua lotuta zeukala esnatuko zen.

        Biharramunean, eguerdi aidera Joxemi buelta bat ematetik itzuli zenean, Hamisik begietan negar zantzuak ikusi zizkion.

        — What's the matter? —galdetu zion.

        Lurminak estutzen zuen Joxemi. Giharreak gogortuak zituen.

        — Haidhuru, my friend —esan zion Hamisik, eta zigarrilo bat piztuaz ondoan jarri zitzaion-; haidhuru... (Ez du inportik)

        Hamisik kontatu zion, tikitan, amarekin bakarrik bizi zela, eta hura Tanzaniak independentzia iritsi eta geroxeago gosez hil zitzaiola, eta bera osabaren etxean oso bakarrik sentitzen zela eta negar asko egiten zuela... Joxemik ez zuen dena entenditzen, baina Hamisi goxo mintzatzen zitzaion, eta laguntasun olatu bat inbaditu zuen eta mutil beltz maitagarri hura