Joxemi
Joxemi
1986, nobela
96 orrialde
84-398-7175-3
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1984, nobela
Joxemi
1986, nobela
96 orrialde
84-398-7175-3
aurkibidea
 

 

II

 

        Hiru egunetan egin zuten Joxemik eta Luisek Galiziarainoko bidea.

        — Galizia —kontatu zion itsasoan Luisek Joxemiri— ez duk pobrea. Jendea bai, pobrea duk Galizian. Kapitalak berea egiten dik eta, tori itzak hondarrak!

        Luis hamasei urtetan irten zen Rianxo-tik Euskadirako. Galizia bihotzean zeraman, Euskadiren ondo-ondoantxe. Sorterriko kantak zerabilzkiela bista argitzen zitzaion:

 

                Anda rianxeira,

                vente mariñeira...

 

        La Coruña-n Ramon Lopez zelakoaren yatea espropiatu zuten. Horretarako gau-txori bati konortea kendu behar izan zioten eta beste itsasuntzi baten sotoan loturik lagatu zuten. Luis bost itsasotan —batez ere Terranova aldean— trebetutako mariñela zen, nahiz aspaldian lanik ez izan, eta Joxemi, itsasoan gutxi aritu arren —txipiroitara joana zen, behin edo behin—, ez zen edozein haize marrumarekin ikaratzen diren horietakoa.

        Egunak eta lanak baditu Ameriketarainoko itsas-bidaiak. Are gehiago, bi lagun soilentzat. Joxemi eta Luis ez ziren geldirik egoten, gauez eta egunez segi nahia bait zuten. Makinak geldierazten zituzten une bakanetan, biak edozelango jarreran etzaten ziren eta, loak estali baino lehen, elkarri bertsoren batzu eskaintzen zizkioten:

 

                Ikusiz zuen etxetik gaki

                busti zaizkigu begiak

                oroituz zoin luze, lanjeros

                diren harako bidiak...

 

        Orduan gauza ttikiagoetan ere aritzen ziren, garbiketan, josketan eta sukaldean. Luis gogozki —esan ahal bada— aritzen zen halakoetan, berak kantatutako doinuren bat aski zeukan eskuak edozein lanarekin dantzan ipini zitezen. Joxemik ez zeukan hartarako grinarik, eta sukaldean, kasu, lata pare bat ireki eta berotu baino gehiagokorik ez zuen bururatu behin ere. Iruditzen zitzaion, halako lan txikitan behin hasiz gero, sobera zaletu zitekeela, lan txiki horiek handiagotu eta gehiagotuko zitzaizkiola, eta azkenez, detaileetan galdua, garrantzitsuagoko zereginak bazter batera utziko zituela. Luisek ez zeukan teoria horien berririk.

        Egun hartan Luisek ekin zion hitz egiteari:

        — Inpresionantea duk, itsasoaren indarra. Nire aita baserrikoa duk, bai nire aitona ere, baina aitonaren aita arrantzalea omen huen. Harengandik zoragarrizko istorioak entzunda nago. Itsasoa fuerte huen, baina bera ere bai. eta elkar errespetatzen ziteken. Behin, bahituen itsasoratuak herriko barkurik gehienak; arratsaldean, bueltako garaia oraino ez zelarik, ustegabeko trumoiaren hotsa zabaldu huen herrian. Itsasuntziak azkar itzuliko zirela espero ziteken, baina haien arrastorik ez eta ekaitza gainean ziteken. Emakumezkoek negar egiten ziteken, haurrak beren gorputzekin babesten zituztela. Hartan aitona, herrian bait zen, aurreratu huen eta bere barkura sartu. Eroa, itzultzeko, esaten omen zion kaitik jendeak. Harek ez ziken hitzik esaten baina begietan erabakia zeramakiken. Portutik atera huen eta jadanik kosta harrotzen zuen ekaitzari buru egin zioken. Hamalau metrotako olatu zuri zikinen kontra jo ziken; bere figura agertzen eta desagertzen huen eta... gero horietako batetan bistatik galdu omen ziteken: Itsasoak jan ziken... Aldiberean ekaitza eztitu huen, itsasgaina baretu, eta laster azaldu hituen zeru-mugatik itzulian herriko arrantzaleak...

        — Historia polita duk —esan zuen Joxemik.

        A nosa estrela izena ziken aitonaren barkuak.

        Oroitgarrizko isiltasunean egon ziren momentu batez.

        — Horrek gogoratzen zidak —esan zuen Joxemik— lehengoan letu nuen artikulu bat. Etxean letu niken, ez zekiat zein paperetan. Hik imajinatu ezak —piska bat inkorporatu zen, hitzak horizontalki atera zitezen— karretera bat, luze eta zuzena. Imajinatu ezak punta batetan kamioi bat eta beste puntan beste bat. Motorrak berotzen dizkitek, abiatzen dituk, elkar ikusten ditek. Elkar ikusi eta azeleragailuak zapaldu egiten dizkitek. Ez zegok bientzako lekurik, halere ez bata ez bestea ez dituk apartatzen, buruz-buru segitzen ditek... Horixe gertatzen ari omen duk gaurregun bi superpotentzien artean!

        — Ez dituk ordea behin ere topatzen!

        — Nola topatuko dituk! Bazekitek eta, akabokoa izango litzatekeela. Bakarrik komedia egin behar!

        — Ondo errepresentatzen ditek ba, komedia!

        — Noski. Amerikanoek besteei errebolberra lepa txokoan ipintzen zietek eta: eman ala kitto, esaten zietek. Besteek, sobietarrek, amerikanoek disparatuko ez dutela ia seguru dakitelarik ere, amore emango ditek, badaezpadakoan. Baliteke brometan ez ibiltzea... Eta txarrena hori duk, ez dabiltzala brometan, orduan, zer egin?

        — Jo!

        — Guk bai, jo, sobietarrek esaten diat.

        — Sobietarrek ahal dituztenak egingo dizkitek, ni horrek ez natxok kezkatzen.

        Ozeanoak isiltasuna maite du eta bi lagunen hitzak sabeleratzen zituen, izurdeen jolasgaitako.

        — Ondo goazela iruditzen al zaik? —galdetu zion

        Joxemik lo-kuluxka jarreran prestatu zen Luisi.

        — Bai motel, aparatuek engainatzen ez baldin bagaituzte.

        — Ura bero dagoela ematen dik.

        — Proba egin ezak... ez haiz erreko-ta!

        Joxemi kixkaltzen zegoen Amerika ikustekotan. Armak jaso eta zerbait egiten hasteko. Sobera luze gertatzen ziren aldi libreetan ez zion zigarriloak erretzeari uzten, eta Luisek goizero irekitzen zuen pattar botilatik ere tragoska batzu edaten zituen, bere «molekula faboritoak» bizkortu zitezen. Lotarako lujo itsusizko kamarote batetan txandakatzen ziren, hamargarren egunerako —zetazko maindireak, lehoi kiratsa zeriela, alde bat urratuta— ezin hobeto egokitu zitzaiena.

        Azkenekoz, noizpaiten buruan, lurra ikusi zuten; ifarraldera, gauza harrigarria. Luisek egin zituen bat-bateko kalkuluen arabera, harek irla bat izan beharko zuen, zeren ez bait zen posible Brasil alde hartara izan zezaten.

        — Karibea! —bota zuen Joxemik—. Pittin bat despistatu haiz, adiskidea.

        — Ez zekiat nola izan den; ondo gentozteken eta.

        — Bai ondo! Pelikula batetan nintzela uste niken!

        Eta orain, zer?

        — Bertara arribatu beharko diagu.

        Arribatu artean herri koxkor bat distingitu zuten eta bertaraino txalupan hurbildu ziren. Etxe desberdinetako herria zen, horia, berdea eta euriak gastatutako lasto kolorekoa.

        Txalupa utzi eta oiloak eta txerriak libre zebiltzen herri hartan sartu zirelarik, etxe batetik ateratako builak bertara joanarazi zituen. Etxea edo taberna, ez zuten jakin, behintzat dozena t'erdi bat lagunek zerbezak hustutzen zituzten, denak telebistari begira.

        — Kuban gaituk hi... —esan zuen Luisek ahapetik.

        ...¿O vamos a seguir escribiendo cartitas? Una novia que no quisiera saber nada de un enamorado, les habría hecho más caso a las cartas de amor, que el caso que el Grupo de Bonn le ha hecho al Grupo de Cartagena, iseguro! Es el despecho más grande, más increíble. No hay manera de flechar el corazón de los magnates de Bonn, de los dueños del dinero del mundo. ¿Vamos a seguir escribiendo cartitas implorantes? —Lanpara batetik dindilinkatzen zen musker tipi batek ezetz egiten zuen, buztanarekin— ¿Qué hacen los trabajadores de un sindicato cuando les vienen fastidiando mucho y el patrón no les hace ningún caso? ¿Qué hacen? Cuando ya se cansan de pedir y de repetir: «Mire, patroncito, escúcheme, atiéndame, que los muchachos están descalzos, que los muchachos no comen, que no tengo dinero para las medicinas, que no me alcanza nada. aue me entra acua en la casa» y no les hacen caso, van a una huelga. Entonces, lo que nosotros estamos planteando en esencia, para que sea más inteligible, es una huelga general de deudores, ihuelga general de deudores!

        — ¡Habló bien! —esan zuen tipo argal batek jendeari begiratzeko bueltatzen zelarik.

        — ¡Lo dijo todito! —erantsi zuen buruan trapu handi bat zeraman emakume gerri lodi batek.

        Orduan isildu ziren; Luis eta Joxemi ate ondoan zeuden, kukusoak bezala.

        — ¿Y ustedes quienes son?

        — Yo Joxemi y éste Luis.

        — ¿Y de dónde han salido, madre mía? —denak begira zituzten.

        — De ahí mismo, del mar.

        — ¿Y qué van a tomar? —emakume beltz ipurdi laxa batek gonbidatzen zien. — Cerveza.

        — Yo también, cerveza.

        — ¡Mi madre! ¡Ustedes son gallegos!

        — Yo, nacer, gallego soy —Luisi mihia trabatzen zitzaion, horrelakoetan.

        — ¡Jose! —mutil masail hezurtsu batek mahai batera jarrita zegoen agure flakoska altxarazten zuen:

        — ¡Gallegos!

        — ¿Gallegos? —agureak entenditzen zuen eta hurbiltzen zitzaien— ¿De dónde?

        — No gallegos: vascos —erantzun zuen Joxemik. — Euskaldunak?

        — Bai!

        — Ez!

        — Bai!

        — O, euskaldunak! —eta agurea zeharo deskontrolatu zen, besarkatu zituen, dantza egiten hasi zen, irrintzi bat ere egin nahi izan zuen baina eztarriak debekatu zion... Jose Mondragoikoa zen, Maitxitxe baserrikoa, eta hogei-ta-bost urtetan joana zen Kubara.

        — Urte asko, Kuban! Yo soy cubano, como quien dice, pero Mondrague... Hura baitzen herri polita...! ¿Y ahora ustedes qué quieren allí? Gerran zaretela diñote...

        Pasaiakoak zirela jakin zuenean, Antxion arreba bat bizi zitzaiola esan zien, bizi baldin bazitzaion, hogei urte bait zeraman haren berririk izan gabe, eta orain, kontatu zienez, tabernaleku hartan eta paseatzen igarotzen zituen egunaren puskarik atsegingarrienak.

        Vicente presentatu zien, ehun eta hamaika urtetako beltz figura harroa, mutiletan esklabua izan zena eta independentziaren aldeko gerrateetan borrokatutakoa.

        — Vicentek aldegin zuen del ingenio, cimarrón ibili zen, bera bakar-bakarrik, mató a uno que le iba a matar como si fuese un perro, eta gero Maceorekin gerrara sartu zen; Vicente es muy bravo, eh, Vicentico, ¿has visto qué mozos?

        — ¿Qué hablas viejo? —esaten zuen Vicentek—. Yo no entiendo ni papa.

        Herrian festa handia egin zuten Joxemi eta Luis han zeudelako. Ilundutakoan milizianoak azaldu ziren, ea bi «gallego» haiek Santa Maria del Rio-n zertan zebiltzen, orduan Joxemik, edozer gerta ere, Bilbon hasi eta San Juan de Puerto Rico-n bukatzen ziren bi turista polipo-zaleen abenturak inprobisatu zituen, eta milizianoek, historiaren absurdoak erabat abailduta, insistitu gabe, libre utzi zituzten. Txerri bat hil eta osorik jan zuten eta Luisek jotzen zuen ron zurrut bakoitzeko bi zurrut zerbeza jotzen zituen Joxemik. Goizean aski berant lokartu ziren bohio batetan.

        Hurrengo gauean mozkorra berritu zuten, zeren eta Luisi bihotza neskatxo indiferente batekin enamoratu zitzaion, baina hirugarren eguneko eguerdian Joxemik «goazen, ala?» proposatu eta pare bat ordutara bi lagunek Brasil alderako itsas bidezidor batetik barna zihoazen.

        Deskantsuaz eta erregai berriaz arindutako barkuak atzera lagatzen zituen Luisen hasperenak.

        — Hori duk mariñel klasea! —jotzen zion Joxemik adarra—. Hi itsasoan utziko haute, besteak porturatzen direla!

        — Hori duk hori reboluzioa! —erantzuten zuen Luisek irribarre batekin, begiak urrutira galduak.

        Gau hartan bertan, herritarrek erregalatutako ron botila batetik xurgaka-xurgaka aritzen zirela (tragoska tikitan edaten zuten, gaua luzatu zedin), hitz gutxi eta laburretan Kubako esperientziaren balantzea egin zuten, eta Luisi nonbait aditutako istorio batzu gogoratu zitzaizkion.

        — Duela, zer esango diat nik?, berrogei bat urte, gutxiago seguru, Kuban ez zegoken gailego ez zen arrantzalerik. Galiziatik etorri eta La Habanako itsasondoko barriobajo batetan, Peixiño-n, jartzen hituen bizitzera; klaro, denak gailegoak nola ziren han, laguntzarik ez ziteken falta, lanik ere ez, honetan edo hartan. Pasaia maíz antzera jotzen duen Camagüey-ko mariñel batek kontatu didanez, barrio hori ez duk orain existitzen, iraultzak bota omen ziken, txabolak nola ziren haiek. Gero gailego haiek orain barku patroi dabiltzanei erakutsi omen zieteken ofizioaren berri. Ale batzu bazeudeken... Bat bazegoken inorekin hizketatzen ez zena: tipo harrigarrizko bat! Inoiz edo behin, zera egiten omen ziken, gutun bat idatzi eta botila batetan sartuta itsasora bota, norentzat ote...

        Karibeko puntu kulunkari batetik gogorapen zaharrak lurruntzen ziren. Joxemik ez zuen bista uretatik alderatzen.

        — Nire amonaren bi anaiak Nevada-n ziaudek, hor nonbait iparraldera. Zaharrena 1920an irten huen honuntza, diruzale amorratua omen huen, lurrak erosi omen zizkian eta zerri hutsa bilakatu huen. Bestea bost urte beranduago etorri huen, ilegal, legez itxi bait zen inmigrazioa, bestaldera joan eta handik etorri huen; hau beti ibili izan duk batetik bestera, artalde tikiekin, mendirik mendi; «artzai arloteak» deitzen omen zietek amerikanoek horrela ibiltzen direnei; orain Elko-n bizi duk, erdi-india batekin esposatu huen eta urtean behin bere bertso batzuk bidaltzen zizkiguk, ez dik gizajoak itzultzeko esperantzarik galdu:

        Jinko-Jaunak emaiten badit neri behar den indarra, duda gabe ikusiren dut nere sort-leku xaharra.

        Horrela mintzo duk, frantsesen moldean, beti horiekin dabilela-ta. Pobre duk ordea, zaharra, ez duk etorriko hori. Bestea Winnemucca-n bizi duk, zerria. Ez diat bat ere maite, hori; lepotik heldu eta...

        Joxemik Luisi heldu zion atorraren lepotik eta uretara botatzearen imintzioak egin zituen. Luisek «axut!» eginik erreakzionatu zuen eta biak erori ziren jira-bueltaka. Joxemi handiago zen, baina Luis indartsuago, aparte salbaje samarra. Dena den Joxemik zapatila bat galtzearekin bukatu zen kalapita. Zutitutakoan, Luisek galtzetako hautsa astintzen zuelarik komentatu zuen:

        — Hiri, demonio horri, Brasilen neska bat bilatu beharko zaik!

        Joxemik bista piska bat altxatuz erantzun zion:

        — Euskaldunekin bastante zeukeat, neskatan! ­eta erantsi zuen:— Brasilen, Amazonas bilatuz gero, konten!