Basilika
Basilika
1985, nobela
104 orrialde
84-398-2646-X
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
 

 

VIII

 

        Aita Sainduaren «mystere 20» delako supersonikoa, Izurako aireportuan pausatu zen, zarata handiak eta kristoren desmasiak eginez inguruetan. Gure oihanetako arbolak hostorik gabe gelditu ziren, txoriak ahotsik gabe eta erbiak belarririk gabe. Ezin sinetsia!

        Bere saindutasuna airekotik jausteko, ateak ireki zizkioten; eskalerretan behera abiatu zen, tapis gorrian belaunikatzeko xedearekin. Baina, Izurako aireportuko langileak ez ziren prest oraindik, eta Aita Sainduak belaunikatzeko keinua bete orduko, tapisa haren petik kendu zuten. Orduan gauza ikaragarri bat ikusi genuen: Erromako apezpiku polakoa, lurrari musu baten emateko belaunikatu nahian, tapis gorriaren ondotik lasterka. Azkenean, bere jantzi xurietan trebeskatu zen eta, sudurra aintzinera, Etxegarai kardinalaren arropa beltzetan lehertu. Jendeak pentsatu zuen Aita Saindu hau oso komikoa zela, eta buneten azpian, irriz ari zen, karkazailka!

        Etxegarai kardinale euskalduna kasik kexatu zen: «Karol, uste duzu horiek direla Euskal Herriaren agurtzeko manerak! Zuti zaitez otoi!». Karol Botilak, arpegi zimurtu bat altxatu zuen Etxegarairi, barkamendua eskatzeko moduan. Eta zangain jarri zen; arropa zuria arras zikindua zuen. Jendeek txalotu zuten, zirkoetako ekilibrista bat balitz bezala. Aita Sainduak besoak gora emanik denak bihotzez eskertu zituen. Bere mintzaldia hasi zuen:

        «Agur Euskal Herria,

        »Duela zenbait urte jadanik etorri nintzen herri xarmagarri honetara; ez dakizue nolako atsegina hartu nuen orduan. Zorigaitzez, ETAko terroristek nire hiltzea edo behintzat, bahitzea erabaki zuten; beharrik frantses eta espainol Estatuek neurri egokiak finkatu zituzten elkarren artean, nire salbatzeko! (txistu eta txalo)

        »Orain zuekin nago berriro. Euskaldun guzientzat mila urte indulentzia dakarzkit, euskaldun bakoitzarentzat bereziki. Nire eskuinean dagoen Etxagarai kardinalak banatuko dizkizuete. Aski izango duzue sinadura bat ematea, paper arrunt baten pean, gero bakea eternitatean! Sal mahai beraren gainean, tee-shirt batzuk ere badira «Gora Aita Saindua!» dakartenak, eta hor bildu dirua Ligue Anti Communiste (LAC) delakoari ematen dugu. Hori baita gure borroka: kristau fedea, komunisten munduan zehar zabaltzea! (txaloak apezen artean)

        »Zeren gure borroka egunerokoa baita, eta dirua behar baitugu horretarako. Marzinkus kardinala dugu laneko partaide suharrena. Zorionak berari... (Etxegarai txalogile bakarra)

        »Oraintxe Irulegira joanen gara, hango Elorri zenaren saindutzeko, nahiz aspalditik Ama Birjina ikusirik, sainduen zerrendan jarria dugun, gure bihotzetan. Agur, ixtant arte!».

        Eskuan zituen dokumentuak plegatu ondoan, estradatik jautsi zen Aita Saindua. Denetara beha zegoen, nabari zen beldur zela ea nondik aterako zen terrorista baten edo biren kolpe hilkorra. Bere gorila kanonikoek hondarra zegiten.

        Egia: atzerrietako jendea gero eta herabeago bihurtua zela gure herrira izpiritua lasai etortzeko. Iduritzen zitzaien batzuei salbaierri batetan sartzen zirela, Aturri ibaia pasatu orduko. Parisen egoten zirenek, kuraie handi bat bazutela pentsatzen zuten. Uda haietan, gure artean trankil bizi ginen, turista konkistador horiek gabe. Gainera, haiek irriskatzen zuten lander bakarra zen beren auto-berebil-kotxe maitagarria goizetan zartatua ikustea! Badakizue frantsesari autoa hausten badiozue arras gaizki hartzen duela. Segur naiz, emaztea edo haurrak hiltzen balizkiote ez lukeela hainbeste penarik...

        Eta Aita Saindua ere, beldurtua zen. Limousine zuri batetan eraman zuten Irulegiko santuario berriraino. Jende guti bazterretan, landetan ari ziren laboran xumeetaz aparte. Ah! bai, behiak baziren konboi motel hori nora ote zihoan asmatzen aritzen zirenak. Beraz, Irulegi eta Baigorri eskualdeetan sartzea isilean egin zuen, horrelako gizon umil bati doakion eran.

        Etxegarai kardinalak urririk hedatu zituen, gorago aipatu Aita Sainduaren potreta zekarten tea-shirt delakoak, eta Irulegin bildu hiru miluin fidelak horrela jantziak ziren, beren gazte denborako idoloaren errezibitzeko. Karol Botila superstar bat zen: jendeak oihuka errabian hasi ziren, haren mitra urretsua begiztatu zuteneko. Neskak negarrez ari ziren, Manex Pagolak asmatu hitzak abestean:

        «Aita saindu ospetsu

        zure fedea ketsu

        hartsu

        gartsu

        kartsu

        la la la lo lo li li

        aita saindu brilili

        altxa zure pitili

        fede lore eta lili»

        Hitz hunkigarriak ziren, Manex Pagolak idatzi hauek. Aita Sainduari begiak busti zitzaizkion, eta segidan Etxegaraiek Varsoviako getoetan bildu mokanes brodatua eskaini zion, malkoen lehortzeko. Eman dezagun ere, ez idazleak, rima beharragatik, eta ez neskatxa kantariek ez zutela bere erran nahi osoan ulertzen «altxa zure pitili» bertso errealista. Pierre Lafitte, Luhuson sortu euskaltzale zaharrari galdeginen diogu esplikazioren bat...

        Aita Sainduaren arpegia gogortu zen. Gizon honek komedia nola egin bazekien: alegia otoitzean galdua, ezkerrean zegoen Ortzaizeko serora pulposa bati so zegoen, antsiz eta desiraz hila. Ortzaizeko serora hark irri gozoak igortzen zizkion, gurintsu, irintsu, etabartsu... Karol Botilak, bere burua eskutartean hartu zuen, jendeen bekatu mortalentzat barkamendu Jainkoari eskatzeaz asea eta nardatua balitz bezala. Egiatan hauxe zitzaion burutik pasatzen: «Oi serora hau ere ez duket oheratzen ahalko! Ai ni ez banintz Aita Saindu, bizia errazago nuke!».

        Populutik, lasterka estrada saindura hurbildu zen, Jon Kapagorri, prestatua zuen hitzaldiaren irakurtzen hasteko. Eztul ttiki bat eman zuen, zintzurra karrakatuz. Hitz lainoz eta neurtuz ari zen:

        «Ongi etorri aita saindu maitea,

        »Arras zoriontsu gara, zure errezebitzeaz, hemen. Mintzaldi laburra egingo dut, zu bezain ontsa mintzatzen ez bait dakit, edo ez dudalakoan sekulan ikasi. Mundu osoa, telebisten leihotik, guri begira dagoela senditzen dugu; egia errateko domaia da lur honetan bakarra bait zara zure gradoko gizonetan. Espero dut, eta horretan bukatzen dut, zure etsenplu harrigarria ikusirik, mila bat Aita Saindu aterako direla! Milesker hain laster gure gomitari ihardespen baiezkoa emateagatik... Gora Karol Botila! Gora Elorri!».

        Isildu zelarik, Jon Kapagorri, berriz eztulka hasi zen, huts handi bat egin zuela ohartu zelakoan: bai, mila Aita Sainduren sortzea desiratu zion Karol Batilari, retorikaren liluran (euskal apezen retorika noski!) ongi bazekielarik Aita Saindutasunaren urgulua bakuntasunean zetzala! Tanpis, pentsatu zuen, erranak erran...

        Xapito baten pean kantatu zuten meza ederra. Entzun behar ziren gizonen eta nesken botzak, sekulan nahastikatzen ez ziren botz kristalezkoak. Denek komuniatu zuten, zeinek mihia, zeinek eskua luzatuz. «Itoiz» taldeak osatu zuen zelebrazione hunkigarri horren musikal alderdia. Abesti famatu batean, Irulegiko Maria Birjina goraipatzen zuten: «Maria gora, Maria behera (bis)» ehunetan bederen ahozkatuz... Ritmoan, jendeak burua altxatzen zuen, eta gero beheratzen. Obserbatzaile arrotz batentzat, mezak, tranpolino partida bat iduri zuen. Xarmagarria... Meza bururatzean, fededunek Angelusa hartu zutenean, Aita Sainduak, Etxegarairen laguntzarekin, kalitzan gelditzen ziren ostiak kondatu zituen. Biga bazeuden, eta oraindik, purruskatuak... Kontent ziren gure bi gizon ospetsuak; Irulegin bederen ez zirela ostiak, nola beste tokietan, jale eskasez mutzutzen.

        Segidan, herrikoen eskaintzen aldia izan zen: jendeak banaka lerroan jarrarazi zituen Etxegarai kardinalak, Baionako apezpikuaren baimenarekin. Nehor ez zen falta: irratiak, kazetak eta telebistetako zuzendariak. Horien erdian zegoen Leon Zitrone, bai eta ere urrunetik ikus zitekeen Michel Drucker. Ze populua! Bunetak eta txapelen ttittika matxistak! Hots, euskaldunak gehien bat. Laboran konkortu batek aitzur bat eskaini zion erranez: «horrela Txernienkoren bizkarra aise jorratzen ahalko duzu!»; neskatxa loditxo batek, bere kulota espermaz zikindua; langile batek, fabrikan galdu formolean kontserbatu eskua; ostaler gotor batek, patxaran botila bat... Gauza arras bitxiak ikus zitezkeen, ordu bat baino gehiago iraun zuen eskaintza honetan...

        Ordea, ez naiteke isil, gertatu zena azaldu gabe. Eskaintza emaileen lerroan, zutik, irri polit bat ezpainetan eta jadanik emaztetua osoki, jendeak, Irulegikoak behintzat, Elorri ezagutu zuen. Batzuek «ooooh» luzea utzi zuten eskapatzera. Bai, Elorri alias Gloria Patxaran, hor zegoen Aita Sainduak, hila zela uste zuen garaian. Berak trikotatu txaleko gorri bat eskaini zion, umilki erranez Luzaidekoen partez zela. Aita Sainduak eskerrak bihurtu zizkion. Baina, honek ez zekien zuzen nor zen...

        Karol Botila zutitu zen, eta partxemino horitu bat hartu zuen eskutan. Irakurtzen hasi zen:

        «Batikanoko dotoreek, Irulegin pasatu gertakizun asko kontuan edukiz, erabaki dute á l'unanimité Elorri zena saindutzea. Hona, euskaldunek saindu bat gehiago daukazue, otoiz egin nahi baldin baduzue: Loiolako Iñaki, Xabierreko Franzoi, Ibarreko Michel Garicoits, eta orain Irulegiko Elorri... Jendalde suertetsu! Zorionak deneri, agur eta beste bat arte!».

        Jendeak txalotu zuen Aita Sainduaren hitzaldi motza; pentsatuz Elorri bizi bazen berdin, dena matxinazio bat baizik izan ez zela, eta hala ere simulatzen segitu behar zuela. Ordea ez ziren matxinazioaren neurri osoaz konturatzen, beharrik...

        Festa aintzina joan zen. Gauerditan, oraino, musikaren hotsak entzun zitezkeen Irulegiko karriketan. Arrotz pelerinoak, bixtan dena, beren hoteletan lotan zeuden, eta beraz Baigorri eskualdeko biztanleek festa egiten zuten. Jon Kapagorri, Kepa Oihenarte eta Iñaki Karrakoil ostatuan galduak ziren, Luzaidetik etorri Elorrirekin. Herritarrak poztu ziren, neska hori gustokoa zutelakoan, hondarrean. Elorri negarrez ari zen, zorion iturrien erdian. Gauez-gau bere hilobiaren bisitatzera abiatu zen. Phua! Zer usaina! Kasik trenpuxartu zen gure Luzaideko putaetxeetako makarela saindutu berria. Ustelkeriaz estalia zen familiako kutxa. Marmolean idatzi Bazterre izena haragi zirringatsuen artean gordea zen... Iñaki Karrakoilek esplikatu zion: «Beha, Elorri, ez kexa! Gauza zikin horiek guziak mirakulutuak diren pelerinoek uzten dituzte, herriko sainduari opari gisa. Beste ainitzek, ere uzten dute «Credit Agricole»an ireki dugun kexan, zure izenean, ematen diguten diru guzia sartzen dugu: Zure eta gure aferak ongi doaz segur! Kosta urdineko kasinoen berri daukagu astero, eta Italiakoak hango baten eskutan ditugu...» Elorri asea zen, eta logale zegoen...

        Ostatu batetan sartzen zihoazelarik, gizon bat zuriz bezti lasterka hoteletik ihes egiten ikusi zuten. Hurbiletik beltzez jantzi batek segitzen zuen: Aita Saindua eta Etxegarai kardinala ziren. Ebasleak bezala eskapatzen zirenak. Gaixoak! Elorrik irri egin zuen. Irri...