Basilika
Basilika
1984, nobela
104 orrialde
84-398-2646-X
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
 

 

IX

 

        Aita Saindua, Karol Botila, joan zen, gauez, kasik nehori deusik erran gabe. Biharamonean, herriko langileek bazuten lan, dena garbitzen. Paper meta handi bat altxatu zuten Irulegiko plazaren erdian, eta su eman. Gero, hondar zikinak ere, erre zituzten: frita zimeldu gurintsuak, oihal puska pixaz urrinduak, zapata pare bat zilatua, goitidurak etab. Eguerditan ez zuten oraino bukatua beren lan neke eta dorpea.

        Zikin horien erdian, langile batek, Aita Sainduak bere ihesketan galdu kalota xuria atzeman zuen. Buru gainean pausatu zuen, Erromako gizon sainduaz amini bat trufatzeko. Bere kideek irri egin zuten orduan. Hortik pasatu zen Kepa Oihenarte; usaiako kanuto lodia ezpainetan zeukala, eta jende horiek irriz ikustearekin piskat kezkatu ondoan, hurbildu zen:

        — Non ebatsi duzue kalota hori? —galdegin zuen.

        — Ba, lurrean aurkitu dugu. Peiori ongi doakio, eta erabaki dugu hark zuela bere etxeko sukaldeko tximineiean trofeo gisa begiratuko.

        — Ideia ona naski! Bena ez duzuia uste horren lekua basilikako aldarean dela?

        — Errazu Kepa, munduko aldare guziek balio bera dute, ez!

        — Baiki, izazue nahi duzuena hondarrean, ez dugu nehori deusik erranen! Agur eta segi hola hola...

        Langileak ari ziren elkarren artean eleka: baina Aita Sainduak ez zukeen bilorik kasko gainean, Aita Saindua kalotarik gabe behar bada, gurea bezalako ziloa dauka ipurdian, eta horrelako gauza lizun frango.

        Daniel Landart iragan zen Irulegitik bere antzerki berriaren presentatzeko. Herriko jaun merak ongi etorri beroa egin zion, segur Landart horrek, hainbeste lan obraturik euskararen eta euskal kultura monolitikoaren alde, bait zuen meheximendu. Bere inpermeablea soinean zeukan, bai eta bere euritakoa, nahiz egunak eguzkia zuen errege. Patxaran baso bat edan orduko solasean hasi zen, matelak gorri eta betezpalak apal:

        «Ba, kuntent niz zien artian izaitiaz (manerak bazituen mutikoak, eta herriko jendeak bezala mintzatzen saiatzen zen. Ez gu iduri, eskuara batuyan), gaur ene taldiak teatro (antzerki) berri bat presentatuko dautzie. «Nola jin, hala joan» deitzen duzue. Frantses gobernamendiak, Bonnin misionest gaztiaren bidez, eman daut sosa lan horren bururaino eramaiteko. Xantza ukan dut, segur. Bena, jakin zazie ziek e zeit nahi bauzie muntatu aski dela suprefeturara juatia dirua ukaiteko. Aise da, biziki aise: gizonezkoak juaten dira oilasko pare bat besapian, eta neskatxak gona laburrekin, bere oparotasunak agerian izaiteko gisan. Nolaz Bonnin hori ez den burdinezkoa, eni iruditzen zaut neskatilentzat aiseago dela zeiten ardiestia. Bena, undarrian, bakoitxak ikus beza. Beaz, gaur artio».

        Ostalerrak nahiko zion beste edari bat eskaini, euskal kultura hain ederki eta zintzoki sustengatzen zuten suprefeturako gizon hartaz mintzatzen segi zezan. Ordea, Landart presatua zen. Bere Ortzaizeko adiskide min samina enkulatu gogo zuen, antzerkian arizan baino lehen. Eta arrazoia zuen. «Hiru saiak» hotelean sartu ziren biak...

        Herriko jendeek bazekiten Elorri ez zela hila, ehorzketa mezan, izan arren ez zutela lurpean sartu zizareek ari zezatentzat. Ez, Elorri bizi zen oraindik, eta erabaki zuten hau sekretu atxikiko zutela; bestela ixtorio loriagarriaren azkena izaten ahal zen. Ostatuetan, irriz hantzen ziren jendeak, apezpikuaren eta bere armada beltzen arpegiak asmatuz noizbait zerbait egia ikasten balute... Apezpikuarena, Frantziako presidentearena, euskal idazleena (Haritxelar, Xarriton, Manex Pagola, Lanatua eta Pierre Bidart...), Aita Sainduarena. Denak asmatzen zituzten. Eta irrigileetan «gure» Elorri ez zen gibeletik heldu...

        Alegia, berria hedatu zuten madame la duchesse De Lanusse jin zela Irulegira bizitzera. Berrehun zerbitzari ba omen zituen Lanusse herrian zegoelarik, eta berrehunak lizentziatu zituen Irulegira etortzeko pobre arrunt bat bezala. Baina düxeza hori Elorri baizik ez zen. Segur kutxak diruz beteak zituela, arras pobreki bizi zela ogi beltza eta baratxuriak janez errepax bakoitzean. Frugalitate edo zuhurtzia ekologista horrek laguntzen zukeen hogei urtetan, hamalauetan zeukan azal mertxika kolorearen begiratzen. Elorri, aspalditik emaztetua zen, eta gaitzeko desmasiak zegizkien gizon gaixoen artean... Luzien Etxezaharreta arras konkistatua, xarmatua zen hura ere. Goiz batez, Milafrankatik etorri zen bere mikroa beste delakoa bezain gogorki altxaturik:

        — Agur madame la duchesse de Lanusse, erraiten ahal diguzu nondik heldu zaren?

        — Bai, orain arte mundu zabalean ibilia naiz; zenbait denboraz Luzaiden egon nintzen, hotel berezi baten kudeatzaile serios bezala. Elorri saindutua zenez geroz, ez nuen gehiago deusik arriskatzen, eta Irulegiko neska garbi eta zintzo horren federa konbertitzea erabaki nuen. Luzaiden nintzelarik, egia erran, ez nintekeen serora deitzen diren haietatik, zeren nire meneko nituen muga kasik ordu guziz, egunero, guarderi irekirik utz arazten zituzten neskatxa lirainak...

        — Zuk, omen, madame la duxesse, Elorri ongi ezagutu zenuen?

        — Ez duzu pentsatzen ahal zein hurbiletik ezagutzen nuen, Elorri zena. Ni hura banintz bezala ezagutzen nuen. Bon, euskaraz eta kitto!

        — Beharbada zerbait erants zenezake, jendeen gogoetan Elorriren oroitzapena indartzeko?

        — Erran dezakedan gauza bakarra hau da: Elorri hila izanagatik, beti Jesus famatua iduri noski, gure artean bizirik dagoela. Guk obra ditzakegunak oro ikusten dituela. Horregatik eskaintza aberatsak eta otoitz kartsuak zuzendu behar dizkiogula. Ez dut beste deusik erraiteko...

        — Baina... baina esplikatzen ahal diguzu erranaldi sibilino hori?

        — Gaixo Luzien, Luzaideko Zibilino aspalditik joana da mundu hilkor honetatik... Gizon ona zen, segur, ele goxoak ezpainetan eta begiak hain bipil neska bat biluzirik zekusanean...

        — Ba, madame la duchesse... ez dugu elkarrizketa hau horrela segitzen ahal. Horretan uzten dut egungo... ASKI!

        Zutik egotearen bortxaz, Luzienek bizkarrean min zuen. Egia erran, Elorrik zioen eran, bazen une pila bat Euskal Herriaren geroa bere sorbalda azkarretan zekarrela. Horrelako mina ez zen batere estonagarri, hondarrean. Baina guk ez dukegu euskal kulturaren langile suhar horretaz irri egiterik...

 

 

        Bazen sei urte Jon Kapagorri Euskal Herri barneko diputatu zela. Nolaz Frantzian, sei une irauten duen legebiltzargintzak, orain zitekeen zerbait aldamenen obratzeko mementoa. Kanpaina hasi zen apirilaren 5ean, eta hilabete batez ez zen besterik entzunen: «ni hauta nazazue, ni hoberena bait naiz». Jendeek, bilkuretan, kandidatu bakoitzari hitzematen zioten haientzat bozkatuko zutela, baina etxerata beren emazteei «nire kontzientziaren arabera bozkatuko dut!» zioten. Euskal Herrian ez zen kontzientzia bezalako beste bultzagairik.

        Legebiltzarkide berrien hauteskundeetarako zein ziren aurkeztuak presentatuko ditut segidan. Eskuindar bat bazen, Emil Trapouille izenekoa: hau duela zenbait une etorri zen gure herrira erretretaren hartzera, eta bere bizi osoa Pariseko bulegoetan iragana zuen. Zuen ideiarik handiena hau zen: «Zuen herria baketsua, garbia, argia maite dut. Irulegiko Ama Birjinaren santuario horrek bazter guziak zikintzen ditu, eta euskaraz mintzo diren «arrotz» langile gehiegi ekar arazten. Nik proposatzen dut, hemen bakea zaintzeagatik, euskaldun guziak Frantziaren iparraldera igorri behar ditugula. Halatan, xoko hauek trankilak izanen dira bizia, hiri zikinetan, higatu dutenak zahartasunean, bederen, lasai hil daitezen...» Arrazonamendu soil horiek jende frango biltzen zituzten. Baina euskaldunek bazekien, aspalditik, hitzek zer erran nahi zuten... Bazen ere sozialista leun bat, beti apezak bezala mintzo zena euskaraz ari zenean: Franzoi Maitia... Honek ez zuen lehen aldia bere burua presentatzen zuela. Bistan dena, Itosperen denboran, eta geroxeago Jon Kapagorri komunista errearekin, ez zuen suerte handirik ukan. Gizon ongi ikasi eskolatu horren programa ere arras sinplea zen: «Ni naiz zuen salbatzailea. Euskara euh, polliki emaiten dut, euh ekonomi mailan ontsa gara, euh alderdi sozialistan leku ederrean naiz, euh Giterran presidentearen gelari euh, orduan, euh, obra zintzo bat egizue nire alde, euh, bozkatuz». Entzuteko xarmagarria baldin bazen, delako «euh» dudatsu sozialista horiek gehiegi erakusten zuten, ez zekitela zuzen nora joan nahi zuen bere ekintzetan... Hondarrean, beste bat bazen ekologista: Hener Gisoler deitzen zena. Honen programa aldiz biziki pisua zen lehen xixtan ulertzeko. Gai zientifikoetan sartzen zen, logaritmoak Irulegiko santuarioa pizti bat zela frogatzeko. Hener Gisoler hau, izenak erakusten duenez, ez zen euskalduna. Holandatik etorri zen duela zenbait urte, han kultur ministeritzan funtzionario egonik, hemen lurrarekin eta laborantzarekin berriz harreman sakonetan jartzeko. Honek, ere, hauteskunde hauetan ez zukeen esperantza handirik, bere ideiak agertzeaz aparte... agertzeaz aparte...

        Eta, ez dugu presentatuko Jon Kapagorri, gure aspaldiko laguna, herriarentzat hainbeste ongi egin zuena, eta jende guziek beren semea bezala maite zutena. Honek aski zuen hitz bat erratea denak kantuz, huxtuz eta dantzan zuti arazteko. Jon Kapagorri komunista, gizon karismatikoa zen. Gainera, azken urtean, madame la Duchesse de Lanusse esposatu zuen; eztei ederrak Euskal Herrian... Agian, irakurle, konprenitzen duzue: duxesa hori Elorri Bazterre, Ama Birjina ikusi zuen hura zela, bakarrik. Alde orotarik goresmenak bildu zituzten, eta gehienek desiratzen zioten ahal bezain laster seme bat ukaitea. Madame la Duchesse alias Elorri errealista zen, zerbait alderditakoa izan beharrean, eta zioen haur baten egiteak bederatzi hilabete gutxienez hartzen zituela, jendeek beraz epe hori errespetatu beharko dutela. Entzuleak irriz ari ziren, Elorri deabrusa horren umore ona miretsiz...

        Hauteskunde eguna iritsi zen. Maiatzeko igande eguzkitsu loriosoa. Goizean goizetik ireki ziren auzapeztegiak, eta bozkatzea errezago izan zedin herriko apezek, apezpikuaren manuz, ez zuten meza kantaturik eman. Ez zen sekula horrelako taux de partizipation delakorik gertatu; jan orduan, jadanik, biztanleen erdiek bozkatua zuten. Arratsaldeko seiretan, bulegoak hertsi zirenean % 100-ek beren botza emana zuten hautatzeko ziren hiru kandidaturen bati. Frantzian barna zifrak askoz apalagoak ziren.

        Zortzietako berrietan, ondorioak agertu ziren. Aldi honetan ere, euskaldunek erakutsi nahi izan zuten ez zirela egiazko frantsesak; funtsean, lehenago Itosperentzat bozkatzen zutenean, desberdintasun hori frogatzen zuketen. Ez dugu gure herrietako euskalduna kulpadun sendi araziko. Ez atzo, ez orain: non genuke bada horretarako deretxoa? Frantzian, sozialistek eta extrema eskuinekoek irabazi zuten, bakoitzak diputatuen erdia erdietsiz. Euskal Herrian, erran gabe doa, Jon Kapagorrik hartu zuen diputatu kadira, bigarren aldikoz... Baina hona xeheki emanak ondorioak:

        inscrits: 156.238

        votants: 156.142

        partizipation: % 100

        Emil Trapouille: %2,5

        Franzoi Maitia: %3,9

        Hener Gisoler: %0,12

        Jon Kapagorri: %93,48

        Ikus dezakezuen bezala, zifrak fidagarriak dira gehienetan, Jon Kapagorrik lehen itzulian berean irabazi zuen, airez-aire. Jon Kapagorrik ez zuen programa berezirik, eta berdin, horrek zuen jendeari konfiantza ematen. Funtsean, zer zuen oraindik frogatzeko... deus.

        Ezer...