Basilika
Basilika
1985, nobela
104 orrialde
84-398-2646-X
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
 

 

III

 

        Baionako apezpikutegian, hego haize hats batek, elizaren buruzagiak arras zorotzen zituen. Alde batetik, arrazoiaren izenean, Irulegiko gertakaria ez zuten sinetsi nahi, eta bestetik afera on bat bezala senditzen zuten gauza euskaldun deabru hauek berriz fededuntzeko sakonki. Afera on bat... Ixtorio hori egiazkoa izan zedin zeruko Jaunari otoitz kartsuak egiten zituzten, Lapurdiko hiri nagusiko katedralean. Katedrala, hainbestetan baliatu zuten euskaldunek, ez Jainkoa otoizteko, baizik eta gose-greba luzeen bidez erdal gobernuari beren eskakizunak entzun arazteko: errefuxiatuentzat, ikastolentzat. Nehork ez ditu ahantzi, ez ahantziko ere...

        «La Croix» astekari nazionalean berria irakurri zuenean, apezpikua kexatu zen. Zioen, manera horretan elizak ez zuela deusik kontrolatzen, eta elizaren helburua zela gisa horretako asuntoetaz arduratzea. Segituko zuen minutu erdian hartu erabakiak, garrantzi asko ukanen zuen Jon Kapagorri diputatuaren xedeen urrunago eramateko. Apezpikuak erran zuen agerpena frogatzeko komisio bat eraiki behar zela lehen bait lehen. Gizon saindu horiek dudan gelditu ziren, ea nor ezarriko zuten komisio horren buru. Bikario generalari, izen bat etorri zitzaion ezpainetara: Kepa Oihenarte, Ezterenzubiko erretore zegoen apez gazte teologoa.

        Denak ados jarri ziren bikarioarekin.

        Komisione hori, beraz, Baionatik kudeatua izanen zen. Baina Kepa Oihenartek botere guziak eskutan edukiko zituen inkesta serios baten egiteko. Kepari telefonatu zuten abian:

        — Alo, hemen apezpikutegia, Kepa?

        — Bai, hemen Kepa zuen zerbitzari leial eta fierra. Zer nahi duzue?

        — Agerpen komisioaren buruzagitzat hautatu zaitugu, lanean behar duzu hasi, Irulegiko kasuaz egizu inkesta serios bat...

        — Baietz, zuen hautuak ohoratzen nau, zeruko Jainkoak ongi akulatu zaituzte. Bihar berean igorriko dizuet nire inkestaren lehen partea...

        — Ongi, Zure paperen zai gaude. Jainkoak benedika zaitzala...

        — Gisa bera!

        Eta apezpikuak brau telefonoa pausatu zuen. Bere eginbidea betea zuela, pentsatu zukeen, oraindik, kontzientzia bakean zeukala. Sekretarioari kafe azkar bat apailatzea eskatu zion, eta honek segidan obeditu. Berrogei urteko emaztea zen Gaxuxa, ezkongabea, eta apezpikutegian sartzeko sekretario bezala behar izan zuen etsamin bat pasatu, bere birjinitatearen frogatzeko. Gaxuxa apezpikuaren lankidea zen orduan, graziek hurbildu gizon jakintsu erdaldun horren predikuak oro euskarara itzultzen zituen. Halatan, herri honetako, ardi errebelatuek uste zuten Baionako apezpikuak euskaraz bazekiela. Baina, ikusten duzuen bezala, engainatzen ziren. Utz dezagun auzia!

        Batzuek, kontzientzia bakean, besteek kontzientziarik ez. Mundu hau gaizki moldatua dela aitortuko dugu. Dena den, iragan aldira bihurtuz aditza, Kepa Oihenartek ez zuen denborarik galdu. Joan zen berri on hori Jon Kapagorriri azaltzera. Eta berak asmatu bizpahiru lekuko izendaturik, bere paperak idazki beltzez estali zituen. Gau bakar batean, Irulegiko Agerpenez, ehun eta bost orrialde zikindu zituen. Gainera, Elorrik egunero ikusten zuen Ama Birjina sexy hura, beti toki berdinean... Jendea, biltzen eta biltzen zen, Irulegiko ostatuak aberasteko moduan zeuden.

        Kepak bere lana konplitzen zuen ederki. Apezpikutegia arras pozik zegoen, aldi berean, Jon Kapagorrik opariz gordetzen zuen Elorri neska gaztea: agerpen bakoitzarendako emaitza bat bazuen, edo musika rock entzuteko estereo tresna, edo filmak telebistatik grabatzeko video sistema, edo etxean erabiltzeko mikrokonputer bat, edo Txinatik espreski ekar arazi usain on arraroa, edo ardiak zaintzean belarrietan atxikitzeko walkman delakoa, edo nik dakita zer. Elorrik hogei aldiz begiztatu zuen zeruko Ama Birjina...

        Oharpen historiko bat egin dezagun hemen: Lurdeseko Bernadeta Soubiroussen hemezortziko marka ohoragarria, Irulegiko Elorrik bi puntuz errausten zuen, mundial marka berri bat finkatuz. Pentsatzen dugu, guk idazleek, zail izango dela Elorrik baino hobekiago egitea.

 

 

        Jon Kapagorrik, Donapaleun, mintzaldi bat proposatu zuen herriko telebista-irratien aurrean. Hona zer erran zuen:

        «Kaixo lagunak!

        »Gure herrian, Irulegin hain xuxen, gertatu da gauza bat ezin sinetsia. Alta, sinetsi behar dugu, Elizak sinesten duelakoan. Ez dut horretan politikarik, nahi nuke Agerpenen lekuan basilika handi bat altxa dezagun guziek batean, eskuz-esku, dugun fede suharra gidari. (entzuleen txalo nasaiak)

        »Lehenik Elizak zer aterako duen beha egonen gara. Gero denak lanean hasiko gara. Eskuz-esku, gure herriaren ohorea goraipatzeko, eta munduak ikas dezan, basilika horren bitartez, nolako graziak hunki duen Irulegiko neska garbi eta pobre bat: Elorri! (jendea txaloka)

        »Erran bezala orduan. Ondoko egunetan moldatuko ditugu bilkurak kantonamenduka, bakoitzak zer ekarri beharko duen finkatzeko. Agur, eta milesker denei!».

        Horrela bukatu zen Jon Kapagorri diputatuaren hitzaldia. Antiklerikal amorratua zela uste zutenak ere, konbertituak izan ziren hitz sukartsu horien bidez. Elorrik Euskal Herria bere diputatuarekin osoki eta behin betikoz baketzen zuen. Hau ez ote zen mirakulu bat?

        Baionako apezpikutegiak zenbait lege-kanoieko dotor igorri zituen Elorriren etxera. Hango sukalde historikoan, beren auzitegia altxatu zuten. Bi egun eta erdi iraun zuen inkisizio moduko solasaldi horrek. Jon Kapagorrik eta Kepa Oihenartek erakutsiekin, Elorrik dotor ospetsu horien aintzinean ez zuen huts bat ere egin. Ikaragarria! Dotoreak Elorri baino lasterrago nekatu ziren, ohartu bait ziren neska hau, bere hamalau urteekin, berak hainbat jakintsua zela. Adibidez, esplikatu zioten, zergatik Jainkoak bere semea gizonen artera igorri eta gero, nehork uste gabean, kendu bere eskuinaldean jainkottipi ezartzeko.

        Hona zergatik: Jainkoak duela aspaldi mundua kreatu zuen, gizonak bere idurira eginez, eta emazteak gizonaren haragitik ateratuz. Zeruko izpiritu horrek gizadia ahantzi zuen, eta nahi zuen seme bat arras bitxiki sor araziz, ikusi abere bizangodun horiek zertan ziren. Hogeitamahiru urtez, bere seme pribilejiatuak jasan behar izan zituen, beste gizasemeen sufrantza berdinak, eta horretan gure Jainko famatuak erabaki zuen bere seme maiteak aski sufritu zuela; orduan bere eskuinaldera jin arazi zuen, hor ere manera bitxi batean. Pentsatzen zukeen Jainko seme batek ez zituela gizonek pairatzen zituzten minak merezi. Elorrik finitu zuen erranez, oraindik adoratzen dugun Jainkoa aristokrata bat baizik ez zela. Dotoreak konbentzitu zituen. Dudan ziren, duda latzetan...

        Gaixo apez eskolatu horiek zioten ez zutela gehiago deusik egiten ahal, eta neska hori Erromara bidali behar zela, hango lege-kanoiko dotoreekin mintzatzeko. Baina nor igorri Elorriren lagun? Ezin bestean Kepa Oihenarteri pentsatu zuten. Bazekiten mutiko honek urte asko iragan zituela, eta hiria ongi ezagutzen zuela. Erromako Kuria ere ontsa ezagutzen zukeen.

       

       

        Biharamonean berean trena hartu zuten Erromara joateko Kepak eta Elorrik. Ez ditugu ibilaldian gertatuak oro hemen azalduko, luzeegi bait litzateke guretzat, eta nardagarriegi irakurleentzat. Ordea hau ez dugu ixiltzen ahal: Nicera heldu zirelarik, han bi gau zoragarri iragan zituzten gure bi laskarrek. Diruaren eta atsegin errazaren hiri nagusia den horretako Casinoan izan ziren, eta sakelan zituzten berrogeitamar libera xaharrak rouletan jostatu zituzten, 21 zenbakiaren gainean. Suertea beren alde zuten orduz-ordu, gauak-gauari doblatuz zihoan bere diruketa arina. Azkenean bankoa salta arazi zuten, eta Niceko Casinoak, ordaintzeko dirurik aski ezin edukiz, Elorri eta Keparen eskuetan utzi zituen bere giltzak. Cannesen, Monacon, Genesen, Firenzan, Pisan, Asisin eta Erroman berdin egin zuten ondoko egunetan. Rothchild baino aberatsago zitezkeen Aita Sainduaren aintzinean, agurtzeko, belaunikatu zirelarik...

        Aita Saindu polonesa Kepa Oihenarteren babesle zen, gure mutikoak estudio argiak segitzen zituenean. Berehala zuti arazi zuen bere laguna, seme bat bezala konsideratzen zuen Kepa.

        — Aiba Kepa, zer moduz? Beti erretzen ote duzu gure zoriona tinkatzen zuen marixuana delakoa?

        — Bai denbora dudanean, eta bereziki brebiarioa leitzen dudalarik. Jainkoari hurbiltzen nau. Baina, orain, herrian gertatzen direnekin ez dut astirik bate

        — Eta zer gertatzen zaizue bada?

        — Ba badakizu, Elorri deitzen den artzaintsa honek Ama Birjina hogei aldiz ikusi du, eta harekin mintzatu da.

        — A, uste nuen komunisten indar gaiztoak zuen bakea trabatzen zuela. Ama Birjina hobe da, segurki, sobietar soldadoak baino. Baiki. Ongi, beraz, eta (Elorriri mintzatuz) Ama Birjinak ez dizu deusik erran sobietar madarikatu haien xedeetaz?

        — Bai (gezurka ari zen Elorri) erran dit hark denak ikusten zituela zerutik, eta haren usteko, sobietar batasuna errautsaren gainean eraikia zela. Finitzeko erran dit Moskuko boterea laster eroriko zela...

        — Eta noren bidez? Amerikanoen bitartez?

        — Bai. Erran du Jainkoa guztiz boteretsua zela eta Amerikarrak hurbiletik lagunduko zituela, Moskuren hausten, eta orduan mundu osoa libre izanen zela...

        — Gaixo Ama Birjina. Ez nuen pentsatzen hura ere ni bezala antikomunista zenik. Bon, joaten ahal zarete...

        — Baina (Kepak moztu zuen Aita Sainduaren hitza) lege-kanoiko dotoreekin mintzatu behar dugu...

        — Utzi mutil, utzi. Ez ote naiz, nihaur, dotorerik handiena, aita saindu naizenaz gero???

        — Baiki zure Saindutasuna...

        — Jainkoak benedika zaitzatela... Errazu Kepa, P2 gelan nirekin dagoen trafikante turko batek marixuana izugarri ona ekarri berri du Istanbuletik. Nahi duzu puska bat, hamar bat kilo?

        — Bueno. Zuk eman guzia hartuko dut.

        Kepa eta Elorri San Pedro plazatik atera ziren gogoetaz eta marixuanaz kargatuak. Aita Sainduaren bendizionea erdietsi zuten, oraindik Irulegiko Ama

        Birjinaren kultoa zilegi zen. Zilegitasun horretaz ongi baliatuko ziren bi biak. Ohar bat: elkarrizketa hau behar da, Aita Sainduaren aldetik, polako mintzaeraz asmatu eta irakurri. Hondarrean Kepa eta Elorri etxeratu ziren...

        Euskaldunek Aita Sainduaren baietzaren berria gozoki onartu zuten. Zioten ez zutela horregatik urgulutan sartzerik, eta diputatuak hitzeman basilika ahal bezain laster altxatuko zutela. Iñaki Karrakoil, bere aldetik, lanean ari zen bere Donibane Garaziko laboratorioan zenbait erremedioren asmatzen, Baigorriko kantonamenduko lur gorriari sendatzeko poderea emateko. Zeren hemendik goiti mirakuluak beharko ziren egin, Irulegiko santuarioari zinezko pisua eransteko...