Kaxa huts bat
Kaxa huts bat
2007, poesia
96 orrialde
978-84-95511-94-2
azala: Xabier Gantzarain
Beņat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
 

 

NEW YORK, NEW YORK

 

Standing in the corner suitcase in my hand

autobusa ez da iristen eta alboko emakumeak

begi-bazterraz begiratzen nau, irribarre melengaz.

Atzo Dorre Bikiak eta auskalo

zenbat dorre isolatu erori ziren.

Orain euria zintzilik dago zeruan,

baina zer nahi duzu ba,

hau New York da, jendetzaren hiria,

garajeak kotxeen patrimonio ez diren mundua.

Negriren hiria ote?

Hau ez da Seattle,

hemen rock & rolla egiten denean

hip hop-a dantzatzen da

eta mass media boikoteatzen (!!!).

Dizze Rascalek bi eskuko

Master System-ak saltzen ditu.

Hau ez da edozer gauza,

hemen merkatuak agintzen du inon ez bezala;

hemen merkatua pikutara joan daiteke

New Yorkek hala nahi badu

eta inolako hauteskunde

demokratikoren beharrik barik.

Eguzkitako betaurrekoak jarri

suitcase in my hand

eta munduko gobernadore

izan zaitezke 15 minutu luzetan.

15 minututan suntsi daitekeelako mundua

4 bat aldiz gutxienez,

15 minututan konpondu daiteke mundua

lipar baterako bakarrik.

New Yorken 15 minutu

900 segundo eta askatasun apur bat dira.

12 minutu 37 segundo eta 35 ehuneko

behar izan zituen behin Kenenisa Bekelek

5000 metro korritzeko, eta oraindik

bi minutu t'erdi soberan geratu zitzaizkion

I'm lovin' esateko 547 alditan, etengabe.

Eta beste egun batez, Kenneth Kochek

zulo handi bat ikusi zuen New Yorkeko zeruan

eta ez zen ozonoa, ketanoa,

Objektu Hegalari Ezezagun batek

eragindako efektu optikoa.

New York ez da broma bat.

Autobusak berandu iristen dira

baina ez zaio inori axola.

Hemengo jendea

denbora alferrik galtzearen alde dago,

hemengo jendeak

ez daki zer pintatzen duen New Yorkek

unibertsoko bazter honetan,

domino efekturik existitzen ez den toki honetan.

Edward Hopper, Don DeLillo, Michael Jordan

hiri honetan jaio dira,

Marx anaiak bezala, edo Walt Whitman,

kale laranjan, inoizko poemarik bikainena

New York bera dela aldarrikatuz;

ze New York izan daiteke zuria

beltza

        gorria

                  berdea

                            horia

                                  bioleta (gutxitan).

Entzun, inoiz bihotzik eduki duzuenok,

New Yorken barkamena eskatzea ez da bertute,

ez tematu mundua graffitiz pintatzen,

New Yorken ez dago «Welcome to NY»

jartzen duen afixarik, argizko iragarkirik.

New York behin bakarrik gertatzen da bizitzan

15 minututan, ordu laurdenean.

Hilda Doolittle, ez izan lotsarik

hormak erori eta erori ari badira,

jendeak 60. pisutik jauzi egiten badu,

ez da zure errua.

Standing in the corner Bob Dylan ikusi dut

geltoki ondoko McDonald's-ean

boligrafoz hitzak idatzirik dituzten

serbilletak lurrera botatzen,

Chan Marshall du aurrez aurre,

emakume ona izatearen inguruan teorizatzen.

Taxistek, taxi horietan, jakinarazi didate

aireporturako hiru autobus hartu behar ditudala,

baina alboko emakumeak erantzun die nire partez

eta ea taxista «tax»-etik ote datorren galdetu.

Edozer gauza da posible hiri honetako

abenida eta kalezuloetan,

baina hemen ez dio inork Mariah Careyri

titiak erakuts ditzan eskatuko.

Eta anabasa honetan inork zoria aipatzen badu

William James azalduko da suitcase in his hand

eta konspirazioaren teoriaren aldeko proklamak eginez.

New Yorkek ez du deliberatzen

zerura ala infernura joango zaren,

ez da paternalista batere, ez du gaztigatzen deus,

baina ez die barkatzen euren poemetan

New York aipatzen duten poeta bentajistei

(NY bera da inoizko poemarik bikainena!).

Pinpirina da, ondo zaintzen du bere skyline-a.

Akaso Federico Garcia Lorca

agertuko zaizu bertan bals bat dantzatzen

zibilizazioaren alde baina dantzalagunik gabe.

Edota beltz bat English B

ikasgairako idazlan bat izkiriatzen.

Hau ez da bluesaren hiria, hau ez da Memphis.

New Yorken Nuyoricanoak bizi dira,

Slam! oihukatzen dute, Slam! Slam!

New Yorken ilargia destoki sentitzen da

gauero, arrotz.

Izarrek kariño pixka bat eskatzen dute

kariño pixka bat, bederen.

Bon, orain Jane joana da.

Autobusa ez da agertu.

Biziki maite dut New York,

biziki amorrarazten nau New Yorkek.