Txakur ingelesak
Txakur ingelesak
2011, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-28-7
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Kontrabiografoa

 

Martxoaren 22an ailegatu nintzen Bartzelonara hegaldi gorabeheratsu baten ostean. Euskal Etxean hitz egin behar nuen. Aireratu baino lehen, duda egin nuen Manuel Delgado antropologoarekin harremanetan jarri-ez-jarri. Urtebete lehenago ezagutua nuen, Abisal espazioan antolatutako tailer batean. Harako hartan, inork gogaitua izan gabe bizitzeko nahi irmoa agertu zigun Delgadok.

        Hari bakea eman eta Itziar Zigari eskaini nion arreta. Ordura arte ihes egin zidan Bartzelona bat zegoen Devenir Perra liburuan. Beharbada garaia duk, esan nion neure buruari, hiria beste era batera bizitzeko.

        Azkenean, Belaustegiri hots egitera deliberatu nintzen. Adiskide donostiarrak hamabost bat urte zeramatzan Bartzelonan. Itzultzaile ziharduen eta idazle arrakastatsua zen, gurtzen zuen publiko txiki batentzat behinik behin. Belaustegik funanbulistaren sokatik ibiltzeko gaitasun naturala zeukan. Errusiar erruleta guztietara emana zen. Nik, aldiz, amildegi ertzeko jarreren lekuko ezinbestekoa izateaz konformatu behar nuen.

        Berbaldira sei lagun etorri ziren. Amaitu eta gero afaltzera joan ginen. Belaustegik ez zuen harremanik Euskal Etxeko jendearekin. Moncadako jatetxera sartu orduko, nire baitan galdetu nuen hark ezinegona sortu ahal zien antolatzaileei. Azken batean, bildutako guztiek ondo baino hobeto zekiten nor zen Belaustegi.

        — Badira hamasei urte etorri nintzela hiri honetara eta, sinets egidazue, gaur arte ez naiz Euskal Etxean sartu.

        Euskal Etxekoek elkarri begiratu zioten. Hala ere, berehala sentitu ziren gustura. Jendea erakartzeko abilezia handia zuen Belaustegik.

        — Beldurrari buruz idazten ari da—komentatu nuen.

        Belaustegik aurka egin zion detaileak emateari. Itxura hutsa.

        — Beldur-eragile profesional baten bizitza kontatzen duen liburu bateko lehen fasean nago.

        Gaiak politika-mundura egin zuen, Belaustegiren gogoaren kontra. Politikari ezagun askoren berba su-emaileak ekarri genituen hizpidera. Publizitate-mundura jausi ginen gero. Han ere adibide mordoa aurkitu genuen. Belaustegiri, aldiz, Tim Burtonenak bezalako ipuinak zebilzkion buruan.

        — Marrazkiak indar handiagoa hartzen ari dira orain, hitzak eurak baino. Film bat ere egin liteke ditudan ideiekin. Beste aukera bat eman nahi diot beldur-eragileari.

        Izua era literario batean bentzutzeko ideia gailendu zen afarian. Belaustegiren distirak arratsalde umiliagarri bat salbatzea lortu zuen.

        Afaldu ostean La Bata de Boatiné-ra abiatu ginen Belaustegi eta biok. Taberna Itziar Zigaren liburuan agertzen zen. Robadors kalean, Ravalen bihotzean. Belaustegik ez zuen ezagutzen.

        — Hiri honek halakoak dauzka, zorionez —esan nion—. Bertan hamaika urte eman arren, beti gauza asko falta zaizkizu ikusteko.

        Bartzelona txipien arakatzaile gisa irudikatzen nuen neure burua. Joaten nintzen bakoitzean ezin itzurizko zentralitate moduko bat sumatzen nuen.

        Ravalen zebilen jende urriaren laguntzaz, kalea eta taberna topatu genituen gauerdian. Inguruko beste kale batzuetan ez bezala, aktibitate handia zegoen. Berbetan zebiltzan magrebiar itxurako gazte batzuek erakutsi ziguten tabernazuloko atea. Txirrina jo behar izan genuen sartu ahal izateko. Leku kutrea iruditu zitzaion Belaustegiri.

        — Nora ekarri nauzu? Eixamplera joatea bagenuen.

        Nire begietara Robadors kaleko luzatze naturala agertu zen. Taberna estua bezain luzea zen. Neure burua zoriondu nuen aukeragatik. Zigaren hirian nintzen.

        Beefeater gin-tonic bana eskatu genuen. Izua garaitzeko moduez hitz egiten lotu ginen ohartu barik, gaia ere beste luzatze natural bat balitz bezala.

        — Egia esan, ez nago liburu baten lehen fasean.

        Bere liburuen lehen fasean, aztertu beharreko gaiari buruzko ideiak eta gogoetak biltzen zituen Belaustegik.

        — Ez?

        — Ez. Esatearren esan dut afarian.

        — Zertan zabiltza ba?

        — Idaztea eta argitaratzea baino gehiago, idazteko posibilitatea interesatzen zait gaur egun. Idazteko posibilitatea literarioagoa da idaztea bera baino.

        Gure aldamenenean berrogeita hamar urte inguruko gizon bat eta emakume bat zeuden. Isilik, sartu berrioi begira, hitz egiteko posibilitatean murgildurik baleude bezala, baina hitz egiteari uko militantean setaturik. Begira ere begira egon gabe zeuden. Pixka bat baztertuago, beste bikote bat zegoen: neska izugarri argal bat, larruzko jaka beltza soinean eta arrakada asko aurpegian; eta harekin itxura androginoko mutil bat, alkandora zabal arraiaduna praken gainetik.

        — Krisien bilatzaile bihurtu naiz —argitu zidan azkenean Belaustegik.

        — Ez dizut ulertzen.

        — Itzultzaile lana utzi dut krisietan sakontzeko.

        — Langabezian zaudela esan nahi duzu.

        — Teknikoki, bai. Akordio batera heldu nintzen enpresarekin. Lehen neurria handik arineketan irtetea izan zen. Krisietan barneratzeko adinako indar eta osasun eman zidan.

        — Baina zer krisi?

        — Huraxe izan zen hasierako arazoa. Ez nekien zein krisitara bildu behar nuen krisi-bilatzailearen bizi-proiektuari ekiteko. Lehenik eta behin, krisi ekonomikoa etorri zitzaidan burura. Teknikoki lanik gabe nengoen eta adierazle guztiek hura seinalatzen zuten, badakizu, dena hurrupatzen duen diru-zurrunbiloa. Krisi ekonomikoari beldurra. Nire hausnarketan minutu erdi ere eskaini ez nion izu-aukera. Krisi arrunta da erabat, xarmarik gabea, gorabeheren pentzuan beti. Edozelan ere begi aurrean nuen krisien unibertsoa: balio-krisia, pentsamendu-krisia, kultura-krisia, politika-krisia, justizia-krisia, erlijio-krisia...

        — Hiri-ereduen krisia...

        — Baita hori ere, noski.

        Hurrengo egunean, Camp Noura laguntzera behartu nuen Belaustegi. Aurka egin zidan. Ez zuen inondik inora etorri nahi. Krisi sakon batean lokaztuta zegoen kirol bateko buru ikusgarria zen Bartzelona futbol taldea. Eta Camp Nou bera, zirikatu nuenez, krisia jokatzen zen eszenatokia. Azkenean, Belaustegik futbol-krisia errespetatzea onartu zuen, beste edozein krisi bezalaxe, batere erakarrita sentitu ez arren.

        Osasunaren kontrako partida zen, asteazkenean. Belaustegi eta biok nazionalitate askotako hamaika zale culez inguraturik geunden. Gure atzean eskandinaviar itxurako hamar bat gazte genituen, Erasmus programako ikasleak nonbait. Bartzelonako zale katalanek villarato, villarato oihukatzen zuten bitartean, klubak partida aurretik banatutako publizitate orriak astintzen zituzten gazteek. Ikaragarri disfrutatzen ari ziren. Partida, berriz, trabatua bezain gogorra. Guardiolak eskaini ohi zuen ikuskizun distiratsuaren arrastorik ez, bederen. Ni Belaustegi animatzen saiatu nintzen. Harmailak krisiz beterik zeuden.

        — Milaka atzerritarrok ez dakite jatorrizko zalearen portaerak interpretatzen. Zelan aldatzen ari den futbola!

        Ordurako banuen Belaustegiren krisiaren berri. Hilabeteak zeramatzan kreatibitate-krisian miaka. Literaturatik heltzen ari zitzaion. Bere lan-tresna, hain juxtu, sortzeko posibilitatea zen.

        — Beldurra garaitzeko posibilitatea literaturan —zehaztu zuen.

        Beldurra lurperatzeko posibilitatea, nik neure kolkorako.

        Aurreko gauean, La Bata de Boatiné-n, gaiaz beste egin ondoren —agian batak bestera eraman zuen—, iraganak lurperatzera dedikatzen zen pertsona baten berri eman zidan Belaustegik. Hirugarren eta azken gin-tonicaren ondoren etorri zen. Alkohol-karga aitorpen latzak mahairatzeko legezko zama ez izanagatik, deliberoa hartu zuen Belaustegik:

        — Iaz pertsona bat ezagutu nuen. Gizona edo emakumea den esatea tokiz kanpo dago. Iraganak ezabatzera dedikatzen da.

        Detektibe pribatu bat ekarri nuen burura. Krimenaren profesional bat.

        — Antibiografoa esaten diot. Biografia kantzerigenoak erauzten ditu. Kirolarien odol lohia mudatzeaz arduratzen den mediku horiek bezalakoa da. Desagertu nahi duten pertsonei arrastoak ezabatzen laguntzen die.

        Biharamunean bestondoko itzelaz esnatu nintzen. Ezin nuen Belaustegik kontatutakoa burutik uxatu. Lehen orduan Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroaren artxibora joan nintzen. Hogei pdf baino gehiago bidali nituen nire helbide elektronikora beste horrenbeste korreoren bidez. Artxiboko datuak kopiatzeak sortzen zidan emozioaren antzekoa sentitu behar zuen antibiografoak bere bezeroen datuak ezabatzen zituen bakoitzean. Aurpegirik gabeko pertsona hark diskrezio osoz desagerrarazten zituen biografiak. Haraino iristen zen bere lana. Bezeroari inoiz ez zion laguntzen nortasun berria eraikitzen.

        Ezker-eskuin begiratu nuen Camp Nouko tribunan. Fenomeno bera gertatzen ari ote zen futbol-zelai hartan? Katalanak ez besteko zale igarokorrak gero eta gehiago ziren etxekoen kaltetan.

        Partida bukatutakoan, La Bata de Boatiné-ra bueltatzea proposatu nion Belaustegiri. Biharamunean alde egin behar nuen azken batean, eta ez nekien noiz elkar ikusiko genuen berriro. Printzipioz, ekainean itzultzeko asmoa nuen. Urtero joan ohi nintzen sasoi hartan. Astebete ematen nuen Manuel Delgadoren —egun batean molestatu behar nuen— hiria zabaltzen, karamelu bati papera kentzen zaion moduan. Oraingoz nahikoa nuen Itziar Zigarenarekin. Krisi-bilatzaile aparta iruditu zitzaidan hura ere.

        — Nik neuk erosiko nizuke Devenir perra, hemen non saltzen duten jakinez gero.

        Belaustegik zakurraren ipurdira bidali ninduen.

        — Bi egunetan jasan dugu elkar, nahikoa da.

        Boz larriz ebaki zituen hitzak. Lipar batez, Manuel Delgadoren beraren aurrean nengoela begitandu zitzaidan.

        Metroko beste linea batean galtzen ikusi nuen adiskidea. Nik neuk, lotara baino lehen, La Bata de Boatiné-ra bueltatzea erabaki nuen. Tabernazuloan ez zen ezer gertatu. Jendearen begi gorrituek nireak tenkatzen zituztela sentitu nuen, lepo-bueltan Bartzelonaren bufanda gorri-urdina zeroan giri bat banintz bezala.

 

 

Apirilaren erdialdean Poloniako hegazkin-istripu tamalgarria gertatu zen. Caceresen nenbilen. Autoko irratiaren bidez heldu zitzaidan albistea. Bide-bazterrera gidatu nuen autoa, isilean hausnar egitera, negar-malkorik isuri gabe. Aurreko urtean Poloniara joana nintzen oporrak pasatzen. Harrezkero lotura estua sumatzen nuen herriarekin.

        Ez nengoen ahaztuta Belaustegirekin. Zelan edo halan antibiografoaren peskizan jarria ninduen. Bartzelona-Osasuna nekagarrian hari buruzko datu gehiago jasotzen ahalegindu nintzen.

        — Zer dela-eta mututasun hori? Ezagutzen dudan norbait da? Pertsona publikoa da? Ez dizut ulertzen. Esan gizona edo emakumea den, behinik behin.

        — Berdin da hori.

        Hala ere, ezusteko detaile bat argitu zidan. Non bizi zen.

        — Baina ez da hemen bizi?

        — Lehen bai. Orain Bilbon bizi da.

        Bilbora itzulitakoan, hurbiltasun fisikoak antibiografoaz gehiago arduratzera eraman ninduen. Bestetik, Bilbo hautu logikoa iruditu zitzaidan. Azken batean, geroz eta gehiago zeukan Bartzelonatik eta geroz eta gutxiago Bilbotik. Gure hiriko auzo txinatarra —han bizi ei zen antibiografoa— Bartzelonako auzo txinatar bilakatzeko borrokatzen ari zen eta, bide batez, desagertzeko, lehenago inoiz existitu ez balitz bezala, hots, egunetik egunera ezerezago eta auzo txinatar gutxiago izateko.

        Hausnar egin nuen. Kontrabiografoak —ordurako horrela esaten nion— nahiago zuen ospa egin bere hiritik bidalia izatea baino, Ravaleko putei gertatzen zitzaien moduan. Heldua zen jazarpenari amaiera emateko ordua. Hala ere, ez nuen konprenitzen jazarpenean oinarritutako beste proiektu urbano batean sartu izana.

        Belaustegik kontatutakoaren arabera, kontrabiografoak idazle batzuk desagerrarazi zituen. Partidan izen bi ikasi nituen buruz: Mia Balaguer eta Juan Puig. Lehen aldia zen aditzen nituena. Kataluniako letren idazleak izan zitezkeen. La Bata de Boatiné-ra iritsi orduko esku-zapi batean apuntatu nituen izenak. Bilbon nintzela, Googlen eta udal-liburutegien sarean begiratu nuen. Googlen, hainbat sarrerak beltzez nabarmentzen zuten Juan Puig. Blog batean zeliakoentzako janariaz idazten zuen gizon bat zen. Hura ez zen, bistan zegoen, bila nenbilen pertsona. Mia Balaguerri buruz, aldiz, ez nuen aztarrenik ere topatu. Argitaletxe batzuetako katalogoetan ere begiratu nuen, emaitza positiborik gabe. Izen-deitura haiek inoiz idazle gisa existitu baziren, jada ez zegoen arrastorik. Milaka idazle anonimo etorri zitzaizkidan burura. Agian Mia Balaguer eta Juan Puig haietakoak ziren, beste barik. Edo, hain zuzen ere, kategoria horretakoak izateagatik, kontrabiografoak erraz asko ezabatu zituen euren garrantzirik gabeko biografiak.

        Wikipediako ezabaketa-politikari zegokion orria bisitatu nuen. Artikulu bat ezabatzeak, kasu, azken bertsioa eta aurreko guztiak desagerraraztea zekarren erabiltzaileen begietatik, baina datu-basean jarraitzen zuen. Edozein momentutan, kontraorden batez, jarri ahal zuten berriro. Irakurtzen segitu nuen: Liburuzainek bakarrik ezaba dezakete. Nortzuk ote ziren liburuzainak? Sakatu egin nuen hiperloturaren gainean. Liburuzainak Wikipediaren kudeatzaileak ziren. Zalantza egin nuen. Parean burokratak izeneko beste hiperlotura bat neukan.

        Kontrabiografoak, derrigorrez, beste modu batean jokatu behar zuen Interneten. Orritik irteteko zorian nengoela, zerbaitek deitu zidan arreta: Orrien zuritzea. Datuak ezabatzeko praktika bandalikoa zen. Kontrabiografoak orriak zuritu behar zituen.

        La Bata de Boatiné-n emandako bigarren gauean bertan kontsideratu nuen kontrabiografoaren bezero bilakatzeko posibilitatea. Mozkortzeko bidean nenbilen. Nire literatura goitik behera aldatu nahi nuen aspalditik. Gaiak, istorio motak eta estiloa bestelakotzea ez zitzaidan zaila iruditzen. Kalean inor ase ez zuten liburu bi neuzkan. Irakurleak behar nituen ezer baino lehen. Baina ezinezkoa zen irakurleak erakartzea iraganaren zamarekin. Beharbada pertsona hark, kontrabiografoak, lagundu ahal zidan. Ez zen zentzugabea.

        — Desagertzea oso gutxitan da erabatekoa —azaldu zidan Belaustegik Camp Noun—, baina bazterreko bihur gaitzake. Harri eta zur geldituko zinateke jakitean zenbat lagun desagerrarazi dituen antibiografoak. Mia Balaguer. Juan Puig...

        Bigarren izenetik aurrera ez nuen besterik buruz ikasterik lortu. Pere zetorkidan gogora. Baina Pere sano izen arrunta zen Bartzelonan. La Bata de Boatiné-n lehenengo biei buruzko zalantzak ere sortu zitzaizkidan. Zalantzok Interneteko bilaketaren ostean areagotu zitzaizkidan.

        Belaustegik argi zekusan:

        — Literaturan gaizki hasitako jendea. Beste arte batzuek eskatzen ez duten ahalegina exijitzen du literaturak. Zure lehen obrak ez baditu irakurleak eta kritikariak seduzitu, ordenadore aurrean denbora galtzen duzun zonbia zara.

        Literaturako zonbia ote nintzen? Lurperatua izan ostean, irakurleen bizitzetara behin eta berriro bueltatzen saiatzen zen idazlea?

 

 

Apirilaren 10ean, betiko aienatzearen aldeko hautua egin nuen. Atzera ere Bartzelonak jokatu zuen gau hartan, Madrilen kontra Santiago Bernabeun. Bi eta huts irabazi zuen, Osasunaren aurkako partidan bezalaxe. Egun berean gertatu zen Polonian Tupolev-ek izandako istripua. Kitzikatu egiten ninduen Poloniako desagertze-ereduak. Desagertze ez traumatikoa zen. Urtero gogoratuko zituzten joandakoak. Hainbat hamarkadatan behinik behin.

        Gauerdian, apartamentuko egongelan Beefeater gin-tonic bat prestatu ondoren, Belaustegiri telefonoz hots egitea otu zitzaidan. Biharamunean deitu nion, ordea. Hariaren bestaldean, ahots batek azaldu zidan bezeroak baja emana zuela. Atzera ere deitu eta ahotsak mezu bera errepikatu zidan. Popatik hartzera bidali nuen boza. Aje apur bat banuen. Ordenagailua piztu eta korreo elektroniko bat bidali nion. Automatikoki, helbide okerraren berri ematen zuen erantzuna jaso nuen. Ostera ere bidali nion eta ostera ere ezezko bera jaso nuen.

        Neure burua madarikatu nuen. Belaustegirekin harremanetan jarri ezean, ezingo nintzen kontrabiografoaren bezeroa izan. Arratsalde osoa eman nuen nire oroipenak ordenatzen. Beharbada zer edo zer pasako zitzaidan oharkabean La Bata de Boatiné bigarrenez bisitatu ostean. Kontrabiografoa enpatia aditua izan zitekeen. Hots, bere burua berriro asmatuagatik, dena kanpotik ikusteko gaitasuna zeukan pertsona aritua. Mia Balaguer eta Juan Puig ekarri nituen ondotik gogora. Haietakoren bat idazle arrakastatsua izan zitekeen gaur egun.

        Hurrengo egunean Belaustegiren argitaletxera deitu nuen. Ahots larriko gizon batek erantzun zidan. Ezin zuten inori buruzko informaziorik eman.

        — Hil edo bizikoa dut Belaustegirekin hitz egitea.

        Gizonak eztul egin zuen gogorik gabe. Beste toki batera deitzeko iradoki zidan. Baita egin ere. Bartzelonako beste argitaletxe batera hots egin nuen. Antzeko erantzuna eman zidaten.

        Egun batzuk geroago berriro ahalegindu nintzen lehendabiziko argitaletxean. Berriz ere ez deitzeko agindu zidan gizonak.

        — Zure lagunak bere burua kendu du katalogotik.

        — Zer esan nahi duzu?

        — Pertsona batek Belaustegiren stock osoa erosi du. 650 ale guztira. Akordio batera ailegatu gara prezioari dagokionez. Ondoren zure lagunak deitu du katalogotik ezaba dezagun eskatzeko.

        — Benetan?

        — Dagoeneko Belaustegi ez da gure katalogoko idazlea.

        — Esango didazu, mesedez, nork erosi dituen liburuak?

        — Ezin dugu halakorik egin.

        — Eta esan ahal didazu, behintzat, gizona edo emakumea zen?

        — Ezta ere. Orain eskegi egin behar dut eta, mesedez, ez deitu berriro argitaletxe honetara.

        Erosleak Belaustegiren aleak beste argitaletxean ere erosi zituelako bihozkada izan nuen.

        Interneten ekin nion bilatzeari. Egun hartara arte ez nintzen lagunaz arduratu, bion sarrera-kopuruak alderatzeko ez bazen. Beste idazle batzuekin ere egiten nuen. Belaustegik askoz gehiago zeukan nik baino. Astelehenean 112.000 zeuden. Ez nuen kalkulatu zehatz-mehatz zenbat zegozkion lagunari. Paper batean apuntatu nuen zenbakia. Asteazkenean 82.000 zeuden. Eta astearen amaieran 16.000. Haren izen-deituren sarrera-kopurua, Antartikoko fitoplanktona bezala, egunetik egunera gutxitzen ari zen. Sarrera gehienek, gainera, berarena bezalako izena edo abizena zuen jendearekin zuten zerikusirik. Belaustegi, bada, saretik desagertzen ari zen erremediorik gabe. Orrien zuritzeaz gogoratu nintzen.

        Kontrabiografoa Belaustegi kalitzen ari zen.

        Deskatalogatzearen ondoren, liburu-denda pare batera sartu nintzen adiskidearen aleren bat aurkitzeko itxaropenarekin. Ez nuen bakar bat ere ikusi. Bidebarrietako Liburutegira joan nintzen. Jakin banekien han bazeudela bi edo hiru liburu. Ordenadorean ez zitzaidan ezer agertu. Usaina hartu nion. Belaustegi deitura ere ez zen udal-liburutegien sarean azaltzen. Fitxa bat bete nuen. Liburuzainak, ordea, ez zuen signaturarik gabeko fitxa onartu.

        — Begiratu, mesedez, katalogo digitalean.

        — Ez dago.

        — Orduan ez daukagu udal-fondoetan.

        — Orain dela aste batzuk bazegoen. Bai eta autore beraren beste bi izenburu ere.

        — Bai arraroa.

        — Izan liteke zuek kendu izana? Hau da, liburuzainek, burokratek edo dena delakoek ezabatua, Wikipedian bezala?

        — Zuzendariari idatzi behar zenioke. Hark argituko dizu.

        — Barkatu, bada hemen orri zuritzerik?

        — Zer?

        Alde egin nuen liburutegitik. Kontrabiografoak aurrea hartua zidan beste behin. Bidebarrietan barrena arin ibili nintzen, katedralerantz. Eskuin hartu nuen, Jardines kalera sartu. Belaustegik, errusiar erruletaren erregeak, azken tiroa egina zion bere buruari. Desagertzea bera jarria zuen desagertzeko posibilitatearen aurrean. Ez jakin, ez nekien atzera ere agertuko zen izen berri batekin, beste produkzio batekin, estilo desberdin batekin eta beste argitaletxe batekin.

        Kontrabiografoa, aldiz, agerikoago bihurtua zitzaidan. Ez nekien deus hari buruz, salbu eta Bilboko auzo txinatarrean bizi zela. Beste toki batera hanka egin izana ere ez nuen baztertzen. Azken batean, ogibideak etengabeko mugikortasuna eskatzen zion. Bartzelonara bueltatu izatea ez zen zentzubakoa erabat. Are gehiago, bazitekeen Bilbora etorri izatea Belaustegiren zorrak kitatzera. Auskalo. Beharbada ez zegoen kontrabiograforik. Belaustegi bera izan zitekeen bere antibiografoa.

        Pentsamenduotatik tiraka, Camp Nouko harmaila hantustera itzuli nintzen. Partida hasi aurretik ilun zegoen. Euria zekarren. Ederra bota zuen La Bata de Boatiné-n izan nintzen artean. Belaustegiren azalpenek beste zentzu bat zuten orain. Bata bestearekin izan ginen denbora osoan, laster desagertuko zela adierazten saiatu zen adiskidea. Krisi-bilatzaile bilakatzeko —beharbada gau hartan bertan, ni La Bata de Boatiné-n bakarrik mozkortzen nintzen bitartean— zama arindu beharrean zegoen. Zama literarioa. Sortzeko posibilitatearen bidez bete-betean hondoratuko zen kreatibitatearen krisian, izu-industriaren profesional guztiak bentzutuz, beldur eragile endogamikoak, famara eta banitatera kondenatzen gaituztenak, zanpatuz.

        Jardinestik San Frantziskora zuzendu nintzen. Merced zubira ailegatzean, barandan bermatu nintzen. Posibilitateak ezartzeko erreminta aldean zeroan laguna non edo non zebilen krisien xerka. Auzo txinatarrerantz egin nuen Maiatzaren Biko kaletik, aldapan gora.

        Bartzelonar erako aldapa, pentsatu nuen.