Txakur ingelesak
Txakur ingelesak
2011, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-28-7
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Unai Dorronsorori

 

 

 

Txakur ingelesak

 

Fostertarren lorategira sartu da Maider. Nahiko lukete Evelyn eta Jonathan senar-emazte edadetuek ryegrassa euren txalet zurian. 2004an ailegatu ziren Lanzarotera, Mikel eta biak heldu ziren urte bertsuan.

        Maider harritu egin da Tim eta Pat —Jonathanen txakurrak— harrizko lauza nabarrez osaturiko kaktustegian ez ikustean. Burdin hesia zabaldu orduko, saltoka eta zupaka hasten zaizkio beti. Oso animalia zalea ez bada ere, maitagarri deritze auzoko txakurrei.

        Abante egin du kristalezko ate nagusiraino. Txirrina jo aurretixe, Tim eta Pat zaunkaka bertaratu dira. Atzeko hanken gainean zutik jartzeko ahaleginetan dihardute. Berriro txirrinari sakatu dio Maiderrek. Atzo arratsaldean bere burua eskaini zuen Evelyn uharteko aireportura eramateko. Nottinghamera joan behar du aste biz, alaba ikusten.

        Beste behin saiatu da. Azkenekoz.

        Itsas-Begi txaletera itzuli da artega. Mikel bizarra egiten hastekoa da bigarren pisuko komunean. Sano gela argitsua da. Behatokia desio zuela azaldu zion Mikelek arkitektoari. Distiranta. Artelan txipi bat. Maiderrek, aldiz, zer edo zer funtzionalago gurago zuen.

        — Ez dute erantzuten Fostertarrenean.

        — Irten egingo ziren honezkero —esan du Mikelek ezaxola.

        — Txirrina jo dudanean, txakurrak ziztu bizian bildu dira ate nagusira.

        Olgetan ari da Mikel, dantzan beharbada. Atzamar luze-hezurtsuez ferekatzen du bizar sarria. Laster ez da arrastorik geldituko.

        — Taxi bat hartu izan balute, entzungo genukeen —esan du Maiderrek—. Eta, gainera, Evelynek deituko zidakeen abisatzeko.

        — Eta zergatik egin behar luke hori?

        — Normalena delako. Areago Evelyn izanda.

        — Batek daki, orduan.

        Irriño ohartezina egin du Mikelek. Umore onean itzarri da gaur. Bost egun barru Erromara bidaiatu behar du neurologia kongresu batean parte hartzeko. Maiderrek maiz laguntzen badio ere, bakarrik joango da oraingoan.

        Mikeli begira geratu da Maider. Komunera sartu denetik ispiluaren bidez so egin dio. Mikelek, aldiz, ez dio bere begi marroiez aurpegiko aparrari behatzeari utzi.

        — Zerbait gertatzen da.

        — Zergatik gertatu behar du zerbait? Zergatik gertatu behar du beti zerbait?

        — Zer esan gura duzu?

        — Zure eldarnioekin hasi behar al duzu?

        — Ez aipatu berba hori, badakizu gorroto dudana.

        — Zer esango dut, ba? Etengabeko paranoia batean bizi zara. Saiatu zara, behintzat, telefonoz hots egiten?

 

 

Maiderrek marapiloa du eztarrian, boaren estutua. Bihotzak ez du behar moduan punpatzen. Ez dio SOS Txakurra elkarteko boluntarioari erreparatu Fostertarren etxera ailegatu denean. Polizia-autoek eta anbulantziek batzuek besteen atzean aparkatu behar izan dute kale estuan. Boluntarioak Timi eta Pati lepotik heldu dienean, ordea, harri eta zur geratu da. Uhalez lotu ditu, muturreko bana ipini. Lasterka joan da harengana. Berrogeita hamar urte inguruko gizona da. Egin gabe dauka bizarra (minutu batzuk lehenagoko Mikelen mugimendu soraioak ekarri dizkio gogora). Ezohiko usain bat dario, garratza, animaliek ekarria beharbada.

        — Fostertarren alboko bizilaguna naiz —esan dio Maiderrek—. Nora daramatzazu txakurrak?

        — Arrecifeko udal-txakurtegira.

        — Zer gertatuko da eurekin?

        — Ez dakit. Nik animaliak jaso baino ez dut egiten.

        Orduantxe kontatu dio SOS Txakurreko boluntarioa dela. Espainiako elkartea. Koska bat gorago obratzen dutenen banitate txipi hori.

        Maider ez dago horretan interesaturik. Harira jo du:

        — Eta nork daki zer gertatuko zaien?

        — Txakurtegiko albaitariarekin hitz egin beharko duzu.

        — Baina ez dituzte sakrifikatuko, ezta?

        — Ez, hori segurua da. Nolanahi ere, bada beste kontu bat...

        — Zein kontu?

        — Poliziak agindu du ezer ez egiteko txakurrekin. Ikerketaren parte bihurtu dira.

        Polizia-agenteak Evelynen eta Jonathanen etxera sartu direnean, kanpoan gelditu da Maider. Geroago bakarrik utzi diote sartzen, lekuko moduan. Haietako batek, gainera, agiraka egin dio auzokideen kristalezko atea apurtzearren.

        Gogoratzera egin du Maiderrek.

        Evelynek ez zion telefonoa hartu.

        — Mikel, benetan, hemen zerbait gertatzen ari da.

        Mikelek ezker-eskuin mugitu zuen burua, begiak ispilutik aldendu gabe. Toalla beltz batez ezabatu zituen apar arrasto zuriak.

        Maider Fostertarren etxera itzuli zen. Berriro jo zuen atea, hatz erakuslea txirrinetik jaso gabe. Berehala agertu ziren Tim eta Pat zaunka zoroan, zarata kirrinkariak eroarazirik.

        Luzetsita, lorategiko harri zapal handi bat hartu eta ateko kristala apurtzen hasi zen Maider. Txakurrek atzera egin zuten metro bat.

        — Hori da Pat! Hori da Tim! Kendu paretik!

        Hautsitako kristal zati handienak kendu zituen lehen-lehenik. Besoa luzatu gero. Zerrapoko giltzari buelta osoa eman. Maratilari eragin. Atea zabaldu bezain laster kalera irten ziren Tim eta Pat. Ohi bezala, gainera igo zitzaizkion jauzi urduriez, minutu batzuk lehenago kristalaren kontra burutu zituzten mugimenduak errepikatuz gorputzaren inguruan. Segidan txiza egiteko toki bana bilatu zuten eta, osteratxo bat egindakoan, etxe barrura bueltatu ziren zaunkan.

        Orain Maider Fostertarrenean bigarrenez sartu aurretik, polizia asko ibili da barruan. Anbulantzia bitako medikuak eta erizainak ere barneratu dira bera baino lehen. Olga Brito eta Ikko Betancourt ezagutu ditu, Mikelen lankideak dira ospitalean.

        — Hil egin dituzte —komentatu dio Olgak, Maiderrek lehendabizi eta Mikelek geroago gorpu odoleztatuak ikusi ez balituzte bezala—. Lapurreta izan da.

        Maiderrek Mikelen laguntzarik gabe sartu behar izan du bigarrenez Fostertarren etxean, poliziak heldu direnean ospitalera joan baita senarra. Maiderrek senperrenak egin ditu berriro negarrari ez emateko. Hasieran, auzokideen hilotzak ikusi dituenean, itolarria sortu zaio. Baina ez zaio malkorik etorri. Tim eta Pat eraman dituztenean, orduan hasi da negar batean.

        Agente batek han eta hemen bistadizo bat botatzeko eskatu dio Maiderri.

        — Lasai, presarik gabe. Esadazu zerbaiten falta sumatzen baduzu, zer edo zer arraroa iruditzen bazaizu. Lekuz aldaturik dagoen objekturen bat edo...

        Etxe oso ordenatua zeukaten Fostertarrek. Dena betiko lez iruditu zaio Maiderri. Apaingarri asko hormetan, mahaietan, apalategietan, komodetan, liburutegietan. Baina dena ageriko ordena batean. Koadroak. Portzelanak. Argazkiak zilarrezko markoetan. Eta batez ere Jonathanen trofeoak beira-arasetan.

        — Argazki bat falta da —bota du brastakoan, asaldaturik —. Jonathan Winston Churchillekin zegoeneko hura.

 

 

— Burutik egin al zaizu?

        Oihu egin orduko, Mikelek hatz adierazle biez bortizki zigilatu dizkio ezpainak.

        — Ahapeka, Maider, dedio! Polizia Fostertarrenean dago oraindino.

        — Baina erotu egin zara?

        — Apal berba egiteko, kaguenlarrusia!

        Ahots-tonua beheratu du Maiderrek:

        — Nola bururatu zaizu Jonathanen argazkia hartzea? Ez al zara konturatzen horrek hilketetan inplikatu ahal zaituela?

        — Ez ezazula tontakeriarik esan, mesedez! Batzuetan ergel hutsa ematen duzu.

        — Ezin dut sinetsi! Eurenera sartu, hilotzak ikusi eta hori bakarrik bururatzen zaizu: argazkia lapurtzea!

        — Eta nork deitu dio Poliziari?

        — Joder, Mikel! Lapurtu egin duzu argazkia!

        Mikelek ahoan jarri dio berriro eskua, tapoi gisa.

        — Hartu egin dut, bai, eta zer? Jonathani ez dio jada balio.

        — Argazkia ez da gurea.

        — Ann alaba zen Jonathanen senide bakarra. Eta ezinikusia zioten elkarri. Alabari baino lehenago emango zidan niri.

        Sofa tapizatuan etzan da Maider. Etxera bueltatu denetik puzzle osaezin baten legez ibili ditu goizeko irudi lausoak. Ez da gose. Mikel, ordea, tripa zorriak etorri da ospitaletik. Sukaldean labana batez ebaki txikiak egin dizkie patata handi biri. Plater batean jarri eta olioztatu egin ditu. Mikrouhin labean bost minutuz egosi ondoren, ketchup tomate ugarirekin irentsi ditu.

        — Saiatu ez pentsatzen —aholkatu dio senarrak telebistako albisteei begira—. Ezin dezakezu ezer egin.

        Argazkia berak egin balu bezala ikusten ditu Maiderrek Churchill eta Jonathan elkarren ondoan. Zer dagoen ondo eta zer ez dagoen ondo.

        — Behintzat, zaharrak ziren.

        Salto batean agondu da Maider:

        — Zaharrak? Hori al da bururatzen zaizun guztia?

        — Zaharrak ziren. Ez gaizki interpretatu propio nire berbak. Zaharrak ziren, beste barik.

        — Beste barik, ez. Zer gertatuko da orain?

        — Orain? Kontxo, Maider, ez dizut ulertzen. Ann etorriko da eta denaz kargutu beharko du. Gurasoez. Etxeaz. Saldu egingo du seguru aski.

        — Ez naiz horretaz ari.

        — Zer arraiori buruz ari zara orduan?

        — Txakurrez. Zer gertatuko da Timekin eta Patekin? SOS Txakurreko boluntarioak esan dit aditu-frogarako erabiliko dituztela.

        — Ederra kontua! Txakur-aditu bat —Mikelen irri sarkastikoak durundi egin du egongelan—. Akabatu egingo dituzte. Hori egiten dute honelako kasuetan.

        — Eta zergatik akabatu behar lituzkete?

        — Ez dakit ba... Beharbada ez dituzte garbituko. Beharbada Ann kargutuko da horretaz ere.

        — Annek ez du ezer jakin gura izango, aurretiaz diotsut. Hau tamala, Tim eta Pat maitagarriak dira.

        — Pat eta Tim txakur puta bi baino ez dira.

        Maiderrek bekainak jaso ditu Mikelek puta mespretxuz trenkatzean.

        Pixka bat lehenago, Mikel patatak prestatzen ari zenean, hilketaren zioaz jardun du Maiderrek: une labur batez Olga Britorekin mintzatu dela. Mikelek barre egin du: Olgak sexu-afera daukala kardiologiako zuzendariarekin. Maiderrek ez du iritzirik eman nahi izan: Olgak lapurreta aitatu diola. Baina Maiderrek ez du indarrik izan agenteei horri buruz galdetzeko. Ezta minutu batzuk geroago, txaletera berriro sartu denean, lapurretaren aukeraz hausnartzeko ere. Mikel egongelara sartu denean, patatei egin behar izan dizkien ebakiak etorri zaizkio burura. Ebaketa txikiak, polizien galderak bezain. Mordoa egin diote. Bart Mikel eta biak Puerto del Carmenera joan ziren afaltzen ospitaleko lankide batzuekin. Maiz biltzen dira italiar jatetxe berean. Handik itzuli baino lehen burutu zuten hilketa ezinbestean.

        Bat-batean Television Canariak isilarazi egin du txakurren gaineko Mikelen eta Maiderren eztabaida. Evelyn eta Jonathan Foster senar-emazte ingelesak hil dituzte bart. Evelyni tiro bi desarratu dizkiote, bularrean eta buruan; Jonathani bakarra, buruan. Polizia zergatia ikertzen ari da. Joan den astean Cala Blancan jazotako hiru lapurretekin zerikusia ote duen.

        — Bulgariarrak baietz! —erronka egin du Mikelek.

 

 

Hamar eta erdietan telebistari begira afaltzen hasi da Mikel. Kontsulta pribatuan eman du arratsalde osoa. Irtendakoan bere abokatuarengana joan da, ezorduko bilera batera. Bada urtebete beste auzokide batek auzitara eraman zuela txaleteko atzealdeko harrizko hesiaren luzeragatik. Abokatuarenetik irten eta gero Famarara gidatu du hondartzan korrika egitearren.

        — Txerriki xerrak harri zapalak lez daude.

        — Gure auzokideak bart hil dira asasinaturik eta zu txerrikia harria lez dagoela. Ederra, gero.

        — Leher eginda nago, Maider, ez eman kaparradarik auzokoekin!

        Maiderrek lo-kuluxka egin du arratsaldean. Interneten sartu da gero. Albistea lehen edizio digitaletan ageri da. La Voz de Lanzarote-ko eta Diario de Lanzarote-ko web guneetan bigarren albistea izan da, PIL alderdiko zinegotzi batzuen ustelkeria-kasuari dagokionaren ostean. Espainiako agerkarietan ere ageri da. Agentziako albiste baten arabera, Jonathan Foster cricket izarra izan zen Ingalaterran joan den mendeko 50etan. Thunder esaten zioten. Pilota bateaz jotzen zuen aldiro dardarka jartzen zuen Obaloa, Surrey Cricket taldearen zelaia. Trumoi leherketa bortitzei esker, Surreyko Lehoiek dena irabazi zuten hamarkada hartan. 1990ean, Malagan bizi zelarik, Marbella Cricket taldea fundatzen lagundu zuen. Deus berririk ez.

        Iluntzeko zortzietan, ostera, azken orduko batek zimiko egin dio bihotzean. Egunkariek gertaeren bertsio berria jaso dute: badirudi zaharretako batek bestea hil eta, ondoren, bere buruaz beste egin duela.

        Aurretik, bostak aldera, SOS Txakurreko boluntarioak bere ustea adierazi du Facebooken: Asasinatu egin dituztela esan dit polizia nazional batek. Usteko zioa: lapurreta. Serbiarrak edo kroaziarrak. Manchester Terrier arrazakoak dira txakurrak. Doberman txikiak dirudite eta horrek nahastu egiten du jendea. Ez dira oldarkorrak. Elkartean nabilenetik sekula ez dut halako txakurrik batu. Inork ez du halako terrierrik abandonatzen. Gaurkoek asko balio dezakete.

        Maiderrek bere burua madarikatu du Facebooken ez izateagatik. Beldurra dio izen emateari. Agerkari digitaletako laburpenekin konformatu behar izan du. Haien arabera, boluntarioak etxe barruan ezarri die lazoa txakurrei. Bistadizo bat ere bota du. Begiratzearekin batera aise konturatu da zer edo zer ezohikoaz. Txakurrek jateko piloa zeukaten. Mordoa utzi diete. Goporrak eta platerak lepo. Lehen begi-kolpean ez ditu janaren ugaritasuna eta gertatutakoa uztartu. Furgonetan, Arrecifera bidean, behin eta berriz galdetu dio bere buruari. Azkenean argi ikusi du: hilketen teoriak ez du ez bururik ez hankarik. Eta suizidio bikoitzarenak ere ez. Ezkutuko asmo bat zegoen janariaren aferan.

        Boluntarioaren tesia sutautsa lez hedatu da Interneten. Zaharretako batek jan mordoa utzi die txakurrei bere buruaz beste egin baino lehen; ez daki, baina, bestea hil aurretik edo hil ostean bete ote dituen goporrak. Edozelan ere, txakurrak maiteago zituela bizikidea baino.

        Maiderrek ez du bertsio ofizialik aurkitu komunikabideen web guneetan. Irlako foro nagusian sartu da. Hamaika erabiltzaile hasi dira euren iritziak zabaltzen. Yaizak barre egin dio Poliziari: honezkero damuturik egon behar dute SOS Txakurrari deitu izanaz. Lehenago jakin izatera, txaletaren atzealdean bertan egingo zieten tiro bana txakurrei. Tinajoren aburuz, txakurrek eurek kalitu dituzte ingelesak haginkadaka.

        Maiderrek ordenadorea amatatu du zeharo higuindurik.

 

 

Biharamunean Maider abaila bizian abiatu da Arrecifera. Etxetik irten baino lehen gizon batek deitu dio telefonoz. Atzoko polizia dela argitu du. Maiderrek ahalegin txiki bat egin du haren aurpegia irudikatzeko. Atzo polizia asko ikusi zituen. Burua lehertzear zeukan. Ibuprofeno pastilla bat hartu behar izan zuen.

        — Zure senarrarekin eta biokin hitz egin nahi dugu Jonathan eta Evelyn Fosterri buruz.

        Maiderrek zalantza egin du.

        — Oraintxe bertan?

        — Ez. Beste momentu batean izan daiteke. Bata bestearekin zer moduz moldatzen ziren jakin nahi dugu. Zer nolako harremana zuten elkarren artean. Baita zuek eurekin zer harreman zenuten ere.

        — Guk?

        — Ez du luze hartuko. Badirudi haietako batek hil duela bestea.

        — Hori irakurri nuen Interneten atzo iluntzean.

        Maider berehala damutu da.

        — Kasua argi zegoen hasieratik —jarraitu du poliziak damuari igarri balio bezala—. Atea bortxatu gabe zegoen...

        Maiderren eztul txikiak lipar batez eten du poliziaren hizketa.

        — ...ustez dena bere tokian... argazki bat izan ezik, dena txukun eta nahastu gabe, gorpuak, balen traiektoriak... Autopsiak argituko du erabat, noski.

        Poliziak ez du hiltzaileaz ezer esan. Maider ere ez da galdetzera ausartu. Eskegi ondoren hura Evelyn ez izatea desiratu du. Une bateko kontua izan da, berehala kontrako desira piztu baitzaio. Bart berdin gertatu zitzaion. Mikeli ez zion deus aipatu. Senarrak garbi samar utzi zion telebista lasai ikusi baino ez zuela nahi. Maiderrek, ordea, buelta ugari eman zion jazotakoari. Une batzuetan Evelyn hiltzaile gisa ikusten zuen, eta bere buruari xuxurlatzen zion Jonathanek segur aski merezi zuela. Beste batzuetan ez zuen dudarik egiten gizonak asasinatu zuela. Eta gogoeta haiekin batera, nor gurago zuen hiltzaile gisa. Nazka ematen zion halakoak bururatzeak, baina ezin saihestu.

        Arrecifera iristean Timek eta Patek ordeztu dituzte jabeak Maiderren pentsamenduetan. Haiekin jokatzeko erak Jonathan bihurtzen du susmagarri. Hobendun kasik. Hura zen, azken batean, benetako jabea.

        Maiderrek orube batean utzi du 4x4a. Biziki harritu du txakurtegiaren eraikinak. Behinola udal tailerrak hartzen zituen. Luze gabe behera botako dute egoera kaxkarragatik.

        — Arrecife erdian dagoen orube eraikigarri bati buruz ari gara —zehaztu dio albaitari atseginak.

        Faina du izena. Txabusina zuri bat daroa soinean. Ahots sano amultsua duela iruditu zaio Maiderri. Azken bi egunetan entzun duen lehena.

        Barrura bidean hatsak zaplaztekoa eman dio. Desinfektantea, hezetasuna eta txakur-usaina.

        — Beti ez da kirats garratz hori izaten —lasaitu du Fainak irribarre batez—. Bustitako txakur bat atera berri dugu. Gainean txiza usaina zuen.

        Fainak ez du Maider konbentzitu. Txakur, hezetasun eta desinfektante usainak izan behar du beti han.

        Albaitaria bere lanaz solasean hasi zaio Maiderri. Ekartzen dizkioten animaliei izenak jartzen dizkie. Macherren abandonaturiko txakurrari, Cher deituko dio; San Bartolomeko katuari, Lome.

        Tim eta Pat ondo daude. Atzo kaioletara sartu zituztenean, galanta sortu zen. Ohikoa ez besteko giroa sumatu zuen Fainak. Bazirudien beste txakurrek bazekitela gertatutakoa eta iritsi berriei harrera berezia egin nahi zietela.

        — Pentsatuko duzu tontakeria hutsa dela.

        — Ez... benetan. Ikus ditzaket?

        — Bai, itxaron berton apur batean.

        — Ez gara barrura sartuko?

        — Ezin da. Txakurrak urduritu egiten dira pertsona bat sartzen den bakoitzean. Atera ezazu kontu, une honetan hamabost txakur dauzkagu.

        Maider harrituta geratu da.

        — Eta orduan zelan aukeratzen du jendeak adoptatu gura duen txakurra?        — SOS Txakurra web gunean txakurtegi honetako eta beste batzuetako argazkiak eta datuak daude. Jendeak gehien gustatzen zaiona aukeratu eta guri deitzen digu. Ondoren harrera-leku honetan ikusten du berriro. Baiezkoan, adopzio-tramiteak egiteari ekiten diogu. Ezezkoan, kaiolara ostera ere.

        Atera bezain laster, Tim eta Pat urduri antzean hasi dira Maider usaintzen. Lapa bat lez itsatsita, pozezko salto txikiak eman dituzte bernetatik gora. Fainak barrura eraman dituenean, Maiderrek zaunka-hots tristeak aditu uste izan ditu.

        — Ezagutzen zaituzte, hori segurua da —onartu dio Fainak bueltatu denean—. Eraman nahi zenituzke?

        — Noiz? Orain?

        — Ez, ez. Poliziak baimena ematen duenean.

        — Ez dut uste. Ezingo nituzke hartu.

 

 

Faina, aldi berean, ospitale bateko zuzendari, familia-sendagile, hainbat espezialitatetan mediku, zirujau, erizain eta psikologoa da; adoptatu nahi duten pertsonen psikologoa batez ere. Animalia bat hiru orduz operatzen duenean, zirujau batek edozein gizon-emakumeri hil edo biziko operazio batean eskainitako ardura beraz jokatzen du. Gaixotasun terminalak, infekziozkoak edo zauri sendaezinak dauzkaten animaliak bakarrik hiltzearen aldekoa da. Txinako edo Ukrainako ume batez ariko balitz bezala iruditu zaio Maiderri.

        — Fainak esan dit neuk hartu behar nituzkeela Fostertarren txakurrak.

        — Nor da Faina?

        Sukaldeko mahaian eseri dira bazkaltzen eguerdia jota. Irlako argi itsugarriak distira egiten du azulejo zurietan. Maiderrek eskua ukitu dio Mikeli. Berehalako keinu batez urrunarazi du senarrak, erre izan balio bezala.

        — Arrecifeko udal-txakurtegiko albaitaria da. Tim eta Pat ikusi ditut. Ez dizut esan joango nintzela?

        — Ez, ez didazu ezer esan. Baina orain diostazu albaitari ganorabako batek gura duela guk hartzea Fostertarren txakurrak? Kopla ederra. Zergatik ez diozu gomendatu bera kargutzeko?

        Maiderrek senarra usnatu du. Ospitaletik ekarri ohi duen izerdi usain berezia dario. Ez da oraindik ohitu.

        — Fainaren iradokizun bat baino ez da izan.

        — Tenteldu egin zara? Gure auzokideek elkar hil dute eta zuk euren txakurrak gura dituzu.

        Maiderrek begiak itxi ditu une batez. Errazagoa da argazki batekin geratzea. Ez dio galdetu non gorde duen.

        — Niri neuri ez zait hain anormala iruditzen.

        — Hori ere ez da harritzekoa. Galdetu gure lagun guztiei. Ikusiko duzu zer dioten.

        — Fainak uste du nik...

        — Espabila zaitez, Maider! Faina gora Faina behera zabiltza berbetan hasi garenetik. Zer da albaitari puta hori? Pertsonok baino animaliak gurago dituen kolgado horietako bat?

        Min eman dio Mikelen komentarioak. Lantokian ere, medikuak ez beste guztiak mespretxatzen ditu senarrak. Ipurdi-garbitzaileak batez ere (halaxe esaten die).

        — Aditzen lankideen trufak? Txakur hiltzaileak! Buelta zaitez jende normalaren mundura behingoz. Ez zara konturatzen Fostertarrek abandonatu egin dituztela txakurrak?

        Maiderrek hausnar egin du. Fainak antzeko zer edo zer aipatu dio ordu bi lehenago. Egunkarietan, ordea, ez da abandonu hitza agertu. SOS Txakurreko boluntarioaren haritik egin dute tira. Hiltzaileak askoz maiteago zituen txakur gaixoak bere bizikidea baino. Horregatik utzi zien jana bere buruaz beste egin aurretik. Jonathan Foster cricket jokalari mitikoa da erruduna prentsaren arabera. Poliziak ez du bestelako argibiderik oraindik eman.

        — Abandonaturik izatearen esperientzia opa diet animaliak abandonatzen dituzten sasikumeei —ohar egin dio Fainak txakurtegian.

 

 

Arratsaldean La voz de Lanzarote-ra eta Diario de Lanzarote-ra itzuli da Maider. Herenegun, gauerdia baino apur bat lehenago, Jonathan Fosterrek, Surreyko Lehoien jokalari historikoak, emaztea asasinatu eta segidan bere buruari tiro egin zion pistola batez. Beste web gune batzuetan ere ageri da. Genero indarkeriako beste kasu bat, azpimarratu dute egunkari guztiek. Aurtengo hamazazpigarrena, zehaztu batzuek.

        Mikelen sakelakora deitu du.

        — Zer duzu?

        Umore txarreko begitandu zaio Maiderri.

        — Poliziak jakinarazi du Jonathanek hil zuela Evelyn.

        — Eta horretarako deitzen didazu?

        — Pentsatu dut jakin gura izango zenuela.

        — Gauean esatea bazeneukan. Itota nabil, Maider, heldu ezinik. Zuk, ordea...

        Mikelek esaldia amaitu gabe eskegi dio. Sarri aurpegiratzen dio munduko denbora guztia duela nahi duena egiteko.

        Maider terrazara igo da. Eguzkiaren ostentzeari begira gelditu da Coca-Cola light bat edaten ari delarik. Astia du, zer duda egin. Evelyn ekarri du akordura askotan ikusten zuen talaiatik. Egia esan, oso bakanetan batzen zitzaion. Ez zuten hain harreman estua. Gehienetan herri ondoko harrizko bidezidorretan promenatzen ziren. Jonathanekin are gutxiagotan izaten zen. Hura bakarrik ibiltzen zen beti, Tim eta Pat aldean zeroatzala. Eguneko edozein ordutan ikusi ahal zuen eurekin etxe osteko muinoan. Lorategian garbitzen zituen eguraldi ona egiten zuenean. Gizon lasaia zen. Behin, ordea, zoro baten moduan jarri zen beste auzokide baten autoak kasik Tim harrapatu zuelako. Bere onetik atera zen. Maiderrek gomutan du eszena. Bidetik zetorren auto azpira joan zen Tim, artez. Jonathanek auzokidea jo nahi izan zuen.

        Gero ahaleginak egin ditu gogoratzeko noiz ikusi zuen Evelyn txakurrekin. Beharbada ez zitzaizkion gustatzen.

 

 

Arrautza bakarreko tortilla eta jogurt bat afaldu ditu sukaldeko mahaian, Mikel bueltatu baino lehen. Kilker-hotsek bakarrik urratzen dute kanpoan iluntzea. Eskorbuto bilatu du Spotifyn. Badago. Urteak dira ez duela Eskorbuto entzuten. Cuidado kanta entzuteko gogoa sortu zaio bat-batean.

        Mikel etxera sartu denean, abestia kentzeko agindu dio zakar.

        — Lehen gustatzen zitzaizun.

        — Gaueko hamarrak dira, errementata nator. Uste duzu Eskorbuto entzun gura dudala?

        Senarra egongelara joan eta telebista piztu du. Ondoren afaria eraman du erretilu batean. Maiderrek cabrilla bat prantatu du labean, panadera erako patata eta tipulekin.

        — Ez da barregarria? —Mikel kanalez kanal ari da aldagailuaz.

        — Barregarria, zer?

        — Gure auzokide zoroak arrazoi bat zeukan emaztea hiltzeko.

        — Zergatik diozu hori?

        — Hil egin duelako. Bazeukan edo uste zuen bazeukala.

        — Ez da, baina, gauza bera. Zelan izan zaitezke hain friboloa? Ikaragarria da gertatutakoa.

        — Niri ere ikaragarria iruditzen zait. Bizitza normalera bueltatzeko gogoa besterik ez dut.

        Mikelek haginka egin dio arrainari, txakur goseti batek egingo lukeen moduan. Tipula uztaiak alboratu ditu.

        — Zuk behin baino gehiagotan berba egin zenuen Jonathanekin —esan dio Maiderrek—. Inoiz aipatu zuen zer edo zer emazteari buruz?

        Arratsaldean, terrazan zela, Ann etorri zaio burura Maiderri. Evelynek kontatua zekien aitak eta alabak elkarri gorroto ziotela.

        — Behin aipatu zidan hiltzeari buruzko zerbait.

        — Joder, Mikel, saiatzen ari naiz ulertzen zer ez dugun ikusten jakin.

        — Eta neu telebista lasai ikusten. Hori bakarrik gura dut. Egun puta osoa zoratu beharrean eman dut.

        Maider ahalegindu da atzera ere:

        — Harreman normala zirudien. Zimeldua baina normala. Nik tratu apur bat nuen Evelynekin eta ez nintzen ezertaz konturatu. Eta zu...

        — Eta ni, zer?

        — Jonathanekin berba egiten zenuen eta hala ere...

        Mikelek uzteko eskatu dio. Ez du eztabaidatzeko gogorik. Telebista ikusi eta ohera nahi du.

        Maiderren aburuz, arratsaldez terrazan emandako denboraren ondorioa da guztia. Zelan jakin gabe, pareak ezarri ditu. Batetik, Evelyn eta biak. Evelynek Londresi buruz hitz egiten zion eta Maiderrek Bilbori buruz. Bestetik, Jonathan eta Mikel, futbol kontuez.

        Eta txakurrak. Tim eta Pat. Lehen Jonathanekin. Eta orain txakurtegian, jabe berriaren esperoan.

        — Aukerarik badaukat, Tim eta Pat adoptatu gura ditut.

        Mikelek ezentzuna egin dio. Beharbada ez du deus entzun. Zirkinik ere ez du egin.

        — Ez duzu ezer esan behar?

        Mikel geldiro bihurtu da emaztearengana. Begietara noiz begiratu dion azkenekoz gogoratzera egin du Maiderrek. Fostertarrak hil baino lehenago, ebatzi du.

        — Gura dut.

        — Popatik!

        — Ez dizut txakurrez arduratzeko eskatzen. Neu kargutuko naiz.

        — Deputamadre! Txakurren Calcutako Teresa bilakatu zara goizetik gauera! Ze tentela zaren, neska! Batek daki albaitari horrek zer kontatu dizun.

        — Fainak ez du zerikusirik.

        — Faina! Joder, aspaldiko laguna balitz bezala ahoskatzen duzu izena. Hark deitu dizu, ezta?

        — Ez. Bai. Tira, nik deitu dut arratsaldean jakiteko txakurrak zelan zebiltzan.

        — Eta bide batez burmuin bigundua xurgatu dizu.

        — Neure erabakia da.

        — Txakur horiei begiratzen diezun bakoitzean Fostertarrak etorriko zaizkizu burura —barre-algara egin du.

        Maiderrek, bataren begi urrikariak eta bestearen begi suminduak imajinatu ditu.

        — Txakurrek ez daukate ezelango errurik. Gainera zuk beti gura izan dituzu txakurrak. Hobe seme-alabak baino, defenditu izan duzu.

        — Eta zuk ez duzu inoiz txakurrik gura izan. Zer aldatu da orain auzokideenak irrikatzeko?

        — Ez dakit. Bakarrik dakit hemen inon baino hobeto egongo direna.

        — Hori ere esan dizu albaitari horrek? Txakurraren salara!

        Mikelek atzera ere barre egin du ateraldiarekin.

        — Zuk hil egingo zenituzke, ezta?

        — Ez esan lelokeriarik!

        — Bai, zu Tim eta Pat akabatzearen aldekoa zinateke.

        — Ez hasi eldarnioekin!

        — Ez aipa halakorik, gero!

        — Ba, orduan ez esan lelokeriarik!

        Isilune bat egin da. Mikelek telebistarantz mugitu du lepoa, erantzun guztiak handik baletozkio bezala.

        — Tira, birritan pentsatuz gero...

        — Zer?

        — Ondo legoke. Dinbi! Danba!

        Hatz erakusleaz eta lodiaz pistola bat itxuratuz, tiroka hasi da.

        — Dinbi, Pat! Danba, Tim!

 

 

Hurrengo goizean, Evelynen hilketa gaitzesteko asmoz Cabildo aurrean antolatutako bilkurara joan da Maider. Lehenago, telefonoz deitu zion agentea eta beste bat azaldu zaizkio etxera. Foster senar-emazteekin zeukaten harremanaz solasean aritu dira. Polizietako batek adierazi dio gaur helduko dela haien alaba.

        Eguerdian sartu da txakurtegian. Harrera-lekuko usaina ez zaio aurreko egunean bezain garratza iruditu. Atera orduko Maiderren gainera salto egin dute Timek eta Patek, pozarren. Fainak barrura itzularazi dituenean, begiak malkotan zituztela otu zaio. Txakurren tristezi bihotz-erdiragarri hori. Maiderrek bere kabutan ibili du oraindik gogoratzen ote diren Jonathan eta Evelyn Fosterrekin.

        — Ezagutu zaituzte —esan dio Fainak—. Dagoeneko badakite zer esan nahi duen kaioletatik ateratzeak. Baita zu bueltatzeak ere.

        Lagun mordoa interesatzen ari dira Timez eta Patez. SOS Txakurrak ehunka korreo elektroniko jaso ditu. Europako eta Amerikako hainbat herritatik ere idatzi dute. Gehienek jakin nahi dute zein den txakurren egoera edo, beste barik, elkartasun mezuak bidaltzen dituzte. Asko dira adoptatzeko gertu daudenak.

        — Zenbat dira asko?

        — Ez dakit. Berrehun. Agian hirurehun.

        — Halakorik!

        — Normala da honelako kasuetan. Benetan uste zenuen inor ez zela txakurrokin arduratuko? Akordatzen zara polizia batek pitbull bati tiro egin zionekoaz?

        — Ez.

        — Belarri ondotik sartu zitzaion bala. Hil edo bizi operatu zuten sei orduz. Ehunka lagunek eman zuten dirua operaziorako, ohikoa izaten da. Oso ondo geratu ez bazen ere, txakurrak bizitza salbatu zuen. Istorioak oihartzun handia hartu zuen komunikabideetan. Polizia arrazoirik gabe beldurtu zen pitbullarekin eta tiro egin zion. Elkartasun olatu handia sortu zen txakurraren inguruan. Beti gertatzen da. Gogoratzen zara bere artzain-txakur alemaniarra jipoitzen zuen galego hartaz?

        — Hartaz bai.

        — Berdin. Halakoetan txakurra nori laga izaten da arazoa. Enkantean salduko luke batek baino gehiagok.

        — Nik, zoritxarrez, ezin ditut txakurrak eraman.

        — Lasai. Ulertzen dut.

        Fainak sakelako zenbakia eman dio badaezpada ere.

        Joan aurretik, Maiderrek azkenekoz begiratu die Timi eta Pati. Txakurtegia bisitatu zuen lehen egunean Fainak azaldu zion, frogaturik dagoela txakurren begietan bizitza osoak betikotzen direla. Kronologia zehatzeko fitxa egiazkoak. Dena.