Erretzaileen eremua
Erretzaileen eremua
2006, narrazioak
152 orrialde
84-95511-87-8
azala: Arnold Newman
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Errealitate aldakorraren ezpalak

 

Bizitza zurrunbilo bat bilakatu da, pentsatzen zuen Goiok berekiko, erle-saldo baten burrunba itzalia baina etengabea, zoratzeko modukoa, ezerk ez zuen lehengo kolorea eta distira, lehengo ertz definitua eta forma ezaguna, nabarra-urdina nagusitzen zen nonahi, difuminatuak eta zirriborro lausoak, fokutik kanpoko argazkia bezalakoa zen dena, Armanik esan ohi zien bezala sekzioaren bileretan, garai berri hauen ezaugarri nagusia aldakortasuna da, potroak gero, sindikalista bati Armani deitzea, fabrikako sugegorriek ezarritako izengaiztoa zen, maltzurki, gero sekzioko kideek ere onartua, maltzurki eta maiteki aldi berean, Armani ez zen horregatik asaldatzen, ez horixe, ez zen etorri berria, garai haien aldakortasunaren beraren paradigma irizten zion izengoitiari, egokia beraz, eta doike, pena bakarra berari paratu izana edukiko zuen, onartu beharra zegoen besteri esateko oso egokia zela, norberari esanez gero azkura pixka bat sortzen zuen, baina liberatua zenetik asko zaintzen zuen itxura, goiko aginduak dituk, justifikatzen zuen bere burua, baina beste batzuek buzoarekin segitzen zuten, Goiok esaterako, gero eta burusoilagoa zen Goio, Goio bere buzo barruan sarturik —enbutiturik— agorafobia probokatzeko moduko buruko soilunearekin, hestebete zurbil eta ezezagun bat bailitzan, edo okerrago, zakil punta laru bat bezala, gauzak aldatuko ziren noski baina ez Goiorentzat, soilunearen tamaina gorabehera, errealitate aldakorrarena hitz eginda zeukaten bileretan, behin baino gehiagotan, Armanik esaten zuen ez dela lan ideologikoa alde batera utzi behar, besteak konforme zeuden, lehen errealitatearen araberako kontsigna garbiak genituen, esaterako produkzio bitartekoen jabetza langileriaren eskuetara pasatu behar da, orain ezinezkoa da horrelako kontsignarik, teknologia, teknologia, errepikatzen zuen Armanik, teknologia da langileen eskuetara pasatu beharko zena, menderatu beharko zena, baina nondik dator teknologia, nork kontrolatzen du teknologia, pentsa une batez —eta garbi gera bedi, arren, hipotesi zoro bat baizik ez dela—, onenean ere, IBM edo dena delakoa armaz hartzen dugula, eta bertan dauden handi-mandi guztiak akabatzen ditugula, gero nork jarriko zuen ordenagailua martxan, nork jakingo zuen zer tekla sakatu behar zen, zuk, Goio? —eta Goiok ez zuen buruaz ezetz esateko lanik ere hartzen, garbi bai garbi baitzen galdera erretorikoa zela—, prestakuntza, prestakuntza, prestakuntza da beharrezkoa alternatiba bat eratzen dugun bitartean, eratuko dugun egunerako, kostako da baina, hori ez dago ukatzerik, errealitatea konplexua eta aldakorra delako, horrexegatik beragatik hain zuzen, eta gero fabrikako lankideen eta sekzioko sugegorrien komentarioak, begira urliaren semea, lau urte baizik ez ditik eta lehengoan, nagusi izatean zer izan nahi duen galdetu eta ez al zian erantzun, ba, Hipertrolako ingeniari aurrez jubilatua soldataren ehuneko laurogeita hamarrarekin, Hi-per-tro-la-ko in-ge-nia-ri au-rrez ju-bi-la-tua sol-da-ta-ren ehu-ne-ko la-ro-gei-ta ha-ma-rra-re-kin, dena braust, baina silabak ongi markatuz eta silaba bakar batean zalantzarik edo tostorrik egin gabe, hori ez duk galduko, bizi-bizi zetorrek, edo sandiaren aita hil berriarena, aita ona izan zuan, eta norbaitek inozoki galdetu, zer, seme-alabekin mintzatzen zuan, seme-alaben edukazioaz arduratzen zuan, kariñosoa zuan, edo zer, eta erantzuna labana kolpe bat bezala, ez, motel, ez, azkar hil zuan eta diru pixka bat utzi zian, dena zetorren ondo egun kloniko horiek iragateko, katean tapizeria jarri berriari errepasoa egiten, jostura bat tokiz kanpo han eta olio-orban bat hemen, jardunaldi bakoitzean horrenbeste kotxe eta azkar ibili beharra orain gaueko txandan zebilen taldeak ehuneko hamarra ateratzen zielako produkzioan, Goiok ez zuen ulertzen, zertarako hainbeste presa gero handik sei hilabetera, merkatuaren egoera zela-eta, produkzioa mantsotu behar bazen eta fabrika hainbeste egunetan ixten bazuten, fabrika itxita zegoeneko egun libreak egun-poltsarako, martxa hartan jubilazio egunean bi lan-urteko zorra edukiko zuen enpresarekin, Armani, esplikatuzak hau, bizitza guztia lanean eta orain hauek zatozek dirua zor diedala, potroak, gero, bai, bazakiat denbora aldakorrak direla, baina ez nian uste sekula hainbeste aldatuko zirenik, lan egiteagatik ordaindu beharra, gaur jan ditudan lentejak datorren hilean pagatuko ditiat, zorretan jan ditiat, potroak gero, eta egunak joan egunak etorri, denak igual-igualak, elkarrengandik bereizezinak, lenteja platerkadako bi ale bezainbeste, sikiera produkzio bitartekoak aitzurra eta pala ez diat esango baina hondeamakina eta barrenoa balira, horiek egitate kontrolagarriak zituan, ukigarriak, hurbilak, fisikoak, nire kapazitateentzako dimentsio ulergarrikoak, humanoak, baina orain dena egon zagok, baina sekula egon gabe, deabru ikusezin batek mugitzen ditik hariak hiperespazioko tokiren batetik, nonbait, mutilak, izorratu gaitiztek, esan ohi zuen Goiok, gaur egun dena duk birtuala, nire buruko soila izan ezik, igual, ez zaitez horregatik kezkatu, esaten zuen Armanik, ilea ugaritzeko genea aurkitu ditek saguetan, eta produktu bat atera ditek, funtzionatzen omen dik, baina ez hadi kezkatu, orain serio esaten diat, eta batez ere, ez hadi kexatu, sekula ez gaituk gaur den egunean bezala bizi, begiratu hire inguruan, Goio, noiz eduki ditiztek langileek horrelako kotxeak, noiz bidali ditiztek seme-alabak unibertsitatera, noiz eduki ditek bigarren etxebizitza, noiz jokatu burtsan, noiz inbertitu, Armanik hori esaten zuenean Goiori bihotza jausten zitzaion lurrera, iruditzen zitzaiolako bere semeak arrazoi zeukala, bere semeak ezertarako balio ez zuen zahar bat zela uste zuelako, izan ere, pentsatzen zuen Goiok, ez nauk aita ona izan, azkar hil, auskalo, baina dirurik utziko ez dudalakoa segurua duk, nik ez zakiat burtsan jokatzen, orduan irri egiten zioten, ez dakiala burtsan jokatzen?, hori erraza duk, motel, ea: badakik frontoian jokatzen?, ba, orduan burtsan jokatzen ere badakik, ez zakiat ba, defenditzen zen Goio, hik nahi duana esango duk baina nik frontoiarena garbiago ikusten diat, tira, orduan ez hadi gehiago kezkatu eta jokatu frontoian, eta uztak burtsa Armanirentzat, Armanirentzat?, Goio harrituta, ez duk izango, berriz irri egiten zioten, izango ez duk ba, nondik uste duk ateratzen duela bestela, horren traje bakoitzak hire pagaren erdia balio dik, Goio, mesedez, Goio, —hau Armani zen—, Goioren begietan irakurtzen zuen mesfidantzak asaldaturik, eta nork lortu zian KPI gehi bateko igoera, zer uste duk, gauza horiek traje eder bat eramateagatik lortzen direla?, ez horixe, gure indarraren kontziente direlako lortzen dituk, eta guk badakigulako nola tratatu jendilaje hori, nola erabili, nola kudeatu gure indarra, eta horrek, gaur egun, lehen ez bezalako gauzak eskatzen ditik, esaterako irudia, esaterako trajea, nire trajea hire buzoa duk, gauzak izugarri aldatu dituk, errealitatea bera aldakorra duk, lehen ere ez al genian horretaz hitz egin, trajea atrezzoaren parte duk, baina patronalaren aurrez aurrekoak gogorrak dituk, gogorrak gero, baita zera ere, esaten zioten orduan beste mihigaizto batzuek, baina ez al diok bibotea ikusi, Armaniren bibotea sarria zen, itxia, batek bertan edozer aurkitzea espero duen horietakoa, ez al diok bibotea ikusi, nik lehengoan bertatik langostino-azal bat ateratzen ikusi nian, horiek babokeriak dituk, Goio, patronalaren amarru zaharrak, borrokan kontsekuenteenak direnak desprestigiatzeko, horretan ez zagok aldaketarik, hori betiko errealitatea duk, hik hain ongi ezagutzen duana, Goio, hori jokabide betierekoa duk, dena den ulertzen diat, Goio, hain zuzen lehengoan hitz egin nian horretaz beste hainbat konpañerorekin, konfiantzazkoekin, badakik gauza nola dagoen gaur egun, garai berriei egokitzeko ahalegindu beharra zagok, lehen pentsaezinak irudituko litzaizkigukeen soluzioak, ez duk afiliatuentzako plan bat, ezin zaiok horrela deitu, baina sindikatuak ez dik begi txarrez ikusten, urte luzeetako afiliazioa daramaten kideentzat duk, bakarrik, eta pentsatu diagu agian hik, bakoitzak hainbeste jarri behar dik, nahi duenak, noski, nahi ez duenak ez dik jarri behar eta ez duk deus gertatzen, gero sindikatuak eramango dik irabazien ehuneko hainbeste, gainerakoa norberarentzat, joño, Armani, esaten didazun hau, ez nuen sekula pentsatuko, ez al zaizu iruditzen pixka bat, nola esango nuke, gure estilotik, gure etikatik kanpo, etika, etika, erraz esaten duk etika, esadak, Goio, hogeita hamabost urte buzoarekin ibilita, hiru txandatan, eta uste al duk hiri kontu eske etortzeko eskubidea eduki dezakeenik inork, urlia, sandia eta berendia sartu dituk, guztiz legala duk, errealitate aldakor honetan zilegi duk kapitalaren tresnak klase-ikuspegi batekin erabil ditzagun, zilegi eta logikoa, ezin gaitezkek atzean geratu, ez kezkatu etikagatik, etika-arazo faltsuengatik, ez zakiat, zioen bere artean Goiok, niregatik igual ez nikek egingo, baina familiarengatik, andrea eta semearengatik, semeak uste dik bere aita tonto hutsa dela, ez duk diru asko baina bizi osoko aurrerakina duk, edo ia, ateratzen denarekin etxean obra egingo genikek eta semea bidaltzen ahalko genikek kanpora ingelesa ikastera, Armanik arrazoi dik, ez diat kezkatu behar horregatik, eta zer arraio, ez ditek esaten, ba, mihigaiztoek, Armanik ordu sindikalak aprobetxatzen dituela bere swing-a edo dena delakoa hobetzeko, orduan, zergatik ez ni... ez diat kezkatu behar horregatik, baina ez, esaten zioten beste lankide maltzur samar batzuek, ez kezkatu horregatik, kezkatu beste honengatik, eta berripaper bat erakusten zioten, non esaten baitzen planta itxi eta beste norabait eramango zutela, gaur jan dituan lentejak zorretan jan dituk, bai horixe, baina kreditua bukatu zaik, ez zagok lenteja gehiagorik, garaiz baino lehen azken tanta arte zukututako limoia haiz, hik ez duk jada limoi-urik ematen, kitto beraz, baina lentejak jaten segitu behar diat, hor konpon, hi, Goio, hori ez duk euren problema, jabeena, alegia, Armani, Armani, noizko alternatiba famatu hori, urteak dituk esaten duala ez dela biharko, baina ordutik bihar asko pasatu dituk, edozer baino lehen, ez gaitezen urduri jar, antola gaitezen, gainerako sindikatukook eta gainerako lankideok, orokorrean, bat datoz, egoera larria da, bai, baina guk ere indarra daukagu, manifestazio bat egingo dugu, hasteko, ezin gaituzte part botata utzi, konpromisoak dauzkate gurekin, ederki asko aberastu dira gure kontura, azken hamabost urteetan, borroka egingo dugu, negoziatu beharko dute, negoziatzera behartuko ditugu, langileria berriro karrikaren jabe, beren ikur zaharrekin, jendea trumilka bildurik, Poliziaren karga bat edo beste, atxilotu batzuk, ez beste garai batean bezainbeste, hala ere, ez kargak eta ez atxilotuak, eta patronala eseri da sindikatuekin negoziatzera, ikusten, Goio, esaten zuen Armanik, ikusten, orain, albiste on horrekin batera badut beste bat txarra, urte on batzuen ondoren Elektrikak jaisten ari dituk, baina lanpostuei eutsi egingo zieagu, bai horixe, negoziazioak gogorrak izango dituk, negoziazioak gogorrak izaten ari dira, luzeak izaten ari dira, eta ez dirudi bide onetik doazenik, Elektrikak berriro behera, potroak, hi, negoziazio luzeak eta korapilatsuak eta halako desanimo orokorra zabaldu da fabrikan, aldez aurretik sentitutako derrota batena, kalean ere gero eta jende gutxiago, Poliziak ez du kargatzeko ez inor atxilotzeko beharrik ikusten, pintura-planta hemen geratuko da, berrogeita hamazazpitik gorakoak aurrejubilatuko dituzte, eta gainerakoak kalera, hiru mila, bai, hiru mila baino beste lau milarena salbatu dugu, zer nahi duzue, ez dago besterik, baina nik berrogeita hamasei dauzkat, Armani, zorte txarra, Goio, zorte txarra, ahal izan den guztia egin dugu, baina ez dago besterik, azkenak argia amata dezala.

        (Nola ez dira, ba, Elektrikak jaitsiko, pentsatu du Goiok).