Erretzaileen eremua
Erretzaileen eremua
2006, narrazioak
152 orrialde
84-95511-87-8
azala: Arnold Newman
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Izeba Matilde

 

Ipuin hau bera nik baino lehenago eta hagitzez ere hobeki idatzi duten ehunka hegoamerikarrei. Eta Stevensoni, jakina.

 

Izeba Matilde oso makal zebilen osasunez. Eri zegoen, oso gaizki, benetan. Bazuen nerbioetako gaitz alu bat, gorputza poliki-poliki egoera mixerableenera eramaten duen horietakoa; zientzia irrigarri uzten plazer aurkitzen zuen gaitza zen, medikuntzari ixkin egiten ziona, neurologorik onena arlote baten pare lagatzen zuena. Horrelakoetan medikuak harritu bezala egiten dira beren ezjakintasunarekin, lehenik gaixoaren esperantza pizten saiatzen dira, baina astiro-astiro isildu egiten dira eta azkenik ez dira ezer; apalategi bete botika eta gutxienez lau lerro hartzen dituen sindromearen izena baino ez dira geratzen afera hartan izan duten parte hartzearen oroigarri. Izeba Matildek gaitz sendaezina zuen, eta hainbeste urteren agoniaren espektatiba baino ez zitzaion geratzen.

        Eritasun hauek oso mikatzak dira. Benetan penosoak, baina zitalak, hitzetan nekez laburbil daitekeen zitalkeriaz beteak; gaixoarentzat, batez ere —esan beharrik ere ez zegoen—, baina zitalak, baita ere, gaixoaren inguru afektiboa osatzen dutenentzat. Gaia ezagutzen duenak aise ulertuko nau. Hurrenez hurreneko hondamen fisiko erabatekoa, zeharoko suntsipena nola bizitzen den, gaixoak berak baizik ez lezake esan. Itsuenak ikusten du, baina, trago ezinago mingotsa behar duela izan, larrietan larria. Esperantzaren ontzia guztiz hutsik, guztiz ihar, siku, geratzen denean espiriturik sendoenak ere abailtzen dira, lehergailuak airetik zartarazitako eraikuntza bezala; higatzen dira hareazko gazteluei olatu bat, eta beste bat, eta hirugarren bat gainetik pasatzen zaienean bezala, deus geratzen ez den arte. Hondamen fisikoak egunero egiten du urrats bat aurrera; guztiahalduna da eta ez du inoiz ere hutsik egiten. Ez da inondik ikusten, ez da zer ukigarririk, baina hor dago itsasoa bezain infinitu, hondogabe eta larderiatsu, uholde bat bezain gupidagabe, eta uholdeak dena aurretik eramaten duen bezala, halaxe eramaten du pertsonak mendeetan zehar asmatu ahal izan duen federik sendoena ere. Elbarritasunak haginkada txikietan gorputz zorigaiztoko hori ezintzen duen heinean, eriaren inguruko pertsonak bihurtzen dira makulu, esku, beso, hanka, begi, mihi, belarri. Prozesuak aurrera ahala, halako harreman deskribaezin eta partikularra garatzen da erizainaren eta hari urratu bilakatutako naturaleza horren artean. Ez dut uste bi kasu berdin izango direnik mundu osoan, mundu osoan berdin-berdin diren bi harreman ez diren ber, baina antzekotasunak badirateke: borondate on gorenak eta maitasunik beroenak ez dute sekula gaixoaren gaitasun galduaren laurdena ere balio, ezin dute inola ere berdindu patu ustelak gaixoarekin hartu duen zorra. Egunak pasatzen dira. Gaixoa herrazko oskol batean ixten doa eta dastarazi nahi izaten die mingostasuna bere esku bihurtutako ahaideei edo adiskideei. Hortaz, erizainaren gaixoarekiko arretek oso ordain urria ohi dute, eta laguntzaile gizajoa ere etsipenak jota geratu ohi da. Beste hilabete bat pasatu da, eta elkarrekiko ziztrinkeriak areagotzen dira. Tentsioa sortzen da, eta etxetik kanpoko batek sekula ulertu ezin izango lituzkeen errieta absurduetan lehertzen da. Gero damuak datoz, maitasunaren eremuko mugetako besarkadak, eta ezinbestez, negarra. Urtebete joan da eta goiz batez zikloa hasten da berriro, eta mixeriaren tanta aukerakoenak denboraren alanbikean destilaturik, eramanaren ontzia betetzen hasten da. Bat, zikloaren gorabehera guztian zehar, aingerua da egun batez, deabrua hurrengoan, xamurtasunaren lore goizean eta ankerkeriaren beraren haragiztatzea gauean. Pentsamendurik ilunenak pentsatzen ditu batek, denekin bukatu nahi du halako batean, eta sekula buka ez dadin otoitz egiten du hurrengoan. Finean, konturatzen zara eritasun horrek, hasieran kutsakorra uste ez zenuena, nolabait kutsatu egin zaituela. Batbedera ere, aldez edo moldez, gaixo dagoela. Gu baino dezente pragmatikoago, gure zaharrek honela esaten zuten: eri luzea, etxekoak aspertu eta kanpokoak ahaztu.

        Guk —alegia, anai-arrebok— etxekotasun handia genuen izeba Matilderekin, amaren ahizpa izanik, berak hartu baikintuen gure gurasoek hegazkin-istripua eduki eta umezurtz geratu ginenean. Hori gertatu eta hurrengo urtean unibertsitatera joan nintzen, beste hiri batera, eta hori zela-eta urtebete eskas baizik ez nuen egin izebaren etxean; baina nire sei anai-arrebak —txikiagoak denak, ni nagusia naizenez— izebaren etxean hazi ziren. Matilde gaixotu zenean, denoi iruditu zitzaigun justua eta beharrezkoa zerbait egitea izebaren alde, berak gure alde hainbeste eta hainbeste egin zuenez. Izeba alarguna zen aspaldi, eta ez zuen familiarik eduki.

        Larunbat horretan nire txanda zen izeba Matilderen etxean, eta bazkalostean, goizeko egitekoak buruturik, lo kuluxka bat egitera erretiratu nintzen. Ostiral gauean berandu arte egona nintzen lagun batzuekin afaltzen eta solasean, trago batzuk edaten genituela, eta tragoek berandu arte iraun zuten, logale nengoen, eta nekatuta; izeba Matilde, ordurako, azkenetan zegoen, eta ez zen ezer egiteko gauza; ezin zuen hitz egin, ezin zen mugitu, jaten ere tutu baten bidez eman behar zitzaion, eta, kasik, gero eta maizago matrailetik behera egiten zioten negar-tantek baizik ez ziguten erakusten bizirik zegoela. Gogor egin behar izaten zen lan, izeba ez ezik etxea ere gobernatzen. Hala, ohatzean etzan nintzen eta berehala lo nengoen.

        Lo egin bitartean aurreko gaueko solasak etorri zitzaizkidan burura, amets edo erdi-ametsen modura. Izeba Matildez hitz egin nuen adiskideekin. Eta hortik abiaturik, zahartzaroaren ankerraz eta, nola ez, eutanasiaz. Funtsean, eta xehetasunak gorabehera, denok geunden konforme eutanasia arautu beharraz. Baina bagenekien, baita ere, hori urrun zegoela oraingoz, eta orduan norbaitek planteatu zuen ea gutariko inork bihotzik edukiko ote zuen bizirik dagoen —nahi den muga eta oztopo guztiekin, baina bizirik— eta maite den pertsona bati bizia bere eskuz kentzeko. Gogoan daukat nire erantzuna ezetz izan zela; teorian konforme egonik ere, are hori egiteko gai litzatekeena miretsirik ere, nik ezingo nuela. Edo agian bai, baina orduan, ez erabaki hotz, humanitario, kalkulatu eta errukitsu baten ondorioz, onetik aterako ninduen grina hiltzaile, pasio negatibo baten menpe baizik. Denok irri egin genuen, nik barne, inork nolabaiteko Norman Bates bat eginda irudikatu ninduenean.

        Egur puska bat bainintzen lo egin eta gero, anai-arrebena, beren bikoteena edo edozein lehengusurena ez zen beste ahots batek esnatu ninduen. Buruko mina neukan eta aho-sabaia guztiz siku. Erlojuari begiratu eta uste baino askoz gehiago lo egin nuela konturatu nintzen. Horrek guztiak halako sentsazio ez ohikoa ekarri zidan gogora. Esnatu ninduen gizonezkoaren ahotsa entzun nuen berriro. Oso tarteka baizik ez zuen hitz egiten, ozen, sakon, lutoki, etenaldiak eginez esaldien artean, arrosarioa, letaniak edo beste edozein otoitz, erritual bat errezitatzean plazera kausituko bailuen. Begietako makarrak kentzen nituelarik, ezagutzen nituen ahotsen katalogoarekin alderatu nuen ahots hori, norena zitekeen atzeman nahian. Osaba Luis? Servando, nire anaia? Horacio, auzokoa? Ez nintzen ahotsa norena zen asmatzera iristen, eta hala ere, ezaguna zitzaidan, eta ezaguna ere oso modu bitxian, tonua edo doinua baino areago, ahotsak biltzen zituen irrika intimoenak atzemango banizkio bezala. Ohetik mugitu gabe gelditu nintzen minutu batzuk, lo sakonaren lorratzak kendu eta bisiten aurrean gizalegeak eskatzen duen planta berreskuratu nahiz. Bistan zen laster jaiki behar nuela eta aldameneko gelan sartuko nintzela, ordura arte bakarrizketa monokordea zena tertulia bihurtzeko. Nahi nuen jakin, ordea, ezezaguna nor zen gelara baino lehen, piura, taxu eta solas egokiak zeintzuk izango ziren asmatzeko, zer espero nezakeen kalkulatzeko. Tarte horretan ahotsa entzun nuen beste bizpahiru aldiz, eta guztiz familiarra izanagatik, ezin izan nuen asmatu nor zen bere jabea; agian familiartasun hori bera zela kausa, zergatik ez nekiela (edo bai: familiarra izanagatik ezezaguna zelako), ahots horrek areagotu egiten zuen esnatu nintzenetik nire baitan sentitzen nuen sentimendu apartekoa, ohi ez bezalakoa, estrainioa, eta hortaz, apur bat beldurgarria ere. Edonola, jakinmina edozein beldur baino ernagarriagoa egin zitzaidan, eta laster nengoen aldameneko gelara sartzeko gertu. Zer nolako agurra edo sarrera-hitzak esan nitzakeen pentsatu nuen, baina horiek etorri berriaren araberakoak izango baitziren, halabeharrez, intrigaturik abiatu nintzen, urdailean xinaurriak zebilzkidala.

        Sartu eta lehenengo inpresioa zaplaztekoa bezalakoa izan zen. Ezezagunak nire traje grisaren oso antzekoa zen beste bat zeraman. Laster konturatu nintzen nire zetazko gorbata urdina zeukala paparrean zintzilik; ez hori bakarrik, hurbildu ahala ikusi ahal izan nuen gorbataren alfilerra nirea bezalakoa zela, zilarrezko izurde bat, izeba Matildek berak oparitutakoa, aspaldi zela; eta ezezagunarengandik bizpahiru urratsetara baino ez nengoela ikusi nuen, harriduraren harriduraz ikusi ere, eskumuturrean zeukan erlojua ere aitarena izandako Longines zaharra zela. Horrek guztiz asaldatu ninduen, baina protesta oihu bat egitera deliberatu nintzenean, are txundituago, ikusi ahal izan nuen erlojua nirea bezalakoa zen bezala, ezezagunaren begiak, ahoa, sudurra eta ilea, aurpegia, burua eta soina ere, nireak bezalakoak zirela. Eta finean, ohean nengoela hain ezagun egin zitzaidan ahotsa ere nirea zela konprenitu ahal izan nuen.

        Orduan konturatu naiz, sekula deskribatu ezingo dudan izu-ikararekin, izeba Matilderen ondoan eseririk dagoen ezezaguna ni naizela, eta nire senak okaztagarrienetik eta deitoragarrienetik duena azaleratzen zaidanean izaten dudan aieru eta begirakunearekin ari natzaiola begiratzen, ozar eta lotsagabe. Konturatu naiz, halaber, inor ez dela konturatu gelan sartu naizela. Izeba Matildek begi galduez entzuten ditu nire tokia hartu duen faltsario horren letaniak, zeinak aldi berean keinuak egiten baitizkit, euli bat oniltzen ariko balitz bezala, ni uxatzeko, lekutzeko. Eta gero edabe ezezagun bat sartzen du, injekzioaz, Matilde gaixoak urdailetik zintzilik daukan tutu laburretik.

        Ukabilak irmo itxirik oldartu natzaio ni naizen ezezagun hiltzaile horri, kolerak azpegiak gorriturik, baina nire ukabilkadak airean desegiten dira faltsarioa ukitzera sekula iritsi gabe.