Mundu txikia
Mundu txikia
2005, narrazioak
136 orrialde
84-95511-73-8
azala: Ramón Masats
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
1998, kronika
Mundu txikia
2005, narrazioak
136 orrialde
84-95511-73-8
aurkibidea
 

 

OIHER

 

Idazmakinaren aurrean eseri eta hatz lodiarekin hasi da:

        «Udaberriko egun zoragarri batez».

        Eta utzi egin du, anaia puzzlearekin ari delako, eta puzzlea berria delako, amonak oparitua.

        — Nik ere jolastu nahi dut —esan dio Ikerri.

        Baina anaia gehiago makurtu da piezen gainean, haizete bortitz batetik babestu nahiko balitu bezala. Ez duela nahi. Berak bakarrik jolastu nahi duela.

        Orduan amonari zuzendu zaio, erakutsi nahi diola zer idatzi duen:

        — Begira zer idatzi dudan, amona; irakurri egingo dizut: «Udaberriko egun zoragarri batez».

        — Oso polita, txiki. Baina jarraitu beharko duzu oraindik pixka bat gehiago.

        Jarraitu baino lehen txokolatea nahi duela esan dio.

        — Iker, nik ere jolastu nahi dut...

        Anaiak bakean uzteko bota dio, gustura ari dela puzzlearekin bera bakarrik, eta idazmakinarekin ari baldin bada, jarraitzeko horretan.

        Jostailu guztiak lurrean barreiatuta daude.

        «Udaberriko egun zoragarri batez zirku fantastikoa herrira iritsi zen».

        Beste hatzekin ere sakatzeko esan dio amonak, erosoago egingo zaiola.

        Oiherrek badakiela erantzun du. Berak beti badaki.

        — Oso polita atera zaizu.

        — Gustatzen zaizu, amona?

        — Asko, oso ondo idazten duzu.

        — Noiz etorriko da ama?

        — Oraindik ez, txiki.

        Anaiaren galdera entzun duenean, Iker ere amonarengana zuzendu da. Andreak ezin izan du lau begi horiekin, eta altxatu egin da. Liburu bat hartu du apalategitik.

        — Etorri, irakurri egingo dizuet.

        — Baina noiz etorriko da ama?

        — Laster.

        Txikiak idazten jarraitzeko keinua egin du, eta anaia jostailuak gordetzeko jaskitxora joan da, kamioiaren bila.

        Amonari altzoan gelditu zaio liburua, laugarren orrialdean zabalik. Bera bezala, distraituta.

        «Udaberriko egun zoragarri batez zirku fantastikoa herrira iritsi zen». Oiher bufaka hasi da.

        — Nahikoa da, txiki —esan dio amonak—. Oso polita da horrela, dagoen bezala. Ia ipuina egin duzu!

        Almendra itxurako begiekin begiratu dio Oiherrek, ezpainak heze eta musuak bero. Begiratu egin dio, amonari bihotza desegiten zaion modu horrekin. Begiratu egin dio, andreari barrua eztarrian jartzen zaion modu horrekin.

        — Ipuin polita egin duzu. Utzi, nahi baduzu. Gero eskegiko dugu zure ohe ondoan.

        — Horrela ez da nahikoa, amona. Hau oso motza da, eta ipuinak askoz luzeagoak izaten dira. Nik gehiago idatzi nahi dut. Oraindik ez dut bukatu.

        Eta burua etzan du paper gainean.

        Berak amak irakurtzen zizkion ipuin horietako bat idatzi nahiko luke. Eta gero amari oparitu, etxera itzultzen denean.

        — Ez duzu ulertzen, amona!

        Amonak limoiurezko irri bat itzuli dio.

        Oiher anaiarengana hurbildu da, eta galdetu dio ea jolas daitekeen berarekin.

        Amonak ipuina hartu eta gorde egin du, ohartu gabe zirku fantastikoko animaliek ihes egin nahi dutela.