Mundu txikia
Mundu txikia
2005, narrazioak
136 orrialde
84-95511-73-8
azala: Ramón Masats
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
1998, kronika
Mundu txikia
2005, narrazioak
136 orrialde
84-95511-73-8
aurkibidea
 

 

JULIA

 

Zigarroa piztu duenean, orduantxe agertu da zerbitzaria. Keinu horren zain egon izan balitz bezala.

        — Ebakia.

        Kristalaz bestaldera, zabuetan ari dira haurrak. Prakak bustiko zaizkie, pentsatu du Juliak. Baina ez du errieta egiteko gogorik.

        Kafea txepel dago. Utzi du kikara platertxoaren gainean. Inguru honetako ostatuek, pentsatu du, usain bera dute denek. Pareta horikara zikinetan itsatsita, halako patina. Bataioak, ezkontzak, farias latzak, xanpain merkea, dena dago pareta hauetan. Hemen dago argazkia, hemen daude iji-aja eta aiene guztiak.

        Eta pentsatu du bera bakarrik dagoela. Eta kamareroa mahaiak prestatzen ari dela larunbata delako, afariak izango dituztelako. Eta berak zer egiten duen hor, bakarrik bere soineko arrosarekin, kanpoan haurrak elkarrekin haserretzen diren bitartean.

        Zigarroari zupada eman eta txarraldia sartu zaio. Errepide bihurria madarikatu du berriro. Baina beste zupada bat eman dio hala ere. Soineko arrosak zigarroa eskatzen duela uste du. Bizitza hurrengo soinekoa dela iruditzen zaio batzuetan.

 

 

Eusebio abiatu denean, betiko ezinegonak menderatu du. Ostatutik ateratzen den errepide meharrean gora ikusi du autoa, gurpilen arrastoa breatu bustian, eta lehen bihurgunean desagertutakoan gogoratu da aitarekin, fabrikatik etorri eta bere hanken gainean eserarazten zuenean. «Hau da nire printzesa!, munduan parerik ez duena!».

 

 

Ondoko mahaiak txukuntzen ari dira.

        Poltsa arrosatik lapitza atera eta ezpainak apaintzen hasi da ispilu txikian. Beste zupada bat eman dio zigarroari.

        Errepideraino erortzen diren mendi mazelak oihan basa dira, sasi itxiak eta zuhaixka moldatu gabeak. Behelainoak ezkutatuta dauzka. Kristala eskuz garbitu eta hotzikara lepotik irristatzen sentitu du Juliak. Errepidean auto bat ikusten du aldian behin. Argiei jarraitzen die begiradarekin, errebueltatik agertzen direnetik errebueltan desagertzen diren arte.

        Hiru irudi txiki kulunkan ari dira. Ez du atertzeko itxurarik. Tabernako miradoretik hona, Juliak puntuzko txaketa bildu du bizkar gainean.

 

 

Eusebio iritsi denean, kikaran bi euli daude azukre hondarretan milika.

        Koñaka eskatu du gizonak.

        — Jose Marik eskumuinak eman dizkit, Felisaren partetik.

        Hurrengoan Jose Mariren andrea etorriko dela esan dio, eta horrela elkarrekin kafea hartuko dutela, eta hitz egin ahal izango dutela, haurrak jolasten diren bitartean.

 

 

Ezin du botagura ahaztu. Esan dionean, ez ote den haurdun egongo galdetu dio Eusebiok. Ez ote den berriro egongo. Gizon honengan zer ikusi zuen galdetu dio Juliak bere buruari. Zer, honengan. Zergatik bera. Askotan galdetu dio hori bere buruari.

 

 

— Atera ezan zientotres.

        — Julia, mugi hadi!, mahaiak prestatu behar ditinagu!

        Beti noka bortitz hori.

        Ahizpak bazekien taberna zuloa traidorea zela. Gizonak harropuztu egiten zirela. Horrelaxe esan zion ahizpa txikiari:

        — Gizonak harrotu egiten ditun hemen, Julia. Direnak baino halako bi gehiago agertzen ditun barra inguruan.

        Marik mahaiak zerbitzatzen zituen.

        — Mari, zer dugu afaltzeko?

        — Ondo dakizu. Beti galdetzen didazu gauza bera.

        — Zurekin hitz egiteko. Bestela ez didazu kasurik egiten.

        — Ergela.

        Juliak barre txikiak egiten zituen barraren atzean, eta berari ere inoiz «Julia, politte, non eseriko gara gaur?» galdetuko ziotela pentsatzen zuen, eta berak ez entzunarena egingo zuela Marik bezala, zertarako eta berriro galdera bera entzuteko, beste ezertarako ez. Entzuteko «Julia, flana zuk egin duzu?, orduan bi hartuko ditut»; edo «Tartaren krema baino gozoagoak diruditen ezpain horiek probatzen utziko bazenit».

        — Julia, mugi hadi, neska! Ekartzan bi botila ardo! Eta sifoia!

 

 

— Whiskia, Julia.

        Hori ere izan zen. Soilik bera eta bere koadrilakoendako gordetzen zuten botila horia nola eskatzen zuen. Nola edaten zuen trago txikitan, benetan gustatuko balitzaio bezala.

        Eta esku txuriak izan ziren. Eta bulegoko jantzia, gorbata eta guzti. Begiratzeko modua ere bazen. Lagunekin Bartali eta Coppiren gainean nola hitz egiten zuen. Nola kontatzen zuen Giroko etapa, Il Campionissimok aurkariari bidoia eskaini zionekoa erasoa jo baino lehentxeago —«hartu Gino, hartu dena, eta edan ezak, edan ase arte»—. Etapa guztietako emaitzak kaiera txikian erakusten zituen, arkatzez hartutako oharrez. Eta entzun egiten zioten besteek.

        — Eusebio, aurtengo Giroan zer?

        Monje hegalaria aipatzen zuen berak. Eta River Plateko jokalari hura, Di Stefano bera aulkian utziko zuena.

        — Atera whiskia, Julia —esaten zion.

        Nokarik ez.

        Eta nola orrazten zen, atzeraka. Nola eskatzen zion kafesnea arratsaldero, bazkalostean ostatura hurbiltzen zen bakoitzean. Nola egiten zion klik ezkerreko begiarekin.

        Bihotza zartatu zion neguko igande batez. Kalean euria bota ahala, ostatuan kopak beteta.

        — Mari hori emakume ederra duk. Andre-andrea.

        Eusebio barran zen lagunekin.

        — Horrek aukeratua dik gizona, Eusebio; ez daukak zereginik.

        Juliak dena entzuten zuen edalontziak garbitzen.

        — Bera ez bada, txikia izango duk. Igoal-igoalak dituk biak. Bata ez bada bestea, aditzen? Niretako izango duk, bata ez bada, bestea!

        Eta kopa hustu zuen trago batez, besteen barre algaren artean.

        Juliak hitz eman zuen ez ziola utziko harroputz horri, bera ez zela bigarrena izango.

        Whiskia eskatzen zion arratsaldero, bazkalostean kafea hartzera hurbiltzen zenean, edo koñaka. Eta nokarik ez. Eta ezker begiaz klik.

        — Utziko didazu etxera laguntzen? —esan zion behin batean.

 

 

— ...Eta horrela ez zara aspertuko.

        Ezin du koñaka jasan. Osaba ostatuan sartzen zeneko pattar fuertearen usaina ekartzen dio gogora. Musu hezeak —«emadan muxu, politte!»— eta azala lija bezalakoa. «Emadan muxu!».

        — ...horrela elkarrekin hitz egin ahal izango duzue.

        Eusebio autora abiatu da ezer galdetu gabe. Juliak haurrei hots egin die. Prakak bustita dituzte.

        Badaki berak eskatu diola. «Eusebio, hurrena zurekin joango gara, eta kafea elkarrekin hartuko dugu bidean».

        Autoan sartu direnean, ostatuko neskak inbidiaz begiratu dio Juliari.

        Honek beti pentsatu du Eusebio tratante ona izango zela. Feria egunetan ostatua betetzen zuten valentziarrekin ondo moldatuko zela. Senarra, ordea, lagunen artean harrotzen zen, bera «beste klase batekoa» zela esanez, kafesnea eta whiskia egunero eskatzen zituelako.

 

 

Juliak ez daki nola ezkutatu, are gutxiago liberak. Poltsa arrosarekin fardel txikia estutzen ari da gonapean.

        — ¿Algo para declarar? —guardia zibilak.

        Eta muga gaindituta, haurrek, ea zergatik eztabaidatzen duten horrela. Zer gertatu den. Eusebiok «Isiltzeko!» oihu egin die. Eta isildu egin dira.

 

 

Askotan Julia eta haurrak ez dira ia jaitsi ere egiten. Errepide bazterreko ostatu parera iritsitakoan, txiza egitera aterarazten ditu umeak. Musua garbitzen die poltsan beti eramaten duen belakiarekin. Izekok gauza bera egiten zion berari. Eta bera beti haserretzen zen gisa berean, haurrak ere beti haserretuko dira tema horrekin. Baina Juliak zikin ikusten ditu beti musu gorriak.

        Autoren bat igarotzen da noizean behin. Kamioi bat edo beste ere bai. Amak ipuinak kontatzen dizkie bitartean.

 

 

— Ez dakit zertarako ekartzen gaituzun.

        — Zuk esan zenuen-eta etorri nahi zenuela! Tira, horrela garbiago da dena.

        — Horrexegatik: ez dakit zergatik ekartzen gaituzun.

        Eta hor bukatzen da hizketaldia. Juliak badaki noiz bukatzen den hizketaldia, Eusebiok tratanteen begirada hori jartzen duenean.

 

 

Ostatu atzeko bideko lehen errebueltan auto bat agertu da astiro. Malda erdian gelditu da. Juliak isiltzeko esan die haurrei. Argiak piztu-itzali egin dira bi aldiz, eta Eusebio autotik irten eta etorri berriarengana abiatu da oinez, ezer esan gabe.

        Otsoarengandik babesteko etxeak egin behar izan zituzten hiru txerritxoen ipuina kontatzen hasi da Julia, eta eskailera ilunetik mehatxuka igotzen zen mamuarena. Bi eta hiru bider kontatu behar izaten ditu. Beti berdin.

        — Kontatu txikia zinenekoa, ama!

        Haurrak konturatu gabe, Juliak bi gizonen siluetei begiratzen die tarteka. Arratseko argi apalarekin asmatu behar du, baina auto handiaren aurreko eserlekuetan keinuka ari direla iruditu zaio.

 

 

Badaki herrian geratu diren ahizpek baino zorte hobea izan duela. Batzuetan pentsatze hutsak animatu egiten du. Oroitzen da hirira iritsi zirenekoa, Eusebioren leku aldaketa zela-eta. Taxiaren atzealdean hiru haurrak lo zirela, etxe handi eta garbiak iruditu zitzaizkion denak, dotoreak eta tristeak. Gogoratzen du ezinezkoa iruditu zitzaiola hainbeste argi guztiak batera piztuta, eta txoratuta utzi zutela dena islatzen zuen ibaiko zubien itzalek. Gogoratzen ditu printzesa ezagunen izenak kaleetan, eta isiltasuna udazkeneko gau hartan, taxiaren motorraren hotsa baino ez, altzoan haurrak lo, kristalaz bestaldean mundu berria. Mundua.

        Eusebio eta bera harro itzultzen ziren: «Egunero entsalada eta kafea». Eta ahizpak harrituta: «Egunero kafea?».

        Juliak lagundu egiten die herrira joaten denean. Egun handia izaten da ahizpa nagusiarentzat, eskailerak garbitzen dituen bitartean min guztiak nori kontatu badaukalako.

 

 

— Osaba, ukuilura jaitsiko zara?

        Eta osabak ezetz, bukatua duela ukuilukoa, eta larrera joan behar duela, edo Anastasiorengana. Orduan badaki osaba ostatura joango dela, eta eskailerarekin hasten da. Eman eta eman eskuilarekin, harik eta osaba goitik behera agertzen den arte, ukuiluan ibiltzeko zatekin.

        — Osaba, igo behar duzu?

        Eta osabak ezetz. Eta eman eta eman eskuilarekin, eskailerako mailei dirdira berezi hori atera nahian, harik eta, halako batean, behetik gora osaba ukuiluan ibiltzeko zatekin agertzen den arte. Eta lasto pizar lokaztuak maila guztietan.

 

 

Lanpernak, otarrainak, izen horiek guztiak ikasi zituzten Eusebioren tratuei esker. Ikasi zuten frantses pixka bat ere, frantsesei ulertzeko moduan. Etxean gaztelaniaz egiten zuten.

        — Gu beste klase batekoak gara, Julia —esaten zion—, orain hirian bizi gara.

        Juliari ahaztu egiten zitzaion-eta batzuetan.

 

 

— A, les petits! Ils sont mignons!

        Andrea ikusten zuenero —betaurreko beltz zorroztuak, gizonari «A, Eusebió!» esateko modua— lixiba usaina etortzen zitzaion Juliari. «Les petits» eta «mignons» ere nazkarekin esaten zuela iruditzen zitzaion, txikiei lepoa bihurritzeko tentazioari eutsi ezinean edo. Juliak ezin zuen eraman egongelatik alde egin behar izatea, Eusebiok andre frantsesarekin bakarrik uzteko agintzen zionean. Orduan inoiz baino tratanteagoa iruditzen zitzaion senarra. Orduan andre frantsesa adina gorrotatzen zuen.

        Hurrengo egunean txitxardinak izaten ziren bazkaltzeko. Eta afaltzeko. Eta senarrak whiskia eta etxeko zapatilak ateratzeko eskatzen zion Juliari. Eta edalontzia jartzen zuen besaulkiaren beso gainean, fariasa pizten zuen, eta Juliak haurrak ateratzen zituen telebista gelatik, bazekielako Eusebiok lasaitasuna nahi izaten zuela.

        Behin, andre frantsesari egindako ohiko bisita baten ondotik, Juliak inoiz zabaltzen ez zuen armarioa zabaldu zuen. Barrastadan, hantxe azaldu zen diru montoia, plater halako begien aurrean. Ehunka billete. Milaka libera. Harri bihurtuta egon zen une batez. Gero atea itxi zuen, bekatua egin izan balu bezala.

        Gauean amets egin zuen billete guztiak eskaileratik behera barreiatzen zirela tximeleten antzera, eta osabak zikindu egiten zituela bere zatekin, eta ukuiluraino irristatzen zirela, eta behiek zanpatzen zituztela han, eta simaur azpian desagertzen zirela azkenean.

 

 

Istripuarena gertatu zenean, lankideak deitu zion. Laino itxia sartu zitzaiela, poliki zetozela bai, baina errebuelta batean autoak eskuina jo eta bazterrera egin zutela.

        — Eusebio zaurituta dago, baina ez du ezer larririk. Laster iritsiko gara.

        — Laster iritsi, nondik?

        Laster iritsiko zirela. Eta telefonoa eskegi zuen.

        Senarra ikusi zuenean, atorra urraturik eta besoak marrakoz beteta, aitarekin gogoratu zen Julia. Eta Eusebiok gogor besarkatu zuenean, odola zein beroa den pentsatu zuen.

        Eskumuturretik ukondoraino iristen zen zauririk luzeena.

        — Medikua ezta aipatu ere —agindu zion Eusebiok—.

        Etxeko kristal bat hautsita zauritu zela, hori esango zutela. Amodioa egin zutenean, Juliak ez zuen ezertxo ere sentitu, eta izutu egin zen.

 

 

Eusebiok maiz igurzten du besoa. Keinu oso berea du. Ukabila ixten du eta zauriak laztantzen hasten da. Masajeak ematen ditu ia beso osoa zeharkatzen duten orbain arrosetan, hitz egiten duen bitartean. Besaurrea bihurritzen du, ariketak egingo balitu bezala. Beste batzuetan azalean atximurka hasten da, opiltxoak egiteko orearekin lanean.

        Azal azpian antzematen ditu kristal puskak, harri kozkorrak. Hala esaten du. Esan ohi du gorputzak libratuko dituela poliki-poliki, mareak bere hondakinak harean uzten dituen modu berean; eta hala agertzen dira, hala agertu dira orain arte, zati guztiak. Duela gutxi atera zaio azkena, abisatu gabe. Zauri lehorra orbain handienetik ireki zen, eta kristal muturra agertu zenean eskuz atera zuen. Zauria itxi egin zitzaion berriro. Juliari nazka ematen dio, eta haurrek atsegin dute. Jokoa dela iruditzen zaie.

        — Oraindik badira batzuk barruan. Sumatzen ditut azal azpian. Batzuetan trabes jarri eta beren tokian jartzen ibili behar izaten dut.

        Mutilatua dela esaten du barrez.

        — Mutilatua, baina zein gudatan, Eusebio? —galdetzen diote lagunek olgetan.

 

 

Haurrak zorabiatuta daude etxera iritsi orduko. Eusebio aurreratu da. Juliaren inguruan, sei beso, zintzilik eta kexuka.

        Gizonaren oinzolen arrasto lohiak korridorean eta sukaldean luzatzen dira. Zapatak mahai azpian bota, egongelan eseri eta oihu batean: «Julia, whiskia».

        Telebistaren aurrean, edalontzia eskuan, gogobeterik sentitu da. Egun ona izan da, pentsatu du lehen tragoxka hartu duenean.

        Julia, sukaldean, ahizparekin gogoratu da. Eta aitarekin, «etorri, nire printzesa» esanez. Negar malko lodiek bidea egin dute masailetan. Hirira iritsitakoan Eusebiok eta berak amodioa egin zuten lehen aldian bezala.