Elektrika
Elektrika
2004, nobela
192 orrialde
84-95511-69-X
azala: Garbiņe Ubeda
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Elektrika
2004, nobela
192 orrialde
84-95511-69-X
aurkibidea
 

 

—3—

 

Oraino ere mendi aldeko duarretara joaten zarete noizik eta behin. Mingarria zaizu operazio horretan aritzea. Jendeak beren herrietatik erauztea, molde maiz bihozgabean. Artolaren hitzez oroitzen zara, kolonialismoaren akusatzaile etengabe haren madarikazioez. Historia osoaren alderik makurrenentzat jo ohi zuen, milioika lagunen pairamenen eragile eta erruduntzat. Kolonialismoa bat eta bakarra baitzen munduan, aberats eta handikien lukurreria aseezinaren ondorio zuzena, tokian tokiko itxura hartu arren. Indotxinan nahiz Aljerian. Edo Euskal Herrian. Bai, horixe zioen, gainerako euskaldunen haserrerako. Frantzia gure ama duk, kontra egiten zioten su batean. Zuk ez, zuk irri egiten zenuen, Euskal Herrian ongi bizi zaretelako, ez aljeriarren gisan. Atseginez mintzatuko zinateke Artolarekin. Omonierrarekin mintzatu zara, haatik.

        Hondar asteetan ikusirikoak zugan eragin arrangura eta zalantzak kanporatu dituzu. Kasuz entzun dizkizu aita Kapanak, bis-bisean gelditu zaretelarik meza eta gero. Zimiko egiten dizunaren berri eman diozu. Luzaz aritu zara baina, zu solasean aritu zaren bitartean, behin ere ez du hark ahoa ireki. Eta isildu zarelarik, berehala ele eta mele hasi beharrean, atorrako sakelatik Gauloises atera eta zigarreta bat eskaini dizu. Eskertu diozu eta bakarrik pipatu beharko duela jakinarazi. Egin duzunaz harro izan behar duzula ziurtatu dizu, zigarreta piztutakoan.

        Aljeriarren bizimolde makurraren hobetzera lagundu duzu, bihotz eman nahi izan dizu. Zuhaurek ikusi duzu nola bizi ziren berriki arte, baita orain nola bizi diren ere. Alimaleko aldea. Urik eta elektrikarik gabe, gaizki edo batere jan gabe, seme-alabei berena baino bizimolde eta etorkizun hoberik eskaini ezinik. Gurekin, aldiz, eskola dute, ospitalea dute...

        Aitzindariei aditu dizkiezun ele berdinak bakegintzari lotu zitzaizkionetik Atlas mendietako sortaldearen duarretan gaindi. Horretan ari baitzarete, bakea hedatu eta gotortu nahian, nornahi hil eta oro xehatzen duten terroristengandik jendeak begiratu nahian. Hain zuzen, hortik segitu dio bere arrazoibideari omonierrak: Beldurrik gabe biziko dira, felagen mehatxurik gabe, nahi dutena eta nahi duten bezala adierazteko libre. Lasaiki lo eginen dute azkenik. Ez dizkiete janaria eta kabalak ebatsiko. Ez dituzte, lotan daudelarik, hilko, etsaia lagundu dutela egotzirik.

        Aita Kapanaren hitzek ez zaituzte osoki bete. Hala ere, sartu baino lasaiago irten zara omonierrarenetik. Solasaldia izan da zuena, ez aitorpena, benedikatu bazaitu ere karrikaratu aitzin. Sartaldera doa eguzkia, begi-bistatik galtzen den itsasontzi bat irudi.

        Zu baino aldarte hobeko kausitu dituzu lagunak. Mazellak poker-joko ederra apailatu du. Atorra erantzirik, galtza hutsetan daude, kartetarako baizik begirik ez dutela. Haiek poxi bat altxatu, burua ukurturik edo zeharka behatu, eta berriz beheititzen dituzte, inguruan dutenari soraio. Pollet jotzen ari den musikari ere bai.

        Ohantzearen gainean jarririk eta zangoak ongi hedaturik dituela ari da, tresna tipia bularrean bermaturik. Herri kantak eta irratian entzuten direnak tartekatzen ditu. Begi-bistakoak musikarako dituen sen eta dohain bereziak. Eri potolo eta irudiz trakets horiek nola higitzen dituen miretsirik hainbat aldiz, alferrik galdua dela deritzozu. Noraino ez litzateke helduko, heziketa musikala balu. Zinez txundigarria, doinu bat lehen aldiz aditu eta hura jarraian jotzeko duen erraztasuna.

        Bekaizti behatzen diozu, uros izanen baitzinateke are kantu aski txepel horien jotzeko gai bazina. Musikak tipitatik liluratu zaitu. Amak entzun ohi zituen diskoak entzuten hazi zinen: Bach, Beethoven, Mozart... Piano-ikasketen egitera igorri nahi izan zintuen. Aitak ezetz erran zion, amak galdatu bakoitzean. Pianoa emazteentzat zela argudiatu zion, ez bere semearentzat. Ez dinat maritxurik nahi gurean!

        Kantu bat bururatu eta bertze bati ekin dio Polletek. Lehen notekin batean ezagutu duzu: Love me tender. Uda ekarri dizu oroimenera. Donibane Lohizuneko plaza jendez mukuru, orkestra kioskoan, ostatuak eta kafetegiko terrazak beteak. Igande arratseko dantzaldiak. Zorionaz amets egiten ahal zen garaia.

        Doinuak eragina izan du bertze batzuengan ere. Polleti so baina burua handik milaka kilometrotara duzularik, Mazella hurbildu, eta besotik eta gerritik atxiki zaitu. Baladaren kulunkaz higiarazi zaitu, eztiki, Elvis Presleyren ahotsaren imitatzera entseatu bitartean.

        Gorritu egin zara. Karkailaka dituzue bertze soldaduak. Oihu eta txistu ari zaizkizue.

        Eta pokerra?

        Harriturik zara Mazella kartetatik horren urrun ikusiz, baina ez duzu hori galderaren karia. Kari baino, estakuru duzu. Estakuru, pitin bat ahalkegarria zaizun hurrentasun soberakoaren hausteko.

        Amore eman ditek. Ez ditek sos gehiago nirekin xahutu nahi, ihardetsi dizu, dantza egiteari utzi gabe.

        Beti berdin!

        Profesionala nauk, badakik.

        Irri egin duzue. Banandu zarete.

        Kanta polita, Marcel. Pena Jean baino dantzakide hoberik ez izatea!

        Soinu-jotzailea zoriondu eta gero Mazellak erranak buztan luzea ekarri du ondotik. Frantzian utzi andregai eta lagun kuttunak oroitaraztera eraman ditu zure ondokoak. Haien gorputzen atalak eta haiekin egin ohi zituztenak aipatu dituzte. Lizunkeriara lerratu da fite solasa, kasernetan gertatu ohi den gisan. Zer ez liekete emazte haiei eginen!

        Luma eta papera hartu eta mahai batera jarri zara idaztera. Gutuna zor diozu amari eta ongi dakizu nola penatzen den zure ihardespenaren beha. Hari igorri beharrekoak zaizkizu idazteko zailenak. Ororen berri eman nahiko zenioke, gertatzen dena zehazki salatu. Zure inguruan nahiz zure baitan gertatzen dena. Baina ez diozu erranen, eta ez militar zentsuraren lotsaz soilki. Egiaren apurño bat aski litzateke penarazteko. Horra zer dela-eta zaizun hain nekeza zentzuzko zerbaiten idaztea. Zuk papereratu ele bakoitzari hutsal, zantar edota irrigarri deritzozu. Anitz bider errepikatu erranmoldeak, kasernako bizimoldearen deskribapen gozatuegiak, axola ez zaizun aitaz egin beharreko galdeak. Erdi-egiak baino gehiago, gezur osoak erraten dizkiozu. Damu zara, ahalke zara, lotsa zara. Ipuinak asmatu behar dituzu. Ipuin politak. Munstrokeriak gutunetik landa utzi behar dira. Edo sartuz gero, poxika-poxika, munstroen zigortzea sekula ahantzi gabe. Azkenean bai, behintzat. Hemen, aitzitik, haiek zigortzen zaituztete.

        Paperaren gainera ukurturik zaudelarik, eguneroko besta hasi da zure inguruan. Karta-jokoa finitu eta gero hasi ohi da, jokalariak anarteraino adi egon beharraren beharrez. Irabazle irten denak zer ospatu duelako, galtzaileak pena nonbait ito behar duelako, edateko arrazoia dute denek. Aljeriako ardo merkea edo whiski edo gina ahal dutenek. Alkohol hutsa etsituenek. Zuk ez duzu edaten, baina maite duzu egunaren aldi hau. Sobera edaten dutenetan izan ezik. Horrelakoetan, solas laxo-eztia ozpindu eta zurrundu egiten da ustekabean. Orro, sakre eta mehatxuei lotu eta muturra porrokatu nahi izaten diote elkarri. Ikaragarria alkohola: gizonaren alderik makurren eta bidenabar urrikalgarriena ere agerian utzi. Tipitatik dakizu. Zorionez, gaurkoa ez da halako egun bat.

        Gozoki ari zarete honetaz eta hartaz, sexua mintzagai nagusi. Arbuiaezina deritzozu gaurko giro bareari, nehork ez baitu orain arte urratu, gordinkeriarik beltzenak erranik ere. Polleti leporatu berri diotena adibide: kaiku alaena, ez hago hire herriñoan, hire moldeko laborari ezjakinez inguraturik. Hemen ez duk ahuntz bat hartu eta hari larrua jotzen ahal.

        Soinu-jotzaileak guti beharko luke soinua bere kutxan sartu eta, hori erran dionarengana bizpahiru urratsetan hurbildurik, ahoa hortzik gabe utzi arte jotzeko. Hori egin ordez, irri egin du. Irriz ari zara zu ere, zeren kariaz ari zaren konprenitu ez arren. Gatzik gabeko blagak dira zuretzat. Pollet gutiesten dutenek uste dutenaz bertze, argitzat jotzen duzu zuk. Eredutzat hartu duzu, nolabait. Hark nola jokatu, hala zuk ere.

        Ahalik eta lagun gehienak behar dituzu. Arerioak berez sortzen zaizkizu, zuk konprenitu gabe nola. Oharkabean sortu zitzaizkizun Aljerren. Villan batik bat. Zerbait konprenitu zenuen orduan, behinik behin: ezin zaitezkeela betizu izan, artaldetik bazter dabilen ardi deslaia. Gaitzetsi egiten ditu taldeak horrelakoak. Bai eta zigortu ere batzuetan. Xahu da bertzeengandik urruntzen dena, urruntze hutsagatik. Horregatik dagizu irri bertzeekin batean, zernahi pitokeria dela eta. Anitzek begitan zaituztela ez da sekretua zuretzat. Ez pipatzeak eta, batez ere, ez edateak susmagarri bilakarazten zaituzte haien begietan. Debaldetan azaldu dizkiezu arrazoiak. Aintzakotzat hartu dizkizutela badirudi ere, ongi dakizu ezetz, ez dizutela fitsik ulertu. Bitxia zara haientzat. Bakarrik ibiltzea maite duzu, eta, hala ez bazabiltza, Pollet eta Mazellarekin ibiliko zara gehienez, sekula ez haiek atsegin duten bezala, denak batean. Gainerakoa barkatuko lizukete menturaz, haiekin batean ez ibiltzea sekula ez.

 

 

Frantziako Armadak hutsarazi herrietatik ekarririkoak oihalezko dendetan bizi dira. Elkartze-herriak erraten diete halakoei. Bi mila lagun kasik, zuek begiratu eta lagundu beharrekoak. Eta gehiago ere izanen da laster, baketze-operazioa ez baita finitu. Zuentzat izan ezik, jakina. Aitzindariek lejionekoen esku utzi dute haren bururatzea. Hala ere, ez zarete lanaren eskas. Bildu dituzuen emazte, gizon eta haurrak (eri haietarik anitz, gosez oro) laguntzen baduzue aski. Jatera eman behar zaie, eriak artatu behar dira.

        Goizero, armadaren biltegira eramaten zaituztete. Ogi, irris eta bertze hainbat hazkurriz bete zakuak garraiatu behar dituzue kamioietara. Astunak dira, zure gisakoentzat batez ere, nehoiz lan egin ez duzuenentzat. Nekez altxatzen dituzu. Hamaika eginahalen buruan erdiesten duzularik, zama horren pean istantean eroriko zarela iruditzen zaizu. Bizkarrezurra hautsiko dizulako susmoak harturik eta, felagek hil ordez, hark hilko zaituelakoan, aitzina egitera entseatzen zara. Kopetan beheiti datozkizun izerdi tantek orban ilunak uzten dituzte zolako hautsetan. Izerditsu nabaritzen dituzu ahurrak ere. Izerdiz zipaturik zara. Beharrik lagunak ondoan dituzun. Pollet bereziki. Sarjenta beha ez duzuenetan bai bederen.

        Zer ari haiz Etxegoien? Atxik ongi zaku hori. Hau zorigaitza, maritxu guztiak niri fortunatu behar!

        Negarraren egiteko gogoa duzu, zakua han berean utzi eta alde egitekoa. Baina hats egin, hortzak tinkatu eta segi, kosta lain kosta. Indarrik izatera, Rivetteri jaurtikiko zenioke. Amorraturik zoaz zakuaren azpian, apaldurik eta mindurik, baina zure buruarekin kontent. Azkarki bada ere, pozgarria zaizu lagunekin batean lanaren egitea. Behartsuen alde ari zarete, gainera, oro galdu dutenen alde. Izerdi lapetan zara, baina izerdiak, zikindu ordez, ikuzi egiten zaitu. Anaitasunaren antzeko zer edo zer sentitzen duzu bertze soldaduekin. Nehoiz baino begi amultsuagoez behatzen diezu. Nehoiz baino prestuago eta zintzoagoak iruditzen zaizkizu. Zure baitako zokorik zokoeneraino heltzen den poz batek bizkortzen zaitu, erortzeko zorian zaren bakoitzean. Horrek ematen dizu indarra, ez sarjentaren deiadar eta irainek.

        Unagarria da kamioien betetzea. Ez haien hustea. Gibelaldea ireki eta goitik banatzen duzue janaria. Lerro-lerro ezarri behar dituzue haren bila etorririkoak. Rivettek erraten dizue bakoitzak zer bildu behar duen. Zu izendatu zaitu banaturikoaren idazteko. Galdatzaile bakoitzaren izena, zer eta zenbat eraman duen ezarri behar dituzu paperean. Arazoak dituzu batzuetan, ez baitira haien izenak ziurrak, ez baitute beren nortasuna argituko lukeen agiririk.

        Nehork ez du ezer hemen. Zuengana luzatu besoak otoitzak dira. Zuhaitz hostoen irudira higitu esku zailduek zernahi atxikiko lukete, hain izan dira luzaz hutsik. Arrenka ari zaizkizue. Haien hitzak ulertu ez arren, ez diezue harkiei galderik egin behar. Poza damaizu lan honek. Soldadu zarenetik lehen aldia da merezi duen zerbait egiten duzula. Pozgarria, begitarte frankotan ilun edo soraio horien argitze bat-batekoa. Ikuskizun ederra, gazte eta gizon lakar horien irria. Ederra orobat zuen gaurko lana, biziaren alde egitera jin baitzarete, ez herioaren hedatzera, orain arte bezala. Egarri denari ura eskaini, ogia gose denari. Frantziak hori baitu betekizun, denaren premian diren zorigaiztoko horien laguntzea. Antzera jokatu beharko luke felagekin, zure aburuz, horien suntsipena bilatu ordez. Frantzia maitatzen ikasiko lukete, ez gorrotatzen. Pobrezia latzetik ateratzera lagundu dituztenekiko eskerrona bilduko lukete hemengo haurrek aita-amengandik, ez gorrotoa. Oro bildu ohi baitu haurrak aita-amengandik.

        Kasurako, zuri amak irakatsi zizun lagun hurkoari eskua eskaini beharra. Aitak, aldiz, gizon-emazteekiko mesfidantza aldarrikatu ohi du. Bertze hainbertze kontutan bezala, horretan ere amaren alde lerratu zara.

        Aita miresten duzu nolabait, baina zugandik urrun dakusazu. Guztiengandik urrun, eta bere aferetatik eta botilatik baizik ez hurbil. Amaren semea zara, argi eta garbi. Hari zor diozu zure izaera, bai eta gauzei behatzeko moldea ere. Amazulo izatea egotzi dizu maiz aitak. Horra, bere ustez, zure ustezko maritxukeriaren zioa. Horra nondik datorkizun gizon bati ez dagokion soberako beratasuna.

        Ez haiz gerlarako prestaturik, gutietsi zintuen, Aljeriara etorriko zinela erran zeniolarik. Popatik hartuko duk ohartu baino lehen. Beharbada horregatik joan nahi duk hara.

        Negar egin zenuen. Amak ez. Ordukoan ez bederen, aski negar egina baitzen urte luzetan senarra kari. Zugana beso zabalik joan eta besarkatu zintuen. Hark areago haserrarazi zuen aita.

        Amattok eramanen hau gerlara? Gaixo Jean, fitsik ez dakik. Milaka lagun hiltzen duk gerlan. Harrigarria irudituko zaik, baina hiltzen diren horiek dituk zorionekoenak. Bala bat buruan edo soinean, eta fini, bakea betiko. Makurragoa izaten duk handik itzultzen direnen zoria. Beso edo zango baten eskas etxeratzen duk anitz, karitateaz bizitzera kondenaturik, bertzeen menpeko. Hori nahi duka hire buruarentzat, hori duka amesten duan etorkizuna? Bertze gisako zauriak ere badituk. Eta orotan makurrenak horiexek, mingarriak baina ikusezinak baitira, sendatu ere ez dituk sendatzen. Bihotza ezin baituk gorputzetik erauzi, bertze hainbat atal bezala. Horrek ez dik sendabiderik, ez dik botikarik. Konprenitzen?

        Bizkitartean, bada botika aski, ogia ez baita kamioiek ekarri guztia. Goizetik gauera eraiki herrian bada ospitale izendatu duten etxe bat. Ohe guti batzuk baizik ez ditu eta hango sendagile eta erizainak lanpeturik dira. Egun osoz ari dira, beharrik larrienak ere bete ezinik. Aljeriarren ezjakintasuna madarikatzen dute. Gaitz zaie petrikiloei dieten begirunearen konprenitzea. Sasimedikuak dira, diote, medicine men. Film amerikarretan ikusi indiarrak oroitarazten dizkiete. Aitzinamenduaren ekartzera jin zarete hona, haurren salbatzera. Ulertuko ote dute nehoiz haien alde ari zaretela jo eta ke, haien hobe beharrez. Baietz erranen zenuke, ospitaleko atearen parean bildu jendeketa ikusirik. Lerroan ezarri dituzte, sartzeko txandaren beha. Eguzkipean igurikitzen dute, beren txilaba arreetan gizonak, soineko eta zapi koloretsuz jantziak emazteak, seme-alabak besoetan edota inguruan dituztela.

        Hauek ez dituk botiken premian, xaboiaren premian baino, diote zure kideek.

        Izurriteen lotsa dituzue aitzindariak. Jende gehiegi bildu zaie hona eta arazoak dituzte egin promesen betetzeko. Eskola bururatu berri dute, baina zailtasun nabarmenak dituzte kanpamendu alimalekoa uraz hornitzeko. Inguruko lurra zulatu dute. Horrela egin zipuetatik ateratakoa sobera guti da, denen egarriaren asetzeko.

        Zer ari gaituk arabe zikin horientzat lanean? kexu dira zipugintzan ari direnak. Edateko zarabiltek ura!

        Galdera andana dute aljeriarrek ere. Noiz utziko gaituzue etxera itzultzen? Horixe jakin nahi du denda baten aitzinean jarririk dagoen agureak.

        Pipatzen ari den kifia eskainitakoan egin dizu galdera. Eskertu diozu, eskertu eta ezetsi. Behar gisan ihardetsi nahiko zenioke. Inportantea da zuretzat ere. Hark duen etxeratzeko gogoa zurea bezain handia da. Absurdoa zuen egoera. Biena. Bai hemengoek, bai eta Frantziatik etorri zaretenek ere, xede bera duzue: ahalik eta lasterren etxera itzultzea. Hori bezain argirik ez dago deus gerla nahasi honetan. Hori zioen Artolak, eta gero eta begi-bistakoagoa iruditzen zaizu. Erran ohi zuen gainerakoaz ez zara horren ziur, nahiz eta gero eta mesfidatiago entzuten dituzun aitzindarien azalpenak. Molde bertsuan hartzen hasi zara irratiak erranikoa. Paris urrun dago, eta politikarien mezuak aldatu egiten dira gero eta fiteago. Atzo ororen giltzarria zirudienak ez du gaur ezertarako balio. Ments duzu Artola. Ments dituzu bulta hartako bertze lagunak ere. Haren iritzia entzun nahiko zenuke. Duen guztia eskaini dizun agureari ihardesteko, behintzat. Aljerren aise eskuratzen ahal ziren aldizkariak eskuratu nahiko zenituzke. Laster zerbait gertatuko delakoan zaude, egoera honek ez baitu luzaz irauten ahal. Iritzi berekoa zenuen Artola. Horixe errepikatzen zuen unatu gabe. Bizkitartean, berdin segitzen duzue, berdin beti. Noiz arte? Emeki iragaiten da denbora, munduko zoko ahantzi honetan. Hain ahantzia, non batzuetan harrigarria zaizun gutunen izatea.

        Denbora presondegia duzu, mendi hauek presondegia dituzun era berean. Ez batetik eta ez bertzetik, ezin irten. Horregatik igorri zaituztete hona. Zigortu nahi izan zintuzteten eta horixe egin zuten. Zigorraren karia ez zizuten argitu. Beharrik ere ez, bazenekien zerk eramanen zintuen, goiz ala berant, Aljertik landara. Artolarena gertatu ondotik, bereziki.

        Aitzindariek France Observateur gorrotatzen dute. Komunista omen da eta komunistak gorrotatzen dituzte. Traizioa gorrotatzen dute zernahiren gainetik aberriaren alde ororen ematera prest bide direnek. Traidorea nor den ongi dakite: armada frantsesaren izena likisten duen nornahi. Batez ere, hori egiten dutena Parisko bulego erosoetatik. Haien ustezko basakerien salatzaileek FLNren gezurrak hedatzen dituzte. Beren aberkide gazteen hiltzera laguntzen dituzte terroristak. Sartre eta bere lagunei diete herrarik biziena. Gorritu egiten dira, filosofoaren izena aditu hutsez.

        Tortura? diote. Utz dezatela nire esku eta nihaurek erakutsiko zieat urde horiei tortura zer den benetan.

        Artola ez bezala, sekula ez zara Observateurren irakurlea izan. Gehienez, Temoignage Chretien leitu duzu noiz edo noiz. Hala ere, deus ez duzu leitu behar, intelektual eta aldizkari bakan batzuek salaturikoaren sinesteko. Beharbada torturatuak ez dira haiek akusatu bezain bertze izanen, baina Villatik hurbil egon den nornahik badaki izan badirela. Ukatu egiten du hori gobernuak eta ziurtatzen du tortura izan bada, aspaldi izan zela.

        Gobernuak dioena sinetsi nahiago zenuke. Horrelako zigor okaztagarriak bakan eta salbuespen izan behar askatasunaren, berdintasunaren eta anaitasunaren herrian. Irudiz, Parisko politikariak ohartu dira azkenean, estrategiaz aldatzeko tenorea dela. Hemengo jendeak ezagutuko balituzte, aise konprenituko lukete zein oker jokatu duten orain arte. Jende onak baitira aljeriarrak, eta, bizi diren baino poxi bat hobekiago biziko balira, felagei ez liekete kasurik emanen. Beharrik orain laguntzen dituzuen. Uste baino berantago bada ere, eskola izanen dute haurrek. Benetako irakasleak izanen dituzte, ez orain arteko talebak. Geografia, historia, hizkuntza ikasiko dituzte, ez Koraneko surak. Behin-behineko denda oihalezkoak utzi eta etxeño txukunetan biziko dira, garbitasunez, nehoren lotsarik gabe.